www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

TXOMIÑ-NAGI

 

                Gipuzkoako euskeran

 

                Mondragoiko uri noble ta euskaldun garbiari

 

                Anbotoko beleak

                Anboton gura.

                        (Esaera zarra)

 

Anbotoko beleak, beti bertan bizi,

Nai izatean ez du arrazoi an gitxi;

Baña, ez iritzirik nik orri egoki,

Nere erria emen bertan bera utzi,

Ta ama alargunari erantzunda txarki,

Amerikara nuen gaztetan igesi.

 

Ogeitamar urtean leku urrutian,

Bizitu naiz ni beti erdi miserian;

Biotz onek zuela arantza erdian,

Onuntza abiatu artean ontzian,

Eta bart sartutzean nere baserrian,

Esan zidaten «ama illa da aspaldian».

 

Ai! nere ama ona sentimentuz ill zan!

Soill geratu zalako bere alarguntzan,

Noren kartak len artzen nituen sarritan,

Erantzuten nagia baña, nola nintzan,

O! zeinbat pena eman nizkion bizitzan!

Beti nitzaiolako seme muker izan!

 

Baña, etzaizkit aztu aren kontsejuak,

Berak gañean daukan lur bedeinkatuak,

Goizetik ikusi nau isurtzen malkuak,

Begiok jarri arte oso gorrituak,

Busti nairik amaren ezur legortuak,

Ni gatik bear baño len lurperatuak.

 

Orrela pagatu det zor bat txit justua,

Zeiñ dan biziak illai lagundutzekua;

Arkitzean ixillik toki aiñ santua,

Izketan neri baña asi zait barrua,

Eta billox jarririk bertatik burua,

Ama gatik euskaraz eiñ det erregua.

 

Andik urrena gero sartu naiz elizan,

Euskaldun fededunak bear duen gisan,

Jaunari orazio lenengo eginikan,

Gero ikusi det non batiatu nitzan,

Iñon geratu gabe andik irtenikan,

Bisitak egin ditut amar baserritan.

 

Bai, nere erritarrak dakuskigu omen,

Paseko egaztiak joan da etortzen,

Alaxen Txomin-Nagi etorri naiz aurten,

Uda ta negu asko kanpoan ein arren,

Eta nola onuntza nitzan alderatzen,

Zijoakidan biotz estu au lasaitzen.

 

Bilbotik netorrela atzoko trenean,

Ai, Udalatx txuntxurra begiaz jotzean,

Ez dakit zer pasatu zatan biotzean,

Gogoraturik nola aitz orren oñean,

Denborarik onena nuela lurrean,

Igaro ait-amakin ume nitzanean.

 

Billatutzean gero nere baztertxuak,

Lenago bezalaxen txit gobernatuak,

Aritz, pago, gaztañaz, jantzirik basuak,

Arto, baba ta gariz, aberats soruak,

Esan nuen «ementxen nere gurasuak

Bizi ziran igaro gabe itxasuak».

 

Ikustean azkenez euskal-baserriak,

Gure oitura eder garbien tokiak,

Eta len bezelaxen gaur nekazariak,

Botatzen dituztela beren izerdiak,

Esan nuen oraindik euskaldun ernaiak

Bizi litezke ondo, ez baña nagiak.

 

Ni desengañatuta gaur nator onera,

Nere baserriaren jabe egitera,

Non bizi nai nukean ill arte aurrera,

Ikusitzean berriz erri au onela,

Pakez danak anaiak balira bezela,

Nola igexik egiñ emendik atzera?

 

Ez da orrelakorik berriz gertatuko,

Beste beiñ lotsari au ez det nik artuko,

Lengo bizimodura enaiz biurtuko,

Zergatikan lanean naizen saiatuko,

Nola ditudan berriz lur onak ta asko,

Bizimodua, ez det samur aterako?

 

Nere eskuan daukat ori egitea,

Badaukat osasuna, gañera pakea,

Urtero beti daukat dirua artzea,

Zartzarorako diña laster pillatzea,

Eukirik jatorririk aulako etxaldea,

Nola igex ein nuen billa suertea?

 

Ni naiz ori eindako lelo aiñ andia,

Txomiñ Nagi geiegi kalera jetxia,

Ni makurze ez arren lurreruntz gerria,

Artu nuena oso asmo galgarria,

Amari utzirikan nere baserria,

Probatzera joana mundu bat berria.

 

Baña gura nuena eitean probatu,

Laster igerri nion nuela erratu,

Ala ere gaixoak, egiñik sendatu,

Oi badu biotzeko poza kanporatu,

Ez det orain egingo nik ere agertu,

Aiñ urrutitik banaiz ondo erriratu?

 

O! urte miñ garratzak ziñaten bukatu,

Agur! zuekin ez det gura gogoratu,

Agur! bai, Amerika zuk jakin ezazu,

Enazula geiago eingo arrapatu,

Nere errira atzo nitzanean sartu,

Zerutxo baten antza niolako artu.

 

Etzuen asko uste onelako festak,

Emen arkitutzea ez nere biotzak,

Nork pozik dakuskien euskaldunen gauzak,

Makilla dantza eta bertsozko jolasak,

Ta ainbestek dituztela ganadu galantak,

Ez gitxik, premioak artzeko esperantzak.

 

Pozik ikusten ditut nere erritarrak,

Zuek erriagatik egindako lanak,

Gloria merezi du gaur gure Euskarak,

Ollo batek bezela txitotxo laztanak,

Dituelako gorde oitura on zarrak,

Bere erraietako umeak diranak.

 

Zoro bat izan nitzan ni gazte denboran,

Igaro nuelako guztia kanpoan;

Bizi bear nuena amaren onduan,

Lagun egiñarekin bere zartzaruan,

Euskaldun seme onak oi duten moduan,

Illtzean arkiturik oiaren albuan.

 

Diru goseak nindun emendik eraman,

Berau gatik itxasoz, o! zeinbat dijoan!

Emen nai duenari lurrean egiñ lan,

Arako kontsejurik ez diot nai eman,

Zergatik ez dakiten zeinbat gisajo an,

Txarki bizi ta nola txarrago illtzen dan.

 

Esango det oraindik egi bat tristea,

Izozturik topatu nuela an Fedea,

Beroagoa ere, ez Karidadea,

An triste bizi oi da suerte gabea,

Ugari badute ere gaur libertadea,

Obe lukete utsik Kristoren legea.

 

Beste gauza bat ere orain Txomiñ-Nagik,

Esango det iñori egin gabe gaitzik,

Ameriketan dabiltz txakurrak oiñ utsik,

Gosea padezitzen ez dutela gitxik,

Onela egin badet gezurrakin itzik,

Esan beza nerekin etorri dan Patxik.

 

Urrutiko intzaurrak asko ta andiak,

Esaerau dakite gaur iya guztiak,

Billatuko balira naiz izan erdiak,

Izango luke zerbait itxura egiak,

Baña, topatutzean urri ta txikiak,

Ez ditu zabalduko gizonak begiak?

 

Ez diot kendu gura iñori kreiturik,

Geiegi ez altxatu baña Amerikarik,

Aberastzeko ez da arako bearrik

Emen ere billatu ditudalako nik,

Len pobre ziradenak aberats egiñik,

Arriskuan buruak ipiñi gaberik.

 

Altxatuko det goren Euskaldun Erria,

Ni jaio ta azteko izana kabia;

Mundu guztian onek geien du grazia,

Intza oi dan bezela Zerutik jetxia,

Au ez da iritzia, ezpada egia,

Ta egiak non nai dauka garbi arpegia.

 

Antziñako esanak, geienetan egi,

Irtetzen dira, zeren ondo ziran jarri,

Ez det nik izan gura utsik bertsolari,

Baizikan itxuari egin ere argi,

Ez dedin ni bezela lazoan erori,

Gorputza ta anima ipiñirik larri.

 

Zor diot duda gabe Jaunari eskerra,

Zergaitik bere eskuz ni nauen onera,

Erakarri aitonen euskaldun lurrera,

Nere ezur gogorrok deskantsatutzera,

Aien ondoan sartu nazaten lurpera,

Pakean lo dezadan berakin batera.

 

Orregatikan, nai det nik erri onetan,

Nere bizi laburra azken arte eman,

Bere arkaitz ta mendi eta ibarretan,

Bizirik gurasoen oitura zarretan;

Iraunik beren fede ta siniskeretan,

Bildu nadin berakin gero zeruetan.

 

                    * * *

 

Ai! baneuka oraindik eztarrian boza!

Entzun dezaten denak nere itzen otsa!

Diot berru-barrutik enaizela lotsa,

Agertzeko argiro gaur nere biotza,

Txomiñ-Nagik gaur artu emen dedan poza,

Albalitz eun urtean nai nukela goza.

 

Diot berriro po au, andia dedala,

Euskara degulako oraindikan Ama,

Bere seme on beti bagera gu ala,

Elkarturik anaiok gaur geran bezela,

Sendaturik aspaldi daukan zauri zarra

Fueroakin oraindik biziko gerala.

 

Nik beintzat Euskarakin nai det bizitzea,

Baita berau sendatzen nekea artzea,

Euskaraz euskaldunai beti egitea,

Naiz izan aberatsa, oro bat pobrea,

Bizi dakigun emen euskaldun fedea,

Erdarak dakarrena baño txit obea.

 

Nik ez det oraindikan oberik billatu,

Lur asko egin arren munduan aratu;

Gure euskal-fede au dezagun maitatu,

Bestekin egin gabe sekula trukatu;

Euskaldun sabelean nola giñan sortu,

Euskaldun besoetan gaitezen amaitu.

 

                    * * *

 

O! belea, zuk ere ill arte Anboton,

Jarrai, ez dezulako lur oberik iñon,

Amerika zaleak an bitez an konpon;

Perun, Buenos-Airesen, Chilen zein Mejikon,

Guri oi digulako lur onek utsik on,

Zuk Anboto bezela, nik nai det Mondragon.

 

aurrekoa hurrengoa