EUKALDUN MARTIRE SARATAR NESKATILLA LARRALDEKO MADALENARI
Saritua izan zan 1886an Mauleonen
Gura neuskizuz zuri gloriak
Kantau, neskatxa samurra,
Frantzian igo eben denporan
Gorriak Gobiernura;
Oiñperaturik ain gizon gaizto
Ifernutarren bildurra
Oraindik izan arren amabost
Urteko gazte biguna,
Pinet ta bere lagunak gaitik
Ez eutsalako ardura.
Alperrik eutsun, lotu zinduzan
Piketearen buruak,
Esan guzurraz estalduteko
Berako zure kontuak;
Jakin etzedin zetara emon
Zenduzan ara pausuak,
Ta gitxiago an zelan artu
Zenduzan sakramentuak,
Zeintzuek gatik pagau ez eian
Ondoko zure lepuak.
Orduan baña fedez sututa
Ain modu miragarrian,
Erantzun zendun: Naiz ill naiela
Ni illgo nabe Egian;
Jakin begie gura badabe
Agintariak Frantzian:
Zelan konfesau eta komulgau
Nazan Berako errian
Jauna iraindu baño len zerren
Ill gura dodan grazian.
Nor ez da arri egingo oso
Non nai zu ikusitean,
Mendi bat legez, gogor ta zutik,
Katolikoen fedean;
Ikara baga, egia beti
Autortzen era batean,
Naiz soldaduen, zein jeneralen,
Bardin juezen aurrean,
Jakiña gaitik epai gaizto bat
Zeunkala zeure gañean?
Baña, Jesus da egia, eta
Zu ziñan egi zalea,
Orretxe gaitik, o! Madalena!
Kristo zan zure maitea,
Nogaz zenduan zuk bizi gura,
Nogaitik bere illtea.
Nogaz guzurraz etzendulako
Txarto nai geratutea,
Bere etsaiak emon eutsuen
Kastiguz eriotzea.
O neskatilla Sarako gazte
Fedez bardiñik bagea!
Ill bear eta kantetan dozu
Birjiñ-Amaren Salbea,
Lirio guri ziñan denporan
Ikusgarrizko loria,
Gillotiniaz gorriak zuri
Ebagi arren samia,
Orain zeruan gozetan dozu
Martiriaren koroia.
|