PEPA-ESPERANTZA
Pepak sartu dalako eun da bat urtean,
Negua irago dau gorderik etxean;
Uda barria zelan eldu jakun emen,
Amabost egunokaz kanpora dau urten;
Kalean dabillala nik dakust agaitik,
Bere llobea lagun dabela albotik;
Besotik obatuta onek eleixara,
Legez bardiñ daroa jaietan plazara;
Gure etxe aurretik pasetean atzo,
Pepak llobatxoari onelan dirautso:
—«Jaunak gura daiala Joxepa Antoni,
Zu atsotu artean bizi nadilla ni,
Zeuk orain niri legez lagundu daizudan,
Eunda bat urtekoa zarean denporan.
Sarituko aldeutsuz zeure amandriak,
Zugandik artutako mesede andiak,
Bai, ene llobatxoa entzun dot Parisen,
Dakiela atsoa umera biurtzen,
Araxe gura neuke udan joan aurten,
Zeu baño gazteago ipiñi nagien».
Barre karkaxada bat egiñik llobeak,
Entzun eban naibagez ori amandreak,
Eta nik esan neban neuronen barruan:
—«Esperantzak engañau oi gaitu munduan,
Zelan poztzen garean, danok esperantzan,
Negar egin bear ta asko gabiltz dantzan».
|