www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. Josť Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

NEGUKO GAU IZUGARRI BAT

 

                1880an

 

                Euskeldun seme leiala mendi andi baten

                galduta aurkituten zala, gaba egiten geratu zan

                bertan koba zulo baten, eta an gau artan

                Erriari kantau eutsazan bertsuak.

 

Neguko egun laburrian bein

Galdurik mendi artian,

Nai ez nebala aurkitu nintzan

Itxasuaren aurrian;

Ezkutau jatan Eguzkia ta

Nun neguan ez nekian,

Gaba egiten geratu nintzan

Bertan atx zulo batian.

 

Illunen andiz gau erdiruntza

Ez nekusan lur sorua,

Begiak gora jaso nituzan

Eta ain gitxi zerua;

Larritu nintzan nire Errian

Jarri etezan Linbua,

Edo gelditu neu ete nintzan

Begietatik itsua.

 

Eta alanbere gorputzak nai lo

Baña ez aspirituak,

Gogora etorri jatazalako

Neurerriko kontuak;

Ez neban uste iñoiz zirala

Atxak aiñ errukitsuak,

Zeintzuk lagundu eusten kantetan

Negarrez sentimenduak.

 

Bakar bakarra nintzan gizonik

Berba soñuak ugari,

Nire aotik urteten zana

Atxak erantzun bertati;

Nozik nozera goix arteraño

Lagunduagaz alkarri,

Kantau geuntsazan koplak samurrok

Asaba zarren lur oni.

 

Nun gorde ziñan ederra?

Nun ezkutau Eguzkia?

Nun desagertu zaree izarrak?

Nun ostendu Illargia?

Eta azkenez nun estaldu zu

Ni jaio nintzan Erria,

Zuri begira zoratzen zana

Lenago mundu guztia?

 

Nun dozu lengo argi ederra

Iñok ezlako gloria?

Ai ene! dana galdu zenduan

Zakustaz illun jarria!

Galdu zenduzan eskubidiak,

Galdu zenduan legia,

Galdu dozu ya berbetia ta

Asaba zarren ondria.

 

Gozotasunik iñun ez dakust,

Dana dot garratzagrria,

Gabau irago artian emen

Nago estu ta larria,

Negi baltz onek izango aldau

Ondoren uda-barria,

Ikusi daidan neure Erria

Barriro loraz jantzia.

 

Oi! neure Erri aukeratua

Millaka errien artian,

Doe askogaz jantzia zara

Ariman ta gorputzian,

Adimentuan zur ta argia

Bizi ta zailla lanian,

Alperkeria ez dau lekurik

Ez beintzat zure lurrian.

 

Geiso txar batek baña zinduzan

Iya antxiña zu artu,

Urtiak asko juanagaitik

Gatxak aurrera jarraitu;

Osatuko ete zarian bere

Sarritan nozu bildurtu,

Unetaraño sartu jatzula

Gatx ori neban sinistu.

 

Jira egizu Mundu-bolia

Pozezko egunak erdue,

Zatozte ari egun argiak

Etortekuak bazare,

Nire begiok leusotu ziran

Ezer ikusten ezdabe,

Baldin aguro ez bazatoze

Illa aurkituko nozue.

 

Erdue arin ez diralako

Jausi atx eta mendiak,

Ez dira gortu errekak eta

Ez mututu iturriak,

Ain gitxi olak eta errotak

Isildu gabi ta arriak,

Negu danetan jasoten dabez

Tontorrak buru zuriak.

 

Zatoze bada isildu ziran

Ontzen garaitz-diadarrak,

Ia aspaldain ez dira entzuten

Gautxori ta saguzarrak,

Ez dakit nora ezkutau ziran

Ipurtargi uts zantarrak;

Izarrak baño arruago len

Emen argitzen ziranak.

 

Ene!... Zerua izarratu jat,

Agertu da Illargia,

Itxas ederra isildu da ta

Dirudi landa zelaia,

Ipar aisia gozo mee dator

Gaztelaratu egoia,

Mundua jiran ara badakar

Nik gura neban garaia.

 

Ollarrak orra kukurrukuka

Balira legez zoratu,

Goizeko izarra bein bere baño

Argiago jat agertu;

Oraiñ benetan egun ederra

Datorkula dot sinistu,

Illuntasunak iges-bidia

Deritxat dabela artu.

 

Nire begiak argitu dira.

Poza sartu jat barrura,

Ez alda atzera bart lako gaurik

Ez etorriko Mundura.

Ordu aiñ larri eta illunai

Betiko agur eginda,

Ego bi baldin auki banituz

Igoko neban zerura.

 

Ezagutzen dot denporak txandan

Txar eta onak dirala,

Gure Munduak burpillak legez

Jira egiten dabela,

Gabak urrengo dakar eguna,

Neguak uda barria,

Onek atzetik uda loratsu

Eder eta zoragarria.

 

Neure Erria itxaron bada

Itxaron egizu poza,

Jaunak Zeruan lur onarentzat

Gorderik daukan garaitza;

Jaraitu beti goiz eta arrats

Egiñaz zeure otoitza,

Eleisatxo bat begitanduten

Niri jat zure ezkaratza.

 

Keiagaz nasi bertatik dakust

Gora doian erregua,

Zure biotza dagoalako

Fedian ixiotua;

Gero zerurik inontz gozuaz

Zara zu bedeinkatua,

Orrexegaitik nik deitu neutsun

O! Erri aukeratua!

 

Eunda ogeita zazpigarren da

Dabiden Salmo artian,

Erri maitia kanta samur au

Gorde egizu biotzian,

Zure siniste ta oiturentzat

Dator au bete betian,

Igarla Santu Erregiagaz

Kantauko deutsut batian.

 

Doatsu dira gizon guztiak

Bizi diranak lurrian,

Jaungoikuaren bildur santu ta

Bere lege ta bidian;

O! zu justua zuk jango dozu

Neke ta lanen atzian,

Euren frutua bakian eta

Bedeinkaziño artian.

 

Zure emazte leial garbi ta

Etxian gorde zaliak,

Mats parra batek legez emongo

Ugari dituz umiak,

Oliboaren pipit ederrok

Maian inguru jarriak,

Eukiko dozuz bedeinkaziñoz

Diralako etorriak.

 

Sion gañetik isuri beizuz

Jaunak zoriontasunak,

Erabiliko dozuz goguan

Jerusalengo ondasunak,

Gozau egizuz bizi guztian

Eta ikusi lurrian,

Zure semien semiak eta

Baita Israel bakian.

 

aurrekoa hurrengoa