|
GERNIKARI
«Eman ta zabal zazu
munduan frutua».
Iparragirreren berbak
Gernikako Arbolaren kantuan.
Ez dakit berba egiñ,
Ala egon mutu,
Ainbeste jente argik
Egiñ nau bildurtu,
Eta, zer egin iya,
Atzera biurtu?
Ezer kantau bagarik
Bazter baten sartu?
Ez orrelangorik ez,
Naiz zerbait lotsatu,
Nai dot neure barrua
Ementxe askatu.
Emen autortu nai dot
Nazala euskalduna,
Gure berbetearen
Laztan ta kutuna,
Beti maitetu badot
Antxiñatasuna,
Eta gure Aretxak
Eukan osasuna,
Orain barriz Gernikan
Gertetan jakuna,
Ikustean gordeko
Dot ixilltasuna?
Ez, alabau naiz zaitut
Gernika gurea,
Zarealako ondra
Andiko Andrea,
Baña ondragarrien
Dozu Arbolea,
Zeiñ dan Euskal-erriko
Gure banderea,
Agertzeko danai zer
Zan gure legea,
Libertadea baño
Lenago fedea.
O! Gernika ez daukat
Nik beintzat azturik,
Ez deutsut gaur itxiko
Itandu bagarik,
Jarten zireanean
Zarrak etorririk
Zure Arbola-pean
Anaia egiñik,
Non zan beste lekutan
Aiñ toki librerik?
Paradisua deitu
Agaitik neutsun nik.
Iponako Obispo
Zanaren semiak
Agaitik emen dabez
Ase egarriak,
Erabillia gaitik
Enparau erriak,
Zugan dabez Gernika
Ipiñi begiak,
Zure doiak badira
Barriz aiñ andiak,
Zelan kantau gaur nire
Lira motz txikiak?
Ai! kantau albaneizu
Jatortzun gloria;
Ai! baneki zearo
Zure istoria!
Ai! baneuka gaur bear
Dan jakituria!
Baña, zelan enazan
Asko ikasia,
Parkatu egidazu
Biotz larregia,
Eukirik izan banaz
Azartuegia.
Parkatu egidazu,
Baña, nai dot kantau,
Kantetako dalako
Gaur jaio egun au,
Eguzkiak goixago
Ta argiago urten dau,
Berberak kantetako
Bizkortu bere nau,
Alan beste bertsotxo
Irubat edo lau,
Kantau baga amaitu
Ez dot gura lan au.
Kantauko deutsut bada,
Gernika argia,
Egoki datorrela
Eskola barria,
Nok dakarren oliba
Berde pozgarria,
Baketzeko gu jaio
Giñean Erria,
Erantzita erderazko
Usaindun jantzia,
Salbau daigun euskaldun
Legien ontzia.
Kantauko dot gabetan
Legetxe zuzia,
Izango dala gure
Farola argia,
Kantauko dot izango
Dala mintegia,
Ereiñik osasuntsu
Beti dan azia,
Izan dedin Jesusen
Gero tantaiduia,
Ipinteko dar, dar, dar,
Infernu guztia.
Kantauko dot gañera
Dala iturria,
Zerutik dakarrena
Bere jatorria,
Kantauko dot oraindik
Bere edaria,
Izango dala gatxik
Baga ur garbia,
Iruntsiten dabena
Bertako euria,
Dala Aita Santuaren
Txabolako ardia.
Kantauko dot zan legez
Noeren arkea,
Berau izango dala
Barku bat gurea,
Berau gaur bildulgarri
Jakun urjolea,
Amaitu arte oso
Gure aldospea,
Non aterpetuko dan
Euskal-bizitzea,
Ito ez dedin guztiz
Gure lur maitea.
Kantauko dot izango
Dirala frutuak,
Etxe santu orrenak
Miragarrizkuak,
Egazti zuri batek
Legetxe eguak,
Zabalduta batuko
Ditu ollaskuak,
Berorrek zuriturik
Biotz nabartxuak,
Urtengo dabe danak
Uso biurtuak.
O! Landara barria
Zatxakuna sortu!
Ezin zaikedaz iya
Geiago goratu,
Buruaz zeruari
Zeuk arren ikutu,
Uri polit au daizun
Besazpian artu,
Bakit lurrik onena
Dozula billatu,
Gernika ebalako
Jaunak bedeinkatu.
Eleixako Artzaiñ bat
Ze ondra andia!
Etorri da jartera
Lenengo arria,
Lumen bat izango alda,
Ondo ebagia,
Ipinteko gaur emen
Jazo dan guztia,
Dalako Gernikaren
Alabagarria,
Zeiñek gaur alegere
Daukan arpegia.
Maiatzaren bosteko
O! egun kutuna!
Gernika aztu bear
Iñoz ez dozuna,
Niri beintzat galduten
Ezpajat zentzuna,
Naiz da milla urtean
Euki osasuna,
Milletan kantauko dot
Gaurko batasuna,
Dalako goiko Jaunak
Bialdu deuskuna.
Egun onetan beti
Euskal Jaungoikua,
Alabauko dot zure
Beso indartsua,
Aspalditxoan egon
Arren beratua,
Gernika ikusten dot
Oraiñ goratua,
Ez dozulako gura
Berau menpekua,
Ezpada izan dedin
Gure gurasua.
Izan zaite Gernika
Beti gure Ama,
Izan zaite aurrera
Gure Irakasla,
Ikastegi orregaz
Izan zaite bada,
Gure Ipar aldeko
Euskaldun izarra,
Ona gure semeak
Bialtzen dirala,
Eurak zuk argituta
Giau gaiezala.
Agur! bada, o! etxe
Jaioten asia,
Jausi bekizu goitik
Iñontzat grazia,
Agur! eguzki barri
Onuntz etorria,
Eldu da zuretzako
Gaur egun sentia,
Ipinteko ibar au
Urretan jantzia,
Izan dediñ ibarren
Erregiña andia.
Agur! Bizkaiko toki
Lur zoragarria!
Maitetu erne jatzun
Lirio zuria,
Eldu jatzula diño
Uda pozgarria,
Goisetan orregaitik
Ugari txoria,
Bertara pillatzen da
Ain banda andia,
Lora oni egiñaz
Ongi etorria.
Eta zuk, o! Gernika,
Urte luzietan,
Jarraitu lora onen
Gloriak kantetan,
Bizi dedin bai bizi,
Jauna serbietan,
Bere gloriarako
Direan lanetan,
Alan iraunikoan
Beko egunetan,
O! zelan alabauko
Daben zeruetan!!
|
|