|
ZORTZIKO BATZUEK KRISTOBAL KOLON AUNDIARI
Gipuzkoako euskeran
Nor zaio bat munduan
Bere berdingarri,
Lur berriak billatzen
Jenobatarri?
Mundu bat gendukanok
Oraiñ ditugu bi,
Glori au zor diogu
Kristobal Koloni.
Kristobal, zaigu gizon
Aiñ miragarria,
Batez ere Indien
Beneragarria;
Zeren beronegatik
Gaur duten argia,
Jesukristok zerutik
Lurrera jetxia.
Zer zan beste gauzarik
Ezpada fedea,
Sututzeko Kolonen
Biotz aiñ noblea?
Kristau egite arren
Infiel jendea,
Arriskuan ipiñi
Zuen bizitzea.
Itxasoz iristean
Zijoan aldera,
Agertzen da legorra
Ark esan bezela;
Ontzitik bereala
Egiñik atera,
Inkatzen du lurrean
Kristoren bandera.
Len ezekian iñork
Zer zan Amerika,
Nondik ondasun asko
Degun ekarrita;
Kristobal-gatik gaude
Aberats jarrita,
Bere alabantzan jo
Dezagun musika.
Musikarekin nasi
Gañera kantatu,
Kristobal zeruraño
Dezagun altxatu;
Lareun urte luzeak
Naiz egin pasatu,
Aren azaiñ andiak
Ezin dira aztu.
Ezin litezke aztu
Kristobalen lanak,
Legortzen ezpadira
Itxaso zabalak;
Nola ziran atera
Ondo aren planak,
Esker asko zor dio
Kristandade danak.
Onra dezagun bada
Al dezagun añan,
Bakoitzak bere moduz
Norberen izkeran,
Gizaldi guztietan
Egiñik onelan,
Kristobal biziko da
Ill gabe sekulan.
Bizi zaite Kristobal
Gloriaz goietan,
Gizonik aundien bat
Zu zera benetan;
Eguzkia nola dan
Buru izarretan,
Zu zera argiena
Itxas-gizonetan.
Jantzi gaur nai nizuke
Alako koroia,
Erregiena baño
Askozaz obia;
Etzeralako erri
Batzuen jabia,
Baizikan mundu berri
Baten jaun andia.
|
|