Arratiar soldadu baten Kubako amesa
Egun danetan oi dan legetxe
Illunkerea zan eldu;
Ta eguzkia mendi ostean
Egin zan atzo estaldu;
Mantu loratsu urdin bat gabak
Eban zeruan zabaldu,
Gure tronpetak erretretea
Jo ta zirean ixildu.
Milla soldadu gitxienetik
Gengozan zelai batean,
Oso nekauta asazkau nairik
Danok etzunda lurrean:
Batzuk bildurrez areriorik
Ete ebillan urrean,
Arri bat legez ni barriz lotan
Nengoan bedar artean.
Gorputza loak loturik neukan,
Burua bear egiten,
Makaztui-n neure etxean uste
Neban nintzala aurkitzen;
Uste neban nik lengo ardiak
Banenbillela zainduten,
Soñu joteko marmitak barriz
Tanbor eustala serbitzen.
Uste neban nik nekutsazala
Lengo atx eta mendiak,
Eta poztuten nintzan gizenik
Ikusitean ardiak;
Alegeretzen ninduen oso
Irrintza baten burdiak,
Ebiltzalako gora ta bera
Tratan zoli guztiak.
Uda goiena zan ta geunkazan
Galantak arto soloak,
Eurai begira aita ta ama
Egozan kokolotuak;
Ni etortea gerratik euken
Loteriatzat gaixoak,
O! baña laster amesa bota
Eragin eustan sustoak.
Esne esnetan neragoiola
Alako ames dontsuan,
Dianearen soñu garratza
Sarturik biotz barruan,
Damuz gomutau eragin eustan
Kuban ni zelan nengoan,
Eta ez gure ardiak zaintzen
Altungo larra gozoan.
|