 |
Andra Mari Begoñakoari bere koroñaziñoko egunerako
Kantau beioez gura dabenak
Lur oni beko gloriak,
Kantau beioe aberatsenak
Bizkaiak daukaz mendiak,
Kantau beioe berdetasunez
Dirala eurak jantziak,
Kantau zeiñ baño zeiñ ederrago
Dirala buruz jagiak,
Emon gurarik legez geroko
Egun obien barriak,
Gagozalako gaur iragoten
Illun ta negargarriak.
Kantau beioe badaukazala
Beste milla bat onari,
Zelan Gernikan daukan Aretx bat
Askoren bisitagarri,
Zelan dukazan osagarrizko
Iturri onak ugari,
Bai eta kantau bere itxasoak
Guztizko mesedegarri,
Direalako erdaldun asko
Ona oi dala etorri,
Uda aldia egite arren
Bertan irago egoki.
Kantau beioe ta eskribidu
Luma obea daukenak,
Eta zerutik nik baño doe
Geiago artu dabenak,
Euskal-legeak izan zirala
Lege danetan onenak,
Ta kantau eurak erakartea
Atzera gura leukeenak,
Dirala danak erritar onak,
Semez euskaldun zarrenak,
Zerren poztuten ez gaituezan
Oitura erdaldunenak.
Kantau beioez gloria orreik
Kantari jaiotakoak
Direalako danak egiak
Guztiak benetakoak;
Baña nik kantau gura nitukez
Oraiñdik goragokoak,
Beiñ diralako lur gauzak baño
Izarren anditikoak,
Direalako espirituko
Edo Jaungoikotikoak,
Direalako betiko edo
Ill bere ez egitekoak.
Orretarako zatoze baña
Zerutar egari taldak,
Aingeru galant onak astindu
Ego lumatsu zabalak,
Zuen laguntza baldin ezpadu
Ni lako gizon argalak,
Zelan billatu? nun topau leikez
Berba egoki diranak,
Entzun dagizan poz pozik zuen
Erregiña andi laztanak,
Atarakotzat guretzat bere
Gaur ipintea nai danak?
Bai, Artagan-go Rakel ederra,
Jaungoiko baten maitea,
Etzara ez, zu izarrak baño
Beragotiko gauzea,
Motzik badaukat esku onetan
Orain daukadan lumea,
Zuretzat berau litzate bere
Balitz zorrotz ta obea,
Zarealako Bizkaiko Andra,
Erregiña ta Jaubea,
Zarealako gure Poztasun,
Gloria eta Ondrea.
Noztik daukazun baneki barriz
Or dozun jazartokia,
Nozkoa dozun, Euskal-usoa
Baneki orko abia,
Asiera andik emon da kantau
Eingo neuskizu gloria,
Zeinbat gizaldi oneitan ortxe
Zarean agurgarria,
Ez jakiñ arren, baña badakit
O! gure Agintaria!
Zu zareala antxiñetako
Begoñako Andra Maria.
Zarelako antxiñetako
Euskaldun Andra entzuna,
Gizaldi asko onetan zara
Bizkaitar danen kutuna,
Alan itxasoz zeinda leorrez
Zara agertu dozuna,
Zu zareala Emakume bat
Bardiñik ez daukazuna,
Eta gañera Jaunaz ostean
Guztia aldaikezuna,
Zarealako bere urrengo
Zeruko nausitasuna.
Zarealako goi ta beietan
Bakarrik Etxanderea,
Ai! zeinbat bidar agiri izan dan
Au dala egi betea;
Erakusteko ekatxen kontra
Daukazun alizatea,
Olatupean larri dagonak
Deitzean «Ama neurea»
Otsoturiko itxasoari
Zuk ezarrita katea,
Sarritan ez da jazo ontzia
Bakez kalara eltzea?
Orretariko mirari asko
Egiaztuak zu zara,
Mindun, geiso ta elbarrietan
Beste ainbeste etzara?
Pitean beiñ zuk darakuskuzu
Gizonak ezin ebana,
Zu zareala osatuteko
Sendatzallea bakarra,
Zure bitartez jatsi zalako
Osasungiña gu gana,
Geixotasuna bere mendean
Azpiraturik daukana.
Olatutzarra atxa jotean
Gelditzen bada triskaurik,
Zelan iruntsi arek al gaikez
Zu gogorrago izanik?
Zeiñ gatxek, Ama, etorri arren
Asarrez amorraturik
Dragoetzar bat dirudiala
Erpa zorrotzak zabalik,
Nondik ta nora ak gu arrapau
Zuk ez istera bakarrik,
Bagiña legez ez daukagunak
Zugaz gurasotasunik?
Guraso baño gurasoago
Zaitugulako, Maria,
Zure mesedez gañez egiñik
Daukagu Euskal erria,
Dazaugulako guri deuskuzun
Larregiko ardura andia,
Bidezkoa zan gomutetea
Egin dan legez Bizkaia,
Alan artuizu abegi onaz
Beronen ordaingarria,
Ederragoa bere zergaitik
Daukazun irabazia.
Goazen, bai, goazen bizkaitar danok
Artaganera gaur ariñ,
Aberats, pobre, andi ta txiki
Guztiok daigun alegin;
Ango Maria gure aurrean
Koroez jantzi gaur dedin,
Erregepean bestek jarteaz
Len bagenduan artu miñ,
Erregiñatzat Amau jartean
Dogulako artzen atsegiñ,
Begoñatarra serbitze arren
Nai dogulako ill egin.
O! Begoñatar Andra andia!
Betiko gure ongiña,
Zarelako bear zatxakuz
Izan aurrera Erregiña,
Zu eregiten egiña gaitik
Lengoak euren lagiña,
Gaurkuok arei artzea gura
Dogu aurrea ta gaina,
Orregaitiño nai izan gure
Koroia urrez egiña,
Diamantez bai, egingo jatzun
Aldunak izan bagiña.
|
 |