 |
Ostarkua eta Maria
Ipiñiko dot odeietan jarri neban neure
arkua, eta nire eta lurraren arteko
alkartasunaren ezangarria izango da.
(Genesisko IX. kap.ko 13. ber.)
Izar guztien Erregeak len
Irago daben tokia,
Arturik orain, zer dakarguzu
Ostarku arro jagia?
Zer dakarguzu aiñ apaindurik
Zazpi kolorez jantzia,
Eguzkiari aurre aurrean
Zeiñ andiago jarria,
Zeu ete zara goi-beietan gaur
Bietan agintaria?
Zer dakarguzu zabalduagaz
Alde batetik bestera,
O! arku guztiz pozgarrizkoa
Bandera baten antzera?
Neurri bagako urdin artetik
Zer dakarguzu lurrera,
Ango gerrari bildurgarriak,
Loturik lege batera,
Ete zatorkuz bake gozo bat
Guztioi iragartera?
Nondik eta nora sortuten zara
Ekatx burruken artean?
Nolan burua ipinten dozu
Goiko izarren parean?
Ta, zelan anka luzeok barriz
Idigi orrenbestean,
Mendi altuak, ibar zabalak,
Arturik euren artean,
Ete nai dozu mundua au bere
Zapaldutea oiñpean?....
Ez dakit nik zer, nai dozun baña,
Eltzen zu orren altura,
Ikusitean, pentsamentu bat
Etorriten jat burura;
Ete zarean eskallaren bat
Igo dagigun Zerura,
Soñu gozoak, kantu ederrak,
Entzuten diran lekura,
Emengo negar danak largauta,
Betiko Erri dontsura.
Mutill txikitxo nintzan denporan,
Urteten ziñanean zu,
Zeruetatik jasten ziñala
Entzun da neban sinistu,
Neure laguntxo ara joanak
Ziranak gozoz asetu,
Zure gañetik oi zireala
Lur onetara baxatu,
Ango pastelak gure artean
Egite arren zabaldu.
Zenbat alditan, arku maitea,
Nai neban zure azpiti,
Iragotea, ikuste arren
Zer ziñan beste aldeti;
Atsegiñ au nik, baña, eneban
Jaritxi eta ez euki,
Ezautu neban zu ziñeala
Nire aldean nagusi,
Ordurik ona agaitik deutsut
Beti txapela erantzi.
Ordutik ona beti zatxataz
Oso gogoangarria,
Gomutetan jat zu ikustean
Iñozentien aldia;
Urte areetan aiñ neutsun bada
Gura izate andia,
Gañera uste nik neutsulako
Zu ziñeala zubia,
Aingerutxoen olgatzetako
Tramanku makur jarria.
Onetariko amestxoetan
Zoro bat legetxe zuri,
Egoten nintzan noz aterako
Zinean begira zoli,
Odei torreak jagitea zan
Beti niretzat pozgarri,
Ikuste arren azkenean zu
Guztien garaipenlari,
Erakusteko zelan on tasa
Zintxakon mundu danari.
A! badakit nik Jaunak zer eban,
Baten zugaitik azaldu,
Noeri Berak adierazo
Eta zer eutsan agindu;
Ak esan eutsan zerua odeiz
Egiten beban estaldu,
Bere ta gure bitartekotzat
Jarriten ziñeala zu,
Ez ebalako urez mundurik
Barriro egin nai ondatu.
Jarrai egizu zeure lanean,
Arku mesedelaria,
Atseginduaz itxasoetan
Larri dabillan ontzia;
Trumoi, oñeztu artetik barriz
Asten danean arria,
Labore-frutak galdu gurarik
Berealaxe arpegia,
Zuk atera ta, ez dozu nasai
Ipinten nekazaria?
Errazoiagaz, bertsolariak
Alabau zaitu egiten,
Atxurlariak o! zenbat bidar
Zaituzan bedeinkatuten,
Itxas-gizonak abegi onaz
Beti ta beti artuten,
Arbolapean zuk noz urtengo
Euriaz danak aurkitzen,
Ez dau kantetan zu agertzean
Bere bidean jarraitzen?
Baita nik uste, iñoz izan dot
Arku alabagarria,
Eta zarean gizon andien
Buruko edergarria;
Kriaturentzat baña, zu zara
Askozaz aziegia,
Zarealako Jaungoikoaren
Eskuko egiñ andia,
Ausaz bazara koroe ordez
Berak nozbaiten jantzia?
Ez, orrenbeste, auxe zara zu,
Kantau nai badot egia,
Zu zara bada, Andra andi baten
Irudi garbi garbia;
Axe dalako zeru ta lurren
Arteko bakelaria,
Bera dalako Jaungoiko eta
Gizonen maitegarria,
Bataren Ama, eta bestien
Gurasoa dan Maria.
Zure lana da beti poztzea
Ekatxaz naibagetua,
Bete betean zaitu Mariak
Irudi berarizkua,
Ari bere guk deitzen deutsagu
Zuri legetxe Ostarkua,
Baña zu zara koloreagaz
Bakarrik egiñdakua,
Bestea barriz eskallara bat
Zerura egiazkua.
|
 |