Urrineko intxaurrak
(Esangia)
Sarri agertuten dau goix ona zeruak
Egun ardi bat izan dagian munduak;
Lorarik lora egin mitxeletak pozik
Ibilten dira arro, txukun ta politik;
Ume koskondutxuak, zoraturik legez,
Jarraika duaz urrin artu albadabez,
Daukezalako grana ta urrezko eguak,
Balira legez gauza tint baliotsuak;
Baña artu orduko euren eskuetan
Auta biurtuten jakez ego ederrok bertan,
Orra umien pozak zertara datozen
Gauz eder baten jaube ustez egin arren.
Eguzki argiagaz bardin landa baten
Gauzatxo bat dizdizka urrin bada ikusten
Lora guztiak baño au da ederrago:
Bertara juan eta, baña an zer dago?
Ez lora pitxi eder, ez zoragarririk,
Ispilli zatitxo bat ausia bakarrik.
Gauza andia dala pentsau eragiten
Izar bustandun bere sarri da agertuten;
Askok sinistu oi dau dala miraria
Ta gerra andi baten señale garbia;
Orrelako gauzarik ezer izan ez da
Jende guztia larri ipinten dau bada.
Urietan piestak dirala ederrak
Esaten dabe beti urtero paperak;
Bertara juan eta, o zenbat alditan,
Pentsetan zan lakorik an ez da topetan!
Diru asko gastau ta damutuba etxera
Etorri oi da sarri jauna ikustera.
Arrantzalle bat baldin bada azartua
Asko artzeko ustez sarri urrin dua,
Gañera kostan bada gabetan farola
Illunagaitik bere ez deutsa ardura,
Eskerrak emon beioz alan farol oni
Utsik izanda bere oi dalako etorri.
Baitan askotan dua urrin egaztia
Largaurik bere jaio ta bizi tokia,
Itxirik abia ain lumatsu biguna
Galdu baleu legetxe buruko zentzuna,
Erbestetuagaitik damurik baperez
Doialako obeto bizitzera ustez.
Nik bere entzun eta urriñeko gauzak,
Zoro zororik egin nituzan ametsak,
Egan ez arren ontziz irago itxasua,
Baña emen ez topau uste zan lekua,
Sinisten nebalako, neke asko baga
Dirua Ameriketan irabasten zala.
Artu dot gisaxo onek engañu osua,
Zoratzen ninduana zan ispillutxua,
Ta neure farolaren errañu barrutik
Nago urriñegira emen etorririk,
Baña banintzateke itxas egaztia
Laster artuko neuke nik Euskel-erria.
O, neure jaioterri ta etxe kutuna!
Ortxe dot nik abia apaiz ta biguna;
Baitabere or daukat kostako farola,
Zein dodan biotzeko amatxo laztana;
Beraren argipetik ez baneu nik urten
Ez nintzan aurkituko ume zurtz gaur emen.
Baña izan naz beti ni txori-burua,
Alperrik orain daukat miñ eta damua:
Iñok gura ezpadau aik legez erratu
Esaera on zarrak, gaztiak, sinistu:
Urriñeko intxaurrak ots andiak dabez,
Bertara juan eta billatu baperez.
|