Gorantziak
Neure adiskide maite On Leonardo Artiatx
eta bere andra on, Errepublika Arjentinako
San Nikolas de Arroyasen bizi diranai.
Ogetamasei urte or egiñ
Arren, o! neure laguna!
Dakit gaur bere zelan zarean
Euskara maite dozuna;
Dakit biotzez zelan deutsazun
Berari maitetasuna,
Bare dalako amari edan
Zeuntsan berbeta kutuna,
Titiaz naste gorputz ta ariman
Umetan sartu jatzuna.
Erritar onak legez ametan
Gaituzulako zuk bada,
Etorri ziñan emazteagaz
Igaz gu bisitetara
Topau zenduan erri au, baña,
Ez bertan ama laztana,
Antxiña illda joan zalako
Emendik zeruetara,
Lur triste oni agur eginda,
Betiko glorietara.
O! ze gozoa izango jatzun
On Leonardo maitea!
Zure amatxok beso biakaz
Bere kolkoan batzea!
Munduan gusto guztiak baña;
Aiñ da gatx eskuratzea,
Errazago da gaur probetu, ta
Biyar aberastutea,
Jaritxi baño erbeste onetan
Zoriontasun betea.
Igazko udan baña andreaz
Ona zu etorritiak,
Pozez ipiñi zituzan zure
Iru arreba maitiak;
Ezagun eta senide danak
Gañera adiskidiak,
Berba batean poz artu eban
Otxandioko jentiak,
Alan ezpada esan daiala
Bertan bizi dan guztiak.
Zeugaz batera zure Felipak,
Lagun zar maitegarria,
Ikusi deusku prestua dala
Zu jaio ziñan tokia;
Dala langiña, dala zintzoa,
Argi, zoli ta garbia;
Dala Españan beti ederren,
Gure Euskaldun erria,
Bestelan onuntz, zergaitik dator
Udan jentetza andia?
O! ze politak baita bere emen
Diran etxalde zuriak!
Leku goietan baita ermita
Antxiñakoak jarriak!
Zeuk begiakaz, ez dozuz barriz
Ikusi erromeriak,
Zelan batuten diran millaka
Euskaldun fedez biziak,
Zar eta gazte adoretara
Santu beneragarriak?
O! zeiñ ederrak diran emengo
Erreka murmurlariak!
Zelan ditugun fabrikaz jantzi
Txikiak zein da andiak!
O! ze galantak bañu-etxeak
Iturrietan jarriak!
Eta, ez dozuz zuk zeuk ikusi
Gure tren txistulariak,
Erri biurtu deuskuezanak
Baso, atx eta mendiak?
O! ze gustora bere ikusi
Dituzun emen plazetan,
Munduan diran pelotaririk
Onenak partiduetan!
Aurreskugiñik aurrenengoak,
Dantzan egiñaz jaietan,
Bertsolariak bere, ez dozuz
Ikusi pozez kopletan,
Guztiz egogi, oso arira,
Botiaz zortzikoetan?
Ikusi dozu Bilbo bere, ta
Donostiako uria,
Iruñan eta zeiñ Bitorian,
Ikusteko dan guztia;
Aiñ asko azi ditugulako,
Lenak ez dira gaur iya,
Eta onelako uri ederrez,
Au ez da miragarria?
Lau erri buruz, nun da beste bat
Lur bat aiñ zoragarria?
Auxe da, neure adiskidea,
Zu jaio ziñan Erria,
Amerikara zeñek bialdu
Ugari daben argia;
Beronen seme askok jaritxi
Or ebelako gloria,
Zabalduagaz bazter danetan
Kristiñau jakituria,
Orain ederto gozetan dabe
Danak goietan saria.
Au da, Artiatx, zure Erria,
Izarrez dana jantziten,
Au da Laurak bat euskaldun izen
Ederraz dana deituten,
Izena zuek bere Laurak bat,
Or badozue zainduten,
Lau eskugazko kurutze baten
Zareela zintzo lotuten,
Euskal arraza, arraza danen
Zoaze ispillu ipinten.
Beñik beiñ emen gura genduke
Laurok batera aurrera,
Izan, da zaindu kurutzedun dan
Gure Arbola ederra;
Gu illda bere gure semeak
Jarraitu daien onela,
Deitu dagien emen zeiñ da or
«Gernikatarrak gu gera,
Aritx Arbola kurutzeduna
Dalako gure bandera».
Agur, egiten deutsut ementxe,
Erritar laguntxo zarra;
Baña barriro igaz legetxe,
Emen batuko al gara;
Bitartean guk daukagulako
Ur-zelai guztiz zabala,
Badakit noz nai iragotea
Ori aiñ erraz ez dala;
Baña zuk laster egiñ dagizun
Zeruak gura daiala.
Zeure andra on, ona Felipaz,
Igaz irago zenduan,
Guztiz ondo ta nik artu neban
Poz bat andia orduan;
Zergatik zuen maitetasuna
Beti daukadan barruan,
Esker oneko euskaldun batek
Zor deutsuedan moduan,
Bazkari eder zuekaz janak
Ditudalako goguan.
|