Irakasle aingeruari
Kantatzeko gaur gogoa daukat,
Ezpanaiz ere kantari;
Pentsamentu au ez dakit nondik
Burura zatan etorri,
Ai! kantatzeko gogo au baña
Gaur biraldua neroni,
Baneki nor dan abiatzeko
Laster kantatzen berari;
Baña, au nor dan nola nik ezin
Diodan beian igarri,
Izarretara zuzendutzen naiz
Ea au bada ageri.
Ta an ikustean bost izarrekin
Garbi garbiro ageria,
Letraz bezela eskribituta
Tomasen izen aundia;
Gogoratu naiz berealaxe
Bere gogoangarria,
Egun au dala ta augatik Tomas
Zatala kantagarria,
Eta gañera nola dan gizon
Argienetan argia,
Ez du merezi ipintzea gaur
Odeiez gora jarria?
Nola nezake utzi isillean
Umant ain miragarria?
Egun au bada goizetik izan
Iñoizko pozen jaikia?
Ez dakutsute urdin obeaz
Zerua ere jantzia;
Gartsu diraden pitxi ederrez
Bete beterik guztia?
Onratze arren albait ondoen
Tomas garaipenlaria,
Jesukristoren etsai guztien
Ezpata beldurgarria?
Onra dezagun, onratu bada
Gaur Tomas Akinokua;
Eliz Amaren pilarietan
Indartsuenetakua;
Munduan ere bazan jatorriz
Etxe aundietakua;
Utzirik baña bizitza bigun
Lasai ta naierazkua;
Nai zuelako ark komentuan
Egin latza ta estua,
Alabagarri ez da benetan
Santu aiñ egiazkua?
Bioletatxo baten antzera
Nai zuen leku gordea,
Etzuelako bere doairik
Kanpora agertutzea;
Bere naia zan erretiroan
Bizitza igarotea,
Arrazoiaren legera griñak
Osoro menderatzea,
Birtute danen lorez anima
Apaindurikan jartzea,
Eta gezurra egiarekin
Ostikopean sartzea.
Nai zuelako ark txiki izan,
Deitu bekio aundia;
Bai eta donzel garbi zalako
Lirio zuri zuria,
Jesukristoren amorioan
Zalako berriz goria;
Alde ontatik baldin irudi
Badu larrosa gorria;
Luma zorrotzaz ez da Jesusen
Gerrari bizi bizia,
Ereje danai burua austeko
Nor da au bezin zolia?
Orregatikan deitzen diote:
Eskoletako aingerua,
Izen onekin mundu guztian
Tomas da ezagutua;
Bera dalako irakasletan
Maisu askoren maisua;
Bera dalako Kristoren alde
Lan asko egintakua,
Ta bizi zala ez da areri
Bera bai entzundakoa:
Ederki dezu eskribituta
Zegaz nai dezu pagua?
Kristo zalako baña bakarrik
Tomasen maitegarria,
Erantzun zion: Jesus zeu izan
Zakit neroren saria;
Zerekin eman bestela ari
Zor zaion irabazia?
Zerekin bere ain egitada
Askoren ordaingarria?
Fedeagatik baldin igaro
Bazuen bere bizia,
Lanean beti gau eta egun
Ill arteraño guztia?
Nola onratzen lurrean ere
Dira aren lan aundiak!
Nola maitetzen dituan eurak
Eliza Santak guztiak!
Orregatikan amairugarren
Leon Ana txit argiak,
Tomasen letra argiakiñ nai
Luke argitu erriak:
Diradelako izarren gisa
Danak gartsu ta biziak,
Lañorik gabe izan ditzagun
Zeruruntz bide garbiak.
An, bera ere dakust luma bat
Duela bere eskuan,
Daukazkiala beste lumadun
Txit asko jiran onduan;
Baña, guztiak baño berak du
Koroi obea buruan;
Bera daukate danak erdian
Maisu zar baten moduan;
Irakatsiten dirudiala
Diarduela zeruan,
Esan ezpalu bezela emen
Nai zuen dana munduan.
Duda gaberik berak ere dit
Andik gaur bota begia,
Berak emandit kantatzeko len
Neukan egarri aundia;
Berak mingañau leundu dit eta
Agoan jarri eztia,
Berberak sartu nere burura
Errañu me bat bizia;
Eten gaberik ekarri nezan
Azkeneraño aria,
Beraren onran gaur kantatzeko
Emen euskaraz gloria.
|