Euskaldunak gara
Bilboko Alkartasunaren Batzokiari
Euskaldunak gara gu, eta Euskerea
Zaintze arren nai dogu emon bizitzea,
Nai dabelako askok lurperatutea,
Eta gaztelar oso gu biurtutea.
Baña zelan garean odolez euskaldun,
Euskeraz guk kantetan dakigu edo nun;
Egiten gareala munduan ezagun,
Ez dala euskalduna dan lakorik iñun.
Leku danetan jaio ein arren umiak,
Egiñagaitik amak edo nun semeak,
Baña Euskalerrira Jaungoiko gureak,
Zerutik ez dauz bota aparteko doiak?
Non da beste lekutan emengo bakea?
Non da beste erri bat aiñ alegerea?
Non dauke guk Gernikan dogun Arbolea,
Zarra igartu arren badogu gaztea?
Non da emen legezko gozoa udea?
Emen da aize meia, non nai kerizpea,
Emen daukagu non nai gaur bañu etxea,
Osasunaz jarteko geixo dan tristea.
Erri onetan dira asko miragarri,
Emendik urten dira onenak kantari;
Zeiñbat atera diran barriz pelotari,
Mundu danak daki ta ez itandu guri.
Arrotasun onagaz esan giñai bada,
Au dala jaio giñan geure lur laztana;
Lur bat euskaldun utsa lenago izana,
Baña gaur zer da emen ikusiten dana?
Gaur jazoten jakona da negargarria,
Bizkaiak ez dirudi euskaldun erria;
Ezin ezautu leike o! ze gatx andia!
Sekula ez da orain dogu buztarria.
Gurako al dau Jaunak begia edegi,
Daiguzan euskaldunak esanaz alkarri,
Nai ezbadogu izan guk erdaldun garbi,
Bear doguz Foruak barriro ekarri.
Urratu bear doguz erdaldun kateak,
Bear ditugu zarrak eukezan legeak,
Agindurik Bizkaian beti Euskereak,
Osasun ona gozau daian Arboleak.
Bizkaia, Gipuzkoa, ta gure Araba,
Eta Naparroagaz lau anaia gara,
Beste aldeko irugaz batzen gareala,
Zazpirok bear dogu gaur salbau Euskara.
Zazpirok bear dogu egin batasuna,
Zazpi Euskaldunerrik anaiatasuna,
Egin ezkero zintzo guk alkartasuna,
Ziur, ziur, letorke euskalduntasuna.
Baturik biztu daigun guk geure Erria,
Askok izan deutsana oni inbidia,
Betoz lengo oiturak ta fede garbia,
Ta geure lege zarren aginte aldia.
|