 |
Beti lore
Nere adiskide Artolako Errosario
euskaldun neskatx bertsolari bakarrari
Errosario, uda-
berriko goiztxo baten,
arrosa txit eder bat
zijoala esnatzen;
zeñi kabietatik
zioten begiratzen,
txorikumeak pozik
zutela usai artzen,
eta berakiñ nola
ziran asko gozatzen,
eskerrak emanikan
txio zuten kantatzen.
Nola berriz zijoan
eguzkia azaltzen,
sortaldean-zuela
zerua urrez jazten,
ark ere ikustean
lorea ernai jartzen,
lenengo ziargia
axa dio bidaltzen,
egun onak berakin
dizkiola ematen;
orduan lore polit
otzaz zana makartzen,
abiatzen da kolko
zarratua azkatzen,
osto biribilduak
bereala zabaltzen,
edertasun guztia
agertzen orrelaxen,
nota mintsu bat oi dan
obetutzean asten,
motel arkitzen zana
alegrentzian sartzen.
Egunoroko sailla
egiñik eguzkia,
ezkutatu zan baña,
gorderik arpegia;
non orduan jartzen dan
triste lurra guzia,
eta txit gaututzean
illunak estalia,
dauka lore kutun ta
polit zoragarria,
nola upale batek
barrunean itxia,
au da arrats beltzaren
sabelak iretsia;
noiz aize me zitalak
zorrozturik izpia,
jelak berriz egiñik
al duen txarkeria,
lore zekarrenari
buru txit zutia,
makurtzen dio laster
jotzeraño gerria.
Agur! agur! betiko
bere edertasuna!
otz geienik apaldu
dio lerdentasuna,
atzo arro agertzen
zuen mardultasuna,
galduta arkitzen da
lore guri samurra;
joanda sekulako
bere gorritasuna,
joan da bai pozgarri
oi zan ikuskizuna,
ta aizeak jakitean
bere gertakizuna,
desagertuko dio
baita daukan itxura,
ostuak eramanik
al dituen lekura,
zer sentimentua dan
edo esturasuna,
gertatu dan gauz onek
orañ dakarkiguna!...
«gaur bagera; bigar ez»
au da gauza ziurra,
etzan oker ibilli
itzok esan zituna,
bestela begiratu
baldin bada gezurra,
eta ikusitean
lore zorigaitzduna,
galde non duen ari
bere galantasuna,
non lorietan zeukan
lengo nausitasuna,
non erregiña gisa
zeukan anditasuna;
atzo miragarria zan,
gaur da usteltasuna,
egun batik bestera!
Au! desberdintasuna!!!
Zeñek, Errosario,
au dezake ukatu?
buru gabea izan
ezik, nork ezeztatu?
au da kontu triste bat
maiz dana egiztatu,
urtero esan leike
ez duela faltatu,
au ala dela, nola
zuk ez dezun dudatu,
eta bere gañera
sarritan bai, pentsatu,
Errosario, dizut
onela izkribatu,
eskutitz au, zoroak
ditezen konturatu;
dakit, etzaituala
baña, zu lilluratu,
dakit etzaituala,
munduak engañatu,
dakit zuk beti goruntz
eginda begiratu,
balio duten gauzak
egitean pentsatu;
beti, beti, zentzuaz
dituzula moldatu,
bertso lorez jantziak,
ederki izkribatu;
ordea bakit ere,
besterik bat saiatu,
ez dala zu baizikan,
lan orretan nekatu;
augatikan zuganuntz
gaur naiz ni abiatu,
miresle batek dizun
zorra eiñaz pagatu,
zuk daukazun grazia
egitean salatu.
Parka zadazu, bañan,
nonbait badet erratzen,
zeren adiskidetzat
zaitudan estimatzen,
orixen dala bide
gaur naiz ausardiatzen,
zerorren izen ona
neurtitzonik onratzen,
atrebitzen naizela
alabantzok ematen,
artzekodun dalako
duena irabazten,
orixengatik bada,
enaiz iñoiz lotsatzen,
personaren onkairik
sekulan andizkatzen,
nola gaur asi naizen
zurea saristatzen,
itzok azaldu gabe
enijoa bukatzen.
Doatsua zerala
dizut bada esaten,
doatsu zerala
benaz det sinistatzen,
doatsua zerala
dizut adieratzen,
zailltzen bazera gauza
onak argitaratzen,
lorezko letrarikan
ez da iñoiz igartzen;
norbera illagatik
dira bizi, izaten
eta bizi izarren,
antzera distiatzen,
irakurlea dala
letuakin zoratzen,
ordu atsegintsuak
dituala gozatzen.
Orra, Errosario,
nola dedan probatzen,
iñoiz lumadun onik
nola ez da bukatzen,
Parnasok duelako
bere oroitza kantatzen,
Zeruak diolako
koroi eder bat jazten,
eta bere gloria
nola ez dan itzaltzen,
auxen da beti lore,
gaur dedana aipatzen.
|
 |