Bitoriako abadegeien ikastegi barriari, agur bat
Don Francisco Sanz de Frutos,
bertako erretore Jaunari
Arbola batek mendean artzen eban Erri bat,
Gizaldi luze asko askotan gaur artean,
Arbola orrek, Eguzki sutsu naiz ekatxetik
Gorde oi eban giroz Erri au orri pean.
Bere beso bat eltzen zan Ipar itxas ertzera,
Egoi aldetik Ebroko ibai andiraño,
Eguzkiaren urteeratik Bidasoako
Erreka zabal mugagarria joteraño.
Bere kerizpe gozoko iru aizta maiteak,
Dira odolez sarri gorritu zireanak,
Euren fedea nastu bagarik zaindute arren
Beti jagiten zirealako gora danak.
Bere azpian gordetan ziran mendi eskergak,
Bere azpian Anboto, Aitzgorri ta Gorbeia.
Bere azpian Gipuzkoa ta Bizkaiko ibarrak
Baila Araba menditsua ta bai zelaia.
Irurok dabe gaur arte egin beti ta beti,
Erri bat fedez kristiñau eta apartea,
Iruroi kendu arren lege zar Euskerazkoa,
Ez dabe galdu, ez ta galduko sinistea.
Irurok dabe gaur bere egiten bazter onetan,
Deritxakona ondraz Erri bat Euskalduna,
Irurok dauke Eleix-barruti katoliko bat,
Irurok Artzaiñ eta Buru bat mitraduna.
Irurok dauke euren Obispo argitsuaren
Agindupean Ikastegi bat gaur barria,
Bitoriako urian leku gorenengoan,
Araba zelai urriñetatik agiria.
O! egun dontsu gomutagarri benetakoa!
On Sebastian Herrero jauna zana etorri,
Milla zortzireun irurogeita amazazpiko
Zezeillaren bedratzian zan jazo ori.
Bitoriako kaleetan zaiñ, ari begira
Bazan zalduna naiko aurkitzen artuteko,
Ongi-etorri txera abegi agur argiak,
Euskal-Eleixa Burujaunari egiteko.
Ozta ezautu eban guztiak maitetasuna,
Guraso samur bati legetxe izan eutsan,
Duda bagarik Ikastegi au egite arren,
Artzaiñ aiñ ona Euskal Errira etorri zan.
Jatorriz zaldun txit noblea da, baita Obispo
Españatarren gloria bere ez txikia,
Eleixearen Prinzipe argi, arimen Artzain,
Jagola zintzo, arduratsu, zur ta zolia.
O! Etxe santu, O Ikastegi agirikorra!
On Sebastian argitsuaren gar bizia,
On Mariano-k sutuagotu egiñ zaituan,
Zara zuzi bat errañuz bete ta josia.
Zeinbat alditan Araba zelai urriñetatik!
Gomutau zaitut zatxakuzala zu, eguna,
Zatxakuzala Euskal Erriko gau illtzallea.
Gure illunpe astunak galtzen dituzuna.
Zabalduagaz argi-erramak goi orretatik,
Uri, erri, zeiñ baserrira naiz txabolara,
Errama orrek deuskuelako erakarriten,
Ebanjelio zerukoaren su ta garra.
Jaurtigidazu gaur niri bere tximistatxo bat
Kantua daizudan zuri dagotzun ondra ona,
Kantau daizudan zu zareala Euskal-Errian,
Erne zarean Aretx Arbola ezillkorra.
Kantau daizudan, zu zareala Aretx bat aiñ zaill,
Ez gizaldiak, ez ta ekatxak galtzekoa,
Kantau daizudan, infernutarrak esetsi arren,
Zutik eukiko ortxe dozuna goi burua.
Kantau daizudan, udan legetxe baita neguan,
Guri emongo deuskuzuzala zuk frutuak,
Kantau daizudan, zere semeak ardi izanik
Otsoak, jarten dituezala bildostuak.
Kantau daizudan, zure semeak dakustazala,
Ugarituaz zorionean aiñ modutan,
Kantau daizudan zeruko izar biziak legez,
Argi dagien Euskal-Erriko eleixetan.
Kantau daizudan zuk argiturik euren bitartez
Goazala gu Zeruko bide bedarrean,
Ez ezkerrera, ez eskumara okertu baga,
Erdi eriditik bertara zuzen jo artean.
Kantau daizudan, onak obetzen dituezala,
Zelan arteztu adierazo baita dongai,
Kantau daizudan zelan bakea emoten deutsen,
Jesukristogaz len arerio zireanai.
Kantau daizudan poza deutsela baita emoten,
Errukarriai premiñadun ta ez ekukiai,
Baita eskintzen zeru zabalen jaubetasuna,
Jaungoikoaren serbitzari on diran danai.
Kantau daizudan, zelan Jesus-ek Apostoluai,
Baita eutsela inoz egiten dei, argia,
Eta zugandik bear dabela artu abade,
Izango diran mutill gazteak ikasia.
Kantau daizudan, erlijiñorik zurea legez,
Bat bere ez dala bere semerik gartuteko,
Ez jakitunik len oraiñ eta gerora bere,
Bardintzekerik gizarteari ekinteko.
Igarla batek agaitik diño, izarrak legez,
Jakitun onak dirala bada argituten,
Glori andi bat, baita gozauko dabeela beti,
Erakusla on izan ziranak erriaren.
Errazoiagaz agurtzen zaitut ertegi eder,
Egia utsik erakutsiten deuskuzuna,
Agurtzen zaitut o! zuzi barri ixiotua!
Argitu daizun inguruko lur euskalduna.
Agurtzen zaitut, Euskal-Erriko Eleixearen,
Metarri sendo eta Arbola errimea
Agur, Zeruak bota daizula bere iñotza,
Egin daiguzun euskaldun danai kerizpea.
Gure Arbola igartu zanak legetxe gora,
Jaso eizu jazo, Lauburuagaz banderea,
Agur, euskaldun zorionaren Landara barri,
Prudenzio ta Iñazioren eskolea.
Santu bi oneek emon beizue zeruetatik,
Sendotasuna, indarra eta laguntzea,
Izan zaitezan euren Erriko ostarku eder,
Izan zaitezan egun obeen señalea.
Triskau daizuzan gure gañeko odei astunok,
Infernuaren illuntasun, gau, itzaltsua,
Ipiñiagaz Erri onetan laño bagako,
Jesukristoren egun eder ta gozotsua.
|