 |
Ardo zale batek bere eskuko baso ardoari
Munduan det gauza bat
Guztiz pozgarria
Norbaitek esango du
Dala urre gorria,
Baña beste batek du
Neretzat grazia:
Zer ote da orren gauza
Añ maitagarria?
Ez zillar, ez urre ta
Ez diamantiak
Ez dira ni poztzeko
Oso egokiak,
Ardo gabe ez dira
Oien bertuteak
Biotzetik kentzeko
Eni naigabeak.
Baña ardo naikoa
Badet sabelean
Penok botako ditut
Aide gogorrean;
Alegre izango naiz
Goiz ta arratsaldean,
Lo berriz egingo det
Aukeran gaubean.
Atoz, matsaren zumo
Noen edaria,
Gizon ark utzi zigun
Oroipengarria,
Mundua mundu arte
Bere memoria
Idukitzeko badu
Ongi irabazia.
Zarren bizitza zera,
Gazteen indarra,
Munduan danok degu
Zerorren bearra;
Biba! biba! ardoa,
Klaret zeñ naparra
Auxe da neretzako
Pozgarri bakarra.
Fruta danen artean
Zu aukeratua
Zera meza emateko
Ta an konsagratua;
Etzaitez arren galdu
Bestela mundua
Sentimentuz litzake
Bertatik galdua.
Ardoak
Enaiz iñoiz galdul
Gizonak, munduan,
Jaunak zuen pozgarri
Ni egin ninduan;
Barrungo illuntasun
Ta tristura orduan
Atozte poz artzera
Nigana beinguan.
Basoan naukazun au,
Orain dezun miña
Kentzeko antziñatik
Nagotzu egiña,
Etzaitez ez beldurtu
Dezu gaitz jakiña,
Nazu triteen poz ta
Gaitzen atsegiña.
Emen naukazu, bada
Mamatxo goxoa,
Oraiñ benetan triste,
Gañera gaixoa;
Gizonak
Jasoko det aora
Ta itzuli basua
Sabelean daukazu
Klink! zure lekua.
|
 |