Ama baten sentimentua
«Ardiak egin pekatu
Eta bildotsak pagatu».
(Esaera)
Laster mutilltzen da larrosa bat,
Zotz bat bereala ausi,
Kristal bat brintzan golpeaz errez,
Argi bat putzaz itzali;
Modu berean baten aiñ laster
Biotza jatan erdi bi,
Uste bagako barri samin bat
Jatalako eldu neuroni.
Egazti batek maitetuten dau
Txit asko bere abia,
Lañoak legez baita lurrunak
Laztandu oi dabe goia:
Itxas orratzak ipar aldea,
Arriak bere ertegia,
Alantxe maite nik bere neban
Seme bat maitegarria.
Zorioneko edo txarreko,
Gerra bat emen sortu zan,
Zeinbat ama on seme bagarik
Gaizki ipiñi ginduzan!
Garaitza zala kanpaiak joaz
Jolasa ugari bazan
Baña ez dakit biamonean
Zelan miñez ill ez nintzan.
Armadatzar bat musika joten
Sartuten jaku errian,
Ni bizi nintzan etxe aurretik
Biba gu! oska bajoian,
Soldadu batek diño penaurik
«Jose ill jaku goixian,
Beraren ama gaixoa ustez
Bizi da ortxe etxian».
Tximistak ez dau iñoz aiñ errez
Zugatz igarrik urratu,
Zeinda berba areek nire biotza
Eben guztia zatitu;
Ez eguzkiak iñoz aiñ laster
Edur tantarik bere urtu,
Zelan barriak nire begiok
Malko zituzan biurtu.
Seme bat euki bera soldadu
Eroan eusten gerrara,
Orduan etzan beste nausirik
Agintari zan indarra;
Eta gaur barriz zartzarorako
Dot semearen bearra,
Baña niri a kendu eustanak
Ez deust gozotzen negarra.
Euskal-errian esaera au
Antxiñakoa daukagu,
Ardiak egin pekatu eta
Bildotsak bear pagatu,
Esakune au asmau ebanak
Ez eban ezer erratu,
Ema gaxo au egia orren
Ona emen bat testigu.
|