www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ZERGATIK IAINKO MISERIKORDIOSAK, DENBORAREN BURUAN BEDERE, EZTERAUEN IFERNUAN DAUDENEI BARKHATZEN?

KAP. LX

 

395 Gogoak emaiten deraut, benturaz erranen duela zenbaitek: Ez lizateke hobe, Iainko miserikordiosak, hain miserikordios denaz geroz, usa lezan bere miserikordiaz, osoki eta konplituki; eta azkenean barkha liazen guztiei, guztiz ere, plazer duen bezanbat denboraz ifernuan edukiz gero, eta han bere faltak ezagut arazirik, penitenzia eraginez gero? Eta izatu da zenbait bere nahiarekin batean, hala erran duenik. Eta gaixtoek hala nahi lukete. Ordea ezta hala izanen, eta ezta arrazoin ere hala den. Zeren bataz, baldin ezpaliz sekulako ifernuren beldurtasunik, eztakit lizatekeienz bat ere munduan onik eta presturik. Dakigularik badela ifernu bat, guztiarekin ere gara, garen bezalako, zer lizateke bada, baldin baginiaki eztela halakorik, izaitekotz ere, zenbait denboratako izanen dela eta ez sekulako? Purgatorioetakoaz konsolatzen gara, handik noizbait iltkiko garelako esperantzarekin, hala konsola gindezke bada ifernukoaz ere.

        Eta berriz bertzea, ezta arrazoin dagoen Iudas nehoiz ere zeruko lorian, Iondone Pauloren eta bertze Apostoluen konpaiñian. Ezta arrazoin diren gaixtoak, hain ongi zortheatuak, nola onak. Ezta arrazoin Iainkoaren kontra ibili direnak, eta haren zerbitzuan enplegatu direnak, hemen baino gehiago, bertze munduan ere, diren berdin. Hura ezlizateke miserikordia, baina lizateke iustizia falta; eta Iainkoa baithan ezin dateke halako faltarik.

396 Eta ezterauka ez Iainkoak bidegaberik egiten, ifernuan dagoen kondenatuari, ez nehoiz barkhatzeaz; hargatik, ez barkhatuagatik, miserikordios da Iainkoa. Zeren San Tomasek dioen bezala: Deus quantum in ipso est miseretur omnibus. Sed quia misericordia sapientiae ordine regulatur, inde est, quod ad quosdam non se extendit, qui se misericordia fecerunt indignos, sicut Daemones et damnati qui sunt in malitia obstinati (S. Thom. 3 p. q. 99 art. 2. ad 1). Iainkoak bere aldetik denaz bezanbatean guztiei barkhatzen deraue, guztiez edukitzen du miserikordia. Ordea behar den moldean, iustiziaren arauaz, eta nehor hartako gai eta merezient denean, eta ez bertzela. Eta nola Deabruak eta presuna kondenatuak ezpaitira miserikordia erdiesteko gai eta ez merezient: zeren malizian eta borondate gaixtoan ostinatuak eta gogortuak baitaude: halatan ezta Iainkoaren miserikordia hetara heltzen. Eta heken berén faltaz ezta hetara heltzen. Perditio tua ex te Israël (Os. 13). Baldin ifernuan daudenek balute bere bekhatuez, behar den urrikimendurik, balegite penitenziarik: itzul balezate bere borondatea bertze aldera, gaixtotik onera, usa lezake bai Iainkoak heken alderakotzat bere miserikordiaz, eta barkha liatzaie bere bekhatu guztiak, orai guri penitenzia egiten dugunean, barkhatzen derauzkigun bezala.

        Orai gu bideazkoak gara, badaidikegu penitentzia. Baina ifernuan daudenek eztute halako eskurik eta ez bothererik, ezin daidikete hek penitenziarik: iragan zaie hei bere denbora, akhabatu dira heken feriak.

        Hek han bere bekhatuez damu eta urriki badute ere; eztute ez damu eta urriki hura, behar bezalakoa; eztute Iainkoagatik, eta ez Iainkoari zor dioten amorioagatik, baiña dute iragaiten dituzten penakgatik. Abre batek ere min hartzen duenean, egiten du sentimendu: hala bada ifernuan daudenek ere minagatik, iragaiten dituzten penakgatik, dute sentimendu, damu eta urriki. Baina bertze gainerakoan, itsutuak, ostinatuak, eta bere faltarik behar bezala ezagutzen eztutela, eta ezin konberti ditezkeien bezala, malizian eta borondate gaixtoan gogortuak, harrituak eta finkatuak daude. Eta hala mundu hunetako aldia eginez gero, ezta erremediorik. In inferno nulla est redemptio. Ifernuan ezta reskatik, ezta libramendurik. Eta halatan hanbatetan abisatzen gaitu geure Iaungoikoak, eta bai mehatxatzen ere, begira dugula, orai bizi gareino, geure bekhatuak erremedia ditzagula, zeren hillez gero, eztela erremediatzeko lekhurik izanen.

 

§ 1

 

397 Baiña oraiño ezin etsituz, eta hala baliz nahiz, erranen du agian zenbaitek: Egia da, Iainkoak hala abisatzen gaitu, eta bai mehatxatzen ere. Ordea benturaz mehatxu hek, eztira mehatxu baizen izanen, hitzetan iraganen dira. Zeren hala Ionas Profetaren denboran ere, mehatxatu zuen Iainkoak Ninibeko hiria, eta erran hondatuko zuela berrogoi egunen buruan: ordea etzuen hondatu: etzuen mehatxuaren arauaz obratu, kheinatzea egin zuen, baina ez kolperik eman. Beraz hala izanen da, ifernuko penétara sekulakotzat egotzteko egiten dituen mehatxuetan ere. Egia da, hala izanen da, baldin Ninibeko hiri hark orduan bezala, guk ere orai penitenzia egiten badugu (Vide S. Th. 3 p. q. 99, art. 3, ad 3).

        Gure Iaungoikoak mehatxatu zuen Noeren denboran mundu guztia, eta erran hondatuko zuela uholde handi batez. Eta hala hondatu zuen, bere mehatxua bere mugan konplitu zuen. Etzerauen Ninibekoei bezala barkhatu, zeren ezpaitzuten Nibekoek bezala, penitenziarik egin. Egiten denean penitenzia, eztira Iainkoaren mehatxuak, mehatxu baizen. Hala emaiten du aditzera Ieremias Profetak Iainkoaren partez: Si poenitentiam egerit gens illa a malo suo agam et ego poenitentiam super malo, quod cogitavi ut facerem ei (Ier. 18). Baldin nik mehatxatu nuen iendeak, egiten badu penitenzia bere bekhatuaz, eginen dut nik ere egin gogo nioen gaztiguaz. Erran nahi du, baldin iende hura, edo nor nahi den bertzerik ere, gelditzen eta gibelatzen bada bekhatu egitetik, geldituko eta gibelatuko naiz ni ere, mehatxatu bezala, gaztigatzetik. Eta nola ifernuan daudenek ez paitzuten egin hemen penitenziarik, eta han bertze munduan ezin baitaidikete, halatan konplitzen dira orai han, hemen egin zeizten mehatxuak.

398 Mehatxatzeko pontu hunen gaiñean, ederki erraiten du San Krisostomok:

Vis id esse minas? Ipse Dominus es facti: melior efficere et ad minas tantum progredietur, si vero quod absit, minas contempseris, venies ad experientiam. Qui diluvii tempore fuerunt, si minas timuissent, periculum non sustinuissent, et si nos minas timuerimus, periculum non subibimus (Chrys. Hom. 50 ad popul. Anthioch. Tom. 5). Zuk nahi zenduke Iainkoaren mehatxuak ezliren mehatxu baizen, bada hori zure eskuan dago, dio San Krisostomok. On zaitezi, hobe zaitezi, eta eztira mehatxu baizen izanen. Baina baldin hobetzen ezpazara, baldin mehatxuez konturik egiten ezpaduzu: ethorriko zara zeure ordu gaitza, forogura, penaren esperientziaz frogatzera, eta kaltearen pairatzera. Noeren denborako iende hek probetxatu balira egin zeitzen mehatxuez, Ninibekoak probetxatu ziren bezala, etziren galduko, etzeien gerthatu zeiena gerthatuko. Ez eta guri ere etzaiku kalterik ethorriko, baldin mehatxuek iziturik, orai penitenzia egiten badugu, orai onera konbertitzen bagara.

        Eta hala baldin orai gerok nor bagara, eztira guretzat Iainkoaren mehatxuak, mehatxu baizen izanen. Ezta guretzat ifernurik gerthaturen. Baina bertzela, baldin bekhatutan gaudela, begia hersten bazaiku, egin da, arima galdu da, ezta gero gehiago onera konbertitzerik eta ez penitenzia egiterik.

399 Haur da egia garbia, eta elizak errezibitua. Gainerako guztia, Iainkoak bertze munduan, denboraren buruan, bere miserikordiaz, gaixtoen alderakotzat usatuko duela erraitea, gogoratzea eta uste izaitea, da erhokeria, enganamendua eta iende galduen desirkundea, kontua eta pensua.

        Beraz hunelatan, Dum tempus habemus, operemur bonum (Gal. 6). Denbora duguiño, dagigun ongi. Eta badio Isaias Profetak ere: Quaerite Dominum dum inveniri potest (Is. 55). Bilha ezazue iauna ediren ahal ditekeien denboran. Bada orai ediren ahal diteke, eta ez gero. Hala erraiten du Iainkoak berak: Quaeretis me et non invenietis (Io. 7). Bilhatuko nauzue eta eznauzue edirenen. Gauza galdua galdu den lekhuan bilhatu behar da, eta bai ediren ere. Beraz Iainkoa erte galtzen den lekhuan, hemen bilhatu behar da, eta ez bertze munduan. Zeren hemen galtzen baita, eta ez han.

        Erran komuna da, eta ongi errana da (lehen ere erran dugun bezala) eztiazaiola nehork ere nehori, hanbat kalte eta bidegabe egin, nola berak bere buruari. Mundu herri guztiak ere, baldin zerorrek, biderik emaiten ezpadiozu, ezin egotz zaitzake ifernura. Baiña zerorrek, bat baizen etzarelarik, zerorrek egotzten duzu zeure burua.

400 Etzarela bada zerori zeuretzat horrein etsai handia, urrikal bekizu zeure burua. Non tardes converti ad Dominum et ne differas de die in diem. Eztezazula berant, eztezazula luzat: bihur zaitezi lehen baiño lehen zeure Iainkoagana: etzabiltzala gerotik gerora, egunetik biharrera. Eta ez hala ibiltzeko, konsidera itzatzu ifernuko pena handi izigarri hek. Eta guztien gaiñetik sekula fingabe hura, behin ere ez akhabatze hura: eta akhabatzeko esperantzarik gabe, etsitua eta desesperatua egoite hura. Hartan pensa ezazu hartzaz egizu pensamendu, hasnaur eta gogoeta. Eta gogoeta harekin lohatkar zaitezi arratsean, eta bai iratzar ere goizean.

        Eta hala egiten duzula, eta hunen aitzineko kapituluetan eman zaizkitzun arrazoinak ere konsideratzen ditutzula, esperantza dut Iainkoa baithan, ongi edirenen zarela; egun beretik bide onean iarriko, edo iartzera enseiatuko zarela.

        Eta halatan mundu hunetako itsaso hunen tormenta guztiak iraganik, azken finean salbamenduko portura, salborik helduko zarela.

 

aurrekoa hurrengoa