www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ANHITZ BALIO DUELA IAINKOAREN MISERIKORDIAK, ETA NOLA BEHAR DEN HARTAN FIDATU

KAP. X

 

84 Erraiten du San Tomasek: Fiducia est spes roborata, ex aliqua firma oponione (S. Thom. 1 p. q. 129 art. 6 in corp. et ad 3). Fidanzia da esperantza bar bortiztua, indarztatua, eta ustez ongi finkatua eta seguratua. Duzunean adiskide bat aberatsa, botheretsua, eta zeure egiteko guztietan bethiere fin eta leial frogatua: halakoaren hitza dirutzat hartzen duzu, eskentzea, emaitea bezanbat zaitzu: aren promesetan, kheinuetan eta are aieruetan ere, fidantzia handia dadukazu. Beraz hunelatan arrazoiñekin edukiko dugu guk ere fidantzia handia, eta esperantza beroa, geure Iainkoa baithan eta haren miserikordian. Zeren han edirenen ditugu, are abantaillatuki, fidatzeko eta esperantza izaiteko, ahal diratekeien segurantza guztiak.

        Lehenbizikorik, hura da gure adiskide, eta hain adiskide, non zerutik lurrera iautsirik, lurrean guregatik, are bere etsai ginituelarik, bere bizia liberalki eta bolondreski eman baitzuen. Hala erraiten du Iondone Paulok: Commendat Deus Charitatem suam in nobis, quoniam, cum adhuc peccatores essemus, Christus pro nobis mortuus est (Rom. 5).

        Halaber hura da aberats eta botheretsu. Zeren zerua eta lurra, zeruko eta lurreko gauza guztiekin bereak, berak eginak, eta bere eskuko baititu. Domini est terra et plenitudo eius (Ps. 23). Egin bitezi, erraiteaz, egin zituen, eta desegin bitezi erraiteaz, desegin ditzake. Ipse dixit et facta sunt (Ps. 32). Ezta ibiltzerik eta ez higitzerik, ezta irauterik eta ez hats hartzerik, haren nahia eta borondatea gabe. In ipso enim vivimus, movemur et sumus (Act. 17).

85 Bada fintasunaz, bere hitzaren leial, eta iabe izaiteaz, ezta zer erranik. Respicite filii nationes hominum, et scitote, quia nullus speravit in Domino, et confusus est. Quis enim permansit in mandatis eius, et derelictus est? Aut quis invocavit eum et despexit illum? (Eccli. 2). Beha ezazue munduko ienderazino guztietara, eta edirenen duzue eztela egundaiño, Iauna baithan fidatu denik galdu, eta ez bere beharrean, behar den bidean, hura behartu duenik, bere behar duena gabe, gelditu. Halatan erraiten du errege Davitek: Iacta super Dominum curam tuam, et ipse te enutriet (Ps. 54). Nahi baduzu zutzaz ongi dohan, eta ongi iltki dadin, ibeintzatzu zeure esperantza, fidantza, eta ardura guztiak Iainkoa baithan, haren gaiñera egotz itzatzu. Zeren munduko iduriz erremediorik eztuten egitekoei ere hark edirenen deraue eta emanen buru. Badirudi ezen hunen aditzera emaiteagatik anhitzetan ere utzten gaituela geure Iaungoikoak hersturatan iartzera, egitekotan sartzera, eta zerutik baizen erremediorik ezin dukegun bezalako pontura, ethortzera: lurraz, eta lurreko habe, iabe, eta fabore guztiez etsiturik, zerura eta zerukoetara, fidantzia handirekin laster dagigun amoreakgatik. Hala erraiten du San Krisostomok: Quando res in maximam inciderit inopiam, tunc tu maxime spera; tunc enim Deus maximam suam ostendit potentiam; non a priomordio, sed quando res fuerit maxime desperata (Chrys. hom. 17 tom. 1). Egitekoak egitekotan direnean, galdugordean dabiltzanean, orduan edukazu zuk egundaiño baiño esperantza gehiago. Zeren orduan, erakutsiko du Iainkoak bere bothere handia: ez egiotekoaren hastean, baiña bai premiarik handienean, eta nehondik erremediorik eztela dirudienean. Zeren orduan da Iainkoaren faborearen eta laguntzaren sasoiña eta puntada. Beraz orduan behar duzu zuk Iainkoa baithan, eta haren miserikordian, fidatu eta esperantzatu.

        Eta hala egiten duzun denboran, eztu ez Iainkoak faltatzen. Aitzitik bere ontasunaren, miserikordiaren eta botherearen erakusteagatik, orduan laster egiten du, orduan heltzen zaitzu, orduan zuk pensatu ere etzendukeien bidetik, erremedio igortzen deratzu. Iakin dezazun, bertze erremedio guztiak ahitu direnean, harenak hasten direla. Iakin dezazun bertze guztiek deus ezin eginez utzi zaituztenean, hark badaidikeiela, eta orduan faboratzen zaituela.

86 Hala faboratu zuen Ionas profeta hirur egunez eta gauez baleak sabelean bizirik erabilli zuenean. Hala faboratu eta begiratu zituen Israeleko semeak ere itsasbazterrean, errege Faraonek alde guztietarik inguratuak, eta ezin ihesik zeidiketen bezala, ustez hartuak eta atrapatuak zedutzanean.

        Hala faboratu zuen Susana, Lege zaharreko emazte prestu hura ere, bere senharraz bertzerekin izan zela, falsoki akhusaturik, harriz iokatzera, zeramatenean. Finean hala faboratu zuen Daniel profeta ere, lehoinen artetik eta botheretik osorik eta salborik athera zuenean.

        Nork erran zukeien, gizon bat hirur egunez eta gauez balearen sabelean ibiliz gero, bizirik leihorrera iltkiko zela? Nork sinhetsi zukeien Israeleko semeak, itsas-bazterrean, hain herstura handian izan zirenak, Faraonen eskuetarik itzuriko zirela? Eta Faraon bera bothere guztiarekin ithorik han geldituko zela? Nork pensatu zukeien Susana gaixtotzat kondenaturik, plazara galtzeko atheraz gero, hanbat ohorerekin etxerat bihurtuko zela, eta haren akhusatzailleak eta kondenatzailleak, haren lekuan kondenatuak eta iustiziatuak izanen zirela? Finean, nori gogora zitzaikaion Daniel bezalakoa, lehoin gose-minduek bere menean, eta atzaparren artean edukiz gero, desegin gabe, eta iretsi gabe utziko zutela? Hauk dira Iainkoaren mirakuilluak, Iainkoak berak egin ahal zitzakeienak, eta ez bertzek. Eta egin zituen iende heken alditan. Zeren hek herstura hetan zirenean, bere esperantza guztia, fidantzia handirekin, Iainkoa baithan ibeni baitzuten. Hala ibeni gabez, Israeleko seme Ejiptotik iltki zirenetarik, etziren Iosue eta Kalef baizen, herri prometatuan sarthu. Zeren guztien artetik, hek biek bai, baiña ezpaitzuen bertzek, Iainkoaren promesetan eta erranetan behar zen esperantza, sinhestea eta fidantzia eduki.

 

§ 1

 

87 Abiatu zen egun batez Iondone Petri, itsas gaiñean, Iesukristo bere nabusiagana. Eta abiatu zen berehala oiñez, untzirik eta xaluparik edo batelik gabe, leihorrean izan bailliz bezala, fidantzia handi batekin, esperantza segur batekin, bere Iainko nabusiagana zihoanaz geroztik, haren faborearekin batean, itsasoak iasanen zuela, etzela ithoko, eta ez hondatuko. Eta etzen ez enganatu. Zeren fidantzia hark iraun zeraukan bitartean iasan zuen itsasoak, etzen ondora, leihorrean bezain segurki eta gogortki finkatzen zituen oiñak. Baiña gero haize bat iaikirik, itsasoa handitzen, eta haserretzen hasi zenean, hasi zen halaber Iondone Petri ere, izitzen, ikharatzen, dudatzen, esperantzaren eta fidantziaren galtzen. Eta nola baitzihoan dudatuaz, eta fidantziaren galduaz, hala zihoan itsasoan barrena ere sarthuaz, estaliaz eta hondatuaz: halako moldez, ezen azkenean guztiz honda etzedin, bere nabusiak eskua goiti edukitzeko, eman behar izatu baitzeraukan, erraiten zioela: Modicae fidei, quare dubitasti? (Mt. 14). Ha fede aphurretakoa, fidantzia gutitakoa, zergatik dudatu duk? Zergatik ez aiz leheneko gogoan eta sinhestean fin egotu? Fidantzia izan zuen bitartean, ongi ioan zeikan, orduan iasan zuen itsasoak. Baiña fidantzia hura faltatu zeikanean, faltatu zeikan itsasoari ere, iasaiteko eta sostengatzeko indarra eta botherea. Halatan erraiten du errege Davitek: Qui confidunt in Domino sicut mons Sion. Iauna baithan fidatzen direnak Siongo oihana eta mendia bezala izanen dira: hura bezain fermo, fintko, segur eta bortitz.

        Beraz hunelatan anhitz balio du esperantzak, indar handia du fidantziak, hain handia ezen baitirudi, asko izanen dela fidantzia hura bera, batbederaren, egitekotan denean, eta guztiz ere bere azken finean gaixtoago bada ere, salbatzeko eta bide onean ibentzeko. Ez horrelakorik. Hala iduriagatik, ezta hala, ezta fidantzia bera asko izanen. Zeren egia da, anhitz balio du fidantziak, indar handia du esperantzak. Ordea aditzen dela neurriz, soberania gabe. Zeren soberania guztiak dira gaixto, hunen ondoko kapituluan ageriko den bezala.

 

aurrekoa hurrengoa