www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA GEROTIK GERORA GABILTZAN BITARTEAN, ALHA ZAIKUN KONZIENTZIA GAIXTOA

KAP. XLV

 

272 Erraiten du San Tomasek, eta frogatzen den gauza da, gure Iaungoikoak ereiña eta landatua dadukala gure baithan barrena, iakin behar diren gauzen iakiteko, eta egin behar direnen egiteko hazia eta landarea (S. Thom. 1 part. q. 79, art. 2). Badu gutarik bat bederak, bere baithan barrena, Iainkoak emanikako aitzindari bat, eta argi egille bat. Eta hark erakusten deraku zer dagokun ongi eta zer gaizki: noiz goazin makhur eta noiz artez. Eta are gehiago, hark berak bere ahal guztiaz, aitzinaren eta bulkhatzen gaitu ongi egitera, eta gibelatzen eta hastantzen gaizki egitetik.

        Barreneko aitzindari haur edo argi egille haur —zein deitzen baitute doktorek Synderesis—, da gure konzientzia edo arrazoi naturala. Zeren ezta munduan halako aitzindaririk, gidaririk, argi-egillerik eta ez erakuslerik, nola baita arrazoin naturala, eta arrazoin naturalak dioena: naturaren arauaz, legez eta ethorkiz dakiguna: bat bederaren barrena, konzientzia: eta konzientziaren lehenbiziko mugida, abiadura, erakuspena eta konseillua.

        Hala erraiten du San Krisostomok: Ab initio Deus hominem formans, legem illi naturalem indidit. Et quid, tandem, est lex naturalis? Conscientiam nobis expressit, et per se discibilem constituit bonorum et contrariorum scientiam. Non, enim, opus habemus discere quod mala est fornicatio, sed initio hoc scimus (Chrys. Hom. 12 ad popul. Anthio. T.5). Hastetik, egin zuenetik beretik, eman zeraukan Iainkoak gizonari lege naturala. Eta zer da lege naturala? Bat bederaren konzientzia, zeinetan barrena baitago, bere buruzko ezagutza bat, iakiteko zein den zuzen eta zein makhur: zein den ongi eta zein gaizki: halako moldez ezen ezpaita zer ibilirik frogatzen, gauza gaixtoa dela bekhatua, eta gauza ona berthutea, zeren badakigu haur gerok ere geure burutik, lege naturalak berak, konzientziak erakutsirik.

 

§ 1

 

273 Hunetan da ageri maite gaituela geure Iaungoikoak. Zeren geure baithan barrena, geure etxean bertzetara konseillatzera ioaiteko premia gabe, emaiten baiteraku behar dugun nabusia eta erakuslea, zein baita konzientzia. Eta halatan kondenatzen dira lege naturalaren arauaz bizitzen eztiren ientilak.

        Merkatari batzuek egiten dituzte sal-erosi nahasiak, tratu gaixtoak, lukureriazkoak, enganamenduz betheak. Eta gero ioaiten dira bere kofesoretara edo bertzetara, galdegitera ea tratu hek iustu direnz, egin ahal ditezkeienz. Eta ioaiten dira mengoa gabe, premia gutirekin. Zeren hain da klar eztirela iustu, non baldin bertzetan ibili gabe, galdegin baliazote berèk bere konzientziari hark berak erakuts baillizaie egia. Eta handik berèk kondena baillitzakete bere buruak. Zeren bere konzientzian barrena, ediren baillezakete, eskiribaturik bezala, galdez dauden guztiaren errepuesta.

        Utzi nahi badigu konzientziari, bera da asko, errebelatzetik begiratzeko, artez eta xuxen erabiltzeko. Zeren badaki behar dena, eta bere egitez guztia da onera emana. Eta San Tomasek dioen bezala, ontasunari egiten dio besta eta begitarte, eta gaixtatasunari liskar eta beltzuri: Synderesis dicitur instigare ad bonum, et murmurare de malo (S. Thom. 1 pars q. 79 art. 13). Beraz bere konzientziaren arauaz, haren buruz eta konseilluz gobernatzen eta kidatzen dena ongi da, alegera da, kontent eta pagu da. Baiña bertzela, bere konzientziaren kontra dabillana gaizki da, beltz, ilhun, goibel eta triste da.

        Eta arrazoiñekin da hala. Zeren nola, zangoa, besoa edo gorputzeko bertze parte bat, bere tokitik eta iunturatik ilkitzen, makhurtzen, aldaratzen edo enhardatzen denean ezin sosega baititeke, eta ez pausa, bere tokira eta lekhura bihur arteino: hala bere konzientziari gibela emanik, bekhatuan dagoena ere, nola behar den iunturatik eta arrazoin naturalak erakusten dioen bidetik eta ordenantzatik aldaratua eta iltkia baitago, ezin sosega diteke, eta ez pausa, hala dagoeiño. Bere bidean eta tokian dagoenean, nola baitago bekhaturik eztuenean, orduan da alegera, arrai, aise, kontent, eta bere gogara.

 

§ 2

 

274 Ezta konzientzia gaixtoa bezain gaixtorik eta erragarririk: bera da azoterik eta borrerorik asko. Hala erraiten du San Agustinek Iainkoarekin mintzo dela: Iussisti enim et sic est, ut poena sua, sibi sit, omnis inordinatus animus (Aug. lib. 1 Confes. cap. 12). Manatu zenduen eta hala da: konzientzia desordenatua, bera da, bere buruarentzat, pena eta gaztigu.

        Ezta uharrerik eta ez uholderik lurra hala larrutzen eta arrobatzen duenik: ezta pipirik, zura hala desegiten eta zuhirintzen duenik: ezta zedenik urdaia hala bohatzen eta iaten duenik: ezta zerrenik oihala hala eta hain gisa gaizki bilhakatzen duenik, eta ez harrik haragia hala galtzen eta gastatzen duenik, nola konzientzia gaixtoak egiten baitu bere burua.

        Harra da, konzientzian barrena, dagoen bekhatua, eta harrak bezala, gau eta egun, autsikitzen du, iaten du, larrutzen du. Eta hain da gose, ezen ezpaita behin ere asetzen eta ez autsikizetik eta bere faltèn gogora ekhartzetik gelditzen.

        Errege Davitek bertzeren emaztearekin huts egin zuenean, anhitz enseiu eta itzul-inguru egin zuen, huts hura estali nahiz. Eta ez, ez, zeren nehoren beldur zen. Errege zenaz geroz. Baiña zeren ezpaitzuen bere konzientziak sosegatzera utzten.

        Konzientziak ez Aita Sainduri, ez Enperadoreri, ez Erregeri, eta ez munduan den bertze presunari, eztiazaio barkha. Eta haur guztior egiten du gure probetxuagatik, bekhatutan lohakar ezkaitezingatik. Geure aita propioak baiño maiteago gaitu geure konzientziak. Aita batek bere semea behin, biatan, hiruretan edo hamarretan mehatxatu duenean, ikhusten badu eztela zenzatzen eta ez emendatzen, utzten du, etsitzen du. Baiña ez konzientziak, eztu behin ere utzten eta ez etsitzen (Vid. Chrysost. Concio 4 de Lazaro. Tom. 2).

        Gerla handia egiten deraku geure konzientziak, eta gerla hunek, aphur bat ere gibelatzen gaitu bekhatu agitetik, bertzela egin luke gureak. Hala erraiten du San Krisostomok: Conscientiae increpatio, sacra est anchora non sinens, nos tandem in peccatorum demergi profundum (Chrys. ubi supra). Konzientziaren eranzutea eta mehatxua, aingura da, eta aingura ere saindua eta sakratua, bekhatuen hondarrean erortzetik eta han ithotzetik begiratzen gaituena.

 

§ 3

 

275 Ordea diferentzia handia da, konzientzien artean, anhitz doha batetik bertzera. Konzientzia batzuk dira erne, sentikor, minbera, hertsi: eta berriz bertze batzuk loti, hil, lazo, zabal, eta ez antsia. Zapata bat duzunean neurri, iustu, doi; ezin paira dezakezu barrenean, den legarrik ttipiena: baiña zapata baketazko handi zabalak, eztira hain perilos; hek badute lekhu franko, oiña guti minberaturik, ez legarraren, baiña harrizkoen ere edukitzeko.

        Bada diferentzia haur beror da, konzienzia onaren eta gaixtoaren artean ere. Konzientzia onak, iustuak, ezin paira dezake bekhatu benial bat ere, baiña gaixtoak, lazoak, eztu mortalez ere konturik egiten. Multi per nimias iniquitates non sentiunt peccati conscientiam (Ambros. lib. 3 de parad. cap. 5 tom. 2). Anhitzek ere bekhatu egin hutsen botherez, eztute bere konzientziako bekhatua sentitzen. Eta haur da Spiritu Sainduak ere dioena: Impius cum in profundum malorum venerit contemnit (Prov. 18). Gaixtoak bekhatuen hosinean barrena sarthuz gero, galtzen du sentimendua, eztu antsiarik. Piae mentis est, vulnus sentire peccati, nam qui expertes doloris sunt, non sentiunt vulneris acerbitatem, quod est immedicabilis aegritudinis (Ambros. in Ps. 50, Tom. 2). Seiñale ona da bekhatuaren zauriaren sentitzea, eta gaixtoa ez sentitzea. Zeren sentimendua galduz gero, oinhazeak hillez gero, ezta sendagai, ezta sendakizun, eta ez midikuntzatan ibiltzeaz probetxurik. Haur da mundu hunetan bekhatoreak ahal dukeien miseriarik handiena, estaturik perilosena eta egoitzarik gaixtoena: bekhatuaren ez sentitzea. Halakoak konzientziaren sainga guti aditzen du, lo guti hargatik galtzen du, ordea ezta ez hura ere alde guztiz narrio gabe; den gaixtoenari ere, noizik behin bedere alhatzen zaika bere konzientzia. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Neque enim in eius potestate situm est remittere (Chrys. in Ps. 142 Tom. 1). Nahiago badu ere ezin barkha dezake konzientziak. Hala emaiten du aditzera San Anbrosiok ere: Conscientia cum non habet loquendi usum, nescit tamen tenere silentium (Ambros. de poenit. c. 1. Tom. 4). Konzientziak minzatzen usatua eztelarik, eztaki alabaiña ixilik ere egoiten. Zeren kanpoan minzatzen ezpada ere, bai ordea minzatzen da barrenean.

276 Konzientzia da behin ere lohakartzen ezten zerbitzari bat, marrantatzen edo erlasten ezten predikari bat, eta bethiere ontasunera ahal bezanbat eramaiten gaituen kidari bat. Eta etzaiku pontu batez ere aldaratzen, bethi darraiku, gorputzari itzala darraikan bezala.

        Eta eztago ez alferrik ere, alha zaiku, saingaz eta eranzutez dagoku. Bekhatua egin baiño lehen, egitean, eta eginea gero ere, erasten du, abisatzen du, akhusatzen du. Eta guztiz ere bekhatu egin ondoan, iaikitzen da, orduan atzartzen da, orduan dira zinak eta minak, orduan dira ezproin kolperik handienak. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Sicut ebrius cum multum vini ingurgitat, nullum sentit a vino damnum; postea autem sentit; ita et peccatum, donec consummatur, obtenebrat mentem, et quasi densa nubes ita mentem corrumpit. Deinde conscientia insurgit, et quovis accusatore mentem gravius arrodit, monstrans absurditatem peccati (Chrysost. Hom. 64 in cap. 42 Genes.). Nola hordiak arnoa iresten duenean, ezpaitu sentitzen handik heldu zaikan kaltea: zeren gozatasun hark, edatean hartzen duen atseginak, itsutzen baitio adimendua. Ordea gero, hordia ioan dakionean, ezagutzen baitu bere falta eta desohorea:hala bekhatoreak ere, bekhatua egiten duenean, eztu sentitzen eta ez ikhusten, handik heldu zaikan kaltea, zeren hartako atseginak eta plazerak liluratzen baitu; hain liluratzen, ezen ezpaita orduan gaitzez orhoitzen. Baiña gero, iragan denean bekhatua, iaikitzen da konzientzia, eta hain zinez akhusatzen eta liskar egiten hasten da, non iragan diren plazer guztiez ahantzirik ibentzen baitu bekhatorea.

 

§ 4

 

277 Erraiten du San Agustinek, emazte gaixtoak, ithaizurak, eta kheak atheratzen duten bezala gizona bere etxetik: atheratzen duela konzientzia gaixtoak ere bekhatorea bere sosegutik (Vid. August. in Ps. 33 et in Ps. 100). Emazte gaixtoa, ithaizura, eta khea diren lekhuan ezta plazerik, ez eta konzientzia gaixtoa duena baithan ere ontasunik. Bekhatorea sar badadi bere konzientzian barrena, berehala hango kheak atheratzen du kanporat, azpiratzen du tristurak.

        Kanpoan etsaiak, perilak eta asalduak dituenak, laster egiten du etxera, pausatzera eta bere buruaren seguratzera, ordea etxean ere etsaiak, atsekabeak, ithaizura, khea eta emazte gaixtoa dituenak zer eginen du? Non pausatuko du? Zer konsolamendu izanen du? Kanpoan etsaiak, etxean gerla, non edirenen du bakea? Non? Bere barreneko ganbaran, bere konzientzian, han behar du pausatu, han behar du konsolatu eta bere burua arindu eta alegeratu. Ordea baldin bere barreneko ganbara hartan ere, bere konzientzian ere edireiten badu etsaia, bekhatuaren ithaizura, khea eta eranzutea, zer eginen du orduan? Norako da? Sarthuagatik bere barreneko ganbaran, bere konzientzian, eztezake pausurik ediren. Zeren han berean batzen baitzaika bere etsaia, eta etsairik gaixtoena etxe barrenekoa da. Hostem suum invenit, quo confugerat (August. in Ps. 45). Etsaiaren ihesi dabillala, egiten du etsaiarekin inkontru. Beraz gehien bazterretarik hartua da halakoa, alde guztietarik atrapatua da. Zeren bere burua ere etsai baitu, eta berak, bereganik ezin baitaidike ihesik. Arrazoiñekin erraiten du San Agustinek: Nullae poenae graviores quam malae conscientiae, in qua cum non habetur Deus, consolatio non invenitur (Aug. Sent. 191, Tom. 3). Ezta konzientzia gaixtoaren egitekoak eta penak baiño pena handiagorik. Zeren nola ezpaita Iainkoa han egoiten, ez eta, ezta konsolamendurik ere edireiten.

278 Eri den presunak, barrenean min duenak, ahal daidike denbora aphur batez, kanpoan eta iendartean alegera iduri, ordea guti hala iraun, berehala bere barreneko gaitzak, gogoetan ibentzen du, tristetzen du. Hala tristetzen du bada bekhatutan dagoena ere, bere konzientziak, bere barreneko eritasunak. Vides convivium peccatoris, interroga eius conscientiam, nonne gravius omnibus foetet sepulchris? (Ambros. lib. 1 Offic. c. 12. Tom. 5). Ikhusten duzu bekhatutan dagoenaren gonbitea, ian-edana, bonbazia eta bankezia, baitirudi ezen han dela parabisua, eztela zer gehiago desira. Ordea baldin galdegiten badiozu, ea nola dihoakon bere barren hartan, bere konzientzian, erranen deratzu gaizki dela, nardagarri dela, sepultura kiratsak baiño kiratsago dela. Impii quasi mare fervent, quod quiescere non potest. Gaixtoak itsas irakitua bezala dira, eztute bakerik eta ez sosegurik: heken holek, uhinek, bagèak eta tormentèk, hanbat badira, ezen gaiñez egiten baitute. Eta badio Salomonek ere: Praecordia fatui quasi rota carri. Gaixtoaren konzientzia eta barren aldeak, orgaren edo gurdiaren arroda bezala dira. Gurdi kargatuak badarasa, badirudi bere karga handia ezin iasanez, arrenkuratzen dela: hala arrenkuratzen da bada bekhatorearen konzientzia ere, bere bekhatuen karga eta pisutasuna ezin iasanez: hark nekhatzen du, hark zapatzen du, hark bere soiñuaz, habarrotsaz, eta erasteaz tristetzen eta penatzen du.

279 Egun batez ioan zituen filosofo batek zapata batzuk bere etxera, prometaturik zapata egilleari, denbora gutiren barrenean pagatuko zerautzala. Eta abiatu zen bere hitzean, eta ephean pagamenduaren egitera. Baiña enzunik ezen hiltzela diruak behar zituen zapatagina, bihurtu zen alegerarik bere diruekin etxerat, iduriturik ezen hainbertzez kito zela: eta eduki zituen zenbait denboraz diruak berekin. Ordea bitarte hartan hain iaten eta erratzen zuen bere baithan barrena bere konzientziak, ezen ezin pairatuz, ioan baitzen bere diruak harturik, zapataginaren etxera eta han egotzi zituen, erraiten zuela, zapataginarekin berarekin mintzo izan bailliz bezala: Ille tibi vivit, redde quod debes (Senec. lib. 7 de benefic. cap. 21). Bertze guztientzat hil bahaiz ere, oraiño bizi aiz enetzat. Thotzik bada, har itzak heure zapaten diruak, eta utztak niri bakea. Deskargua egin arteiño, etzuen utzi bere konzientziak sosegatzera, anarteraiño bethi eman zioen garri eta narrio. Ezta egungo egunean mundua hunein sentikor eta konzientziatsu.

 

§ 5

 

280 Gaixtoa, bertze etsairik gabe, bere konzientziak berak, bere baithan barrena, azotatzen du, autsikitzen du, zaurtzen du, larrutzen eta penatzen du. Iragan denean bekhatuaren plazera, han da berehala konzientziaren desplazera. Bekhatua, zauri hatz-gillea bezala da. Hatz egitean atsegin hartzen duzu. Ordea hatz gordin eginik, gelditzen zaitzu ondotik errasumina. Hala gelditzen da bada, bekhatuaren plazera iragan denean ere, konzientziaren mina eta oinhazea. Sukhar handiarekin zaudenean ere, atsegin hartzen duzu ur hotzaren edateaz, ordea gero edan ondoan, gaitza berreturik, izaiten duzu atsegin haren atsekabea. Haur da fruitu ondu gabèn ondorea, horzkidura, higuintza.

        Garzelean dagoenari, emozu nahi duen bezanbat iatera eta edatera. Egiozu ahal dagizun besta guztia, baiña ezta hargatik osoki alegeratzen. Zeren ezpaitaki zeri dagokan. Alegerakiago bizi da, athez athe dabillan errumesa. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Supplicii expectatio non sinit praesentium voluptatum sensum capere (Chrysost. Hom. 12 in c. 7 Rom. Tom. 4). Garzelean dagoena, eztu utzten, geroko gaztiguaren beldurrak, atsegin hartzera, eta ez eskuen artean dituen plazer aphurren gozatzera.

281 Urkhabera kondenaturik dagoena, aitzinetik penatzen da, urkhabeaz orhoitzen den guztiaz, urkhatzen bezala da. Hala da bada konzientzia gaixtoa duena ere. Halakoa noiz eta hasten baita bere gogarenik, bere lagunekin atsegin hartzen, orduan berean orhoitzen da bere bekhatuez, orduan berean alhatzen zaika bere konzientzia: halako suertez, ezen ezpaita posible bekhatutan dagoenak, hala dagoeiño, atsegindasun osorik ahal dukeien.

        Halakoak, perilik eztuenean ere, uste du peril duela. Eta hala ikhusiko duzu anhitzetan ere, ohoiñak edo gizon hilzaileak sentitzen duenean iustizia, berehala bera bere buruz, nehor orhoitzen eztela, bere konzientziak akhusaturik, ihesi itzalgaizka abiatzen dela: Eta handik nabarbendurik gaizkiere heltzen dela.

        Gaixtoak uste du ezen hartzaz orhoitzen eztirenean ere, hartzaz mintzo direla. Gaixtoa bethi da gibel beldurti, eta gogan behartsu.

        Gau ilhunean bakharrik dohana deusen perilik ez izanagatik ere, latz da, beldur da, izi eta ikhara da: hala da bada gaixtoa ere, deusen perilik ez izanagatik ere, bere konzientziak akhusaturik latz, izi, ikhara eta beldur.

        Urdeak, bertze abrèk egiten eztutena, oraiño minik hartu gabe, ukitzeaz beraz egiten du marraska. Zeren nola ezpaitu deus ere on den gauzarik, bere urdaia baizen, ez illerik, ez lumarik, ez larrurik, eta ez bertze gauzarik, bere izanez eta naturaz da beldur, hartzen dutenean, biziaren edekitzeko hartzen duten: hala bada, konzientzia gaixtoa duena ere, lehenbiziko aldi gaitzean, den buruko minik ttipienean, da beldur hil dadin, bizia edeki diazoten. Zeren ezpaitu deus ere balio duen gauzarik, bere bizia baizen, eta hura galduz gero, penatu behar baitu.

 

§ 6

 

282 Erraiten du Iob gizon saindu hark: Sonitus terroris semper in auribus eius, et cum pax sit, ille insidias suspicatur (Job 15). Gaixtoari bethi dagoka bere beharrietan beldurtasunaren soiñua, konzientziaren latztasuna, eta asaldua: eta bakean denean ere, uste du gerlan dela, eta orduan ere atrapatu nahiz, zelatan dagotzala. Haur da are mundu hunetan ere, bertze mundukoaz gaiñera, gaixtoaren gaztigua: beldurtasuna, segurantzarik gabe, izi ibiltzea. Gaztigu hunetzaz mehatxatu zituen gure Iainkoak bere manamenduen hautsailleak, erraiten zerauela: Quod si non audieritis me, nec feceritis omnia mandata mea, fugietis nemine persequente (Levit. 26). Baldin enzuten ezpanauzue, eta ene manamendu guztiak konplitzen ezpaitutzue, iakizue ezen, nehoren peril gabe eta nehor iarraiki gabe, emanen diozuela ihesari, eta ikhara handi bat eginen zaitzuela. Hala egin zeikan ikhara handia Kaini bere anaia Abel hil zuenean. Abiatu zen Kain mundutik ihesi, erraiten zuela: Omnis igitur qui invenerit me occidet me (Gen. 4). Egin du eneak, ezta eskapatzerik, ediren nazan guztiak hillen nau. Zer diozu Kain? Noren zara beldur? Nork hillen zaitu? Ez Adanek, ez Ebak. Zeren horiek zure aita-amak dira, eta oraiño ezta munduan bertzerik. Noren zara bada beldur? Ez nehoren bertzeren: zeure buruaren, zeure konzientziaren. Zeren konzientzia bera, bertze etsairik gabe, da asko, beldurtasun handiarekin erabiltzeko.

283 Adanek bekhatu egin zuenean, eta sentitu Iainkoak deitu nahi zuela, ihes egin zuen, gorde zen. Eta zergatik gorde zen? Othe ziakien zer nahi zioen Iainkoak? Bai baziakien (dio San Agustinek). Eta nondik ziakien? Bere konzientziak erranik. Neque alium obiurgatorem habebat, et testem peccatorum (Aug. Hom. 17 in cap. 3 Gen. T. 1). Etzuen bertze lekhukorik, eta ez akhusatzaillerik, bere konzientzia baizen: baiña hura zuen asko. Eta halatan, berak bere buruz, bere falta ezaguturik, eta hobendun zela nabarbendurik, estalgunea bilhatu zuen. Hargatik erraiten du San Isidorok: Numquam securus est reus animus, mens enim malae conscientiae propriis agitatur stimulis ( 2 Soliloq. Isidor. lib.). Presuna hobenduria, faltatsua, ezta behin ere segur, zeren bere konzientziaren ezproiñak bethiere kolpeka hari baitzaitza. Pontu hunen gaiñean erraiten du San Anbrosiok: Domini autem traditorem non invenio a iudice esse damnatum. Non enim damnat eum Pilatus, non damnat populus, sed quod gravius est, seipsum condemnat (Ambros. serm. 2 in Daniel. T. 2). Eztut edireiten ezen Iudas, Iaunaren saltzaillea, nehork kondenatu zuela, ez Pilatusek, ez herriak: eta ez bertzek: baiña, gaixtoago baita, edireiten dut, berak bere burua kondenatu zuela. Zeren sentenzia guztien gaiñeko sentenzia, guztiak xitzen eta iragaiten dituena, bat berak bere buruari, bere konzientziak benzuturik, emaiten dioena da.

284 Eta hunetan da ageri eztela antsia, nehork bertzek ez iakinagatik ere zure falta eta bekhatua, baldin zerorrek badakizu; konzientzia bera da lekhukorik asko. Ezta harentzat golkhorik, zokhorik, eta ez estalgunerik. Zeren Senekak dioen bezala: Quid prodest recondere se et oculos hominum auresque vitare? Bona conscientia turbam advocat, mala autem in solitudine anxia est atque sollicita. Si honesta sunt quae facis, omnes sciant, si autem turpia, quid prodest neminem scire cum tu scias? (Senec. epis. 43). Zer probetxu da gordetzea, eta iendèn begietarik eta beharrietarik ihes egitea? Konzientzia onak agerrian, eta iendartean ibili nahi du, fida da han ere. Baiña gaixtoak eztu nehon ere segurantzarik edireiten: ez etxean, ez kanpoan, ez bakharrik dagoenean, eta ez are konpainiatan denean ere. Zure obrak onak eta prestuak badira, iakin bitzate guztiek, baiña baldin gaixtoak, desohorezkoak, eta desohoragarriak badira, zer probetxu da, bertzèk ez iakitea, baldin zerorrek badakizkitzu? Zerori zara, zure konzientzia da lekhukorik segurena: bertze guztiek faltatuagatik hark eztezake falta, hark on edukiko du, hark akhusakuto du. Hargatik erraiten du halaber Senekak:

        Nullum conscium peccatorum tuorum magis tenueris, quam te ipsum: alium enim potest effugere, te autem numquam, nequitia enim ipsa est sui poena (Senec. lib. de moribus). Etzarela zure bekhatuak dakizkitenen, baten ere hain beldur, nola zeure buruaren; zeren bertzètarik badaidikezu ihes, eskapa zaitezke, baiña ez zeureganik. Zeren bekhatua bera da, bere buruarentzat pena, eta gaztigu.

        Iob gizon saindu hari gerthatu zeitzan kalte, galtze eta fortuna gaixto guztietan, eskapatzen zen bethi ere bat, abisatzeko eta berriaren ekhartzeko: Ego evasi solus, ut nuntiarem tibi (Job 1). Hala eskapatzen da bada bekhatorea baithan ere konzientzia, eta konzientziaren mandataria eta eranzutea, berri ekhartzeko, abisatzeko, eta erraiteko zenbat kalte ethorri zaikan, eta zenbat ontasun galdu duen bekhatuaren egiteaz.

 

§ 7

 

285 Konzientziak anhitz ofizio du, bera da alkhate, bera da lekhuko, bera da akhusatzaille, eta defendatzaille. Eta hain da fin eta egiati, ezen berak milla lekhuko balio baititu. Conscientia mille testes (Quintilian.). Hain da artez, iustu eta leial, non mundu guztiak ezpaitezake irabaz, ez korronpi, eta ez bertze aldera itzul. Ezta dirurik, eta faborerik: ezta lausengurik, eta ez mehatxurik: ezta arartekorik, eta ez adiskiderik, konzientzia bere egiatik malkhur dezakeienik. Pontu hunen gaiñean bethi bezala ederki erraiten du San Krisostomo, urrezko mihi hark: Externi iudices, et pecuniis corrumpuntur, et assentationibus deliniuntur, et metu simulant. At conscientiae tribunal nulli hominum novit cedere; sed, quamvis dederis pecunias, quamvis mineris, quamvis aliud quodvis feceris, iustam ferret sententiam, adversus peccatoris cogitationes, adeo ut ipse quoque qui peccatum admisit, seipsum condemnet, quamvis nullus alius condemnet (Chrysost. concio 4 de Lazaro). Munduko gortheak, audientziak, eta iustiziak nahasten dira, lekhukoek ukhatzen dute, notaria irabazten da, alkatea diruz itsutzen da, lausenguz eta faborez gobernatzen da: eta handik anhitzetan ere, barrenean zarela uste duzunean, kanpoan edireiten zara, irabazi ustea galtzen duzu. Baiña konzientziaren gorthean eta audientzian ezta halako bidegaberik egiten. Aitzitik bertze guztiek faltatuagatik, kulpantak berak, konzientziak berak akhusatzen du bere burua, eta bai kondenatzen ere.

        Kanpoan egin ahal ditezke, egiaren kontrako enseiuak, eta frogantza falsoak: falta duenak ere ukha ahal dezake, eta erran eztuela faltarik, baiña hargatik, barren hartan, bethiere konzientzia bere egian egonen da. Mintzo direnek ahal daidikete huts, baiña ez konzientziak: hari galdegiozu, harekin mintza zaitezi, eta hark nor zaren erranen deratzu; han miraillean bezala, zeure burua ikhusiko duzu.

286 Egiteko batek hartzen zaituenean, han da berehala konzientzia, eta egundaiño egin ditutzun falta guztiez orhoitzen zaitu, guztiak gogora ekhartzen derauzkitzu. Eta are erraiten deratzu, zenbait zeure bekhatugatik, hunelako eta halakogatik, hek guztiak ethorri zaitzkitzula. Hala Iosephen anaiek Ejiptora zirenean, eta han egitekotan iarri zirenean, bere bekhatuaz, hogoi urthe zuela egin zutenaz, orhoiturik, erran zioten elkharri: Merito haec patimur, quia peccavimus in fratrem nostrum, videntes angustias animae illius dum deprecaretur nos, et non audivimus, idcirco venit super nos ista tribulatio (Gen. 42). Mereziturik ditugu egiteko hauk guztiok, iustu da gehiago ere paira dezagun, zeren bekhatu handia eginik, geure anaia saldurik baikaude. Gogorki usatu genduen haren alderakotzat, anhitz othoitz eder egin zerakun, anhitz nigar purpuilla isuri zuen, asko baitziratekeien, den bihotzik gogorrenaren ere hautsteko eta beratzeko; baiña gureak etziren kantitu ere, etzeikun urrikaldu, ezkenduen entzun. Hargatik gabiltza bada orai gerok ere asaldatuak, akhusatuak eta atsekabeztatuak. Hunela erraiten zioten elkharri, hunela akhusatzen zituen bere konzientziak.

        Eta guztiz ere Ruben bere anaietarik batek egiten zerauen eranzute handi, erraiten zerauela: Numquid non dixi vobis, nolite peccare in puerum, et non audistis me, en sanguis eius exquiritur. Ezneratzuen nik orduan ere erran, begira zendutela, etzenegitela halako bekhaturik anaia haurraren kontra? Etzenezatela sal? Baiña ez nenduzuen enzun nahi izatu: huna non duzuen bada zuek ere orai zeuen merezia, zeuen ordain pagua. Bekhatu hura dela kausa, haren kariaz zarete, eta gara egitekotan, hura heldu zaiku geure gaiñera. Okhasinoa presentatu zen bezain bezain fite, iaiki zeien bere konzientzia, etzuen faltatu, akhusatu zituen.

        Eta are San Krisostomok dioen bezala: Ipsorum conscientia per oblatam occasionem insurrexit, momorditque illorum animos, efficiens ut nemine compellente, confiterentur sua facinora (Chrysost. Conc. 4 de Lazaro). Nehork ere bortxatu gabe, berèk bere borondatez, agertu zuten eta aithortu hanbat denboraz estalirik eduki zuten gaixtakeria. Haur da konzientziaren kargua, eta ofizioa, bertzèn ahantz orduetan orhoitzen du, denboraren buruan penatzen du, min eta oiñhaze emaiten du. Eta lehiatzen zaiku, lehen baiño lehen, geroko luzamendutan ibili gabe, bide on batean iar gaitezilla. Eta are erraiten deraku ezkaituela anarteraiño sosegatzera utziko, eta hala ezkaitu utzten ere. Beraz hunelatan, konzientziak berak egiten derauzkigun eranzuteakgatik, eta etxean barrena bekhatuaren kherik, ithaizurik, eta liskarrik ez izaiteagatik ere, behar dugu egun beretik, geroko begira egon gabe, geure konzientziatik, zer ere notha, falta, eta narrio baitugu, khentzera enseiatu: eta halatan bakean eta soseguan egon, iarri eta pausatu.

 

aurrekoa hurrengoa