www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO, BIGARREN ERREMEDIOA: HARTAKO GOGOETEI LEKHURIK EZ EMAITEA

KAP. XXXVI

 

242 Bigarren erremedioa, eta erremedio ona eta hautatua, emaztèkin kutsatu nahi eztuenarentzat, da, hartako gogoetez begiaren edukitzea; heldu direla ikhusten direnean athearen herstea. Sua pitzten denean da erraxenik iraungitzeko, eta bai landarea ere ttipi denean bir landatzeko eta atheratzeko.

        Gogoetetarik, pensatzen egoitetik heldu dira bekhatu guztiak, eta guztiz ere haragiarenak: handik hasten dira, hek dira xertoak, hek dira landareak eta erroak. Hek beraz behar dira handitzetik begiratu. Soldaduak etxean barrena sarthuz gero, nahi duena egiten du: hala egiten du bada halaber nahi duena gogoeta gaixtoak ere, gogoan ostatu hartuz gero, han behin pausatuz gero.

        Suko inharra, suko xinda, bera ere bere buruz fite iraungitzen da; ordea zuk anarteraiño iguriki gabe, pausatzera ere utzi gabe, berehala, pontu berean, zeureganik egotzen duzu. Hala bada emaztetako gogoeta gaixtoa ere, berehala agertzen den bezain fite haizatu, urrundu, eta zeureganik egotzi behar duzu.

        Egun batez galdegin zeraukaten Frai Gil, San Franziskoren lagun saindu hari, ea zer moldez edo nola garaiten zituen haragiaren tentamenduak, gutiziak, kilikadurak, eta hartako gogoetak? Eta ihardetsi zuen: Ene borondatearen atheak ioiten dituzten gogoeta gaixtoei erraiten derauet: Ea tentagarriak, iragan aitzinat; ezta hemen zuentzat ostaturik, eta ez pausa lekhurik. Eztut etxean barrena sartzera utzten, ezterauet begitarterik egiten, ezterauet ostaturik emaiten, ez naiz hekin gozatzen, eta ez solhasean iartzen, berehala iauzi eragiten derauet: eta halatan, ez hek ni, baiña nik hek garaitzeintut.

        Ethortzen zaitzu gogora behar ezten emaztea, eta harekiko plazera, eta zuk gogoeta ura zeureganik, berehala egotzi behar bidean, nola egotziko duzun ezen hartan zaphoratzen zara, gozatzen zara, eta are obran baitzina bezala anhitzetan ere, zeure gogoan atsegin hartzen egoiten zara, eta hala egonez bekhatu mortal handitan erortzen zara.

243 Zeren ez obratuagatik, obratzeko gogoa, eta are obratzeko gogorik gabe ere, gogoeta hartan atsegin hartzea, bekhatu da. Hala erraiten dute teologoek: Non solum consensus in actum, sed etiam consensus in delectationem est peccatum. Hunen arauaz erraiten du San Jeronimok ere: Periit et mente virginitas (Hieron. ad Faustum). Galtzen da, gogoz ere, birjinitatea. Eta badio Kasianok ere: Mulierem ignoro et virgo non sum (Casian. lib. 6 cap. 19). Eztakit emaztearen berririk, eta alabaiña ez naiz birjina.

        Zeren San Mateok dioen bezala: Qui viderit mulierem ad concupiscendum eam, iam maechatus est in corde suo (Mt. 5). Emazteari, desideratzeko, eta desira hartan atsegin hartzeko kontuan, behatzen dioenak, egin duke ia bere gogoan, eta bihotzean bekhatu. Pontu haur konsideraturik, eta huni erremedio eman nahirik, erraiten zuen San Gregoriok: Celer ergo et facilis victoria, contra libidinem est circunspectio cogitationis, si quoties carnalia obviant, ad aliquid aliud recurramus, quo libidinis incitamentum non sit (Greg. in cap. 1 Reg.). Haragiari kontra egiteko, eta harenganik biktoria erdiesteko, bide ona da, eta lasterra, hartako gogoetei begiaren edukitzea, eta heken lekhuan bertze gogoetari lotzea.

        Gure gogoa ezin dagoke gogoeta gabe; ezin gauteke, zerbaitetan pensatu gabe. Pontua da ea zertan pensatzen dugun, nolako gogoetak ditugun; eta baldin gaixtoak baditugu, utz hek, eta har heken lekhuan onak.

        Begirautzu, etzaudela emaztètan pensatzen. Zeren pensatze hartarik ethorriko zaitzu atsegin hartzea: atsegin hartzetik, desiratzea, desiratzetik bidèn egitea, eta obratzea. Eta guztiak heldu dira, gogoaren lehenbiziko orhoitzapenetik, eta orhoitzapen hari lekhu eta ostatu emaitetik, erroen egitera eta handitzera utztetik. Beraz hartarik begiratu behar da. Zeren hura da emaztètako bekhatutan erortzetik begiratzeko bigarren erremedioa: hartako gogoetei lekhurik ez emaitea, agertzen direnean khentzea, baratzera ez utztea, eta ez sosegatzera: beltzuri bai, baiña begitarterik ez egitea.

 

aurrekoa hurrengoa