www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

MAIZ KOFESATZEAZ, ETA HANDIK HELDU

DEN PROBETXUAZ

KAP. LII

 

344 Nola anhitz presuna baita, kofesatzera herabe duenik: nagi, eta loti denik, halakoen iratzartzeko, nahi nuke kapitulu hunetan eman zenbait arrazoin, eta erakutsi, zenbat probetxu dakharkeien maiz kofesatzeak, eta kalte gutitan egiteak; hek konsideraturik bat bedera maiz kofesatzera, eta bere eginbidearen egitera, erna dadin amoreakgatik.

        Lehenbiziko arrazoiña. Maiz behar da kofesatu. Zeren kofesatzeak emaiten dio bekhatutan dagoenari, bere bekhatuen barkhamendua: garaziarik eztuenari, garazia eta garazia duenari, eta saindu denari berretzen dio, eta handitzen, bere leheneko garazia, eta saindutasuna.

        Ordea erranen du hemen zenbaitek. Nolatan ahal dateke hori horrela? Nolatan kofesatzeak berret ahal dezake, eta handi, leheneko garazia, eta saindutasuna? Zeren kofesatzera heldu dena bekhatutan dago, zeren hala ezpalego, ezluke zer kofesaturik. Beraz etzuen lehen garaziarik, eta ez saindutasunik, eta baldin ezpazuen, erran ahal diteke, kofesatzeak emaiten duela. Bada ordea erran diteke berretzen duela, eta erran ere ongi, eta egiazki. Zeren anhitz ethortzen da kofesatzera, bekhatu mortalik gabe, eta bekhatu mortalik eztuena, Iainkoaren garazian dago. Anhitz presuna prestu, anhitz iende debot, eta saindu, edireiten da munduan, eta hek maiz kofesatzen dira. Zeren bekhatu mortalik ez izanagatik ere, badute zenbait benial, eta benialak asko dira kofesatzeko. Eta nola benialak asko baitira, eta baitakusate ezen, kofesatzeak, traburik eztenean, iratxekitzen dioela bethiere zenbait gradu leheneko garaziari, halatan berretura hura, eta benialen ere barkhamendua erdietsi nahiz, kofesatzen dira hain maiz.

345 Eta ongi egiten dute hala egiteaz, zeren hain da gauza handia, eta estimatzekoa, kofesatzeaz erdiesten den garazia edo garaziaren berretura, non hartarik den gradurik ttipienak ere, mundu guztiak baiño gehiago balio baitu: eta bertze munduan ere, hemendik garazia gehiago eramaiten duenari, loria gehiago emanen baitzaika. Beraz maiz behar da kofesatu.

        Are gehiago maiz behar da kofesatu, bigarren arrazoiña. Zeren maiz kofesatzeak arintzen, gutitzen, eta laburtzen du purgatorietako pena, eta pena hetan egon behar den denbora. Kofesatzen denari, kofesatzen den guztiaz, ongi kofesatzen bada, barkhatzen zaika, eta gutitzen bere zor duen penatik parte bat. Eta hain maiz kofesa ahal diteke, eta hain ongi, non guztia pagaturik, hartzeko dun ere gertha baititeke, lehenagoko saindu handi, maiz kofesatzen ziren hek, gerthatu ziren bezala.

        Eta purgatorietako penen bortitztasuna konsideratzen duenak, eta han iragan

behar diren pena hek, maiz kofesatzeaz, arintzen direla dakienak, segur da, akhusatuko duela bere nagitasuna eta egiten den baino maizago, kofesatuko dela. Zeren mundu hunetako pena guztiak elkharri iratxekirik ere, ezpaitira deus, purgatorioetan den penarik ttipienarekin konparaturik. Beraz maiz behar da kofesatu, eta kofesatzeaz, pena heken iraungitzera, eta gutitzera enseiatu.

        Are gehiago hirurgarren arrazoiña: maiz behar da kofesatu. Zeren maiz kofesatzeak haserretzen du Deabrua, eta are erhoturik, eta zoraturik bezala, zer hari den, eta zer egin eztakiela, ibentzen du.

        Bekhatuak kofesatu gabe, denbora luzeaz bere baithan barrena gorderik, eta estalirik dadutzana baithan, esku handia du Deabruak, nabusi da harentzat. Baina egin, eta berehala agertzen, eta kofesatzen dituenari, beldur zaika, gogan behar zaika, etzaika sobera fida.

346 Ikhusten duzunean ezen presuna bat dela erasle handi, mintzatzaille, aha-zabal, hitz mitzti, elha berriti, eta salhati, eztiozu halakoari sekereturik fidatzen. Zeren Spiritu Sainduak dioen bezala: Qui denudat arcana amici, fidem perdit (Eccli. 27). Adiskidearen sekeretuak biluzten, agertzen, eta salhatzen dituenak, galtzen du nehork haren baithan ahal dukeien sinhestea, eztu merezi nehor fida dakion. Hala bada Deabruak ere, dakusanean ezen, eragiten derauzkitzun bekhatuak (ixil, eta sekeretu eduki bazinitza, nahi bailluke), zuk berehala kanporatzen ditutzula, kofesorari erraiten, eta agertzen derautzatzula, galtzen du zure baithan zuen sihestea, eta fidantzia. Ikhusirik ezen haren iduriz hitz mitzti, eta salhati zarela, utzten zaitu, etzaitu handik aitzina hanbatetan tentatzen, eta ez bekhatu egitera narritatzen. Zeren berdin baitakusa eztuela probetxurik; hark egiten duen guztia, zuk berehala kofesoraren aitzinean desegiten duzula.

        Gutitan kofesatzen direnak dira deabruaren gogarakoak, hek dira haren zerbitzari finak, eta leialak: hek dira haren sekretariak, haren bekhatu sekeretuak, sekeretu, denbora luzeaz edukitzen dituztenak.

        Bada halako nabusi gaixtoaren sekretari, eta zerbitzari ez izaiteagatik, hari damu egiteagatik, eta gure baithan ahal dukeien fidantzia ere galdurik utz gaitzangatik, behar da lehen baiño lehen, behar da maiz kofesatu.

        Are gehiago, laugarren arrazoiña, behar da maiz kofesatu. Zeren maiz kofesatzen dena baithan, eztira bekathuak hala gogortzen, eta ez finkatzen, eztira hala errotztatzen, eta ez hain barrena sartzen.

        Erranen duzu. Iende batzuk kofesatzen dira maiz, eta bai halaber maiz ere leheneko bekhatuetara bihurtzen: eror, eta iaiki dabiltza; garbitu bezain fite likitsten dira. Zer probetxu da bada halako kofesatzeaz, iaikitzeaz, eta garbitzeaz? Zer probetxu den? Bada bai probetxu. Zeren baldin maiz erortzen badira, halaber maiz iaikitzen dira: baldin maiz egiten badute bekhatu, halaber maiz erremediatzen dute. Eta erremediatu duten bitarte hartan, iaikiak, eta garbituak daudenean, dei ditzake Iainkoak, hil ditezke orduan, eta bai halaber halatan salba ere. Eta hala batean eror, eta bertzean iaiki dabillanak, peril badu ere galtzeko, ez ordea hanbat, nola bethiere eroririk datzanak.

347 Egia da ordea, kofesatzen zarenean, behar duzu ez berriz bihurtzeko borondatearekin kofesatu. Baiña hala kofesaturik ere, zure libertatea, eta flakotasuna dela kausa, bekhatu egitera berria bihurtzen bazara ere, behar duzu halaber, berriz kofesatzera bihurtu. Zeren halatan etzara hala bekhatutan gogortuko eta ez, ez ansiatuko.

        Maiz biluzten, eta erabiltzen den ezpata, prest da, manukor da. Baiña gutitan dabillana, zokhoan datzana, herdoiltzen da, maginarekin iosten bezala da, gakhoaz dagoela erraiten da. Halako moldez non gero behartzen zarenean, ezin atheraz zabilzala, etsaiak zutzaz nahi duena egin baitezake. Hala gerthatzen zaika bada denbora luzeaz kofesatu gabe, bekhatutan herdoildua, eta gogortua dagoenari ere. Ethortzen zaika eritasuna, hurbiltzen zaika heriotzea, batzen da etsaiarekin, eta gero nola ezpaitago usatua eta ez prestatua, prestatzen den bitartean egiten du etsaiak hartzaz nahi duena.

        Erraiten du Errege Profeta Davitek: Et meditatus sum nocte cum corde meo, et exercitabar, et scopebam spiritum meum (Ps. 76). Gauaz egiten nituen neure buruarekin, neure gogoetak, eta kontuak, eta gero isatsaz iragaiten nuen neure konzientzia. Bada nola isatsaz maiz iragaiten den etxea, erraz baita garbitzen, zeren hark fits-mits, eta likitskeria guti baitu: baina urthean behin baizen garbitzen eztena, neke baita, eta gaitz, zeren hark herrautsa, eta amaraua lodi baitu: hala molde berean maiz kofesatzen dena erraz bezala, gutitan egiten dena ere, da neke eta gaitz. Zeren hari denbora luzean, anhitz likitskeria, eta bekhatu lotzen baitzaika. Beraz maiz behar da garbitu, maiz behar da kofesatu.

        Are gehiago borzgarren arrazoiña: maiz behar da kofesatu. Zeren bekhaturik gabe zeneundenean egin zinituen obra onak, zein baitziren obra biziak, eta gero bekhatu egiteaz hildu eta iraungi bezala zirenak, kofesatzeaz pitzten, eta koberatzen baitira.

348 Eta pontu hunen hobeki aditzeko, iakin behar duzue ezen, laur obra molde, laur obra suerte, edireiten direla, orai gure kontuko ongi heldu direnak.

        Lehenbizikoak dira: Opera viva. Obra biziak: bekhathurik gabe zeneundenean egin zinituen obra onak. Bigarrenak dira: Opera mortifera. Obra hiltzailleak, arima hiltzen, eta erhaiten dutenak, zein baitira bekhatu mortalak.

        Hirurgarrenak dira: Opera mortificata. Obra hilduak, hildumatuak, lohakartuak. Zeren bekhatu mortal bat egiten duzunean, gelditzen dira, lehen bekhaturik gabe zeneundenean egin zinituen obra on guztiak, hilduak, hebainduak, eta zeruko loriara zeramaten bidetik, eta abiaduratik gibelatuak, eta trabatuak. Bada obra hildu, hebaindu, lohakartu, eta trabatu hek, libratzen, pitzten, iratzartzen, eta erraberritzen dira kofesatzeaz. Zeren kofesatzeak khentzen baitu, hekin aitzinean zegoen trabua, zein baita bekhatua.

        Laurgarren obrak dira: Opera mortua. Obra hillak. Eta hauk dira bekhatu mortalean zaudela, egiten ditutzun obra onak. Bekhatutan zaudenean barurtzen zara, orazinotan egoiten zara, erromerian ibiltzen zara, beharren alderakotzat miserikordios gerthatzen zara, eta anhitz bertze obra miserikordiazkotan enplegatzen zara. Eta hauk guztiok, bere egitez, eta izanez, obra onak dira. Ordea nola presuna hillak ezin baitaidike obra bizirik, eta zu orduan zeure ariman hilla baitzaude, halatan zure orduko obra on hek ere dira hillak, eta deus guti balio dutenak. Eta hala urrikalkizun da bekhatorea, bere alfer trabailluagatik ere: zeren bekhatutan dagoenean, anhitz obra on egiten duelarik, zeren bekhatutan dagoela egiten dituen, ezpaitzaika kasi deus baliatzen. Kofesa bedi beraz bat bedera bekhatua egin duen bezain fite. Zeren bertzela, bekhatutan dagoeiño egiten dituen obra on guztiak galtzeintu, eta are, lehenekoak ere, bekhaturik gabe zegoenean egiten zituenak ere, hilduak, eta trabatuak edukitzeintu.

349 Ordea benturaz, erranen du orai hemen zenbaitek.Beraz halatan, bekhatutan nagoenean, eztut zer barurturik, orazinotan egonik, eta ez bertze obra onetan ere zer enplegaturik. Zeren berdin, orduko obra on hek, ez paitute orduan, deus balio. Bada ordea, orduan ere zerbait balio dute: eta on da bekhatutan zaudenean ere ongi egitea eta obra onetan enplegatzea. Zeren egia da orduko obra on hek, eztute zeruko loriaren erdiesteko, orduan deus balio, eztute hartarakotzat berèk indarrik asko. Eta hala, hekengatik, baldin orduan hil bazindezi, ifernura zindoazke. Bai ordea balio dute, bertze anhitz gauzatako. Balio dute munduko on tenporalen erdiesteko: garaziaren bidean eta dispositionean iartzeko: bekhatu gutiago egiteko, eta usantza onaren ere hartzeko: Eta haur da San Tomasek erraiten duena: Opera extra charitatem facta, ex condigno nullius boni meritoria sunt, ex congruo vero alicuius dici possunt. Quia decet divinam bonitatem, ut ubicumque dispositionem invenit, perfectionem adjiciat. Et secundum hoc, opera ista, ad triplex bonum valent, scilicet ad consecutionem temporalium, ad dispositionem ad gratiam, et assuefactionem bonorum operum (S. Th. in additionib. q. 14 ar. 4).

        Bekhatoreak bekhatutan dagoenean, egiten dituen obra onak, balio ezpadute ere deus zeruko loriaren erdiesteko; eta obra on hekengatik, bekhatore hark, Iainkoaren alderakotzat buruperik ezin baduke ere: zeren obra on hek bere baithan hillak baitira, ezpaitira deusen merezient. Ordea badirudi ezen Iainkoak, bere ontasunagatik, hetarik okhasino hartzeko duela, hala obra onetan dabillanari, bekhatore izanagatik ere, ongi egiteko, eskuaren emaiteko, eta bide onera heltzeko, eskas zaikanaren konplitzeko. Zeren bekhatorea bera ere orduan, hartara disposatzen eta enseiatzen baita.

        Beraz nola nahi den dela, bekhatutan egonagatik ere, egizu ongi, eztitzatzula hargatik zeure oblazinoak eta debozinoak utz. Zeren utzten eztitutzun denboran, aldez edo moldez bethiere zerbait baliatuko zaizkitzu. Ez ordea, kofesaturik egiten baitzinitu bezanbat. Eta hala hobe da bethiere ahalik eta gutiena bekhatutan egoitea eta maiz kofesatzea.

        Are gehiago seigarren arrazoiña: behar da maiz kofesatu. Zeren urthean behin baizen kofesatzen eztenak, badirudi bortxaz egiten dela, eta halakoaren kofesatzeak, deus guti balio duela.

350 Komunzki bekhatorea, bekhatu egin berrian beldurrago, sentikorrago eta antsiatsuago da, handik urthe baten edo biaren buruan baiño. Bekhatu bat egiten duzunean, albaliz oren berean behar zenduke kofesatu. Zeren baldin luzatzen baduzu, ahantzteko periletan iartzen zara, eta ahantztea, ahantzte delarik, bertzerik ere zenbait lothuko zaitzu. Hala erraiten du San Gregoriok: Peccatum quod mox per poenitentiam, non diluitur, suo pondere aliud trahit (Greg. de poenitentia non differenda).

        Galdegin baziniazo denbora luzea duela eri den presuna bati, ea nolatan ezten sendatzen? Eta ihardets baliazazu, midizina bat hartu nahi gabez, eta midikuagana ioan nahi gabez eztela sendatzen: mirets zenezake, eta arrazoiñekin erran ziniazaio, erhoa dela. Hala da bada erhoa, kofesoragana, arimako midikuagana, ioan nahi gabez, urthe guztian, hain denbora luzean, garizumaraiño, arimako eritasunarekin dagoena ere. Buruko min batek, sukhar batek edo bertze eritasun batek hartzen zaituenean, berehala, lehen baiño lehen erremedio bilhatzen duzu, midikurik hoberena deitzen duzu. Zergatik bada gorputzeko eritasunagatik egiten duzuna, eztuzu arimakoagatik eginen?

        Zorrak dituenak, baldin prestu bada, atsegin hartzen du heken pagatzeaz, eta ahalik eta fitetzena pagatzeintu. Bada bekhatuak dira, zorrak: eta halatan egiten diogu egun guztiaz Iainkoari othoitz, barkha diatzagula. Dimitte nobis debita nostra. Bada nola bere nabusiari kontuak ongi eman nahi derautzan muthila, ezpaita urthearen bururaiño, kontuak ikhusi gabe, eta bere nabusiarekin mintzatu gabe egoiten; hala guk ere, baldin geure arimako kontuak eman nahi baditugu ongi, eta zorrak pagatu, eztugu urthe guztian, garizumaraiño, kofesatu gabe egon behar. Zeren kofesatzea da Iainkoarekin mintzatzea, kontuen egitea eta pagatzeko bidean iartzea. Eta zuk erranagatik garizuman kofesatuko zarela, orduan kontuak eginen eta zorrak pagatuko ditutzula, engana ahal zindezke. Zeren zer dakizu iraunen duzun garizumaraiño? Iainkoak prometatzen deratzu zeure bekhatuen barkhamendua ongi kofesatzen zarenean, noiz nahi den dela, garizumaren finean bada ere. Ez ordea ezteratzu prometatzen eta ez segurantzarik emaiten, igurikiko deratzula garizumaraiño.

351 Gauza izigarria da, eta erhokeria guztien gaiñeko erhokeria, bekhatu mortalean dagoela, gauaren iragaitera benturatzea. Zeren anhitz ioaiten baita arratsean sendorik oherat, eta gero ezpaita goizean bizirik iaikitzen. Qui amat periculum, peribit in illo (Eccli. 3). Perilean ibili nahi dena, galduko da. Beraz segurean iokatzeko ez urthearen bururaiño bekhatutan egon, ez hetan sosega, lehen baiño lehen, fite eta maiz kofesa.

        Finean zazpigarren arrazoiña: maiz behar da kofesatu. Zeren maiz kofesatzeaz, bertzeak bertze direla, aisia handi bat emanen diozu zeure buruari. Gutitan kofesatzen denari, gaitzi zaika kofesatzea, ahalke da halakoa, beldur da, herstura handitan edireiten da. Halakoak egunetik egunera, garizumaren hastetik akhabatzera, akhabatzetik bazko zaharrera, azken ephera luzatzen du eta batzutan ephe hura ere iragaitera utzten du. Eta hala gerthatzen zaika halakoari eritzen denean ere: orduan ere luzatzen du: noiz beharko duen, Iainkoak erakutsiko dioela; oraiño bihotz on duela, aphur bat utz dezatela erraiten du. Eta gero hala dabillala, maiz gerthatzen dena, kofesatu gabe finatzen da.

        Gutitan orraztatzen denak, lehenbiziko orratzta aldian, orrazea nekez iragaiten du, min hartzen du. Zeren illeak nahasiak eta izurtuak baitaude. Baiña maiz orraztatzen denak eztu traburik edireiten, eztu miñik hartzen, hura aiseki orraztatzen da buruan: hala orraztatzen da bada halaber aiseki bere ariman, urthean laur edo bortzetan kofesatzen dena ere: guztiez orhoitzen da, guztiez akhusatzen da, eztu traburik edireiten eta ez minik hartzen.

        Enzutea bera presuna bat maiz kofesatzen dela, asko da, prestu dela erraiteko; eta bai halaber gutitan kofesatzen dela iakitea, eztela sobera debot sinhesteko.

        Bada nork ere bere arimaz kontu ona eman nahi baitu, eta bere bekhatu iraganez barkhamendu erdietsirik, aitzinerat gehiago egin gabe egoiteko indar hartu, maiz kofesa bedi: gerotik gerora: egunetik biharrera luzatu gabe, urtheko besta buruetan bedere, Iainkoarekin mintza bedi: kontuan iar bedi: Zeren halatan emanen du orai presenteon kontu ona, eta gero azken finean erdietsiko du, bere arimaren salbamendua.

 

aurrekoa hurrengoa