www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

KOLERAREN IRAUNGITZEKO LEHENBIZIKO ERREMEDIOA DA BAT BEDERAK BERE

KONDIZINO HASERREKORRA EZAGUTURIK, HARI

BEGIAREN EDUKITZEA

KAP. XXI

 

191 Nola gorputzeko medikuek, anhitz midizina eta erremedio bilhatu baitute eta ediren, gorputzeko eritasunèn sendatzeko: hala arimako midikuek ere, zer den kolera, eta koleraren ondorea dakitenek, zein baita arimako eritasuna, bilhatu dute, eta eman anhitz abisu, eta erremedio, arimako eritasun hunen sendatzeko, kolerak pitzten duen suaren hiltzeko, eta bai pitztetik, eta iratxekitzetik ere begiratzeko.

        Lehenbiziko erremedioa da, bat bederak bere buruaren eta kondizionearen ezagutzea: bere buruarekin gogoeta egitea, ea haserrekor denz, hiros denz, iauzkor denz. Eta baldin hala bada, perilos bada, kilika bera bada, pairu gutitako bada, ihes egin, eta begira diferentziarik ahal datekeien okhasino guztietarik: presentatzen diren periletarik, iendartera sobera ilkitzetik, eta bai egitekotan eta kargutan ere sartzetik.

        Batzuei den okhasinorik ttipienean, sua lotzen zaie: zeren sukhoi baitira, ihar baitira. Pontu hunen gaiñean ederki erraiten du Senekak: Non interest hic affectus, ex quem magna causa nascatur, sed in qualem perveniat animum. Sicut ignis non reffert quam magnus, sed quo incidat; nam, etiam maximum, solida non receperunt, rursum arida et corripi facilia, scintillam quoque favent usque in incendium (Senec. ep. 18). Egur hezeari, eta iunt denari, su handiak ere nekez eragiten dio, baiña iharrari eta arroari, inhar batek ere iratxekitzen dio. Zeren hartako egina eta prestatua edireiten baitu. Hala da bada koleran, eta haserretasunean ere. Ikhusiko duzu komunzki gauza xarrakgatik, okhasino ttipiakgatik, iendeak haserretzen direla, eta bai heriotzeak ere egiten eta gerthatzen. Zeren haserretzea eztago ez hanbat egitekoaren balioan, nola presunaren kondizinoan. Batak antsiarik eztuenaz, bertzea iauzten, eta enkoniatzen da.

192 Antioko sofista deitzen zen hark, bere kondizinoa ezaguturik, etzuen behin ere, konpaiñiatan ibili nahi, eta ez hartako bazen ere, herriko kargutan ere sarthu nahi (Theatrum humanae vitae fol. 93). Gizon gaizkin bat bezala, izi zen, beldur zen, ihizia bezala, basatua, eta ihes egina zebillan. Eta galdegin zeraukatenean ea zeren zen beldur edo zergatik ihes egiten zuen? ihardetsi zuen: egiten dut ihes zeren ezagutzen baitut neure kondizinoa, ez naizela iend'arteko gai, eztudala okhasinotan sarthuz gero, neure burua neure eskuko: ez naizela neure buruaren iaun, eta ez iabe, berehala linburtzen eta kilikatzen naizela, errea naizela, iauzkor naizela, den okhasinorik ttipiena, aierurik gutiena gorrotatzeko, eta muthurtua iartzeko asko dudala.

        Eznaduka, ez, bertzearen beldurrak ihes egina, neure beldurrak, neure buruaz fido izan gabeak naduka, hark karguak, eta konpaiñiak ere utz arazitzen derauzkit. Hunela ihardetsi zuen Antioko hark. Halatan erraiten du Platonek: Presuna haserrekorrak eta kolerak adimendutsu direla, eta anhitz ikhasteko on, ez ordea herrien gobernatzeko, eta ez eskola edukitzeko ere. Zeren hartarakotzat pazientzia behar da, sosegu behar da, eta anhitzetan ere ikhusia ez ikhusi, eta aditua ere ez aditu iduri egin behar da.

        Hala Kotys Traziako errege hark ere, ikhusirik, gauza hunetan flako zela, berehala lehenbiziko okhasinoan, kolera burura igaiten eta nabusitzen zeikala, pairurik batere etzuela, sentikorregi zela: eta bere baithan aitzinetik, pazientzia izaitera, deliberatuagatik ere, berehala, lehenbiziko inkontruan, behaztopatzen zela, eta erortzen: enseiatu zen, ahal bezanbat koleraren okhasino guztietarik ihes egitera (Carolus Stephanus verbo Cotys). Eta hala kontatzen du Plutarkok, ekharri zerautkatela egun batez errege Kotys hari present handi bat, baxera eder bat. Ordea hautskorra, lurrezkoa eta beirakizkoa (Plutar. in Aphothe.).

        Eta ekharri zeraukatenean, errezibitu zuela presenta ongi, eta bai eskerrak ere eman ekharlei eta igorlei. Baiña berehala ekharle heken berèn aitzinean, berak bere eskuz guztiak zathitu eta porroskatu zituela, erraiten zuela: Badakit berdin, present eder haur, egun hautarik batez, ene zerbitzariek hauts lezaketela: eta ni naizenarekin eta neure kondizino errearekin, orduan sobera haserre nindekeiela. Eta neurri gabe, eta behar baiño gehiago zerbitzari hek gaztiga nitzakeiela. Bada dezadan aitzinetik erremedio iben, dezadan okhasinoa aparta, ditzadan orai neure eskuaz diren guztiak, koleratu gabe, gero ez koleratzeagatik, zati eta desegin. Eta hala erran bezala egin ere zuen, irriz zegoela guztiak bere eskuz desegin zituen. Anhitzek laudatzen du errege haren kolpe hura, baiña gutik segitzen. Hura da zer gertha ahal dakidikaion aitzinetik pensatzea, bere buruaren ezagutzea, ethorkizuneko perilari begiaren edukitzea, koleraren kontrako eta iraungitzeko lehenbiziko erremedioa.

 

aurrekoa hurrengoa