www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA EZTEN KOFESATZEA GEROTIK GERORA LUZATU BEHAR

KAP. LI

 

337 Baldin skritura saindua ongi irakur eta konsidera badezagu, edirenen dugu, eztela egundaiño nehor salbatu, eta ez salbatuko ere, aldez edo moldez kofesatu gabe.

        Egundaiñoz geroz, lege guztietan, eta mende guztietan usatu da eta usatzen da kofesatzea. Diferentki ordea, ez berdin. Lege naturaleko kofesatzea, oraiko kofesatzearen itzala bezala zen. Ordukoa zen oraikoaren seinale bat, figura bat, pintura bat, eta signifikantza bat. Lege naturalean asko zen bihotzezko urrikimendu batekin, eta bat bederari bere gogoak, bere baithan barrena, ziotsan kanpoko zenbait seiñalerekin, kontu egizu begi ailtxatze batekin, edo belhaurikatze batekin, Iainkoari berari kofesatzea eta barkhamendu eskatzea.

        Deitu zuen Iainko Iaunak Adan, eta galdegin zuen ea non zen: Vocavit Dominus Deus Adam, et dixit: Ubi es? Eta galdegite hura etzuen ez egin, iakin gabez, baiña halatan bere bekhatua ezagun zezan, eta ezaguturik kofesa zezan amoreakgatik. Eta zeren ezpaitzuen behar zen bidean kofesatu, baiña desenkusatu eta ederztatu nahi izatu baitzuen, erraiten zuela ezen bere emazteak eragin zeraukala, halatan parte bat bedere, hanbat kalte eta damu errezibitu zuen. Molde berean edireiten da, galdegin zioela Kaini ere, bere anaia Abel hil zuenean: Ubi est Abel frater tuus? Non da zure anaia Abel? Eta zergatik galdegin zeraukan hunela? Bere bekhatua gogora zezan eta gogorarik kofesa zezangatik. Eta zeren ezpaitzuen kofesatu, baina ukhatu baitzuen, halatan hain on behar eta urrikalkizun egin zen, eta mundutik desterratua ibilirik, azkenean kondenatu zen. Bada Adan eta Kain ere lege naturalean ziren, iendeak bere naturalezaren arauaz, eskiribuzko kidarik eta erakuslerik ere gabe, bizitzen ziren denboran.

        Ordea zeren naturalezak berak ere, erakusten baitu, behar dela arrazoinaren arauaz bizi, gaizki egitea utzirik, Iainkoarekin eduki, eta hari bere faltak aithortu; halatan etzen lege naturalean ere, zerbait moldez, gogoz eta bihotzez bedere, zerbait seinalerekin, kofesatu gabe, nehor salbatzen. Egia da, etzen oraino orduan kofesatzeko zirimonia seinalaturik. Hala erraiten du San Tomasek: Sicut in statu legis naturae, homines nulla lege exterius data, sed solo interiori instinctu, movebantur ad Deum colendum, ita etiam ex interiori instinctu, determinabatur eis, quibus rebus sensibilibus, ad Dei cultum uterentur (S. Thom. 3. p. q. 60 art. 3. ad 3). Asko zen barreneko urrikimendua, eta urrikimendu haren, bat bederari bere baithan iduritzen zeikan kanpoko zenbait seinalerekin agertzea eta signifikatzea. Ezten oraino orduan bertze kofesatze molderik eta ez erremedio eskiribuz ezarririk eta ibenirik.

338 Baiña gero, mundua aphur bat aitzinago iragan zenean, lege naturaletik ilkirik, lege eskiribatura, Moisenen denborara heldu zenean, hasi zen usatzen bertze kofesatze molde bat. Etzen ia orduan asko bat bederak, bere barreneko damuaren eta dolorearen, plazer zuen seinalearekin kanpoan agertzea. Baina behar zuen barreneko dolore hura eta urrikimendua, zenbait oferendaz eta sakrifizioz, eta ez ez, zeinetzaz nahi zen, baina hartako eskiribuz ordenaturik zeudezinez deklaratu eta eman aditzera. Baziren lege zahar eskiribatuan Sazerdoteak, eta tenploko kargudunak. Eta presuna batek bekhatu bat egiten zuenean, behar zuen bekhatu huragatik, urrikimendu batekin, eta gehiago ez egiteko borondatearekin, Sazerdote heken aitzinean, egin zenbait oferenda eta sakrifizio, eta hartan eman aditzera, bekhatore zela. Hala manatzen zen lebitikoaren kapitulu batzuetan. Eta are hetan seiñalatzen ziren, bekhatuei zegozten oferendak eta sakrifizioak (Vide Ievit. cap. 3. 4. 5 & 6).

        Etzen oraiño orduan, orai den bezala, nehori beregainki bere bekhatuen kofesatzeko manurik, eta ez nola, noiz eta zenbat egin zituen erraiteko premiarik. Asko zen orduan urrikimendu batekin, legeak manatzen zituen oferenden eta sakrifizioen egitea. Hura zen orduko kofesatze moldea. Errege Davitek bertzeren emaztearekin bekhatu egin zuenean, eta bekhatu haren estalzeagatik, emazte haren senharra hil arazi zuenean, erraiten du Glosak, haren gainean: Ex verecundia enim non aperiebat peccata sua, faciendo pro eis sacrificia in lege praecepta, quae pro variis peccatis, varie imponuntur (Glos. Lyrana in Ps. 31). Errege Davitek ahalkez, eta bere buruaren ez nabarbentzeagatik, utzten zituen egin gabe, haren bekhatuentzat ordenaturik zeuden sakrifizioak. Eta etzituen behin ere egin, Natan profeta mehatxatzera eta eranzute egitera, ethor zekidikaion arteiño. Baiña bai orduan, ahalkea benzuturik, egin zituen behar ziren oferendak eta sakrifizio guztiak, eta gero hekin batean erdietsi zuen barkamendu. Zeren orduan ere, lege zahar eskiribatuan ere, egin behar ziren, bekhatuen erremediatzeko, ordenaturik zeuden oferendak, eta sakrifizioak; eta hura zen, orduko kofesatze moldea.

 

§ 1

 

339 Orai lege berrion, Ebanjelio saindua deklaratuz gero, usatzen da giristinoen artean, bertze kofesatze molde bat, aphezaren aitzinean egiten dena. Lege naturalekoa, eta eskiribatukoa baiño seguragoa, indartsuagoa, eta baliosagoa. Zeren hitz batez erraitera, oraiko kofesatzean, obratzen baitu Iesu Kristo Iaunaren heriotzeak, eta pasioneak. Bekhatua kofesatzen duzunean, eta aphezak absolbazinoa emaiten deratzunean han da berehala Jesukristoren pasioneko meritua eta balioa, han da berehala haren garazia, eta faborea, eta harekin batean bekhatuaren barkhamendua.

        Bi arrazoin eman ahal ditezke prinzipalki, frogatzeko oraiko kofesatzeak indar gehiago duela, lege zaharrekoak baiño. Lehenbizikoa: zeren oraiko kofesatzeak, lege zaharrekoak etzuena, badu bere baithan barrena indar, garazia emaiteko. Lege zaharreko kofesatzeak, eta orduko bertze sakramenduek etzuten berék bere indarrez, eta berthutez garaziarik emaiten: baiña emaiten zuten garazia, emaiten zuten, errezibitzen zituenak zuen disposizionearen, debozinoaren, eta aparailluaren arauaz. Sacramenta veteris legis conferebant gratiam ex opere operantis. Nola prestatzen baitziren errezibitzeko, hala errezibitzen zuten. Baina oraiko kofesatseak eta sakramentuek emaiten dute gure disposizioneari, eta prestatzeari dagokan garazia, eta faborea, eta are gehiago, sakramenduek berèk bere baithan dutenetik ere errepartitzen dute; eta errezibitzen dugu guk ere parte hura, baldin gerok geure aldetik, traburik ibentzen ezpadugu. Sacramenta novae legis conferunt gratiam ex opere operato.

340 Bigarren arrazoina eman ahal diteke frogatzeko, oraiko kofesatzeak indar gehiago duela, lege zaharrekoak baino. Zeren orduko kofesatzean, baldin erdietsiko bazen barkhamendurik, behar zen dolore fin bat, bihotzezko urrikimendu bat, Iainkoa beragatik, eta harenganako amorioakgatik izana eta hartua, zein deitzen baita: Contritio, kontrizionea, urrikimendu guztien gaineko urrikimendua. Baina oraiko kofesatzean asko da, aphezaren absolbazinoarekin batean, kontritioneaz bertze dolore molde bat, parabisuko loriaren galtzeko, edo ifernuko penetara ioaiteko beldurtasunetik heldu dena, zein deitzen baita: Atritio, Atrizionea. Ex attrito per sacramentum fit contritus. Asko da oraiko kofesatzean uste izaitea baduela kontrizionea. Zeren ezpadu ere atrizionea baizen, konplitzen du sakramenduak bitartean den falta, eta eskastasuna: Zein baita konsideratzeko pontua, eta salbatzeko fabore handia.

        Hain handia, ezen arrazoinekin galdegiten baitu Ieremias Profetak: Numquid resina non est in Galaad? aut medicus non est ibi? Quare igitur non est obducta cicatrix filiae populi mei? (Ier. 8). Zer da haur? Ez othe da arroxinarik edo atriakarik Galaadteko hirian, edo midikurik han berean? Nolatan bada ene herriko alabaren zauria ezta sendatu? Erran nahi du: Giristino herrian, arimako eritasunaren sendatzeko, hain erremedio handia, eta midizina eskuarra den lekhuan, zein baita kofesionea; eta halaber hanbat barber, eta midiku, zein baitira kofesorak, nolatan guztiarekin ere, edireiten da hanbat zauri, eta eritasun? Hanbat bekhatu, eta gaixtakeria? Eta nolatan eztira fitetzago sendatzen? Urthe guztian, eta batzutan gehiago ere, bekhatuaren eritasunean ustelduak, eta khirastuak baitaude? ihardesten du Glosak: Populus nolebat audire medicum, nec recipere medicinam (Glosa Lyr. in cap. 8 Jerem.). Eztira sendatzen, zeren ezpaitira enseiatzen, ezpaitira midikuagana konseillatzera, eta midizinaren errezibitzera ioaiten. Erran nahi du, ezpaitira behar bezala kofesatzen, eta ez kofesoragana hurbiltzen.

341 Arimako eritasunetik sendatzeko, erremedioa da kofesatzea. Untzia galduz gero, zer erremedio izanen du marinelak salbatzeko? Zur puska bati lotzea, thaula baten edo ohol baten atrapatzea, eta harekin batean, hari datxekala, ieri kostaren atrapatzea. Poenitentia est secunda post naufragium tabula. Untzia galdu ondoan atrapatzen den thaula haren pare da, bekhatutan erori, eta tormentatu denarentzat, kofesatzea. Si poenitentiam non egeritis omnes simul peribitis, dio San Lukas Ebanjelistak (Lc. 13). Baldin egiten ezpaduzue penitentzia, guztiok fin gaitz elkharrekin eginen duzue. Bada penitentziaren partétarik bat da kofesatzea, beraz ez fin gaitz egitekotz, behar da kofesatu.

        Bekhatua da arimaren zauria, eta handitsua. Eta handitsua irazten denean, eta kanporat lehertzen, esperantza sendatuko dela. Baiña barrenean gelditzen denean eta gogortzen, perilos da. Hala izanen da bada halaber perilos, kofesatu gabe barrenean gelditzen, eta gogortzen den bekhatua ere. Halatan galdegiten du, eta ihardesten ere bai, San Gregoriok: Quid est peccatorum confessio, nisi quaedan vulneris ruptio? Et confitendo peccata quid facimus, nisi malum quod intus latebat aperimus? (Greg. Hom. de divite et Lazar.). Zer da bekhatuen kofesatzea, zauriaren edo handitsuaren lehertzea baizen? Eta zer egiten dugu bekhatuaren kofesatzeaz, barrenean estalirik zegoen gaitzaren, eta eritasunaren agertzea baizen?

        Bekhatutan eroriz gero, lehenbiziko erremedioa, kofesatzea da. Zeren ezin dateke kontritionerik, eta ez behar den bertze urrikimendurik, kofesatu gabe: edo, ezin kofesa ditekeienean, kofesatzeko borondatea gabe. Hala erraiten du San Agustinek: Initium operum bonorum, confessio est operum malorum (Aug. Tract. 32 in Io. Tom. 9). Obra onen hastea, obra gaixtoen kofesatzea da.

 

§ 2

 

342 Obra onen hastea baldin bada, obra gaixtoen kofesatzea, kofesatze haur nola edo zer moldez egin behar othe da? Galdegiozu Ieremias Profetari. Zeren hark Ierusalemeko hiriaren gaiñean egin zituen nigarren, auhenen, eta dolamenen bigarren kapituluan erakusten du, erraiten duela: Effunde cor tuum sicut aquam in conspectu Domini (Thren. 2). Isurezazu zeure bihotza, ura bezala, Iainkoaren aitzinean.

        Erran nahi du: Lehen eginen urrikimenduarekin, eta gehiago ez egiteko borondatearekin, Iainkoak bere lekhuan ibenirik dadukan kofesoraren aitzinean, kofesa, egotz, afen, eta isur ditzatzula, egin, erran, eta pensatu dituzun bekhatu guztiak. Eztu erraiten, isur ditzatzula zeure bekhatuak, olioa bezala; eztia bezala, edo arnoa bezala. Nola bada? Sicut aquam. Ura bezala. Zeren ezta ianharirik, eta ez edaririk ura bezain garbiki, eta osoki hutsten, isurtzen, eta xutkatzen denik. Eztia hutsten duzunean, edo olioa, gelditzen zaika bethiere untziari, zenbait hondar edo kutsu. Arnoa hutsten duzunean ere, ahal guztia xutkatuagatik, gelditzen da usaina bedere. Baiña uretik ezta gelditzen kutsurik, eta ez usainik. Alde guztiz hutsten, xutkatzen, eta garbitzen da. Hala bada guk ere geure bekhatuak kokesatzen ditugunean, behar dugu geure gogoa, eta bihotza, intenzione gaixto guztietarik, alde guztiz hutstu, xutkatu, garbitu; eta halatan, ura egotu den untzia bezala, bat ere hondarrik, kutsurik, eta bekhatuaren usainik, eta urrinik gabe gelditu.

        Ordea hunela kofesatze haur, zenbatetan egin behar othe da? Asko othe da geroko luzaturik, urthean behin kofesatzea?

        Nola kofesatzeko manamendu haur, Iainkoak berak emana baita, konplitu behar da, noiz izanen baita ere, noizbait. Eta hala heriotzeko orenean, edo dakusagunean, utzten badugu eskuen artean dugun okhasinoa iragaitera, ezkaitezkeiela sekulan kofesa, orduan Iainkoaren manuaren konplitzeagatik ere, behar dugu kofesatu. Ordea zeren baitirudi, ezen kofesatzeko manamendu haur gure Iainkoak eman zuenean, izan zuela intenzione, eta borondate, kofesa gindezin zenbait aldiz, heriotzeko perilean ezkinenean ere, zeren kofesatzetik anhitz ontasun sortzen baita; halatan Elizak, eduki du bethiere pontu hunez kontu: eta ordenatu du diferentki, denboren diferentzien arauaz, noiz eta zenbatetan behar dugun, heriotzeko pontuan edo perilean ez egonagatik ere, kofesatu.

343 Lehenago, Apostoluen denboran, eta oraiño Apostoluak hillez gero ere, lehenbizi berri hartan, hain zen debozinoa handi, eta bero, ezen egunoro gorputz saindua errezibitzen baitzuten, eta hartarakotzat, bekhaturik zutenak, egunoro halaber, kofesatzen baitziren. Ordea nola gero ondoan, debozinoa hotzten hasi baitzen; manatu zuen Fabiano Aita sainduak, maizago izanen ezpazen ere, urthean hiruretan, bazkoz, mendekostez eta eguerriz kofesaturik, gorputz saindua errezebi genezala. Eta azkenean, hain hotztu edo iraungi zen debozinoa, non Inozenzio izen hunetako hirurgarren Aita sainduak, manatu behar izatu baitzuen, urthean behin bedere kofesa gindezilla, eta errezibi gorputz saindua, bazko garizumakoz. Eta hala orai, heriotzeko perilik ez izanagatik ere, obligatu gara urthean behin kofesatzera. Eta urthean behin kofesatze haur, egiten ohi da komunzki, bazko garizumakoz. Zeren orduan errezibitu behar baita gorputz saindua, eta gorputz saindua errezibituko duenak, baldin badu bekhaturik, lehenik behar baitu kofesatu.

        Ordea nor izanen da, urthean behin baizen kofesatuko eztena? Urthe batez osoki, bere konzientzia bisitatu gabe, eta nola dadukan auteman gabe, pairatuko duena?

        Erranen duzu: Elizak eznau manatzen, urthean behin baizen kofesa nadilla, eta ni egiten naiz hainbertzetan; beraz eznaiz gaitz erraiteko, gehiagotan ez eginagatik ere. Bada ordea gaitz erraiteko zara. Zeren egia da, etzaitu Elizak manatzen gehiagotan, ordea etzaitu debekatzen ere. Aitzitik nahi luke gehiagotan egin bazindezi. Eta halatan erraiten du: Saltem semel in anno. Urthean behin bedere. Bedere erraiten du: aditzera emaiteagatik, nahi lukeiela, gehiagotan ere egin bagindezi. Zeren anhitz, eta handiak baitira, maiz kofesatzetik heldu diren probetxuak, eta irabaziak, eta bai halaber gutitan egitetik sortzen diren damuak eta kalteak ere. Hurreneko kapituluan ageriko den bezala.

 

aurrekoa hurrengoa