www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO BEDERATZIGARREN ERREMEDIOA: SABELARI EZ SOBERA EMAITEA

KAP. KLIII

 

264 Emaztètako egiteko hunetan bere buruaz kontu ona eman nahi duenak, behar du ian edanetik ere begiratu. Behar du neurriz iatera, edatera, eta gustuaren eta zaphorearen portalearen ahal bezanbat zerraturik edukitzera enseiatu. Sine Cerere et Bacho friget Venus, dio Terentziok. Ogirik eta arnorik ezten lekhuan, hotz da Venus: ezta han amurusiarik, eta ez emazte gutiziarik. Errana da, haragiaren plazera, amorio desordenatua, sua bezala dela; eta su haren egurrak ian edanak direla. Edeki iatzotzu beraz egurrak, ian ezazu guti, eta edan gutiago, eta halatan, edo ezta sua pitztuko, edo pitztua fite iraungiko da.

Ordenatu zuen Solonek bere legètan, baldin herriko kargudun bati gertha bazekion, sobera edatera, eta handik mihiaren motheltzera edo zangoen kordokatzera, edeki zekiola berehala bere kargua. Eta arrazoiñekin ordenatu zuen hala. Zeren bere burua ezin goberna dezakeienak, nola eginen du bertzerena? Qui sibi nequam est, cui alii bonus erit? (Eccli. 14). Beretzat gaixto dena, nola izanen da bertzerentzat on?

        Korinthioek bere erregearen izendatzean eta koroatzean usatzen zuten zirimonietarik bat zen, ekhartzea bere aitzinera beira bat ur, aditzera emaitegatik, etzuela handik aitzina arnorik edan behar, edo edanen zuena, ongi ematurik eta urtzuturik edan beharko zuela (Aeneas Silv. de Europa cap. 10).

        Lehenago Erromako emaztèk etzuten bat ere arnorik edaten. Zeren bertzerèntzat ere itsusi da sobera edatea, baiña emaztèntzat are itsusiago eta perilosago. Handik uste dut ethorri zela usantza, arrotz kalean, kanpotik ethortzean, gizonek, emaztèi pot egitea, musu emaitea, iakiteko ea arno usainik bazutenz (Alexander ab Alexandro lib. 2 cap. 26).

265 Federiko, izen hunetako hirurgarren enperadoreak etzuen bere mendean arnorik edan, anhitz baitzen aleman batentzat. Eta nola berak ezpaitzuen edaten, begi gaitzez behatzen zerauen, arnora emanak ziren guztiei. Enperadore hark etzuen haurrik izaiten, ezkondua bazen ere. Eta midikuek elkhargana bildurik, eta konseillu harturik, erran zioten enperatrizari, arno aphur bat edan behar zuela, eta halatan zenbait haur izanen zuela (Aeneas Silv. lib. de dictis et factis Alphonsi Regis num. 7). Enperadoreak midikuen abisu hunen berri iakin zuenean, desira handia bazuen ere bere ondotik zenbait umeren utzteko, guztiarekin ere, gaztigatu zeraukan bere emazteari, begira zuela, etzezala halako erremediorik har; etzezala haur izaiteagatik arnorik edan. Zeren nahiago zuela emazte haur gabea, esterila, defota, antzua, eta haltza oihanaren bista bezala, fruitu gabea, ezen ez hordia eta arno edalea. Hitz notatzekoak ziren hauk, eta segur ongi erranak. Zeren handiak baitira arnoak, guztiz ere emaztetan egiten dituen kalteak: hain handiak, ezen ezpaita emazte edalea baithan zer fidaturik, eta ez gizon hordia baithan ere.

        Ohoin bat, iokari bat, arnegari bat, putaner bat, gaixto da: ordea gizon da, bere adimenduan dago, zerbaitetako gai da. Baiña hordia, ardankoia, abre da, ezta gizon. Zeren gizon izaitea da adimenduan egoitea, arrazoiñaz usatzea. Beraz hordia, hordi deiño, ezta gizon. Zeren orduan ezpaitago adimenduan; ezpaita orduan, abrea baiño gehiago, arrazoiñaz baliatzen. Eta hala gizonak, bere gizontasunean, ezin duke falta handiagorik, eta ez desohore desohoragarriagorik (munduak hala ezpadaduka ere) horditzea, adimenduaren nahastea, eta fama hartan iartzea baiño.

        Noe patriarka saindu hura horditu zen egun batez; eta harena etzen miretsteko, zeren lehenbiziko edan aldia baitzuen, eta ezpaitziakien oraiño orduan zer indar zuen arnoak: zeren iakinez gero begiratu zen. Baiña miretsteko da, nola orai zuk dakizularik, eta esperientzia duzularik, neurri batetara helduz gero, arnoak iragaiten zaituen, gaitz egiten deratzun, etzaren guztiarekin ere zenzatzen, eta ez berriz halakatzetik begiratzen.

266 Likurgo Thraziako erregeari iduritu zeikan ezen, etzela asko arnoak egiten zituen kaltèn erremediatzeko, legez eta ordenantzaz arnoaren debekatzea, zeren hura zela erroak utzirik, adarrei lotzea. Baiña mahastiak behar zirela ebaki, eta pikatu. Eta hala bere erresumako guztiak, bat ere utzi gabe, pika arazi zituen: eta manatu zuen etzedilla nehor handik harat, biziaren penan, ausart mahastien landatzera. Eta bide hartzaz, errege hark, erremediatu zituen, arnoak bere erresuman egiten zerautzan kalte guztiak.

        Sabel bethea, ianhariz, eta edariz gaiñez egina, ezta deusetako ere on, iokatzeko, minzatzeko, erasteko, eta erhokeria egiteko baizen. Nolite inebriari vino in quo est luxuria, dio Iondonne Paulok (Eph. 5). Etzaiztela hordi, etzaiteztela arnoz betha, zeren arnoa den lekhuan da haragiaren desira desordenatua. Hunen arauaz erraiten du San Jeronimok: Esus carnium et potus vini, ventrisque saturitas seminarium libidinis est (Hieron. lib. 2 in Jo.). Haragi iatea, arno edatea, eta sabelaren bethatzea, gutizia desordenatuen haz-lekhua da, eta mindegia. Zeren nola mindegian bir landatzeko landareak sortzen, eta hazten baitira, hala ian edanean ere, haragiaren plazer hartzeko gutiziak, orhoitzapenak, eta kilikadurak pitzten eta egiten dira. Gaiz da, alfer, aise, eta ase egoitea, eta haragiaren bekhatutik eskapatzea.

 

§ 1

 

267 Komunzki iende aberatsak ian-edanean ieri dabiltzanak, erortzenago dira haragiaren bekhatutan, probe gosez direnak baiño. Hala frogatu zuen Sesostris Ejiptoko erregeak. Errege hura eritu zen eta itsutu eritasun hartarik (Herodot. lib. 2). Eta berehala erresumako sazerdote, midiku eta gaiñerako hartako ziren guztiek konsulta eginik, erran zioten: bere senharraz bertzerekin egitekorik izan etzuen emazte baten gernuaz eta ur-isuriaz garbitu behar zituela bere begiak, eta halatan berehala argituko eta sendatuko zeitzala. Erregek haur aditu zuenean, sendatutzat zedukan bere burua: zeren uste zuen ezen mundu guztia prestu zela. Eta hasi zen berehala ordenatu zeikan erremedioz usatzen. Eta lehenbizikorik, segur baiño segurago, hartu zuen erreginaren ur-isuria, bere emaztearena, eta hartzaz midikuek ordenatu zioten bezala, busti zituen begiak, eta gantzutu. Baiña alferrik, lehen bezain itsu gelditu zen, zeren erreginak bere senharraz bertzerik ere dastatu baitzuen.

        Erregek xoil miretsi zuen hunetzaz, zeren etzuen uste ezen erreginak halako iokorik iokatu zukeiela. Erreginaz etsitu zuenean, hasi zen berriz bertze emazte prinzipal eta aberats batzuetarik foroguaren egiten, ur-isuri ekhartzen, eta senda ahal zitekeienz enseiatzen. Baiña etzioten hek ere senti arazitzen, eta ez onik egiten. Zeren guztiak ziren berdin prestu, guztiak ziren bertzerekin kutsatuak. Orduan erregek hurran etsitua zebillala, egin zuen inkontru baratze-zain probe baten emaztearekin, eta haren ur-isuriaz begiak ukitu zituen bezain fite, argitu zen, eta sendatu zenean, hartu zuen emazte probe hura, egin zuen bere emazte: egin zuen Ejiptoko erregina, eta gero bertze guztiak, gaixto frogatu zituenak, erregina bera barrenean zela, bizirik erra arazi zituen.

        Aberatsak aurkitu zituen probeak baiño gaixtoago, eta haragiaren bekhatuan eroriago. Aberatstasunetik, ian-edanetik, gulatik, sabeldarraiotasunetik, sortzen da haragiaren plazer nahia eta bekhatua. Eta abstinenziatik, neurriz bizitzetik, sabel-ederretako izaitetik, eta pairatzetik heldu da debozinoa eta saindutasuna. Erraiten du Klimako sainduak: Nahi dena izan kasto, eta alabaiña arnoan zopatua egon, eta asean ibili, halakoa dela, suari iraungitzeko olio eta orari bere ganik hastantzeko ogi puskaren emaitea bezala (Climac. cap. 14). Zeren nola ora bazkarekin hurbiltzenago baita, eta bai sua ere olioarekin pitztenago, hala haragiaren gutiziamendua ere, ian-edan harekin berretzenago eta handitzenago da.

        Beraz emaztètarik begiratu nahi duenak, begiratu behar du halaber, golos izaitetik, arnoan sobera sartzetik. Zeren halatan begiratuko du bigarren zensua eta portalea, zein baita ahoa, mihia, gustua, zaphorea, zeiñetarik sartzen baita haragiaren bekhatu hatsa, higuina, eta bat bederaren galgarria.

 

aurrekoa hurrengoa