www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA IFERNUAN DAUDENEK EZTUTEN HANDIK ILKITZEKO ESPERANTZARIK

KAP. LVIII

 

384 Handiak eta izigarriak dira ifernuko pena hek. Eta baldin oraiño, pena heken nehoiz akhabatzeko, arintzeko, laburtzeko edo gutitzeko esperantzarik baliz ere: badirudi balizatekeiela zenbait konsolamendu. Baiña hanbat pena, hain handiak, eta finik ez, eta ez finik izaiteko usterik ere, haur da gauza latza, haur da aitzin gibel beha arazitzeko, eta gogoeta eragiteko, pontu izigarria. Zeren esperantzarik eztuena, presenteko penak bezala, ethorkizunekoak ere penatzen du: hura ere ikhusten du: hura ere presentean bezala, eta bere gaiñean bezala daduka. Zeren baitaki harentzat dagoela, eta eztela akhabatuko.

        Orai hemen dolorez, eta oinhazez inguratua zaudenean ere, edireiten da zenbait bide hats hartzeko, eta konsolatzeko. Eri zarenean, ethortzen zaizkitzu adiskideak ikhustera, eta hek aphur bat gaitza arintzen deratzute. Midikua bisitatzera, hark ere esportzatzen zaitu. Eta guztien gaiñetik bethiere bizi zara, gaitza arinduko zaitzulako esperantzan, eta esperantza hark konsolamendu handia emaiten deratzu. Baiña ifernuko eritasunean, hango penetan, halako moldez daude esperantzaren atheak hertsiak, eta portuak hartuak, non hala dauden dolorezkoek eta han daudenek, ezpaitute nehondikan ere konsolamenduaren sartzeko argirik ikhusten. Clausa est ianua. Hertsi da halakoentzat miserikordiaren athea, urrikalmenduarena, garaziarena, finean ontasun guztiena.

        Aberats abariziosa, ifernutik, erratzen zegoen lekhutik, hasi zeikan oihuz, eta othoitzez Abrahani, erraiten jzioela: Aita Abrahan, badakusazu nola nagoen, su hunetan errea, eta idor elkhortua, euzu bada nitzaz miserikordia: eta egor iazadazu Lazaro, hark bere erhi puntaz, urean bustirik, mihian utki nazan, aphur bat heza nazan. Eske haur egiten deratzut, haur de ene othoitza.

        Zer eske eskasagorik, edo othoitz ttipiagorik egin ahal ziazaion? Etzeikan ausartu othoitztera egor ziazola pitxer bat ur, edo esku guztia urean sar zezala, eta ez are, erhi guztia ere. Baiña haren desinkunde guztia zen, erhi punta urean sar zezan, eta hartzaz mihia utki ziazon, plazer hura egin ziazon. Gauza aphurra zen, desirkunde ttipia zen. Baiña hura ere, ttipiago bazen ere, etzuen erdietsi, hainbertze plazer ere etzeikan egin. Iakin dezagun ezen hartaraz gero, den plazerik ttipienari, eta konsolamendurik aphurrenari ere, atheak hertsi zaitztela.

385 Itsas zabalean erortzen denak, badarabiltza zerbaiti lothu nahiz eskuak, hersteintu: baiña alferrik. Zeren eztu linburtzen, eta itzurtzen zaikan ur enganagarririk baizen edireiten. Hala gerthatzen zaie bada, ifernu zabal, hondar gabean, erortzen direnei ere. Eztute edireiten, non oiña fintka: eztute edireiten, zeri lot: eztute edireiten girthaiñik, esku-tokirik, sostengurik, eta ez konsolatzeko biderik, eta ez esperantzarik.

        Bada konsolamendu gabeko, fin gabeko, eta fin izaiteko esperantzarik gabeko pontu hunetan, nahi nuke iben bazinitza begiak, huni beha baziniazo, haur konsidera bazeneza: eta animalia suerte batzuek, gauaz hausnaur egiten duten bezala, zuk ere gauza hunetzaz, zenbait aldiz bedere, hausnaur, eta gogoeta egin bazeneza.

        Eta hunetakotzat, konsidera ezazu, eriak gau luzean iragaiten duen trabaillua, guztiz ere eritasuna zorrotza, eta bortitza denean: nola irautkaltzen den: nola orenak kontatzen dituen: zein luze iduritzen zaitzan, eta nola argia desiratzen duen. Bada baldin hemengo eriari, hemengo gaua, hain fite iragaiten dena, hain luze iduritzen bazaika: Zer idurituko zaika ifernuan dagoenari, hango gau luze eterno, fin gabeko hura? Ha gau luzea, gau beltz, ilhun, izigarria, art-urratze gabea, oillariterik izanen eztuena, sekulan argituko eztena, eta ez akhabatuko! Zer pena, zer dolore, eta ondiko izanen da, argituko ezten gau hartan, ez hemengo eriak bezala, ohe bero onean, baiña labe gori beroan, sugina gogorrean sekulakotzat, etzatea, eta egoitea? Arrazoinekin galdegiten du Isaias Profetak: Quis habitabit de vobis cum igne devorante? Quis habitabit de vobis cum ardoribus sempiternis? (Ia. 33). Halako lekhuan, hain su beroan, gar eternalean, nor egonen da? Nor biziko da? Nork iraunen du? Nork izanen du sorbaldarik sostengatzeko? indarrik iasaiteko? Eta pairurik, eta pazientziarik sofritzeko? Orai hemen, den penarik ttipiena, su ihar batek, kilikatzen zaitu, asaldatzen zaitu, zer izanen da bada, suz eta kharrez, kanpoan eta barrenean, ariman eta gorputzean hartua, inguratua, eta burdin goritua bezala, goritua, eta sutua zaudenean? eta sekulakotzat hala egon beharko duzunean? Othe dugu zentzurik? Othe dugu zentzurik? Othe dugu adimendurik? Ala elheak, ametsak, edo gezurrak, othe dira hauk? Edo gurekin mintzo othe dira? Guri othe dagozkigu, ala bertzeri? Fedeak erraiten deraku guri dagozkigula, gurekin mintzo direla, gureak, eta guretzat direla. Eta eztirela ez elheak, ez ametsak, eta ez gezurrak: baiña egiak, eta egiazki (baldin hobeki gobernatzen ezpagara) iragan beharko ditugunak direla. Edo hobeki minzatzera: behin ere iragan gabe, bethiere egoitzaz, gurekin egonen direnak direla.

386 Zeren oraiño, pena hek, bertze penén artean, izanen dute pena haur ere gehiago, egonen baitira bethiere estatu batetan, egoitza batetan, molde berean, bethi berde. Ezta ihartzerik, ezta ttipitzerik, ezta muthatzerik, eta ez aldatzerik. Mundu hunetako gauzak eztaude behin ere krozka batean, igaiten, eta iautsten dira: egiten, eta desegiten dira, maiz aldatzen dira. Baditu itsasoak bere gora beherak, bere mareak, eta muthantzak. Presunak, haziendak, etxeak, onak, eta eritasunak ere, eztaude behin ere batetan. Ezta sukharrik hain handirik, non pontu batetara iganez gero, ezpaita beheititzen, eta ttipitzen: eta ez oiñhazerik ere hain zorrotzik, eta bortitzik, gorenera denean, ematzen, eta eztitzen eztenik. Finean, munduko trabaillu guztiak, eta egitekoak, denborarekin batean, hautsten dira, iraungitzen dira, ezeztatzen dira: baiña ez ifernuko sua eta pena. Pena hura bera da, eta ez bertzerik bethi berde, estante batean dagoena, muthatzen eztena. Hango sukharra, eta berotasuna, ezta behin ere iabaltzen, eta ez beheititzen, bethi dago goren pontuan, eta leheneko kontuan. Zer ahal dateke bada tormenta handiagorik, eta nekhagarriagorik, bethiere lekhu batetan, eta molde berean higitu gabe, aldatu gabe, eta muthatu gabe, harritua bezala, penatan, geldi egoitea baiño? Munduko ianharirik preziatuena ere, bethiere hartarik, bertzetara aldatu gabe, ianen denean, gaitzesten da, higuintzen da.

        Ezin zatekeien gure artean ianhari hobeagorik, eta ez bianda gozoagorik, Iainkoak berak Israeleko semei zerutik eman zerauena baiño. Ordea zeren hartarik beretik, bertzetara aldatu gabe, bethiere iaten baitzuten, hain higuindu zeien, non iaterakoan gora-gale bat ethortzen baitzeien. Eta hala ohe on batean ere, behin ere higitu gabe, alde batera edo bertzera itzuli gabe, bethi geldi egoitea, eta etzatea ere zer pena lizate? Nork paira lezake? Bada baldin denbora luzeaz lekhu batean dagoena, ongi badago ere, penatzen eta nekhatzen bada, zer izanen da pena eternalean, su fin gabekoan dagoenaz?

 

§ 1

 

387 Nahi baduzu iakin zer den su fingabekoa, akhabatuko eztena, frogatzen duten ondikozkoek dakite, eta ez bertzek. Baldin galdegin baliazote orai Iudasi: Errazu, diszipulu gaixtoa, zeure nabusiaren saltzaillea, zenbat denbora du, barren horretan, ifernuko pena horietan zaudela? Ihardets lezake: Badu milla, eta seietan ehun urthe, eta gehiago. —Eta orduan lehenbizi pena horietara zinenean, zer zor zenduen? —Pena eternala, akhabatuko eztena. —Eta hemendik bertze milla, eta seietan ehun urtheren buruan, zer zor izanen duzu? —Orobat orduan ere, hastean bezala, pena eternala, akhabatuko eztena. Ezta aitzinatzen, eta ez gibelatzen, bethi dago egoitza batean. Krozka batean. Ezta behin ere ifernuko obligantzaren zensua eta interesa iraungitzen, eta ez pagatzen; bethi da zor prinzipala interesarekin.

        Eta nola ifernuan daudenek hanbat pena iragaiten baitute, eta pena hetzaz zerbait pagatzen dutela, edo pagatu behar luketela badirudi ere: eztute ordea pagatzen, bethiere dute orobat zor. Zeren nola borondate gaixtoan eta malizian ostinatuak, gogortuak, eta itsutuak baitaude, eta iragaiten duten pena ere, ez borondatez baiña bortxaz iragaiten baitute: eta pagatzeko, eta meritu erdiesteko denbora ere iragan baitzaie, ezteraue Iainkoak deus ere hartzen kontutan. Bethiere, lehen deus iragan ezpailliz bezala, hasten zaie bere pena. Ehun milla, milla urtheren buruan, hain urrun egonen dira pagatzetik nola lehenbiziko sarthu ziren egunean, eta orenean.

        Orai hemen pena aphur batez, bihotzezko urrikimendu batez, egiazko konfesione batekin erremedia ditzakezu zeure bekhatu guztiak. Zeren orai Iainkoaren miserikordiaren atheak idekiak baitaude: eta zuk ere orai zeure borondatea libre baituzu, eta libreki bertze aldera, gaixtotik onera itzul baitezakezu. Baiña ifernuraz gero, galdu du libertateak bere indarra: itsutu da adimendua, gogortu da borondatea, akhabatu dira arimako feriak, hertsi dira miserikordiaren atheak.

388 Aingiru gaixtoak bekhatutan erori zirenean, gelditu ziren malizian gogortuak, eta erremediorik gabe sekulakotzat galduak: hala gelditzen dira bada bekhatutan hiltzen direnak ere, hil ondoan sekulakotzat erremediotik kanpoan. Si ceciderit lignum ad Austrum, aut ad Aquilonem, in quocumque loco ceciderit ibi erit (Eccl. 11, 3). Zuhaitza norat ere erortzen baita, nahiz iguzki haizerat edo mendebalerat; eskuiñerat edo ezkerrerat, erortzen den lekhuan gelditzen da, ezta handik higitzen: ez eta, behin ifernura erortzen den bekhatorea ere, ezta gehiago iaikitzen, eta ez iaikitzeko esperantzarekin gelditzen.

        Baldin Aingiru batek erran baliaze Iainkoaren partez ifernuan daudenei: Ea, iende penatuak, indazue albiriste, berri on bat eman nahi deratzuet. Ha, iauna, errazu zer? Zeren beharrean gaude. Iakin behar duzue ezen lurretik hasi, eta zeruraiño, mundu guztiak eduki ahal dezakeien artho bihi kontu bezenbat urthez, pena horietan egon zaretenean, iltkiko zaretela hortik, orduan zuen penak akhabatuko direla. Edo erran balekie halaber, Iainkoaren partez: Iakizue ezen itsasoko ur guztia, eta munduko bertze ur guztiak xinhaurri batek, urthean behin, bere asea edanez, xutka, agor, hondar, eta akhaba ditzanean, akhabatuko direla zuen horko penak ere. Hunela erran balekie, alegera litezke, esportza litezke, ezlukete handik aitzina, leheneko penaren erdia. Zeren noizbaiteko esperantzarekin konsola bai litezke. Eta arrazoinekin konsola litezke. Zeren lurrak, ehun milla millaren ere, eduki ahal dezakeien artho bihi kontu baino, urthe gehiago egonen baitira, eta egon beharko baitute pena hetan. Eta xinhaurri batek ere, milla urthetarik milla urthetara behin edanez, lehen agor, xuka, eta akhaba baillitzake munduko ur guztiak, itsasoa bera barrenean dela, heken penak akhabatuko diren baiño. Zeren den gutienaz ere, bethi gutitzen dena, eta ez behin ere berretzen, noizbait akhabatuko da: baiña ez ifernuko pena, ezta sekulan akhabatuko. Zeren irautez, eta iraupez baita fin gabe, eta infinitu.

 

§ 2

 

389 Gogoetan iartzen naizenean, zer izanen den ifernuko pena hartzaz, noiz akhabatuko den; eta finik ezin ikhus, akhabatzerik ezin ediren, hondarrik ezin erdiets, gelditzen naiz benzutua, errendatua, non nagoen eztakidala. Zeren nola Iainkoak ezpaitu izanen finik, eta ez akhabatzerik: hala ifernuko penék ere eztute izanen finik, eta ez akhabatzerik. Zeren iraunen baitute Iainkoak dirauen bitartean.

        Ha mundu zoroa, giristino itsu, adimendu gabea: hemengo pena aphur batez, oren batetako minaz, eta oinhazeaz, hanbat kasu, eta kontu egiten duzuna, egizu halaber zerbait kontu, eta gogoeta fin gabeko mende hartzaz ere; orhoit zaitezi sekula, sekula gabeko, sekula hartzaz: esperantza gabeko, bethiere hartzaz: eta orhoiturik, utzkitzu luzamenduak, gerotik gerora ibiltzeak, pensu gaixtoak, eta maliziak.

        Ifernuan daudenek anhitz milla urthez, pena hetan egonez gero, ikhusirik bere pena iraganez eztutela bat ere probetxurik: konsidera ahal diteke, ezen bere gogoetan tristerik, eta ilhunik, minzatuko zaitzala Iainkoari, eta erranen diotela: Zer da haur, Iainko handia, non da zure miserikordia, urrikalmendua, eta pietatea? Nolatan duzu horrein bihotz gogorra eta alzairuzkoa? Noiz arteiño egonen gara hunein penatuki, lekhu penatu hunetan? Noiz asko etsiko duzu gure hunela edukitzea? Anhitz milla urthe, anhitz mende du, hemen gaudezilla. Zer izanen da bada gutzaz? Noiz iltkiko gara hemendik? Ihardetsiko zaie: Ha galduak, ontasunik merezi eztuzuenak, eta izanen ere eztuzuenak, erremediotik kanpoan zaretenak. Galdez zaudete zer izanen den zuetzaz: noiz iltkiko zareten hortik. Igurikazue oraiño aphur bat, goiz urgoitu zarete. Iakin behar duzue ezen, zuen penak, eta doloreak, oraiño orai hasten direla: eta hemendik bertze horreinbertze urtheren buruan ere, orobat, orduan hasiko direla. Gal ezazue gal, hortik ilkitzeko esperantza. Zeren sekula fin gabekotzat hor egon beharko duzue.

390 Errepuesta haur, hunein hotza, motza eta gogorra enzun dezatenean, nork pensatuko du, zer eginen eta erranen duten? Zer sentimendu erakutsiko duten? Hasiko dira oihuz, hasiko dira deihadarrez, nigarrez eta marraskaz: hasiko dira bere ondiko handiaren deithoratzen eta auhentzen: hasiko dira bere buruen maradikatzen, begitartén larrutzen eta atzaparkatzen. Eta geldituko dira alde guztiz dolutuak, etsituak, deskonsolatuak eta desesperatuak, nehondikan ere erremediorik, konsolamendurik eta esperantzarik eztuen bat, gelditzen den bezala.

        Eta zergatik haur hunela? Zergatik hunenbat gaitz eta pena? Eta zergatik fin gabe, akhabantzarik gabe, eta akhabantzaren izaiteko esperantzarik ere gabe? Zergatik? Bekhatu mortal batengatik. Zeren asko da bat. Bekhatu mortal hain erraxki, laburzki eta denbora gutitan egiten den batengatik. Hain gutitan, non baitirudi ezen bidegabe egiten dioela Iainkoak bekhatoreari, buru-itzultze batez egiten den bekhatuagatik, sekulako gaztiguaren emaiteaz. Baiña eztio bidegaberik egiten, hunen hurreneko kapituluan ageriko den bezala.

 

aurrekoa hurrengoa