www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

KOLERAREN IRAUNGITZEKO LAURGARREN ERREMEDIOA DA, KONSIDERATZEA, ETSAIEK EGITEN DERAUZKIGUTEN BIDEGABEAK IAINKOAREN GAZTIGUAK DIRELA

KAP. XXIV

 

202 Laurgarren erremedioa koleraren iraungitzeko eta etsaiak egiten derauzkigun bidegaben ere pairatzeko, da Iainkoaren ordenamenduaren konsideratzea, eta pensatzea etsaiek egiten derauzkiguten atsekabeak, Iainkoaren eskutik heldi direla, hark permititzen dituela, haren purgak direla. Hunen arauaz erran zioen gure Salbatzailleak berak heriotze errezibitzerakoan, Iondone Petriri: Calicem quem mihi dedit Pater, non vis ut bibam illum (Jo. 18). Eztuzu nahi neure Aitak eman derautan kaliza edan dezadan? Heriotze errezibi dezadan? Hark ordenaturik dadutzan penak eta trabailluak paira ditzadan? Iainkoaren ordenamendu huni behatzen zioen errege David sainduak, Semei zeritzan batek maradizinoak egotzten zerautzanean. Eta hala erran zioen Abisairi, maradizino heken egotzlea gaztigatu nahi zuenari: Dimitte illum ut maledicat iuxta praeceptum Domini (2 Rg. 16). Utzazu maradika nazan Iaunaren manuaren arauaz.

        Zeren ez lezake ez gizon horrek, horrelako ausartziarik har, baldin Iainkoak permititzen eta esku emaiten ezpalio, utzazu beraz, berra nahi duen guztia, konpli beza Iainkoaren manua eta ordamendua.

        Etsaiak Iainkoaren azoteak eta zigorrak dira. Etsaiak Iainkoaren iustiziaren muthilak eta borreroak dira. Beraz ezkara heken kontra haserretu behar. Zeren zer hoben du azoteak? Zer kulpa du borreroak? Baldin presuna batek, hautsten baderatzu harri batez burua, zer falta du harri hark? Zergatik eman behar diozu harri hari kolperik? Orak egiten du hori, presuna utzirik, lotzen baitzaika harriari.

203 Erran ziotenean Iob sainduari haren ardiak, kameluak eta bertze onak ere ioan zituztela ohoiñek, etzen bat ere haserretu eta ez arrenkuratu ohoiñen kontra. Zeren baitziakien, ezen ohoiñ hek Iainkoaren iustiziaren muthilak zirela, eta zeren Iainkoak permititu baitzerauen, eta bere ardiak eta gaiñerako onak ere ioan zerautzatela. Eta halatan ohoiñez kontu guti eginik erran zuen: Dominus dedit, Dominus abstulit, sicut Domino placuit ita factum est, sit nomen Domini benedictum (Job 1). Iaunak eman, Iaunak edeki, Iaunak plazer zuen bezala egin da; biz bada Iaunaren izena benedikatu.

        Ikhusten duenean haurrak bere amaren eskuan zigorra eta hartzaz eman nahi dioela, behatzenago dio amari zigorrari baiño. Zeren baitaki ezen, baldin amak nahi ezpadu, eztioela zigorrak minik eginen. Hala bada guk ere etsaiak ditugunean, eta hek kalteak eta bidegabeak egiten, edo egin nahi derauzkigutenean, behatuago behar diogu Iainkoari, eta haren miserikordiari, etsaiei baiño.

        Zeren etsaiek, baldin Iainkoak permititzen ezpaderaue, eta gibelatu nahi baditu, ezpaiterakute kalterik eginen. Eta halatan erran zioen gure Salbatzailleak ere Pilatosi: Non haberes in me potestatem, nisi datum esset desuper (Jo. 19). Etzenduen ene gaiñean eskurik, eta ez bothererik izanen, baldin eman ezpailitzaitzu han goititik.

        Zeure etsaiek anhitz bidegabe egiten deratzute, eta ikhusteintu Iainkoak bidegabe hek, badakizki, eta nahi balu ezliazaizute halakorik egin, debeka litzake: ordea eztu debekatzen.

        Zeren San Agustinek dioen bezala: Cum Deus adversis rebus exagitat aut merita examinat, aut peccata castigat, aut mercedem mihi aeternam pro malis toleratis servat. Zeure etsaiek egiten derauzkitzuten bidegabe hetzaz, edo nahi ditu Iainkoak zure obrak eta merezimenduak, ea finak eta egiazkoak direnz frogatu, eta examinatu: edo zure bekhatuak hemen, bertzetan ez gaztigatzeagatik, gaztigatu: edo finean, heken pairamenduaz eta sofrimenduaz, hek pazientki pairatzen eta sofriten ditutzula, pagamendu handi bat, zeruko loria eman.

 

§ 1

 

204 Etsaiak, eta fortuna gaixtoak ditutzunean, bidegabeak egiten darauzkitzutenean: orduan behar diozu Iainkoari behatuz hartzaz orhoitu, harekin konsolatu, eta zeure baithan pensatu, hek guztiak Iainkoak igortzen derauzkitzula: eta noiz eta mundu hunetakotzat baitihoatzu gaizkienik, orduan baldin zerori nor bazara, dihoatzula bertze mundukotzat hobekienik: eta Iainkoak uste balu etzarela harentzat izanen, halako penarik eta atsekaberik ez liazaizula eman, baiña utz zinitzakeiela nahi duzun guztiaren egitera, eta zeure plazerera bizitzera.

        Midikuak etsituz gero, esperantza galduz gero, uzten dio eriari nahi duenaren egitera, nahi duen bezanbat, nahi duenetarik iatera eta edatera, eztio deus debekatzen, zeren etsitu baitu. Baiña duenean esperantza sendatuko dela, debekatzen derautza erdi gauzak, aphetitu guti utzten dio konplitzera. Hala bada gure Iaungoikoak ere bekhatore eriari, esperantzatan denean, sendatuko eta salbatuko dela, debekatzen dio anhitz gauza, ezterautza bere plazer guztiak konplitzera utzten, emaiten dio anhitz purga eta malenkonia; nahi du, dituen etsaiak, eta egin diatzoten bidegabeak. Eta hura guztia da seinale ona. Zeren hartan da ageri, eztuela oraiño Iainkoak hartzaz etsitu, eztuela gogatu, eta ez esperantza galdu.

        Eta haur da konsolamendu handia, etsaiak dituenaren eta bidegabeak errezibitzen dituenarentzat; iakitea eta konsideratzea hek guztiak Iainkoaren purgak, eta azoteak direla, eta guztiak haren probetxutan direla. Eta hala ez etsaiaganik, baiña Iainkoaganik, adiskide guztien gaiñeko adiskideaganik heldu direnak bezala, errezibitu behar dituela.

        Eta baldin hala errezibi balitza, eta baginitza, ezkindezke, egiten garen bezala, etsaiaren kontra kolera, eta ez geure baithan barrrena ere egos eta malenkonia.

205 Erranen duzu, etzarela ez haserretzen etsaiaren kontra, egiten edo erraiten derauzkitzun gaizkiakgatik, eztuzula hargatik gaitzesten, zeren badakizula hek guztiak Iainkoak permititzen dituela. Baiña gaitzesten duzula, bere intenzione gaixtoagatik, borondate uherragatik. Zeren zuk hari okhasinorik eman gabe, eta bidegaberik ere egin gabe, guztiarekin ere, hala darraitzun eta gaitz nahi deratzun. Hunela erraiten duzu, ez ordea ongi. Zeren zuk eztuzu behatu behar zeure etsaiaren borondate gaixtora, baiña behatu behar duzu zeure Iainkoaren borondate borondatetsura. Zeren haren borondatea, eta intenzionea da, etsaiak egiten derauzkitzun gaizki hetzaz zuri ongi egitea: hetzaz nahi zaitu orai hemen penatu, gero bertzetan ez penatzeagatik.

        Zauri gaixto bat, burdin goriaz io gabe, ezin senda ditekeiena duzunean, baldin-ba etzara burdin goriaren kontra, zeren erratzen zaituen, eta min egiten deratzun, haserretuko? Baldinba etzara hain erho izanen. Baiña pazientki pairatzen duzu, zeren baitakizu ezen burdina hura erabiltzen duen barberaren intenzionea eta borondatea ona dela, zein baita prinzipala. Hala da bada zure Iainkoaren intenzionea, eta borondatea ere ona, eta onera emana, zure etsaiarena gaixtoa eta nola-ahalezkoa izanagatik ere. Beraz Iainkoaren borondateari behatu behar zaika eta ez etsaiarenari.

        Eta baldin haur hunela estimatzen, eta pensatzen badugu, nola egin behar baitugu, zeren hala baita egia, zeure baithan sosegatzeko, eta etsaiak egiten derauzkigun kalteakgatik ez haserretzeko, eta koleraren iraungitzeko, erremedio handi bat edirenen dugu.

 

aurrekoa hurrengoa