www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ZENBAT KALTE EGITEN DUEN HARAGIAREN BEKHATUAK. LEHENBIZIKORIK ITSUTZEN DUELA ADIMENDUA, ETA NOLA BEHAR DEN HARTAN SARTZETIK BEGIRATU, ETA SARTHUZ GERO ERE, LEHEN BAIÑO LEHEN ILKITZERA, ENSEIATU

KAP. XXXI

 

226 Baldin bertze bekhatuetan hanbat kalte egiten badu luzamendutan ibiltzeak, erremedioaren geroko utzteak, zer eginen du emaztètako bekhatuan? Haragiari hain plazer zaikan plazerean? Bat bederak naturalki desiratzen duenean? Eta baldin erroen egitera utz badadi, atheratzeko, eta kanporatzeko hain gaitz denean?

        Baiña zeren materia haur baita hain handia, eta luzea, perilosa, eta linburkorra; ditzagun lehenik egiten dituen kalteak, eta emaiten dituen egitekoak konsidera, eta konta: eta gero halaber eman behar zaitzan purgak, eta erremedioak bilha, eman eta ordena.

        Eta itsas hondar gabe hunetan sartzen naizela, eztut uste dela eztakienik gure arimaren etsaiak direla hirur: Mundua, deabrua, eta haragia. Eta hirur hautarik gaixtoena, perilosena, eta barrenkorrena dela haragia. Haur da etxeko ohoiña, barreneko etsaia, bethiere gurekin dagoena. Zurari pipia, oihalari zerrena, urdaiari zedena, eta haragiari harra bezala, gau eta egun alha zaikuna; tentatzen, eta narritatzen gaituena, geureganik ezin egotz dezakeguna. Halako moldez ezen erraxago baita hartzaz minzatzea eta begiratu behar dela erraitea, begiratzea baiño. Hala erraiten du Valeriok: Luxuriam accusare facilius est quam vitare (Val. Max. lib. 9 cap. 1).

        Flako da haragia eta sendo. Flako defendatzeko, sendo tentatzeko, eta killikatzeko. Anhitz habe, fabore, eta sostengu behar du, on edukitzeko, erori gabe egoiteko, eta asko du deus guti, okhasino ttipi bat, linburtzeko, behaztopatzeko, eta erortzeko. Hargatik erran zuen San Agustinek: Inter omnia christianorum certamina sola duriora sunt proelia castitatis, ubi quotidiana est pugna et rara victoria (Aug. serm. 250 de temp. Tom. 10). Giristinoen arteko gerlarik handienak, eta gogorrenak, kastitatearen gerlak dira. Zeren han baita gudua, eta konbata egunoro, eta biktoria, eta garaitia, bakhan, eta gutitan. Halatan da San Agustinek berak errana: Nullo tot diabolus animas rete capit quod laqueo pessimarum mulierum (Aug. epist. 206 T. 2). Deabruak anhitz sare badu ere arimen atzemaiteko, eztu batez ere hanbat atrapatzen, nola emazte gaixtoez, eta hek hedatzen, eta paratzen dituzten artèz, sarèz, laxioez, eta segadez.

 

§ 1

 

227 Handiak dira haragiak, eta haragiaren amorio desordenatuak egiten dituen kalteak. Eta kalte pinzipalenetarik bat, prinzipalena ezpada ere, da adimenduaren goibeltzea, ilhuntzea, etra itsutzea. Presuna amurusak eztakusa, eztaki zer hari den: bere gogo guztia haragian daduka: iatean, edatean, ohean datzanean, hartan pensatzen du: bere solhasak, eta ametsak ere, hartzaz egiteintu: eztu nahi bertze gauzaz nehor mintza ere dakion: itsu da, erho da, zentzutik kanpoan da. Halatan lehenagoko poetek pintatzen zuten Kupido, amurusiaren Iainkoa, haur, eta itsu. Itsu, zeren ezpaitu ikhusten. Haur, zeren, ezpaitu adimendurik. Eta badio Plutarkok ere gaitz dela amurus izatea, eta zentzuan egoitea (Plutar. in Aphoth.).

        Halakoa ez desohoreak, ez iendèn erraiteak, ez onen gastatzeak, ez fama gaixtoan iartzeak, ez Ioaren galtzeak, finean deusek ere eztu gibelatzen. Onager assuetus in solitudine, in desiderio animae suae, attraxit ventum amoris sui; nullus avertet eam (Jer. 2). Basa-asto amurusa bezala, begiak itsuturik, ihiztarien artetik iragaiten da: edozein periletan sartzen da. Bere amorio desordenatuaz bai, bere amurusiaz bai, baiña gaiñerakoaz eztu konturik egiten.

228 Usoa bezala da halakoa. Usoak eztu, bertze hegaztinek bezala, edatean burua goiti ailtxatzen. Edan gogo duena, abreak bezala, hatsik hartu gabe, burua goratu gabe, kolpe batez edaten du. Bertze hegaztinek edateko kurka guztietan, ahatara bakhotxean, burua goiti ailtxatzen dute. Eta badirudi ezen naturalezak berak erakutsirik egiten dutela hala. Zeren nola orduan baitute perilik gehiena, zeren orduan baitaude geldienik urera beha: eta orduan baitira ihiztariez ere zelatatuak, barrendatuak, eta guardiatuak, halatan daude hek ere iratzarriak orduan: eta edaten duten ur-xorta guztietan ingurunera behatzen dute, eta burua goiti, guardia egiteko bezala ailtxatzen dute. Baiña usoak eztu halakorik egiten, ahoz-pez dago, ase arteiño, eztu bitartean bururik ailtxatzen, eta ez ingurunera behatzen. Eta hartan da ageri usoaren inozentzia eta ergelkeria, perilik gehien duenean baita erhoenik eta antsikabenik. Hala da bada bere gogo guztia emaztètan ibenia dadukana ere. Etsaia zelatan dagokanean, perilik gehien duenean, da galduenik eta erhoenik. Zeren bere edate hartzaz, eta plazeraz baizen, ezpaitu deusez ere bertzez, konturik egiten.

        Zyro enperadore handi hura, hain itsutu eta ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartzaz nahi zuen guztia egiten baitzuen (Ioseph de Antiq. lib. 11. cap. 3). Alde batetik, eta bertzetik beharondoka hari zeikan, batean bizarra, bertzean beharrik thiratzen zerautzan: haur batekin bezala, harekin dostatzen zen. Eta guztietan enperadore erhoa, hortzak hirriturik, irriz, beha zegokan: miraillean bezala hartan miratzen zen, haren alegeratzeaz alegeratzen zen, eta tristetzeaz tristetzen. Eta emazte gaixtoak batzutan bere burua, berariaz haserre iduri egiten zuen: eta orduan enperadore zoroak, ahal ziren asmuak eta enseiuak balakatzeko eta baketzeko egiten zituen. Amorantea zen nabusi: no zen tho; emaztea gizon, oilloa oillar. Erran behar da esku handia hartzen duela emazteak amurus itsutuaren gaiñean, halako enperadore bat, ema-eztheus batek, hala errendatzen duenean.

 

§ 2

 

229 Gizona delarik ordenatua, emaztearen iaun eta nabusi izaiteko, guztiarekin ere, amorio itsuak, haragiaren aphetitu desordenatuak, hausten du ordenantza haur: gizona egiten du emaztearen muthil eta azpiko. Ezta gauza preziatuagorik libertatea eta nabusitasauna den baiño. Bada hala bata nola bertzea galtzeintu amurus itsuak, emaztearen hitz ederrei, eta maiñei behatzen zaienak. Hala galdu zituen bere libertatea, nabusitasuna, eta bai azkenean bizia ere Asirioen errege batek, Semiramis, izen hunetako bigarren emazte eder famatu hura zela kausa. Eta izan zen kasua Eliano Greziako eskiribatzaille batek kontatzen duen bezala (Aelian. de varia hist. lib. 7). Enzun zuenean errege hark Semiramis haren edertasunaren fama, kilikatu zen, gutiziatu zen: erakharri zuen: ikhusi zuen, eta ikhusi zuen bezain fite, atzeman zen, sua pitztu zen, eta amorio bero itsu batez onhetsi zuen. Eta noiz, eta amorio hura baitzegoen gorèn pontuan, eta graduan, iduriturik ezen orduan zela okhasinorik eta paradarik hoberena nahi zuenaren egiteko, egin zioen emazte gaixtoak othoitz erregeri arren denbora aphur batez, bortz egunez, eman ziazola bere zuen eskua, eta botherea, bitartean utz zezala erresuman manatzera. Erregek aitzin gibel guti behaturik, eta Salomonen konseilluaz ere kontu guti eginik, zeiñek erraiten baitu: Non des mulieri potestatem animae tuae, ne ingrediatur in virtute tua et confundaris (Eccl. 9). Eztemozula emazteari zeure duzun eskua eta botherea, nahi ezpaduzu zeure burua ahalketan ikhusi. Baiña maliziarik edo enganamendurik ahal zatekeienz gogora ere gabe erran zioen deblauki erregek, baietz, deusetan ere dudatu gabe: eta are berak lehenik agur egin zioen; berak bere eskuz koroa buruan ibeni zioen: eta manatu zuen, biziaren penan, hurreneko bortz egunetan Semiramis hark manatzen zuen guztia egin zedilla. Eta hain aitzina iragan zen egitekoa, non ikhusi zuenean emazte gaixtoak, nola zen obeditua, manatu baitzuen errege berari burua edeki ziazotela. Eta nik eztakit nola hartu zuen erregek egitekoa, baiña berehala manua konplitu zen, eta trufan, burlan burua edeki zioten. Eta gelditu zen Semiramis errege eta erregina: eta errege itsua bere erresuma eta bizia galdurik desohorezki finatua. Ikhusazu zer egiten duen emazteak, eta emaztetako amorio desordenatuak, nola gizona itsutzen duen; nola zer hari den eztakiela, milla eerhokeria egiten duela, eta bere buruaren iaun eta iabe ezten bezala ibentzen duen.

230 Zaleuko Greziako parte batzuetako erregeak, ikhusirik ezen bekhatu hunek, bat bedera bere adimenduan barrena itsutzen zuela, kanpoan ere itsutasun hura ager zedin amoreakgatik, ordenatu zuen eta ezarri legea, nor ere eroriko baitzen adulterioan, eta nork ere behar etzen emaztearekin huts eginen baitzuen, halakoari eta halakoei, hainari eta hainei, hala gizonari nola emazteari, iustiziak begiak atherako eta iraziko zerauztela: barrenean, kulparen beldur gabe, itsutu zirenaz gero, kanpoan ere penarekin itsu zitezingatik (Alexander ab Alexandro lib. 4 cap. 1). Lege haur ibeni zuen Zaleuko errege hark. Eta hain herstuki begiratzen zuen, non ezpaitzen faborerik, ahaiderik eta ez urrerik, eta ez zilharrik hauts arazi ahal ziazaionik. Huts egiten zuenak ihes ahal zeidikeien al bazegien, baiña atrapatuz gero, etzuen barkhamendurik, begiak galdu behar zituen. Errege hunek lege haur hunein zinez begiratzen zuen denboran, gerthatu zeikan errege hunen beraren semeari, legearen haustera, eta behar etzen emaztearekin huts egitera. Erregek bere semearen falta hau iakin zuenean, Iainkoak daki zenbat damu harzen zuen: eta nola alde batetik bere aitatasunak, semeagana zedukan amorio naturalak gibelatzen zuen, eskuak lotzen zerautzan; eta etzela arrazoin aita batek bere semea kondena zezan, erraiten zioen.

231 Eta berriz bertze aldetik nola iustiziak alegatzen zioen legeak begiratu behar zirela, eta batari barkhatzeaz bertzeak ausartzia hartuko zuela. Eta iustiziaren arrazoin haur bortitzago iduriturik, semea galduko bazuen ere, deliberatu zuen eta manatu iustizia egin zedilla, bere semea atzeman ziazotela, eta begiak legearen arauaz athera ziatzotela. Erresumak iakin zuenean bere erregeren deliberamendua, bildu zen komun guztia eta ioan zeikan guztia batetan othoitz egitera arren nahi zioen bere semeari barkhatu. Zeren lege hura komunagatik egina zela eta komunak hain errege onaren eta iustuaren amoreakgatik, aldi hartakotz bere zuzena kitatzen zuela. Komunaren othoitzak, eta semeaganako amorioak anhitz gogoeta eragin zeraukaten, baiña gehiago legearen hautsteak. Zeren iduritzen zeikan, ezen etzuela bere koroa segur izanen, baldin ttipientzat bezala, handientzat ere iustizia egiten ezpazuen. Eta hala anhitz itzul inguru, pensu, eta gogoeta bere baithan eginik, azkenean ediren zuen bide bat bere kaltekoa, baiña semearen gaztiguaren arintzeko ona. Okher hobe, itsu baiño. Ordenatu zuen ezen halaz, eta legearen arauaz, halako hutsik egiten zuenari bi begiak irazi eta athera behar zeitzanaz geroztik, athera ziazotela aitari berari bere begietarik bata, eta semeari berètarik bertzea. Eta halatan bien artean kaltea iasanik, legea begira zedilla. Eta hala ordenatu bezala konplitu zen. Aitak eta semeak bere begietarik bana galdu zuten. Eta gero handik harat gelditu zen legea konfirmatua, semea gaztigatua, erresuma guztia ikharatua: eta halako faltatan erortzen zenarentzat barkhamendu erdiesteko esperanzaren athea hertsia.

        Laudatzekoa zen errege hura, eta bai ibeni zuen legea ere: zeren eritasunari zegokana baitzen. Halatan itsutasunaz itsutasuna, gorputzekoaz arimakoa sendatzeko, eta aitzinerat gehiago eritzetik, eta halakorik gerthatzetik begiratzeko. Zeren haur da haragiaren desira desordenatuak egiten duen lehenbiziko kaltea eta kolpea, adimenduaren itsutzea, liluratzea, nahastea eta zoraturik ibentzea.

 

aurrekoa hurrengoa