www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ZAHARTZEAN ERE PENITENZIARIK

EGITEN EZTUENAZ

KAP. XIV

 

125 Erraiten du Eskritura Sainduak: Filius unius anni erat Saul, cum regnare coepisset, duobus autem annis regnavit super Hierusalem (1 Reg. 13). Urthe batetako haurra zen Saul, erregetu zenean, eta bi urthez izan zen errege Ierusalemeren gaiñean.

        Ordea nolatan ahal dateke haur hunela? Zeren segur da urthe bat baiño gehiago zuela Saulek erregetu zenean, eta halaber bi urthe baiño gehiago egon zela bere erregetasunean. Egia da, hala da. Ordea nola hastean baitzen malizia gabe, urthe batetako haurraren pare, eta egoitza hartan iraun baitzuen bi urthez, eta ez gehiago: eta Iainkoaren alderakotzat, ezpaitira kontutan hartzen ontasunean enplegatzen diren urtheak baizen, halatan erraiten da, urthe batetako haurra zela Saul, errege sarthu zenean, eta bi urthez egon zela barren hartan, eta ez gehiago. Zeren ezpaitzen, bi urthez baizen, bekhaturik egin gabe egotu.

        Erraiten du Senekak: Quidam tunc vivere incipiunt cum desinendum est. Si hoc iudicas mirum, adiiciam quod magis admireris: quidam ante vivere desierunt quant inciperent (Senec. epis. 23). Iende batzuk hasten dira bizitzen, bizitzetik gelditu behar denean: eta baldin hunetzaz miretsten baduzu, erranen deratzut are miretsikoago duzuna: bertze batzuk bizitzen hasi baiño lehen, gelditzen dira bizitzetik. Zeren obra onen egiten hasi baiño lehen akhabatzen baitzaie bere bizia. Quid est autem turpius quam senex vivere incipiens?, dio halaber Senekak (Senec. epis. 13). Zer da gauza itsusiagorik, bizitzen hasten den zaharra baiño? Lehen behar da lehen hasi, lehen behar da ikhasi. Eta nola zaharra ezin has baititeke bizitzen, segur da obrez mintzo dela Seneka lekhu hunetan, eta ez adinaz.

126 Itsusi da zahartzeraiño Iainkoaren zerbitzatzen ez hastea, itsusiago orduan ere ez hastea, eta guztietako itsusiena eta gaixtoena, orduan gaixtakeriari berriro lotzea eta malizian barrenago sartzea. Batzuk zahartzean hasten dira prestutzen, eta berthuteari iarraitkitzen: eta hobe da orduan ere, ez nehoiz baiño, ordea hura da, bidea iraganik, etxean egon behar lukeienean, abiatzea: handituegirik aprendizkoan iartzea, urdindurik eskolara ioaitea. Eta hauk guztiok dira itsusi, sasoiñetik kanpoan, eta muga gaitzean.

        Gazte denboran ibili zinen gazte antzu, arintki, debozino gutirekin, bethi prometatzen zenduela, eta gogoan erabiltzen, zahartzean mirakuillu eginen zenduela, orduan saindutuko zinela. Bada orai zahartu zara, zeure promesen eta hitz handien ephean eta mugan zara. Baiña zuk orai ere itzurpideak bilhatzeintuzu, luzamenduak edireiteintutzu, eta azken adinean zarela guti konsideraturik, lehenbizikoan baitzina bezala gobernatzen zara. Etzuen hala egiten Senekak, ientil bazen ere, erraiten zuenean: Ante senectutem curavi ut bene viverem, in senectute ut bene morerer (Senec. epis. 6). Zahartzeko aitzinean enseiatu nintzen ongi bizitzera, eta zahartzean ongi hiltzera. Gaztean bizitzeaz eduki nuen kontu, eta zahartzean hiltzeaz, zahartuz gero utzi behar da bizitzea, eta bizitzeko gogoa, heriotzearekin behar da iharduki, eta hartako bere ahal guztiaz prestatu.

 

§ 1

 

127 Zahartzea, sentontzea, urthe anhitzez bizitzea, bere egitez on da, Iainkoaren donua, eta dohaina da. Zeren Iondone Paulok dioen bezala, Licet is qui foris est, noster homo corrumpatur, is autem qui intus est, renovabitur de die in diem. (2 Cor. 4,16). Gure gorputz haur, arimaren kanpoko, eta gaineko estalki haur, zahartzeaz higatzen eta desegiten bada ere, ordea barrena, arima, hobetzen eta erraberritzen da. Presuna zaharrak nola ia berak frogatuz, eta esperientziaz ere baitaki munduko erhokerien eta ioan-ethorrien berri, ordu du gaztetasuneko maiñen eta tornuen utzteko, eta bere buruari akhordatzeko, eta ohartzeko. Baiña gaztea perilos da. Eta halatan errege Davitek erraiten zioen Iainkoari: Ne revoces me in dimidio dierum meorum (Ps. 101). Ez nazazula dei neure egunen erdian. Utz nazazu zahartzera, umotzera, urdintzera, eta azken adinera heltzera. Zahartasuna bertze anhitz gauzatako ere bai, baiña guztien gaiñetik emaiten da, gaztetasuneko falteen erremediatzeko. Eta hartarakotzat, hartaraz gero, leheneko odol beroa hotzten da, sosegua ethortzen da, eta bat ere adimendurik duena, ethorkizunean pensatzen iartzen da. Den presunarik lazoenak eta antsikabenak ere arratsean etxeko atheak hertsteintu: portaleen mugan hirietan munduak laster egiten du: ardiak ilhuntzerakoan fitetzago iaten du: zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du. Hala dagitela konseillatzeintu Iondone Paulok presuna zaharrak: Tanto magis quanto videritis appropinquantem diem (Hebr.10). Zenbatenaz eta ikhusten baituzue zeuen azken eguna hurbiltzenago zaitzuela, hanbatenaz lasterrago abia, hanbatenaz permago eta lehiago zaitezte. Begirautzue orduan zabartzetik, nagitzetik, eta ezansiatzetik. Zeren orduan da mena, orduan da mina, orduan da azken adina, eta peril guztien gaiñeko perila. Eta nola hanbatik hanbatean, ederrago baitzaitza Iainkoari gaztetasuneko zerbitzuak eta obra onak, zahartasunekoak baiño: hala bertze aldera, zaitza halaber itsusiago, eta gaitziago, zahartasuneko faltak eta huts eginak, gaztetasunekoak baiño. Zeren zahartasunekoak ezpaitira iakin gabez, inorantziaz edo esperientzia faltaz eginak, baiña bai maliziaz, gaixtakeriaz, eta gogoan deliberaturik, begiak itsuturik bezala akhometatuak eta obratuak.

        Ezta pontu hunetara gaixki heldu Spiritu Sainduak dioena: Tres species odivit anima mea et aggravor valde animae illorum: pauperem superbum, et divitem mendacem, et senem fatuum et insensatum (Eccli 25). Hirur bekhatu edo bekhatore suerte gaitzesteintut, eta zaizkit bertze guztien gaiñetik itsusi: probe urguillua, aberats gezurtia, eta zahar erho zentzugabea, edo zahar amurusa.

128 Konsideratzekoak dira hitz hauk, iakin dezagun ea zergatik daritzten Iainkoak hain gaitz hirur bekhatu suerte haui: probearen urguillutasunari, aberatsaren gezurrari, eta zaharraren erhotasunari. Baldinba bada hauk baino bekhatu handiagorik. Lehenbizikorik, probea urguillu izaitea, badirudi eztela bekhatu handi, lehen dirudi erhokeria, eta adimendu falta. Zeren probea zerk urguillutzen du? Halaber aberatsa ere gezurti izaitea, badirudi bekhatu arina dela, behintzat anhitz da handiagorik. Bada gizon zaharra ere banaloriatzea, eta gazte denborako zenbait erhokeriatara bihurtzea, gizonari gertha dakidikaiona da; anhitz da bekhatu handiagorik. Zergatik bada, hauk hunela direlarik, erraiten du guztiarekin ere Spiritu Sainduak hirur bekhatu hauk zaitzala gaitzienik eta itsusienik? Ezta gaitz ihardesten.

        Baldin hirur bekhatu suerte hauk konsidera baitzagu gaingiroki, azaletik eta kanpotik, bada hauk baino handiagorik, eta Iainkoz ere gaitzetsiagorik. Ordea baldin har badezagu barrena, mamia, Spiritu Sainduak hunetan erran nahi duena, edirenen dugu, maliziaz, premia gabe, golotoniaz, bere plazerera, kausarik, okhasinorik, eta tentamendurik gabe egiten diren bekhatuak direla gixtoenak, eta halakoak dira hirur bekhatu suerte hauk, zeinetzaz mintzo baikara presenteon.

        Probea gezurti izaitea, ezta hain miretsteko, zeren beharrak anhitz gauza eragin dezake. Aberatsa ere urguillu gerthatzea, komun da, ardurako gauza da, zeren nola nehoren men gabe, berak baitu bere dina eta behar duena, hark urguillutzen du, hark handitzen eta hantzen du. Bada presuna gazte bat bere obretan eta ioan ethorrietan arin, eta erho izaitea, ezta ongi, baiña badirudi aphur bat bedere, adinak desenkusatzen duela. Baiña probeak zer okhasino du urguillutzeko, aberatsak gezurti izaiteko? Eta presuna zaharrak gazte denborako tornuetara eta erhokerietara bihurtzeko? Bekhatu hauk eta guztiz ere zahartasunekoek, eztute desenkusarik, eztute estakururik, eta ez ederztatzeko biderik, eta halatan zaitza hain gaitzi eta itsusi Iainkoari.

 

§ 2

 

129 Egun batez permititu zuen Iainkoak desegin zezaten bere etsaiek Ierusalemeko hiri eder famatu hura, utzi zerauen hartzaz nahi zuten guztia zegitela. Eta nola Iainkoak ezpaitu behin ere nehor bidegabeki gaztigatzen, emaiten du arrazoina Ieremias profetak, ea zergatik Iainkoak hiri dura desegitera eta bilhakatzera utzi zuen, erraiten duela: Sordes ejus in pedibus ejus, nec recordata est finis sui (Jer. 1). Bere likitskeriak eta lizuntasunak zituen oiñetan, eta bere finaz ere etzen orhoitu. Erran baillu bezala: Oiñak zituen lohiak, satsuak, eta likitsak, haur da kausa eta eta arrazoiña zeren hiri hura hala galdu zen. Bada gauza komuna da, eta ardurakoa, oiñak likits izaitea, zeren lurrean baitabiltza. Zer antsia zen beraz hargatik? Baldin begitartea, bisaia izan balu likits, badirudi arrazoiña izan zukeiela egin zuenaren egiteaz, baiña oiñakgatik zer antsia zen? Eta alabaiña hargatik, oiñetako likitskeriakgatik, erraiten da galdu zela; zeren nola zahartzea baita azken adina, eta bizitzearen bazterra eta hondarra: hala dira oiñak ere gorputzaren fina, akhabanza. Eta halatan oiñetan likits izaiteak erran nahi zuen, zahartzean zela likits eta gaixto, eta etzela bere finaz ere orhoitu, eta halatan galdu zela. Zeren zahartzean gaixto dena, eta orduan bere salbamenduaz orhoitzen eztena, gaitz da galdu gabe eskapatzea. Erraiten du San Zipirianok: Sicut in lignis ipsa reproba arbor comparet quae post flores, fructus optimos cultori suo no exhibet; sic et in hominibus ipse reprobus est quem flos iuventutis deserit, et tamen in sui corporis senectute, bonorum operum fructus proferre parvipendit (Cyprianus de 12 abusio. 2). Nola zuhaitza baita zuhaitz alferra, fauna, idorra eta agorra, hostoaren eta lorearen ondoan fruiturik iasaiten eztuena: hala da gizona ere, gizon alferra eta guti balioa, bere gaztetasuneko lorea eta berdetasuna iraganez gero, obra onen fruiturik gabe dagoena.

        Gizonak, nehoiz ere izaitekoz, behar luke hogoi urthetan izan laster eta arin: hogoi eta hamarretan indar eta sendo; berrogoietan zentzu eta adimendu; berrogoi eta hamarretan diru eta hazienda, eta hirur hogoietan debozino eta konzientzia. Adin hartan, hirur hogoi urthetaraz gero konzientzarik eztuenaz, bere aphetitu desordenatuetarik gibelatzen eztenaz, eztagizula konturik. Eta are gutiago, orduan berriro gaixtakeria pensatzen, eta egiten hasten denaz: hartzaz etsi ezazu, hura emazu galdutzat.

130 Hainak, eta halakoak mehatxatzeintu Ieremias profetak hitz estali batzuen azpian, erraiten duela: Vae nobis, quia declinavit dies, quia longiores factae sunt umbrae vesperi (Jer. 6). Ai gure urrikalkizunak, galdu gara, egin du gureak. Zeren akhabatu hurran da eguna, beheititu da iguzkia, eta itzala ere luzatuago da arratsaldean. Zer erran nahi du minzatze molde hunek? Baldinba iguzkiak, bethiere ageri den bezala, luzeago egin behar du itzala, arratsaldean, eguerdian baiño. Zeren eguerdian gaindik behera artez, eta arratsaldean saihetsetik, soslai emaiten baitu. Ordea guztiarekin ere, zeren haur hunela gerthatzen den, erraiten zaiku begira dugula, galduak goazilla. Nola aditzen da bada haur? Aditzen da, galduak goazilla, ez zeren ikhusten dugun iguzki hunek egiten duen, arratsaldean, itzala handiago eta luzeago, baina zeren gure arratsaldean, zahartzean, adina irauliaz, eta beheitituaz dohanean, eta dihoakunean, mendekatzeko, enganatzeko, eta are bizitzeko nahia, eta desira ere, berretzenago eta luzatzenago zaikun; zeren zaharrago, eta gaixtoago egiten garen: hargatik erraiten du galduak goazilla.

        Badakigu parabisurako denak, eztuela behar bekhaturik, eta ez bekhaturen notharik, eta ez zimurdurarik. Non habentem maculam aut rugam (Eph. 9). Badakigu utzi behar direla aztura gaixtoak aitzinetik. Eta zuk gazte zinenean, erraiten zenduen, etzela orduan lekhurik, baiña zahartzean, guztiak falta gabe utziko zinituela. Bada orai han zara, bazterrean zara, zahartu zara, eta alabaiña egundaiño baiño barrenago sartzen zara, lehen bezain gaixto edo gaixtoago zara. Zer egin gogo duzu bada? Zertan pensatzen duzu? Zeren begira zaude? Zahartzearen? Han zara. Ephearen? Konplitu da. Konpli ezazu bada zuk ere, zeure hitza, eta promesa, zahar zindeziñeko eman zenduena.

        Erranen duzu: Badut oraiño bertze ephe bat ere: eztira oraiño denbora guztiak iragan. Egia da, erran nuen, zahartzean onduko nintzela, orduko zen lehen ephea. Baiña har dezaket bigarren bat ere. Zeren oraiño, zahar naizenagatik, bizi naiteke gehiago ere. Bada azken urthean, hiltzerako aitzinean, falta gabe, falta guztiak erremediatukoitut. Orduan neure hitzak edukikoitut, promes guztiak konplitukoitut. Anarteraiño ezta lekhurik, ezta zer mintzaturik.

        Haur da presuna galduen kontua, eta hurran, hurran, hunen ondoko, eta hurrenako kapituluan, ageriko den bezala, fin gaitz egiteko seiñale gerthua.

 

aurrekoa hurrengoa