www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN AMORIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN LAURGARREN KALTEAZ: AMOLTSU ETA BAKEZKO ZIRENAK, EGITEN BAITITU KRUEL ETA GERLATI

KAP. XXXIII

 

234 Amorio desordenatuak hanbat kalte egiten du, non behin hark itsutuz gero, amoltsu eta bakezko zirenak ere, egiten baititu anhitzetan bere desiren konplitzeagatik, traidore, bihotz gogor, kruel, eta erhaile.

        Errege David lehen, hain saindu, bihotz bera, eta miserikordios zena, eta bere etsaiei ere bethi ongi egiten, eta barkhatzen hari zeiena, egin zen azkenean hain diferent, non Urias bere adiskide maitea, eta kapitain leiala, haren emazteaz gozatzeagatik hilarazi baitzuen.

        Hala halaber Frai Ioan Guerin, hain saindu handiaren faman zegoen hark ere, Guifrapelos Barzelonako Kondearen alaba, gomendiotan eman ziotena, gorputzez izan zuenean hil arazi zuen (Historia Montis Serr. cap. 5). Hala gerthatu zeikan Iondone Iakue penitentzialea deitzen zuten hari ere, hanbat denboraz etsai gaixtoaren tentamenduak, ixilik eta agerriz garaituz gero, hanbat penitenzia eginez gero, azkenean hain itsuski erori zen, non sendatzeko ekharri zeraukaten neskato bati bere ona galarazi baitzeraukan, eta gero azkenean bere bekhatuaren estaltzeagatik, ura behera egotzi baitzuen (Metaphrast. in vita eiusd. die 28 Ianuar.).

        Hemen erran ahal diteke, gure Salbatzailleak bere Pasioneko egunean, Ierusalemeko alabei erran zerauena: Si in viridi ligno haec fiunt, in arido quid fiet (Lc. 23). Baldin errege David eta erran ditugun bertze presuna saindu hek, hanbat denboraz, haragiaren aphetituen benzutzen, orazinotan, kontenplazinotan eta penitenziatan, egon ziren hek, hain torpeki, haragiak itsuturik erori baziren, zer izanen da Iainkoz, munduz, eta konzientziaz konturik egin gabe lazoki eta antsikabeki bat ere krinarik gabe bizitzen direnez? Eta are bekhatu egiteko okhasino bilha dabiltzanez?

        Aita batek bere semeari diadukon amorioa, delarik handia eta naturala, guztiarekin ere, amorio desordenatuak hain flakatzen eta kordokatzen du amorio natural haur, non batzuetan erroetarik erauzten eta atheratzen baitu.

235 Katilina Erromako gizon gaixto hark, etzuen seme bat baizen, eta hura ere ia adinetara heldua, obedienta, bere manukoa, eta asko prestua; eta guztiarekin ere bere desira desordenatuak Aurelia zeritzan andre batekin konplitzeagatik, hil arazi zuen bere seme hura (Salust. in vita Catil.). Zeren hura bizi zeiño, haren beldurrez, ezpaitzeikan Aurelia behatu nahi. Hala eskiribatzen du Elianok ere Lenilla zeritzan andre handi batek, bere plazerak bere plazerera, bere zerbitzari batekin iragaiteagatik, akhusatu zituela bere seme propioak erregeren aitzinean, erraiten zuela ezen traidore zirela (Aelian. de histor. animal. lib. 1 cap. 6).

        Eta handik egiaz edo gezurrez frogantzak eginik galarazi zerauztela biziak. Eta gero nehoren beldur gabe gelditu zela, bere zerbitzariarekin bere amorio itsuan itsutua.

        Halatan erraiten du Aristotelek, ongi egin zutela lehenagoko poetek, Mars eta Venus elkharrekin ezkontzeaz: Mars gerla gizona eta Venus amurusiaren patroiña. Gerla eta amurusia ezkondu zituzten elkharrekin (Arist. lib. 2 Polit. cap. 1).

        Zeren komunzki amurusiatik sortzen baitira gerlak eta diferentziak. Halatan halaber lehenagoko ientilek erakusteko, zer aztura eta konplezino zuen emazte gaixtoak, pintatzen zuten lehoin bat emazte begitartearekin.

        Zeren emazte gaixtoak lehenbizian lausengatzen eta balakatzen badu ere, ordea azkenean, lehoin goseak bezala, larrutzen eta desegiten baitu. Hargatik erraiten du Spiritu Sainduak: Favus, enim, distillans labia meretricis, et nitidius oleo guttur eius. Novissima autem illius amara quasi Absyntium (Prov. 5). Eztemozula konturik emaztearen balakuari eta enganamenduari. Zeren eztia darion beraska bezala dira haren ezpaiñak, eta olioa baiño leunago haren lephoa, ordea ondorea, azken fina, abszintio belharra bezain min eta gozo gabe.

        Lehenbizian amorio handia, azkenean gaitzerizkoa errabiatua. Lehenbiziko egunean besarka, hurrenekoan kolpeka. Adiskidetasunetik etsaitasuna, amoriotik desamorioa sortzen da.

236 Erran behar da handia dela Satan gaixtoaren artea, bi gauza hain diferentak, nola baitira amorioa eta desamorioa, adiskidetasuna eta etsaitasuna, elkharrekin iuntatzen eta bata bertzeaganik atheratzen dituenean.

        Haragiaren plazeretan ez ohi da dantzarik, eta irririk baizen; iaterik, edaterik eta amoriorik baizen, eta guztiarekin ere etsai gaixtoak gauza hauk guztiok inprentsuaz bezala bertze aldera itzultzeintu: onherizkoatik gaitzerizkoa: bekekik gerla, irritik nigarra, eta dantzatik (Herodes baithan egin zuen bezala) heriotzea atheratzen du.

        Hunelatan athera dadin egiatan Salomonek dioena: Extrema gaudii luctus occupat. Atsegindasunaren fina eta ondorea atsekabea da, eta dolua: ezti-beraskatik absintioa, plazeretik desplazera sortzen da.

        Amorio desordenatua, bereaz egin duenean, desamorio bihurtzen da. Haur da, hazi hunetarik sortzen den bihia, amorio desordenatuak egiten duen laurgarren kaltea: bakezkoen gerlati, eta bihotz beren eta amoltsuen, amorio gabe eta bihotz gogor egitea, eta errendatzea.

 

aurrekoa hurrengoa