www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

KOLERAREN IRAUNGITZEKO BIGARREN ERREMEDIOA: DIRAKIEN ELTZEARI EGITEN ZAIKANA, KOLERARI ERE EGITEA

KAP. XXII

 

193 Gizon haserretua dirakien eltzea bezala da. Eta irakin hartarik ilkitzen da khe bat, lanbo bat, zeinek, poetak dioen bezala, itsutzen baitu adimendua: Ira impedit animum ne possit cernere verum. Bada elzeari sobera dirakienean, gaiñez dohanean, hirur moldez emaiten ohi zaika erremedio. Lehenbizikoa, sutik aldaratzeaz eta urruntzeaz. Bigarrena, egurren edekitzeaz eta gutitzeaz. Hirurgarrena, ur hotz gaiñetik emaiteaz eta egotzteaz. Hala bada koleraz eta gaitzerizkoaz, bere etsaiaren kontra dirakienari ere, hirur erremedio hauk, bat baillira bezala, eta hautzaz bat eginik, eman behar zaitza, eta hauk behar ditu hartu eta bere koleraren iraungitzeko begiratu.

        Lehenbizikoa, sutik hastan: erran nahi du, bere etsaiaganik aldara, aparta eta ihes egin. Zeren nola ez erratzeko erremediorik hoberena baita sutik urruntzea, hala da ez ihardukitzeko eta ez haserretzeko ere, gizon haserrekorretarik eta etsaietarik apartatzea eta begiratzea. Presuna haserrekorrak, zuhaitz aranzetsuak bezala dira, eztira ferekatzeko on; nehork uki balitza zaurtzen dute. Harri mugerraren pare dira, barrenean dute sua, asko dute ukitzea. Halatan erran zioen Rebekak bere seme Iakobi: Ene seme, haserre da zure anaia Esau, zure kontra koleran dago, aldara zakitza, beraz, bidetik, etzaitzala zenbait egunez ikhus, eta agian bitartean hotztuko da eta ematuko. Zeren erran komuna den bezala, ikhusten eztuen begiak eztu miñik.

        Hala Iesus haurrak ere egin zuen ihes Herodesganik. Eta badio Iondone Paulok ere: Date locum irae (Rom. 12). Demogula lekhu, demogula amore hirari. Erran nahi du begira gaitezilla presuna haserrekorretarik eta haserretzeko okhasinoetarik, hauzitan sartzetik, liskartzetik, eta behaztopa guztietarik. Zeren behin behaztopatuz gero, zaldia bezala laur-oiñka, aldapa behera, koleran abiatuz gero, gaitz da baratzea, gaitz da aitzina iragan gabe, gaitzerizkoan sarthu gabe gelditzea. Beraz hunelatan, dirakien eltzeari, bere irakinaren gelditzeko, emaiten zaikan erremedioa, emozu zuk ere zeure buruari, zeure mendekatzeko desira desordenatuaren eta haserretasuneko irakinaren hotzteko. Sutik gibela, okhasionetarik aparta, etsaietarik ihes egin.

 

§ 1

 

194 Bigarren erremedioa eltzeari bere irakinaren geldiarazitzeko, da egurren edetea, sukhaien gutitzea. Hala da bada koleraren eta haserreduraren irakinaren hotzteko eta ematzeko erremedioa hitz gaixtoen eskusatzea, gogorki eta torpeki dagotzunari emeki egoitea, ixilik utztea. Zeren nola sua egurren berretzeaz, berretzen eta handitzen baita, eta edekitzeaz gutitzen eta ttipitzen: hala kolera eta haserretua ere alde batetik eta bertzetik hitz gaixtoen eta gogorren erraiteaz, handitzen eta pitzten da, eta ez ihardesteaz ttipitzen eta iraungitzen. Zuri zeure etsaiak bere koleran anhitz gauza erraiten deratzu: ohoin bat zarela, enganatzalle bat zarela. Finean San Basiliok dioen bezala : Sic durant donec convitia, sicut sagittae deficiant (Basil. hom. 9 de ira). Tragaza kolpeka hari dena bezala buirakan direnek dirauteiño, pensa ahalak, edo dakizkienak aurthiki arteiño, ezta ixiltzen.

        Eta orduan hura gaizki mintzo da, eta zuri ere, gaizki mintzo dela iduritzen zaitzu: eta alabaiña zuk ere hari hainbertze edo gehiago, eta gaizkiago, erraiten diozu. Bertzeren gaixki minzatzea zeure gaizkiago ihardesteaz, nahi duzu erremediatu. Baiña enganatzen zara. Zeren hori da harriak harriaren ioitea, bietarik suaren pitztea, zauriaren gaizkoatzea, eta etsaigoan barrenago sartzea. Zuri begia atheratzen deratzunari zuk ere atheratzeaz, ezta handik zurea sendatzen eta ez bere lekhura bihurtzen. Kolpe bat emaiten deratzunari, bertze baten bihurtzeaz, eztiozu halatan zeure buruari, eman deratzuna edekitzen.

        Ohoin bat zarela erraiten deratzunari, hordi bat dela ihardesteaz, eztakusat irabazi handirik egiten dela. Baldin bethi ere azkenarekin gelditu nahi bazara, eta ez behin ere amorerik eman eta ez amaiñatu, ezta gerlaren akhabatzerik.

        Aitzitik nola hordiak anhitz edanez egarritzenago baitira, zeren arnoak erratzen baititu: hala etsaiak ere, ihardukiz etsaitzenago dira.

        Nahi baduzu geldi dadin etsaia, geldi zaitezi; nahi baduzu ixil dadin, ixil zaitezi. Nahi baduzu sua iraungi dadin, egurrak edeki iatzotzu. Zeren haur da bigarren erremedioa, dirakien eltzearen irakitzetik geldi arazitzeko, koleraren iraungitzeko: egurren edekitzea, okhasinorik ez emaitea, ixilik utztea.

 

§2

 

195 Hirurgarren erremedioa, dirakien eltzearen gaiñez eginik dohanean gelditzeko eta beheititzeko, da, ur hotza. Hala bada koleraren iraungitzeko eta sosegatzeko ere, da, hitz ona, errepuesta emea eta eztia.

        Hala erraiten du Spiritu Sainduak: Responsio mollis frangit iram, sermo durus suscitat furorem (Prov. 15). Errepuesta emeak, eztiak, eta berak, ematzen, eztitzen, beratzen eta hausten du mendekatzeko desira desordenatua, baiña solhas gogorrak pitzten du kolera.

        Haur da gauza miretstekoa, berak beratzen baitu gogorra, emeki eta mantsoki minzatzeak ematzen eta sosegatzen baitu kolera.

        Mors et vita in manibus linguae (Prov. 16). Mihiaren eskuan daude heriotzea eta bizitzea, gerla eta bakea. Nahi baduzu, adiskide dezakezu zeure etsaia, eta bai etsaiago ere. Emozu ur, mintza zakitza emeki eta emero, sua iraungiko da, gaitzerizkoa iabalduko da.

        Mansuetus sibi ipsi dulcis, et aliis est utilis, iracundus vero et sibi insuavis eta aliis damnosus, dio San Krisostomok (Chrys. hom 7 tom. 3). Gizon bekezkoa, mansoa, sosegatua eta hitz onetakoa, gozo da beretzat, eta bertzerentzat atsegin eta plazent: halakoarekin guztiek dute lakhet, guztiet nahi dute ibili eta egon. Baiña haserrekorra, iauzkorra, bere eta bertzeren galgarri da: halakoaganik guztiak aldaratzen dira, guztiek ihes egiten dute.

196 Nik uste dut ezen munduko ararteko guztiek eztezaketela zure etsaia hala balaka, eta ez sosega, nola zerorrek. Ordea nola edo zertzaz? Hitz onaz, errepuesta emeaz, begitarte alegeraz, salutantzia arraiaz, ongi minzatzeaz, eta guztien gaiñetik okhasinoa presentatzen denean, ongi egiteaz. Hala erraiten du Iondone Paulok: Si esurierit inimicus tuus, ciba illum, si sitit, potum da illi, hoc enim faciens carbones ignis congeres super caput eius, (Rom. 12.20). Emozu zeure etsaiari gose denean iatera eta egarri denean edatera. Zeren halatan bildukoitutzu ikhatz biziak haren buruaren gaiñean. Erran nahi du: nola ikhatz biziek elkarganatzen ditutzunean, sua pitzten eta egiten baitute: hala etsaia baithan ere, egiten derautzatzun ongiek eta zerbitzuek pitzten dute eta egiten amorioaren sua, bakea, adiskidetasuna. Eta guztiz ere, baldin zerori salutatzera, minzatzera eta present igortzera aitzintzen bazara, hark etsaiari bihotza hautsten eta arrobatzen dio, hark begia arraitzen dio, hark inprentzuaz bezala bere mendekatzeko gogoa bertze aldera izultzen dio.

        Eta baldin faltak zureak badira, hobenduri zerori bazara, orduan zu zara obligatu aitzintzera eta hitz eske iarraikitzera. Eta faltak bertzerenak badira ere, ongi eginen duzu, eta iende prestuen eta deboten artean, ongi aiphatua izanen zara, heken alderakotzat ohore izanen duzu, eta zeure arimakotzat merezimendu aitzintzeaz, zerbait desenkusa bilhaturik, edo ahantz iduri eginik, gaitz ondorik erakutsi gabe lehen bezala minzatzeaz eta etsaiagana ioaiteaz. Handik gibelatzen eta iraungitzen dira etsaitasunak. Baiña hi handi ni handi hisikaturik egoiteak, handirasunetan ibiltzeak, amorerik ez emaiteak, gibelatzen du nehork egin nahi duen ontasuna, hersten eta trabatzen adiskidetzeko bidea.

 

§3

 

197 Orai hunen gaiñean erranen duzu. Baldin ihardetsi gabe utzten badut, ordaiñaren bihurtzera enseiatzen ezpanaiz edo neror agur egitera aitzintzen banaiz, erranen dute eztheus bat naizela, beldur naizela, egiak erran zaizkidala eta halatan neure buruaz fida izan gabez, hitz eske nabillala. Baiña baldin baten bia bihur badiatzot, egin zaitan baiño gogorkiago mintza banakio, erranen dute, gizona naizela, ohoreaz prezatzen naizela, ete balentki egin dudala. Sinhesten dut zenbaitek hala erranen duela. Baiña halakoa eta halakoak izanen dira giristino gaixtoak, Iainkoaz baiño munduaz kontu gehiago hari direnak.

        Eta munduko kontua ere eztute halakoek ongi atheratzen. Zeren mundukotzat ere, guztia ongi pensatzera, ohoreago da etsaiari ongi egitea, gaizki egitea baiño: ez ihardestea, ihardestea baiño. Zeren ez ihardesteaz, kasurik ez egiteaz, emaiten duzu aditzera eztuzula hobenik, baiña etsaia mintzo dela gaizki, eta gaixtoki. Hala dio San Krisostomok: Quare enim dives si pauper appelletur ridet? Quam id falsum novit. Item si nos injurias videbimus, magnum erit argumentum quod falso reprehendimur (Chrys. Hom. 48, tom. 3).

        Zergatik uste duzu ezen aberatsak egiten duela irri probe eta errumes deitzen dutenean? Zeren klar baita eztela hala, eztela errumes.

        Hala bada zuk ere etsaiaren erranei irri egiteaz edo ez deus ihardesteaz, emaiten duzu aditzera, eztakiela zer mintzo den, egiatik athean dabillala.

198 Eta are gehiago San Krisostomok berak dioen bezala: Nihil sic confusionem facit gerenti mala, sicut fortis tolerantia patientis, neque in verbis neque in opere reddere vindictam (Chrys. super epist.). Deusez ere eztuzu hala ahalketuko zeure etsai gaizki egillea, nola pairatzeaz, sentimendurik ez egiteaz, erastera utzteaz. Nola harri bati, edo sentimendurik eztuen bertze gauza bati, kolpeka darauntsanak, egiten baitio bere buruari kalte gehiago, eta hartan probetxu gabe unhatzen eta zathitzen baita: hala antsiarik eztuen bati edo konturik egiten eztuenari bere maliziaz darauntsanak ere, emaiten dio bere buruari gaitz gehiago.

        Egun batez galdegin zeraukaten Dionisio filosofoari, ea zertzaz egin ahal ziazaion gizon batek bere etsaiari damurik eta atsekaberik gehiena? Eta ihardetsi zuen hitz gutiz eta laburzki: prestu izaiteaz. Etsaiak nahi luke bethiere ediren zure baithan zenbait falta, eta edireiten duenean, atsegin hartzen du, eta edireiten eztuenean damu. Eta handik erraiten ohi da, gaizki gobernatzen denak, faltatan erortzen denak atsegin egiten dioela bere etsaiari.

        Beraz goberna ongi, bizi prestuki, ez zeure burua abantailletan hartzera utz, ez ihardets, ez konturik egin.

        Zeren nola ur hotza baita eltzearen irakinaren gelditzeko erremedioa, eta bai sutik apartatzea eta egurren edekitzea ere: hala da koleraren hotzteko eta iraungitzeko bigarren erremedioa, eltzeari dirakienean egiten diozuna, zeure kolerari ere egitea.

 

aurrekoa hurrengoa