www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

EA ZERGATIK HAIN DENBORA APHURRREAN ETA LABURREAN EGITEN DEN BEKHATUARI, EMAITEN ZAIKAN HAIN GAZTIGU HANDIA,

LUZEA ETA SEKULAKOA

KAP. LIX

 

391 Egia da, badirudi bidegabe egiten zaikala bekhatoreari, hain denbora gutitan egiten den bekhatuagatik hanbat denboratako gaztiguaren emaiteaz. Baiña arrazoin guztiak ongi pensaturik eta konsideraturik, edirenen dugu, eztela hartan bidegaberik egiten. Aitzitik iustuki eta zuzentki, den bekhatu mortalik ttipienari ere, emaiten zaikala sekulako pena, eta pena infinitua. Ez infinitua intensive, bortitztasunez. Zeren halako pena ezin iasan dezake kreaturak. Baiña infinitua extensive, irautez eta iraupez, zein baita sekulan akhabatuko eztena.

        Eta emaitentu arrazoiñak San Tomasek bere hirurgarren partean. Eta emaiten du lehenbizikoa.

        Denbora gutiz eta laburzki egiten den bekhatuari, emaiten zaika sekulako gaztigua. Quia peccatum est, contra Deum summum bonum, quod est infinitum (S. Thom. 3 part. q. 99 art. 1). Zeren bekhatua baita Iainkoaren kontra, zein baita infinitu. Beraz gaztigua ere eman behar zaika infinitua eta akhabatuko eztena.

        Baldin lurreko Errege bati behar-ondoko bat emaiten dioenak gaztigu handiagoa merezi badu, edozein bertzeri emaiten dioenak baiño; zinez mereziko du gaztigu handia, Iainkoari berari, mundu guztiko Erregeari, emaiten dioenak. Nola bekhatoreak, bere aldetik denaz bezanbatean, emaiten baitio, bekhatu mortal bat egiten duenean.

        Eta hunetakotzat, hemen ere munduko legén arauaz ere, emaiten ohi zaika, anhitzetan ere, denbora gutiz egiten den faltari, ohoinkeriari, heriotzeari, edo bertze gaixtakeria bati, gaztigu handia eta luzea; desterrua, galerak eta batzutan heriotze penatua ere.

392 Oraiño, egia hunen frogatzeko, beha diazogun ongi, gizonaren bekhatuagatik egin zen pagamenduari eta satisfazioneari, eta edirenen dugu, arrazoiñekin emaiten zaikala, denbora gutiz egiten den bekhatuari sekulako gaztigua. Zeren bekhatuaren bere bidean eta osoki Ad aequalitatem iustitiae, berdinzki iustiziaren arauaz pagatzeko, behar izatu zen presuna infinituak, Iainko eta gizon zenak paga zezan, eta hartarakotzat, heriotze errezibitu zuen. Halatan zorra bezala, pagamendua ere izaiteko infinitu.

        Eta hala, orai pagamendu hartzaz, Iainkoaren pasione sainduaz probetxatzen denak, erremediatzen eta pagatzeintu bere bekhatuak. Zeren baldin bekhatuak merezi badu gaztigu infinitua, halaber egiten duen pagamendua ere, zein baita pasione sainduaren meritua eta balioa, infinitu baita. Baina Iainkoaren pagamendu hartzaz, haren pasione sainduaz eta infinituaz probetxatzen eztenak, eta probetxatu gabe hemendik ilkitzen denak, nola zor infinituarekin ilkitzen baita, iustuki eta arrazoinekin pairatzen du eta pairatuko du pena infinitua, finik eta akhabatzerik izanen eztuena.

 

§ 1

 

393 Denbora gutiz egiten den bekhatuari, emaiten zaika gaztigu luzea eta sekulakoa. Zeren bekhatuaren gaztigatzeko, ezta ez hain konsideratzen, bekhatuaren egitean iragaiten den denbora eta bitartea, nola konsideratzen baita, eta kontutan hartzen, bekhatoreak bekhatu egiteko izan zuen gogoa, borondatea eta deliberamendua. Zeren bekhatua berekin duela, eta bekhatu egiteko gogoarekin dagoela hiltzen denak, gehiago bizi izan baliz, bekhatu gehiago eginen zuen. Nahi zukeien gehiago bizi, bekhatu gehiago egiteko. Akhabatzen zaika bizia, ez ordea bekhatu egiteko gogoa eta nahia. Halakoari eta halakoei gerthatzen zaie, gauaz kandela argitan, iokan hari direnei gertatzen zaiena. Gelditzen dira iokotik, zeren akhabatzen baitzaie kandela. Iraun balu kandelak, bazirauen iokatzeko gogoak. Hala dira bada bekhatutan hiltzen direnak ere. Iraun arazi albaleraukate gehiago biziari, bekhatu gehiago eginen zuten. Voluissent sine fine vivere, ut sine fine possent in peccatis permanere (Greg. 4 Dialog.) (Dio San Gregoriok). Nahi zuketen fingabe bizi, fingabe bekhatutan egoiteko: eta halatan fingabeko gaztigua ere emaiten zaie. Zeren oraino San Gregoriok berak dioen bezala: Ad magnam iustitiam iudicantis pertinet, ut numquam careant supplicio, qui numquam voluerunt carere peccato. Arrazoin da, iustiziaren arauaz da, eztitezin behin ere, penarik eta gaztigurik gabe egon, behin ere bekhaturik gabe egotu nahi etzirenak. Eta hala arrazoin hunengatik, denbora gutiz eta laburrez egiten den bekhatuari emaiten zaika sekulako pena eta gaztigua. Zeren bekhatuaren egitean iragiaten den denbora, labur bada ere, ordea bekhatu egiteko borondatea baita luze eta bizi direino.

        Eta batzutan halakoek erraiten badute ere hitzez, nahi luketela bere bekhatuetarik iltki, eztutela aitzinerat hetan egoiteko gogorik: ordea obraz kontrara erakusten dute. Zeren hetan daudela akhabatzen dira, eta halatan akhabatuko ezten gaztigua ere iustuki emaiten zaie.

 

§ 2

 

394 Denbora gutiz egiten den bekhatuari, emaiten zaika sekulako gaztigua. Zeren San Tomasek dioen bezala: Culpa manet in aeternum, cum culpa non possit remitti sine gratia, quam homo non potest, post mortem acquirere: nec debet poena cessare, quamdiu culpa manet (S. Thom. ubi supra). Bekhatua eta bekhatuaren kulpa, hobena eta notha gelditzen da sekulakotz. Zeren ezin barkha diteke eta ez garbi bekhatua, Iainkoaren garazia gabe, eta penitenzia egin gabe: eta hillez gero ezta garazia erdiesterik eta ez penitentzia egiterik. Beraz bekhatuaren penak eta gaztiguak ere iraun behar du sekulakotz. Zeren ezta arrazoin, dagoen bekhatua, eta dagoen gaztigu gabe.

        Merkatalgoa, sal-erosia fite da egin. Ordea handik harat, salduz gero, gelditzen da sekulakotz, saldua, saldu: eta bai erosia ere sekulakotz erosia, erosi. Buruan ere kolpe bat emaiten deratzutenean, kolpea fite da egin: ordea sendatzea nekez eta luzaro. Eta gero ere, sendatuz gero ere, gelditzen da komunzki seinalea, gelditzen da marka. Hala bada bekhatuaren sal-erosia eta kolpea ere fite da egin. Ordea gelditzen den seinalea, marka, notha, kulpa, zorra eta obligazinoa, sekulakotz gelditzen da. Transit actus et remanet reatus. Iragaiten da kolpea, eta gelditzen da ondoko ondorea.

        Beraz arrazoinekin, gelditzen den ondoko ondoreagatik, laburzki egiten den bekhatuari, emaiten zaika gaztigu luzea eta sekulakoa.

        Eta hala emaiten zaika halaber laburzki egiten den obra onari ere, sekulako loria eta pagamendua.

 

aurrekoa hurrengoa