www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA PARABISUKO BIDEA DEN ERRAZ

KAP. XLIX

 

312 Egia haur, parabisuko bidea erraz dela, anhitz moldez eta arrazoiñez froga ahal diteke. Lehenbizikorik erraiten du Iondone Ioannes Ebanjelistak: Mandata eius gravia non sunt (Io. 5). Iainkoaren manamenduak eztira pisu eta ez gaitz. Halaber erraiten du Spiritu Sainduak: Qui custodit praeceptum, non experietur quidquam mali (Eccl. 8). Manua konplitzen duenak eztu gaitzik frogatuko, halakoa aise eta bere gogora izanen da. Eta guztien gainetik erraiten du gure salbatzailleak berak: Venite ad me omnes qui laboratis et onerati estis et ego reficiam vos. Tollite jugum meum super vos et discite a me quia mitis sum et humilis corde et invenietis requiem animabus vestris. Jugum enim meum suave est et onus meum leve (Mt. 11). Zatozte enegana trabaillatzen zareten guztiok, eta kargaturik zaudetenok, eta nik arinduko eta aise ibeniko zaituztet. Har ezazue ene uztarria zeuen gaiñera, eta ikhas ezazue eneganik ni naizen bezala, eme eta humil izaiten, eta edirenen duzue zuen arimentzat bake eta sosegu. Legis difficultatibus laborantes et peccatis saeculi oneratos ad se vocat (Hilarius cano. 12 in Math.). Lege zaharreko zirimoniez trabaillaturik, eta bekhatuzko egitekoez kargaturik daudezinak, deitzeintu beregana. Eta hei erraiten deraue, legez aldaturik, lege zahar hura utzirik, eta bekhatuen karga ere bereganik egotzirik, har dezatela bertze karga molde bat, uztarri leunago bat, zein baita, lege berria, Ebanjelio saindua, eta haren arauaz bizitzen direla ikhusiko dutela, zein aisia handian, ibeniko dituzten bere buruak, zein kontent eta bere gogara biziko diren: eta zein plazent, aisit eta erraz idurituko zaien Iainkoaren zerbitzatzea, eta haren lege sainduaren uztarriari errendaturik, manamendu sainduen bidean ibiltzea.

        Iainkoak berak erraiten du, plazent dela haren uztarria eta karga ere arin, beraz hala da, plazent da eta arin. Zeren Iainkoak ezin derrake gezurrik.

        Ordea nola Iainkoak erraiten baitu, haren uztarria plazent dela, eta karga ere arin: hala erraiten du halaber Iainkoak berak, parabisura ioaiteko bidea, bide hertsia, meharra eta gaitza dela, eta gutik edireiten duela bide hura. Baiña ifernuko bidea dela handi, zabal eta gaitza dela, eta gutik edireiten duela bide hura. Baiña ifernuko bidea dela handi, zabal eta plazent, eta eztela bide hartan iende eskasik, badela konpaiñia franko. Batean emaiten du aditzera, erraz dela eta zabal parabisuko bidea, eta berriz bertzean gaitz dela eta mehar. Nolatan ahal dateke haur hunela, erraz, eta gaitz: zabal eta mehar?

 

§ 1

 

313 Pontu huni ihardesteko, iakin behar duzue ezen baldin alde batetik Iainkoaren lege sainduari berari, hain osoki eta konplituki, konplitu eta begiratu behar denari: eta bertzetik geure haragiari ere berari, hain gauza flakoari, eta flakatzen erraxari, soilki eta bakharrik beha badiazegu, latz eta gaitz dela Iainkoaren zerbitzatzea, eta haren lege sainduaren begiratzea eta konplitzea. Baiña baldin konsidera baditzagu Iainkoaren laguntza, ethorkizuneko esperantza; pagamenduaren segurantza; gogotik eta borondatez dagoenaren indarra; eta guztien gainetik ontasunean dabillanari Spiritu Sainduak emaiten dioen indarra, berotasuna, konsolamendua, eta donua, edirenen dugu, ez gaitz, baiña erraz; ez hertsi, baiña zabal; ez pisu baiña arin eta plazent dela Iainkoaren zerbitzatzea eta haren lege sainduaren konplitzea.

        Gaitz da Iainkoaganako bidea, haren manamenduen konplitzea. Ordea norentzat da gaitz? Berrientzat, usatu gabeentzat; nagientzat; laxoentzat; enseiatzen eztirenentat, aitzinerat behatu gabe, ethorkizunaz konturik egin gabe, haragiaren arauaz bizi nahi dutenentzat: eta guztien gaiñetik gogotik eta amorioz eztaudezinentzat. Ez ordea ezta latz eta ez gaitz, haragiari gibela emanik, arrazoiñaren arauaz gobernatzen direnentzat: ethorkizunera behatzen dutenentzat, eta gogotik eta deliberatuki, zin zinez eta amorioz enseiatzen direnentzat. Hala emaiten du aditzera San Krisostomok: Quod si onus audiendo formidas nimium, atque perhorrescis, non natura rerum hujusmodi timorem, sed ignaviae tuae totum tribue. Nam si accinctus et praeparatus eris, et nulla desidia effeminatus, cuncta facilia videbuntur (Chrys. hom. 3 in c. 11 Mt. Tom. 2).

        Baldin Iainkoaren ebanjelioa eta uztarria, karga dela enzuteaz lazten eta larritzen bazara, zeure hotztasunari eta nagitasunari emozu hoben eta falta, eta ez bertzeri. Zeren baldin gogotik, zin zinez prestaturik eta istalgaraturik, abia bazindezi eta perma, etzindezke izi eta ez ikhara, baiña iduri lekidikezu guztia erraz, plazent, eta arin.

314 Zeren oraiño San Krisostomok berak dioen bezala: Fieri potest, quod natura est intolerabile, sit leve, si cum alacritate animi suscipiamus (Chrys. in cap. 16 Luc. Tom. 2). Bere egitez, gaitz den gauza ere, erraxten da, gogotik eta alegeraki hartzen denean. Eta badio San Agustinek ere: Omne praeceptum leve est amanti (Aug. sent. 2. 22. Tom. 3). Manamendu guztiak dira erraz, amorio duenarentzat. Den gauzarik errazena egin bedi gogo gaitzez, eta gaitz izanen da; den gaitzena, egin bedi gogo onez eta erraz izanen da.

        Halatan Iondone Ioannes Ebanjelistak, amorio dutenez eta eztutenez mintzo dela, emaiten du aditzera, amorio dutenei, manamendu guztiak iduritzen zaiztela manamendu bat. Si quis diliget me, sermonem meum servabit (Io. 14). Baiña amoriorik eztutenei, manamendu bat bera iduritzen zaiela anhitz manamendu. Qui non diligit me, sermones meos non servat. Batean dio: Sermonem, eta bertzean: sermones. Halatan erraiten du San Agustinek ere: Ita corpus pondere, sicut animus amore fertur, quocumque fertur (August. de civitate Dei, cap. 28. Tom. 5). Amorioak erabiltzen du bat bedera nahi duen lekhura, pisuak balantza erabiltzen duen bezala. Guztia dago gogoan, guztia dago borondate eta amorioan.

        Manamendu guztiak amoriotik eta karitatetik hasten dira, amorioaz eta karitateaz konplitzen dira, eta amoriora eta karitatera bere finera eta xedera bezala, biltzen eta bihurtzen dira. Beraz ezin dateke gaitz, amorio duenarentzat, manamenduen konplitzea. Zeren amorioak manamenduei, bere garratztasuna eztitzen, mintasuna gozatzen, eta gaitztasuna errazten baiteraue. Errege Davitek nola ezpaitzuen amorio eskasik, halatan Iainkoaren manamenduak erraz iduriturik, erraiten zuen: In via testimoniorum tuorum delectatus sum sicut in omnibus divitiis. Zure manamenduen bidea, hain da bide atsegina eta plazenta, non hartan ibiltzeaz, munduko aberatstasun guztien eskuen artean erabiltzeaz bezanbat atsegin hartu baitut. Quam dulcia faucibus meis eloquia tua. Ezin derraket zein gozo eta ezti zaizkidan neure ahoan eta eztarrian zure manuak, solhasak eta perpausak, are eztia baiño eztiago edireiteintut. Super mel ori meo.

        Amorioak beroturik, egiten zuten lehenagoko sainduek Iainkoaren zerbitzuan, hanbat balentia. Halatan pairatzen zuten hanbat pena eta trabaillu, heriotze eta martirio, dolore eta estira.

315 Nola Patriarka Iakobi iduritu baitzeikan labur eta deus guti, Rakel ederraren erdiesteagatik, zazpi urthez haren ondoan eta zerbitzuan ibiltzea zeren maite baitzuen, amorio baitziadukon. Videbantur illi pauci dies prae amoris magnitudine (Genes. 29); hala sainduei ere iduritzen zaie deus guti, Iainkoagatik egiten duten guztia, zeren gogotik baitaude, amorioa baitute handia. Halatan Apostoluek ere orduan zedutzaten bere buruak dohatsuenik, eta ziren alegerenik noiz eta Iainkoagatik desohore eta laido gehiago errezibitzen baitzuten. Ibant gaudentes a conspectu concilii, quoniam digni habiti sunt, pro nomine Iesu contumeliam pati (Act. 5). Zeren nola desohore eta laido hek guztiak, borondatez eta amorioz hartzen baitzituzten, amorio harekin batean, etzituzten sentitzen, etzeizten trabaillu iduritzen. Hunen arauaz erraiten du San Agustinek: Nullo modo sunt onerosi labores amantium, sed etiam ipsi delectant, sicut venantium, aucupantium, piscantium. Nam in eo quod amatur, aut non laboratur, aut et labor amatur (August. de bono viduit. Tom. 4). Amorioz eta gogotik dabilzanen trabailluak, eztira trabaillu, aitzitik, hetan altsegin hartzen da: ihiztariak, arranzaleak, pilotariak, dantzariak, nekhatzen dira, trabaillatzen dira; eta alabaiña trabaillu hura guztia bestatzat hartzen dute. Zeren maite den gauzan, edo ezta nekerik, edo maite da nekea ere: edo ezta trabaillurik, edo baldin bada ere, hartan atsegin hartzen da.

316 Ikhusiko duzu zenbat pena iragaiten duen ama batek bere haur ttipiarekin; eta guztiz ere, haurra xarra, zakartsua eta hazkari gaitza denean. Eztio lorik egitera utzten, gau eta egun haren mainatzen eta errekaitatzen, bere burua deseginik, hari behar du. Eta guztiarekin ere ama erhoa, hartan loriatzen da: gauaren erdian iaikirik, eta bere loa galdurik, haur harekin, milla erhokeria erraiten duela, dostatzen da. Zeren maite baitu, amorio, baitiaduko. Eta amorioak trabaillu guztiak arintzen, gozatzen, zaphoratzen eta ezeztatzen baiterautza. Hala bada giristino onari ere, amorioak, gogotik egoiteak, arintzen, errazten, gozatzen eta ahantz arazitzen derautza. Iainkoaren manamenduen konplitzean, iragan behar diren neke trabaillu guztiak. Hala erraiten du San Agustinek: Omnia saeva et immania, prorsus facilia et prope nulla efficit amor (August. de verbis Domini serm. 8 & ser. 46 de tempore. Tom. 10). Diren gauzarik gogorrenak, molde gaitzenak eta hez-gaitzenak ere, hezten, beratzen, moldatzen eta eskuetaratzeintu amoriok. Ezta gauzarik, amorioak, hez, hauts, balaka, eta errenda eztezakeienik. Amurus batek anhitz pena eta trabaillu pairatzen du bere amurusagatik: anhitz gau eta egun gaixto iragaiten du, haren erdiesteagatik. Baiña, hek guztiak zeren amorioak itsutua baitago, deus guti sentitzeintu. Bada giristino onak, Spiritu Sainduaren amorioaz eta garaziaz ukiturik dagoenak, zenbatenaz gutiago sentitukoitu, eta erraxkiago iraganeintu Iainkoaren zerbitzuan ahal dirateken trabailluak? Zeren amorio garbiak, Iainkoaganik heldu denak, indar gehiago behar luke, eta du ere, Deabruaganik heldu den amorio higuin, hats, lizunak baino. Eta halatan arrazoinekin erraiten du gure Iainkoak haren ebanjelioaren uztarria, plazent dela, eta legearen karga ere arin. Zeren hala baita, arin eta plazent baita, gogotik dagoenarentzat, borondatez eta amorioz hartzen duenarentzat.

 

§ 2

 

317 Are gehiago, plazent, aisit, arin eta erraz da Iainkoaren zerbitzatzea, haren manamenduen konplitzea; ez hastean, ez lehenbizian, zeren haragiak eta usantza gaixtoek kontra handia egiten baitute. Baiña behin usatuz gero, dastatuz gero, eta spiritua haragiari iaunduz gero, ezta munduan hain bianda aphetitosik eta gozorik, nola baita Iainkoaren zerbitzatzea. Zapatak iauntzi berrian hersten du, min egiten du, baiña aphur bat erabiliz gero, moldatzen da, oiñaren neurrira eta orkhoiera ethortzen da. Oiñak lohakartua dagoenean, eta gorputzak ere zurrundua, manaiu guti dute, iaikitzera eta ibiltzera herabe dute: baiña behin iaikiz gero, eta aphur bat higituz gero, berehala zalhuitzen, manaiukortzen eta iratzartzen dira. Halaber presuna ianzaharrak, mathela gogortuak edo horzkitua dagoenak, eztu atseginik hartzen iaten hastean, lehenbiziko poxinean eta ahamenean; baiña behin hasiz gero, handik harat, iaten duena, on eta gozo edireiten du. Hala bada Iainkoaren zerbitzuan ibili nahi dena ere, lehenbizian hotzki da, zurrun da, hotz eta nagi da; baiña enseia bedi, has bedi eta berehala berotuko eta zalhuituko da, trebe, bithore eta entregu izanen da, aise ibiliko da: eta gero eta gero aiseago, zeren ezta han asetzerik eta ez higuintzerik. Augent enim spirituales delitiae desiderium in mente, dum satiant: quia quanto magis earum sapor percipitur, eo amplius cognoscitur, quod avidius ametur (Gregor. Hom. 36). Bertze ianhariek hiltzen dute aphetitua (dio San Gregoriok). Baiña Iainkoaren zerbitzatzeko ianhari hunek berretzenago eta piztenago du. Zeren barrenago hobeago, eta gozoago edireiten baita.

        Munduko plazentziek, diren handienèk ere, denborarekin, unhatzen dute, bere batez aitzinago, higuintza emaiten dute. Baiña Iainkoarenak, gero eta gero aphetitua pitzten eta berretzen dute. Eta handik harat, hala berretuz gero, usatuz gero, atsegin da eta plazent Iainkoaren bidean eta zerbitzuan ibiltzea, haren manamenduen konplitzea, eta prestuki bizitzea.

 

§ 3

 

318 Are gehiago atsegin da eta plazent Iainkoaganako bidea, haren manamenduen konplitzea, konplitze hartarik heldu den probetxuari eta irabaziari behatzen dioenarentzat, hartan gogoa eta begiak ibentzen dituenarentzat. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Nulla res est tam difficilis quae non fiat facilis spe futurae vitae (Chrys. in Psalm. 5). Ezta hain gauza gaitzik, ethorkizuneko bizitzearen esperantzarekin erraxten eztenik. Hala erraiten du San Agustinek ere: Omne opus leve fieri solet, cum eius praemium cogitatur et spes praemii solatium est laboris (August. ad Demetr. Virg. c. 28. Tom. 2). Den lanik handiena, ttipitzen, eta kargarik pisuena ere, arintzen du, hartarik heldu den irabazian pensatzeak. Pagamenduaren esperantza da trabailluaren konsolamendua. Si vis sustinere laborem attende mercedem (August. in Psalm. 38. Tom. 8), (dio San Agustinek). Nahi baduzu iraun trabailluan, pensa ezazu pagamenduan eta irabazian. Den egitekorik gaitzenari ere, gogotik lotzen zatzaitza, ongi pagatua izanen zarela segur zarenean.

        Condimentum cibi ieiunium est. Quanto avidior appetentia, tanto esca iucundior (Ambros. de Elia & ieiunio c. 4), (dio San Anbrosiok). Ianhariaren iakia barura da eta gosea. Zenbatenaz gosea handiago, hanbatenaz ianharia gozoago. Nola gosea edo aphetitua baita ianhari guztien saltsa eta iakia: hala da nekearen eta trabailluaren konsolagarria, zaphoragarria eta arintkarria, pagamendua eta pagamenduaren esperantza. Hunen arauaz erraiten du Errege Davitek ere: Declinavi cor meum ad faciendas justificationes tuas, propter retributionem (Ps. 118). Deliberatu nuen zure manamenduen konplitzea, konplitzetik heldu zeitan probetxuagatik. Nehork deus uste eztuen lekhuan, herabe du, oiñak pisu du, baiña irabaziak oiñak arin.

319 Laborariak fruituen esperantzan, gogotik iragaiten du bere lur-lanetako nekea. Merkatariak irabazi ustez, egiten du itsasoz eta leihorrez, hain arintki, hanbat bide, itzul inguru, eta ioan ethorri. Finean irabaziaren esperantza hunek, deusen usteak ernatzen, eta iratzartzen du mundu guztia: Hain iratzartzen, non esperantza hunekin, neguak uda, gauak egun, uriak atheri, minak gozo, trabailluak aisia, eta atsekabeak ere, atsegintasun eta plazentzia iduritzen baitzaizkigu.

        Bada baldin mundu hunetako irabazi aphur baten esperantzak, anhitzetan ere, enganaturik utzten gaituenak, hain gogotik, hain arindurik eta guti sentiturik, trabailla arazitzen bagaitu; zer izanen da arrazoin eragin dezan zeruko loriaren esperantzak, usteak, eta orhoitzapenak? Eta zer izanen da halaber, loria haren, irabazi guztien gaiñeko irabaziaren ondoan dabillanaz? Hain gauza handiaren esperantzan trabaillatzen denaz? Halakoari, barurtzea, orazinotan egoitea, etsaiari barkhatzea, haragiaren plazeren utztea, eta finean obra on guztien egitea, iduritzen zaika errax eta deus guti. Zeren trabaillu aphur heken gatik, sekulako loriaren, hain irabazi handiaren eta pagamendu abantaillatuaren esperantzan iartzen baita.

        Halatan erraiten du San Agustinek: Cum attenderis quid accepturus sis, omnia erunt tibi vilia, quae pateris, nec digna aestimabis, pro quibus, illud accipias. (Aug. in Ps. 36. Tom. 8). Konsidera dezazunean zein pagamendu handia emanen zaitzun hemengo trabaillu aphurrakgatik, erranen duzu, eztuzula, hain deus gutigatik, hanbat merezi. Zeren trabaillua baita ttipi, labur eta tenporal, eta pagamendua handi, luze eta sekulako.

        Konsidera dezagun beraz pagamendua eta edirenen dugu errax Iainkoaren lege saindua.

 

§ 4

 

320 Are gehiago edirenen dugu errax eta arin Iainkoaren lege saindua. Zeren lege haur uztarri baita, eta uztarria, biak iasaiten eta eramaiten baitute. Halatan erran zerauen baratzean nabusiak bere diszipuluei: Sustinete hic et vigilate mecum (Mt. 26). Sostenga ezazue orai hemen hainbertze trabaillu, zaudete aphur bat iratzarririk; eta ez zerok, ez, baiña, mecum, enekin, ni laguntzen natzaitzuela. Hala erraiten du Iondone Paulok ere: Abundantius illis omnibus laboravi; non ego autem, sed gratia Dei mecum (1 Cor. 15). Ni bertze guztiak baiño trabaillatuago naiz, ez ordea neror, sed gratia Dei mecum: Iainkoaren garazia enekin. Hala erran zuen halaber Iondone Paulok berak: Omnia possum in eo, qui me confortat. Ezta gauzarik, neure esportzatzaillearekin batean, eztaidikedanik.

        Konsolamendu handia da, bere trabailluetan eta egitekoetan, lagun on baten izaitea. Beraz konsola ahal gaitezke gu ere, zeren geure egitekoetan Iesu Kristo lagun baitugu. Obra onetan zabiltzanean etzara behin ere bakharrik, zurekin da Iainkoa, laguntzen zaitzu, kidatzen zaitu. Eta halatan da Iainkoaren lege saindua errax, eta arin. Zeren Iainkoak berak gehien partea iasaiten, eta eramaiten baitu.

        Iainkoaren manamenduak, idien orgak, xaluparen arrauak, untziaren belak, eta hegaztinaren hegalak bezala dira. Orga, karga da, pisu da. Ordea idiek karga harekin, karga gehiago eramaiten dute. Badirudi karga laguntzen zaiela, karga eramaiten. Arrauak eta belak ere, pisu dira, ordea hekin batean arintkiago, eta lasterrago dohazi untziak eta xalupak. Hegaztinaren hegalek ere badute bere karga, eta pisutasuna. Ordea karga hark, ez kargatzen, baiña arintzen du hegaztina. Hala erraiten du San Agustinek: Haec sarcina non est pondus onerati, sed alae volaturi, habent enim et aves pennarum suarum sarcinas. Et quid dicimus? Portant illas et portantur. Portant illas in terra, et portantur ab illis in caelo (August. de Verbis Domini serm. 24. tom. 10). Hegaztinak iasaiteintu lurrean bere hegalak, eta airean hegalek iasaiten dute hegaztina: iasaiten du, eta iasaiten dute. Erran bazeneza: Hegaztina haur trabatzen, eta kargatzen dute bere hegalek, eta urrikaldurik, edeki baziniatzo, kalte gehiago egin ziniazaio, probetxu baiño. Zeren airatzen, eta hegaldatzen zena, lurrean geldi bailliteke.

        Beraz karga badira ere, on dira orgak, belak, arrauak, hegalak, eta bai Iainkoaren lege sainduaren uztarria ere. Zeren uztarri haur, karga izanagatik ere, hunekin batean hobekiago, eta aisekiago iragaiten baitira mundu hunetako trabailluak, eta atsekabeak. Zeren Iainkoa bere legearen emaillea, legearen begiratzen, eta konplitzen laguntzen baitzaiku: eta hartarakotzat, uztartzen bezala baita gurekin. Egia haur ezaguturik, erraiten zioen San Agustinek Iainkoari, hitz gutiz, eta ederki: Da quod iubes, et iube quod vis (August. lib. 10 confes. cap. 29 & 31). Iauna, emazu manatzen duzuna, eta gero mana ezazu nahi duzuna. Zeren indarra franko denean, eta laguna ere ona, ezta kargagatik antsia. Beraz Iainkoa bera iasaiten laguntzen zaikunaz geroztik, arrazoiñekin erraiten da, haren uztarria plazent dela, eta karga ere arin.

 

§ 5

 

321 Gure lege sainduaren, eta manamenduen karga, arin da, eta are arintkarri da. Zeren baldin alde batetarik kargatzen bagaitu, bertzetik arintzen, eta bertze anhitz kargaren, eta obligazinoren azpitik, atheratzen baikaitu.

        Galdegiten dute Teologoek, ea guk geure bekhatuakgatik, geure Iainkoari, satisfazionerik, eta pagamendurik egin ahal diazaiogunz. Eta badiru ezetz. Zeren erraiten du San Tomasek: Satisfactio est redditio voluntaria, aequivalentis, alias indebiti. (S.Thom. 4 disc. sent. q. 1. ar. 1). Satisfatzea da, zor eztitugun obrez, geure eskuko ditugunez, nahi badugu baizen egitera obligatu ezkarenez, zor dugun bezanbat pagatzea, eta bihurtzea. Beraz ezin egin diazaiogu guk geure Iainkoari pagamendurik. Zeren nola baita Iainkoa guztien gaiñeko ongi egillea, eta dugun guztia harenganik baitugu: hala dugun guztia, eta ahal dagigun guztia hari diogu zor; beraz etzaiku deus gelditzen geure eskuko, ezta obra librerik, manamendu eztenik, zein deitzen baitituzte Teologoek: Opera supererogationis, obra emendailluzkoak, emanen gaiñekoak, gure eskuko direnak, libreak, nahi badugu baizen, egitera obligatu ezkarenak. Badirudi eztela hunelako obrarik: eta baldin ezpada, segur da, ezin paga dezakegula geure Iainkoa, eta ez satisfa.

        Baiña guztiarekin ere ihardesten dute Teologoek berèk, eta erraiten: Alde guztiz zordun bagatzaitza ere geure Iaungoikoari, badela guztiarekin ere, anhitz obra on nahi badugu baizen, egitera obligatu ezkarenik, geure eskuko dugunik: nola baita orzirale guztietan barurtzea, egun oro meza enzutea, gau erditaraiño orazinotan egoitea, eta hunelako bertzerik anhitz. Hauken egitera ezkara obligatu, nahi badugu baizen. Zeren Iainkoari alde guztiz, eta geure ahal guztiaz zordun bagatzaitza ere: ordea Iainkoaren miserikordia, eta liberaltasuna hain da handia, non baldin, haren manamenduak konplitzen baditugu, kontentatzen baita hainbertzez, eta gaiñerako bertze obra on guztiak, geure eskuko utzten baiterauzkigu. Eta hala manamenduen emaiteaz, manamenduak gutitu zerauzkigun, karga arindu zerakun. Zeren bertzela, baldin manamenduak eman ezpalerauzkigu, guztiak manamendu izanen baitziren.

        Beraz arrazoiñekin erraiten du: Jugum meum suave est, et onus meum leve. Ene uztarria leun, plazent, eta aisit da, eta ene karga ere arin: zeren hala baita. Eta are karga delarik, karga arintgarri, eta gutigarri baita.

        Eta hala segur da, parabisuko bidea, behar den bidean hartzen duenarentzat, plaun dela, plazent, eta atsegin.

 

aurrekoa hurrengoa