www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO SEIGARREN ERREMEDIOA: HARTAKO PLAZERAK ZEIN ONDORE GAIXTOA BERE ONDOTIK UTZTEN DUEN, KONSIDERATZEA

KAP. XL

 

254 Haragiaren bekhatutik begiratzeko, seigarren manamenduaren konplitzeko erremedio handia bada ere, haragiaren plazera zein gauza aphurra eta laburra den konsideratzea: ordea ezta ttipiagoa, plazer ttipi labur hark, zein ondore gaixtoa bere ondotik utzten duen halaber konsideratzea, eta ongi gogoan edukitzea. Zeren plazera iragan den bezain fite, han da desplazera, han da berehala damua, urrikia, atsekabea eta egin ezpalu nahia. Kontatzen du Aulo Geliok Korintioko herrian zela Lais zeritzan emazte eder bat, famatua, amoltsua eta plazer egillea, eta bere ofizioaren baliatzen ongi ziakiena (Aulo Gelio lib. 1 cap. 3). Bada egun batez Demostenes filosofo handi hura emazte haren aldetik iragaiten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen: eta galdegin zioen Lais berari, ea zenbana saltzen zen fruitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen, eskatu zeikan suma handi baten, gehiago bortz ehun ezkuturen baiño: handiari handiki. Demostenek aditu zuenean, ema-muthiriaren demanda, ihardetsi zioen, ez uste bezala: Ego poenitere non tanti emo (Plutarc. in Aphothe.). Eztut nik urrikitzea edo urrikia horrein garastia erosten. Erran baillio bezala: Badakit, andrea, ezen baldin nik orai iragan baneza zurekin neure aphetitu desordenatua, urriki lekidikedala berehala. Bada urrikitze hura, ondoko damu hura, eztut horrein kario erosten, eta ez hargatik hanbat diru emaiten. Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenek eman zuen hartan aditzera bekhatuari bethiere bere ondotik urrikia darraikala. Munduko plazer desordenatu hautan aphetitua hillez gero, asez gero, gozatuz gero, higuintzen da bianda, ethortzen da urrikia. Ezin erran diteke zein erhotua ibili zen Amnon, errege Daviten lehenbiziko semea, bere arreba Tamarren ondoan, zenbat pensu, gogoeta eta itzul-inguru egin zuen, haren erdiesteko. Baiña gero, erdietsi eta gozatu zuenean, hain gaizetsi zuen, ezen berehala, ikhusi ere nahi gabez, etxetik egotzi baitzuen.

        Errege Lisimakok, egartsua iaundurik, behin edateagatik, errendatu zenean, erran zuen, edan ondoan, edanaz urrikiturik, tristura handi batekin: O dii: quam parvae voluptatis causa, meipsum ex rege servum effeci (Plutarc. in Aphothe.). Ha Iainkoak: ala ni plazer aphurragatik, behingo ur hotz edateagatik, errege eta libre nintzena, muthil eta gathibu egin bainaiz. Hala erran ahal dezake bada haragiaren plazer aphur batengatik, deabruaren azpiko eta gathibu egiten denak ere. Ala ni, deus gutigatik, hunetara bainaiz, Iainkoarekin adiskide nintzena, etsaitu bainaiz.

 

§ 2

 

255 Haragiaren plazerak zein guti irauten duen gogoeta egitera: plazer haren erdiesteko, zenbat trabaillu, gau eta egun gaixto iragan behar den pensatzera: eta guztien gaiñetik, plazer eztheus hark, hasi deneko edo hasi gabe akhabatzen den hark, zenbat pena eta atsekabe emaiten duen: eta zein ondore gaixtoa bere ondotik utzten duen konsideratzera, eztut uste, lizatekeiela bat ere egiteko hartan sar litekeienik; ez behintzat adimenduan dagoenik, zentzua buruan duenik, zoro eta itsu eztenik.

        Eta hartan dabiltzanek berèk ere ezagutzen dute, ezagutzen, huts eginak doazilla, anhitz kalte handik errezibitzen dutela, bai konzientzian, bai ohorean, bai osasunan eta bai haziendan ere.

        Eta hala uste dut, ezen, eztela bat ere, bere desira iragan duenean, tristetzen eztenik, urrikitzen etzaikanik, eta bere baithan eztuela gehiago bihurtu behar, zerbait gogoeta egiten eztuenik. Zeren orduan bere berri hartan aphur bat hotztua dateke, ematua dateke. Ordea nola gero berriz bere leheneko aphetitura bihurtzen baita: hala bihurtzen da halaber, bere leheneko tokira, tornura eta lohira. Eta nola uli-farfailla, ezpaita, hegalak erra arteiño, kandelaren ingurunetik urruntzen, hala amurus itsutua ere, ezta, arima, gorputza eta hazienda honda arteiño zenzatzen.

        Eta hunen arrazoiña da, zeren hala dabillanak, ezpaitu abreak baiño gehiago, ethorkizunera behatzen: eta ez plazer hark zein ondore hotza eta atsekabetsua bere ondotik utzten duen behar bezala konsideratzen.

 

aurrekoa hurrengoa