www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA GEROTIK GERORA IBILTZEAZ GALTZEN DUGUN DENBORA

KAP. XII

 

101 Gerotik gerora zabiltza; urthe hunetan gaixto izanik, dathorkeienean onduko, eta prestutuko zarela diozu. Bada biz hala, zuk diozun bezala, eta gogoan darabillazun bezala, gertha dakizun, eta urthe hunetan gaixto, izanik, zure gero horretan, ethorkizunean prestu zaitezin. Hori horrela baliz ere, non da bataz, urthe, hunetan egin ahal zendukeien irabazia eta aitzinamendua? Zeren giristino onek, urthe batez anhitz obra on egiten dute, eta bai meritu ere erdiesten: giristino onak urthe batez, aitzinatzen dira, baiña zu nola aitzinatuko zaren ezen gibelatzen zara, anhitz bekhatu eta gaixtakeria egiten duzula. Eta berriz bertzea, non da halaber bitartean, urthe hunetan zure Gero horretara hel arterainokoan galtzen duzun denbora? Fili, conserva tempus (Eccli 4). Ene seme, begira ezazu denbora, dio Espiritu Sainduak. Aitzinean duzuiño, zakitza. Zeren behin ioanez gero, ezta bihurtzerik, eta ez erdiesterik.

        Fronte capillata est, et post occasio calva (Auson.) Okhasinoa kopetan, belarrean, aitzin aldean, illetsu da, eta xerlotsu, baiña garhaitean, garzetan, gibel aldean, motz, soil, garbal, karsoil, eta ille gabe. Aitzinean badu nondik lot, baiña ez gibelean. Beraz aitzinean duzuiño, probetxa zakitza. Zeren gibeleraz gero, eztu esku-tokirik, eta ez lotzeko girthainik. Bada okhasinoa bezala da denbora ere. Beraz hunelatan: Quodcumque potest facere manus tua instanter operare. Quia nec opus, nec ratio, nec sapientia, erit apud inferos quo tu properas (Eccl. 9). Orai, denbora aitzinean, duzuiño, egizu ahal dagizuna: eta orai ere, Instanter, fite, presenteon. Zeren iakin behar duzu ezen eztela gero, zuk ioan behar duzun lekhu hartan, arrazoin alegatzerik, eta ez iakintasunaz probetxatzerik izanen. Utzten baduzu, nola eztakizula, orai eskuen artean duzun denbora iragaitera, egin da, galdu da, ezta gehiago bihurtzerik. Hargatik erraiten du Iondone Paulok: Dum tempus habemus operemur bonum (Gal. 6). Denbora duguiño dagigun ongi.

102 Erran beza Aristotelek nahi duena denboraz («Tempus est numerus motus, secundum prius et posterius». Arist. 4 Physic.). Baiña gure kontuko, denbora da lehen, orai eta gero, gauzeen ibiltzea, iragaitea eta iragaitearekin batean higatzea eta akhabatzea. Denbora bethi doha. Neque quod futurum est meum neque quod fuit, dio Senekak (Senec. lib. 6 Natur. quaest.). Iragana, eta ethorkizuna eztira gure. Ioana ioan, ethorkizuna ethorkizun, presentekoa da gure, eta ez bertzerik.

        Eta presenteko haur, hain da guti ezen erraiten baitu San Tomasek: De tempore nihil est accipere in actu, nisi nunc (S. Thom. 1 p. q. 66 art. ad 4 et 5). Denboratik eztugu deus ere, orai bat baizen, iraute aphurra, pontutsu bat, eta ez gehiago. Egia da ordea, nola pontutsu hunek, orai hunek iuntatzen eta iosten bezala baititu elkharrekin iragana eta ethorkizuna, ioste hunek orhoitzen gaitu iraganaz eta ethorkizunaz ere esperantza emaiten. Eta halatan orhoitze hunekin, eta esperantza hunekin batean, iragana, eta ethorkizuna presentekoarekin lothurik, eta bat eginik, etzaiku presentekoa hain labur iduritzen. Zeren guztiak elkharrekin bezala, eta bat baillira bezala hartzen baititugu. Hala erraiten du Senekak: Longam illi facit vitam, omnium temporum in unum collatio (Senec. de brevitate vitae. cap. 13).

        Ordea den bezala, eta behar den bezala denboraren hartzera, edirenen dugu, deus guti dela, mehar dela eta labur. Presentekoa goza dezakegu, ethorkizunekoa desira, eta iragana lauda edo auhen eta deithora. Iraganak eztu erremediorik, hura ioan da: ethorkizunekoa eztakigu emanen zaikunz: presentekoa hain da guti, labur eta ez deus, ezen orai ere, bigarren hitza hasi dudaneko, iragan baitateke lehenbizikoa, eta lehenbizikoaren denbora.

103 Izatu da erran duenik denbora eztela deus, hartzaz orhoitzapenik eta pensatzerik eztenean. Eta halatan lo datzanari, etzaikala orduko denbora deus iduritzen, eztuela sentitzen, ezpailliz bezala iragaiten zaikala. Zeren orduan ezpaitu hartan pensatzen, eta ez gogorik edukitzen.

        Urarekin nahi nuke konparatu denbora. Zeren denborak eta urak elkharren idurika handi baitute. Ura bethi doha, bata bertzeari darraika. Iragana aitzina da, ethorkizunekoa gibela dago, eta aitzinekoak aitzinean guti irauten du. Eztu nehork iragan den uretik hartzen, eta ez ethortzeko dagoenetik ere: aitzinekotik, iragaitean, presentean denean behar da atrapatu. Hala da, bada, eta hala egin behar da denboraz ere, presentekoari lot zakitza, hari probetxa zakitza. Zeren bertzela, haize ona denean, bela egin gabe gelditzen den untzia bezala, geldi ahal zindezke zu ere.

104 Denboratik gauza aphurra, orai haur dugu, eta ez bertzerik. Ordea nork erranen du zenbat balio duen orai hunek? Iraute, iraupe, eta bitarte ttipi, aphur, labur hunek? Hanbat balio du, non baldin orai ifernuan dagoen bati, eman balekio hautatzera, ea zein lukeien nahiago bere eskuko, ala mundu haur guztior, bere on guztiekin, ala oren baten denbora, eta bitartea? Segur da ez oren baten denbora, baiña are begien goiti ailtxatxeko asko lukeien bitartea ere, lehen hauta lezakeiela, nahiago lukeiela, eta bai hobeago ere, mundu guztia baiño.

        Zeren denbora aphur hura, den aphurrena ere, ongi enplegatzen duela, asko bailluke anarteraiñoko falta guztien erremediatzeko, eta zeruko loriaren erdiesteko.

        Erraiten da, gauza bat preziatua dela, hartarik puska ttipia, bertzetarik handiak baiño gehiago balio duenean, eta halatan erraiten da gauza preziatua dela urrea. Beraz zinez da gauza preziatua, eta baliosa denbora. Zeren den gutiena, bihotzezko urrikimendu batekin, asko baita salbamenduaren egiteko. Eta ezpere galdegiozu, bere azken orenean, hain laburzki parabisua irabazi zuen ohoiñari, ea zer iduri zaikan denboraz? Ea gauza estimatzekoa, eta ezertan edukitzekoa denz? Eta hark, frogatuak bezala, erranen deratzu baietz, ezertan edukitzekoa dela, baliosa dela, eztuela munduan bere parerik.

105 Hain da gauza handia, eta aberatsa, orai eskuen artean dugun denboraren orai haur, ezen purgatorioetako penak, mundu hunetako pena guztiak elkharri iratxekirik baiño handiagoak direlarik, guztiarekin ere erraiten baitu doktor batek: Plus valet hic in patientia dies unus, quam in purgatorio annus (Lodolphus ex Saxonia 1 p. cap. 20). Gehiago balio du eta gehiago egiten du, orai hemen egun batez obra onetan enplegatzeak, gero purgatorioetan urthe batez penatzen egoiteak baiño. Oraiko egunak balioko du urthea. Hala emaiten du aditzera Ezekiel profetak: Diem pro anno dedi tibi (Ez. 4). Eman neratzun eguna urthetzat. Erran nahia du: eman deratzut, eta emaiten deratzut anhitz egun, hain aberatsik, baliosik, eta prezio handitakorik, non hetarik batek balio baitu, eta balioko baitu urthe bat. Zeren gero urthe batez egin ditekeiena eta eginen dena, egin baititeke orai egun batez. Eta arrazoiña. Zeren gero izanen eztena, orai baita merezitzeko eta ontasunean aitzinatzeko ahala, indarra eta libertatea. Eta halaber, zeren bi pena suerte baitira, bata da, poena inflicta (Vide Dion. Chartus. De iudicio animae cap. 15). Bertzek emaiten derakuna, bertzetarik heldu zaikuna, nola baita purgatorioetako pena, eritasun batetakoa.

        Bertzea da, poena assumpta, gerok geure borondatez hartzen duguna, nola baita egiten dugun penitenzia, barurtzea, orazinotan egoitea, erromerian ibiltzea. Eta pena hark, gerok geure borondatez hartzen dugunak, eramaiten dio aitzin aldea bertze penari, bertzek emaiten derakunari, pazientki errezibitua izanagatik ere. Zeren purgatorioetan dagoenak nahi luke handik libratu, eta bai eriak ere sendatu.

106 Baiña orai gerok geure borondatez egiten dugun penitenzia, eta hartzen dugun pena, alde guztiz da borondatezkoa, baliosa, eta Iainkoari eder zaikana. Eta halatan hunek eramaiten deraue purgatorioetako penari, eta eritasunekoari ere, urreak, bertze diru guztiei eramaiten derauen abantailla.

        Zeren Iainkoak behatzen badu ere iragaiten dugun penara, ordea areago behatzen du hartako borondatera. Beraz orai pena, orai barur, zilizioa har. Zeren oraiko pena ttipiak gerok libreki, geure borondatez hartzen dugunak, gehiago balioko du, purgatorioetako edo eritasuneko pena handiak baiño. Eta hala badirudi ezen purgatorioetan daudenek, eztutela deusez ere hanbat damu, eta atsekabe izanen, nola denboraren galduaz, gaizki enplegatuaz, eta bere buruen bere borondatez, aphur bat bedere, ez penatuaz. Arrazoiñekin erraiten du San Krisostomok: Neque intelligis omnia potius esse amittenda quam tempus; aurum amittis, potest recuperari; amissum tempur difficulter. (Chrys. Hom. 57 in cap. 9 Io. tom. 3). Eztuzu aditzen, bertze gauza guztiak lehen utzi behar direla galtzera, denbora baiño. Zeren urrea, eta zilharra kobera ditezke, galduagatik, baiña ez denbora.

 

§ 2

 

107 Nihil proetiosius tempore et heu nihil eo vilius invenitur, dio San Bernardok (Bernard. ad Scolast). Ezta munduan gauza preziatuagorik denbora baiño, ordea ai, ezta egungo egunean gauza eztheusagorik edireiten. Eztugu deusez ere hain kontu guti egiten, nola denboraz.

        Quem mihi dabis qui aliquod praetium tempori ponat, qui diem aestimet? Nor emanen derautazu —galdegiten du Senekak—, denborari prezio dioenik? Eguna merezi bezala estimatzen duenik? Fitsaren berdin, ez deusen pare dadukagu denbora. Badirudi trabatzen gaituela anhitzetan ere, ezpagendu nahi gendukeiela: ez iakinez zertan iragan gabiltzala. Oren batean garenean, bigarrenean bagina desiratzen dugula. Erran behar da aberats garela, munduan den gauzarik aberatsena eta baliosena, hain frankoki derabillagunean. Bada ala zuk eta nik ere, denboraren galtze hunetzaz, probetxu gabe iragaitera utzteaz, kontu hertsia eman beharko baitiogu Iainkoari.

        Hirur moldez erran ahal diteke galtzen dela denbora. Lehenbizikoa, bekhatu egiteaz eta bekhatutan egoiteaz. Bekhatu egiten hari zarela, eta eginez gero hetan zaudela, iragaiten zaitzun denbora, emazu galdutzat. Denbora hark eztu deus balio zuretzat. Aitzitik hartan zeure arima eta arimako on guztiak, eta komunzki gorputzekoak ere galtzeintutzu, ura behera bezala, egotzteintuzu. Denbora hura da denborarik galduena, eta galgarriena.

108 Bigarrena, galtzen da denbora, gogoeta erho, bano, deus balio eztuten batzuetan egoiteaz. Zerori bakharrik alfer, aise, egitekorik gabe, ongi iana eta hobeki edana zaudenean, eta guztiz ere ohean loz aserik, ardurarik gabe, zauntzanean, egiten duzu zeure baithan barrena, milla pensu eta gogoeta, milla dorre eta gaztelu. Egiten zara Aita Saindu, egiten zara Errege, aberatsten zara, egiten duzu anhitz balentia. Ethortzen zaitzu ioko eder bat, irabatzen duzu. Finean, erabiltzeintuzu zeure gogoan, hala balira nahi zendukeien gauza batzuk. Eta sekulan hala izanen ezpadira ere, eta eztirela izanen badakizu ere, guztiarekin ere, hala pensatzeaz beraz ere, gogoeta erho hetan egoiteaz, atsegin hartzen duzu. Eta bitartean eztuzu konsideratzen, zuk handik atheratzen duzun probetxua denboraren galtzea dela, eta ez bertzerik.

        Hirurgarrena, galtzen da denbora gorputzaren plazeretan ibiltzeaz. Erraiten duzu: dezagun denbora iragan, gaitezin ioka, gaitezin dantza eta dosta. Eta etzaitzu gogoratzen bitartean denbora galtzen duzula. Bada erraiten du San Bernardok: Omne tempus in quo de Deo non cogitas, hoc te computes perdidisse (Bernard. in medit. cap. 6). Iainkoa baithan pensatzen eztuzula, iragan zaitzun denbora guztia, egizu kontu galdu duzula. Hala erraiten du San Ieronimok ere: Omne tempus in quo meliorasse non senseris, aestima perdidisse (Hieron. ad Eusthoch.). Hobetu zarenz sentitu gabe eta zerbait ontasun egin gabe iragaiten zaitzun denbora, estima ezazu galdu duzula. Ezta asko gaizkirik ez egitea, ezta asko ez gaixtatzea, baiña ondu behar da, eta ongi egin behar da; ez aitzinatzea, gibelatzea da. Zeren bitartean bertze kalterik ezpada ere, denbora galtzen eta probetxatu gabe iragaiten baita.

109 Kontu egizu ezen orai ditutzula berrogoi urthe. Eta egizu halaber kontu eta gogoeta, zenbat ongi eta obra on egin ditutzun berrogoi urthe horietan. Eta edirenen duzu, baldin zinzinez, fintki eta debotki manaiatu eta enplegatu bazina, berrogoi urthe horietan egin ditutzun ongiak, ontasunak eta obra guztiak, egin zinituzkeiela urthe batez. Beraz hunelatan galduitutzu bertze urthe guztiak, berrogoietarik hogoi eta hemeretziak. Zer kontu emanen duzu bada urthe galdu hetzaz? Hitz alfer guztiez eman behar da kontu, zer izanen da bada hanbat denbora galduz eta alfer iraganez? Arrazoiñekin erraiten du Ieremias profetak Vocavit adversum me tempus (Thren. 1). Deitu zuen ene kontra denbora. Denborak berak, guk galtzen dugunak, akhusatzen gaitu, hura bera iaikitzen da gure kontra.

        Omnia mi Lucile aliena sunt, tempus autem nostrum est, dio Senekak (Senec. Epist. 1). Bertze gauza guztiak, bertzerenak dira, baiña ez denbora, hura gurea da.

        Orai eskuen artean dugun denbora, prestatzen deraku geure Iaungoikoak, utzten deraku geure eskuko. Eta nahi du probetxa gakitzan, obra onetan enplega dezagun, eta hala enplegaturik ere, eskatuko zaiku kontu: baldin meza enzun badugu, ea ongi eta hartan pensatzen dugula, enzun dugunz. Baldin barurtu bagara, orazinotan egon bagara, probeari erremusina eman badiogu (hauk obra onak baitira), hautzaz guztioz eskatuko zaiku kontu, edergaillu, munduagatik, ala Iainkoagatik eta intenzione onez, banaloriarik gabe egin ditugunz. Hala erraiten du profeta Davitek Iainkoaren partez mintzo dela: Cum accepero tempus, ego iustitias iudicabo (Ps. 74). Denbora neuregana dezadanean, heriotzeko orenean, hain herstuki eskatuko naiz kontu, non obra onak ere, ea ongi, iustuki eta behar bezala eginak direnz, examinatuko eta iulgatuko baititut. Obra onak ere baldin ongi, eta intenzione onez eginak ezpadira, gaixtotzat emanik kondenatukoitu Iainkoak.

 

§ 3

 

110 Baldin presenteko denbora haur, orai eskuen artean duguna, enplegatzen ezpadugu ongi, peril da edeki dakigun ethorkizunekoa. Eta alabaiña haur da gure erhokeria edo itsutasuna, uste baitugu geure lehenekoa gaizki enplegatu guztiarekin ere, aitzinerat ere orobat emanen zaikula denbora. Baldin merkatari batek eman baliazo bere semeari diru suma bat bere eskuko, manaia lezan, enplega lezan, tratuan eta merkatalgoan erabil lezan. Eta halatan, tratua ikhasirik, berak bere buruz zerbait irabaz lezan. Ordea, baldin seme hark bere aitaren eman hek guztiak, iokoan, ian edanean eta arloterian gasta balitza, arrazoiñekin lizateke seme hura beldur, ez liazon bere aitak aitzinarat gehiago eman eta ez fida. Eta are lehen emanak ere edeki liatzon. Hala bada, arrazoiñekin izanen gara gu ere beldur edeki diazagun geure Iaungoikoak ethorkizuneko denbora, iragana hain gaizki enplegatu dugunaz geroztik. Hala Noeren denboran ehun eta hogoi urthe bizitzeko prometatuz gero, edeki zerauzten azkeneko hogoiak, zeren leheneko ehunak gaizki enplegatu baitzituzten. Haur emaiten du aditzera Errege Davitek ere erraiten duenean: Viri sanguinum et dolosi non dimidiabunt dies suos (Ps. 54,24). Gizon gaixto, odol-isurle, gerlati, maliziati, eta enganatiek eztituzte bere egunak erdizkatuko, eztira halakoak bertzela biziko zirenaren erdia biziko.

111 Batzuek bere gazte denboran, odola bero dutenean, bizitzen dira Iainkorik, heriotzerik, edo kontu errendatzerik ezpailliz bezala, libertate handian, milla bekhatu, malizia, eta enganamendu egiten dutela: gorputzari ahal bezanbat plazer emaiten diotela. Baiña gero, zahartzean, odola hotzten hasten zaienean, hasten dira halaber ethorkizunaz orhoitzen, hil behar dutela, eta hil ondoan kontu errendatu behar dutela ohartzen eta pensatzen. Eta handik harat, hala bere buruei ohartuz gero, itzultzen dute plama eta orria bertze aldera: eta lehen gaixto bezain egiten dira gero on eta prestu. Halakoek, dimidiant dies suos, bere egunak erdizkatzeintuzte, bi erdi egiteintuzte. Zeren erdi bata, gaztetasuna, gaizki enplegatu bazuten ere, bertze erdia, zahartzea, ongi akhabatu baitzuten. Eta haur da azkenekotz ongi erdizkatzea, gaixtoa utzirik, onaren hartzea, Iondone Paulo batek bezala egitea.

        Baiña berriz bertze batzuk gazten dira on, prestu eta debozinotsu, eta zahartzean gaixto, eta maliziatsu. Hastean on, eta akhabatzean gaixto, Iudas izan zen bezala. Halakoek, dimidiant dies suos, erdizkatzeintuzte bere egunak, bi erdi egiteintuzte, zeren zahartzean gaixto badira ere, gaztean on izan baitziren. Ordea hura da gaizki eta gaixtoki egunen erdizkatzea, zeren onetik gaixtora aldatzen baitira. Eta hanbatik hanbatean gaixtoago eta perilosago da zahartzean gaixto izatea, gaztean baiño.

112 Baiña finean berriz bertze batzuek: Non dimidiant dies suos. Eztituzte

nehoiz ere erdizkatzen bere egunak. Zeren hala zahartzean nola gaztean, arront baitira bat, bethi ere baitira maliziaz, eta gaixtakeriaz orobat. Eta halako hek ikhusten dutenean bere egunak laburtu hurran zaiztela, heriotzera hurbiltzen direla, kontu eman behar dutela: orduan, pagatzaille gaixtoek egiten dutena, eskatuko dira ephe eta luzamendu gehiago. In die redditionis postulabit tempus (Eccli. 29). Ordea nola iraganaz kontu xarra eman baitukete, eztira enzunak izanen: etzaie heken promesei sinhesterik emanen, ezta heken erranetan nehor gehiago fidatuko. Hala erran zuen Aingiruak ere, gaiñekoaz zin egiñik, etzela izanen gehiago denborarik, akhabatuko zirela geroko gero guztiak. Iuravit per viventem in saecula, quia non erit tempus (Ap. 10).

        Egin ahal dezakegu nahi bezanbat, edo ahal bezanbat enseiu, eta itzul-inguru, baiña azkenean ere, ezin ihesik daidikegun denborara eta pontura herstu eta bildu beharko dugu. Hala kontatzen du San Gregoriok, ezen Krisaorio zeritzan gizon gaixto batek, bere azken orenera zenean, munduan egin ahal zitzan othoitz guztiak eginagatik, ezin erdietsi zuela, biharamuneko luzamendua. Coepit magnis vocibus clamare, inducias vel usque mane, inducias vel usque mane: sed cum clamaret, in istis suis vocibus, de habitaculo suae carnis evulsus est (Greg. hom. 12 super Evang. et lib. 4 dialog. cap. 38). Herstu zenean, nahi zukeien aphur bat luzatu, nahi zukeien biharamun arteraiñoko denbora irabazi: anhitz hitz eder ahotik athera zuen, anhitz othoitz eta oihu egin zuen: anhitzetan egun baten tregoaren, ephearen eta espatioaren eskatu zen. Baiña guztiak alferrik. Oihuz, eta othoitzez zegoela, bere egunak akhabatu zeitzan, arimak egin zeraukan, eta sekulakotz kondenatu zen.

 

§ 4

 

113 Beraz hunelatan, bat ere sentimendurik badugu, eztugu gerotik gerora ibili behar; eztugu aitzinerat gehiago denborarik galdu behar. Aitzitik lehen galdu duguna, behar dugu orai koberatu, eta erremediatu. Ordea nola edo zer moldez erremedia ahal diteke eta kobera? Zeren ioana ioan da, ezta haren bihurtzerik, eta ez eskuetaratzerik. Ihardesten du San Gregoriok hitz gutiz eta laburzki: Tempus redimimus, quando ante actam vitam, quam lasciviendo perdidimus, flendo reparamus (Greg. lib. Moral. cap. 28). Denbora iragana reskatatzen, eta geuretakotzen dugu noiz eta bizitze gaixto iragana, irriz eta plazerez galdu genduena, nigarrez eta desplazerez koberatzen eta erreparatzen baitugu. Erran nahi du: denbora iragana, gaizki enplegatu genduena, eskuetarik ioan zeikuna, erdietsten dugu, orduko plazeren ordain, orai desplazer dobleak hartzen ditugunean. Orduan egin behar ginituen ongiak, eta orai egin behar ditugunak, orai egiten ditugunean. Haur da San Tomasek ere satisfazioneaz mintzo dela erraiten duena: Quamvis homo non possit tempus praeteritum recuperare, potest tamen recompensare illud quod in praeterito fecisse debuisset (S. Thom. in addit. q. 15 art. 1 ad 4). Gizonak denbora iragana ezin kobera badezake ere, eta ez bihur, ordea erremedia dezake, iraganeko falta, iraganean egin behar zuen ongia, egiten duela ethorkizunean. Baldin iraganean meza bat enzun behar bazenduen, eta ez hura enzun, kofesa hartako bekhatua, eta gero ethorkizunean dobla, enzun bia. Baldin iraganean egun batez barurtu behar bazenduen, eta ez barurtu: lehenik kofesa hartako bekhatua eta gero ethorkizunean dobla, barur bi egunez. Halatan denbora iragan gaizki enplegatua egin ahal ditekeien moldean reskatatzen, koberatzen eta erremediatzen da.

114 Bi orenen bidea iragaiteko duzunean, eta oren hetarik bata, alferkerian, ian edanean, eta arloterian iragan duzunean, zer erremedio zeure bidearen mugaz, eta ilhundu gabe erdiesteko? Gerthatu zaitzun faltaren estaltzeko? Zer? Gelditzen zaitzun oren hartan, hain zinez, eta laxter abiatzen zara, non bi orenen bidea, batez egiten baituzu, eta halatan erremediatzen eta estaltzen zeure leheneko falta eta alferkeria. Bada molde hunetan berean guk geure denbora, hunerainokoan alferkerian eta gaixtakerian gaizki enplegatu duguna, orai ontasunean doblatuz eta laster eginez behar dugu koberatu eta erdietsi. Hala erraiten da ardiak ere arratsaldean, fitetzago ianez, bere goizeko guti iana erdiesten duela. Halatan mahastiaren iabeak ere, arratsaldean trabaillatzen hasi zirenei eman zerauen hanbat iornal eta alokairo, nola goizetik trabaillatu zirenei. Zeren arratsaldean hasi zirenak, hain zinez eta gogotik harizan ziren, non hek denbora gutiz, bertzek anhitzez bezanbat egin baitzuten.

        Bada haur beror egin behar dugu guk ere orai arratsaldeon, zahartzeon, geure egunon akhabatzeon. Orai baitakusagu ezen ia adinaren arauz, heriotzeko portura hurbiltzen garela, hemengoaz, egin hurran dugula. Orai bada, orai behar dugu permatu; orai behar derauegu eskuei eragin. Orai nori berea errenda, orai etsaigoatik iltki. Orai ethorkizunean pensa. Orai zinzinez, bihotzezko urrikimendu batekin, eta gehiago ez egiteko borondatearekin, aitzinetik konzientzia ongi iratiorik, eta examinaturik, osoki, eta egiazki kofesa: kofesatu ondoan, leheneko okhasinoetarik aparta, ez gehiago hetara, eta ez bertze halakoetara itzul. Halatan denbora iragana, hain gauza handia eta baliosa, gerotik gerora ibiltzeaz galdu duguna, erremedia ahal ditekeien moldean, erremediatuko, koberatuko eta erdietsiko dugu.

 

aurrekoa hurrengoa