www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA IFERNUKO PENEN KONSIDERATZEAK, BEHAR DITUEN, GEROTIK GERORA IBILTZEKO LUZAMENDUAK LABURTU

KAP. LVI

 

365 Nola Iainkoak erakutsi baitzuen bere botherea, munduaren kreatzean: iakindasuna gobernatzean: eta miserikordia erremediatzean: hala erakutsi du, erakusten du, eta erakutsiko du bere iustizia ere, gaztigatzean. Zeren baldin ezpada arrazoin, geldi dadin berthutea pagamendu gabe; ezta arrazoin iragan dadin bekhatua ere, gaztigu gabe. Hain ongi dagoka gaixtoari ifernua, nola onari parabisua.

        Anitz, eta handiak dira (orainokoan ere aditzera eman den bezala) gure gero hunek, luzamendutan ibiltzeak, egiten dituen damuak, eta kalteak. Baiña damu guztien gaineko damua, kalterik handiena, galgarriena, eta bertze guztiak xitzen, iragaiten, eta ahantz arazitzen dituena da, egotzten baitu fingabeko gerora, hondar gabeko lezera, sekulako penetara.

        Etsaigoan zaude; amorantearekin zaude; bertzeren ona goraturik zaude. Zein baitira hirur bekhatu suerte perilosak. Eta benturaz baduzu, bekhatu horietarik ilkitzeke gogo, eta borondate. Ordea noiz? Ez orai, ez egun, bihar, gero. Eta bethi gero, bethi bihar: horrela zaudela, eritasunak har, heriotzea ethor, eta ifernura ioan.

        Bada nik ezin ediren dezaket erremedio hobeagorik, atriaka finagorik, eta ez medizina seguragorik gero hunen orai, orai-ratzeko, sendatzeko, eta erremediatzeko: gero hunek beronek egiten dituen kaltén konsideratzea baiño. Oraren autsikia, oraren beraren illeak behar du sendatu: ifernuko sua, ifernuko suak behar du iraungi. Ezta halako erremediorik, ez gero ifernuratzeko, nola orai ifernuratzea. Gero ifernura ioan nahi eztuenak, orai behar du ioan ifernura. Orai behar ditu hango penak hemen, hara gabe konsideratu, gogoan erabili, eta halatan handik ihes egin, itzuri, eta eskapatu.

366 Erran komuna da, ezpatak ezpata sar arazitzen duela maginan. Amorioz, eta onez onetara, ongirik egin nahi eztuenari, bortxaz, eta gaztiguaren beldurrez eragin behar zaika. Ohoiña zerk gibelatzen du, gibelatzen denean, ebastetik? Ez ahalkeak, ez nehorengana dadukan amorioak. Zerk bada? Beldurrak. Hala Iainkoaganako amorioak, bekhatu egitetik, gibelatzenba eztuena ere, ifernuko penen beldurrak gibelatu behar du.

        Eta haur da egundaiñoz gero, gure Iainkoak, bekhatore bihotz gogorrari, bere gogortasunaren hautsteko, eta beratzeko, ediren duen erremedio handietarik bat: mahatxatzea, erraitea, eta gogora ekhartzea, begira duela, gaztigu paregabe bat, pena handi izigarri bat harentzat prestatua, eta ordenatua dagoela.

        Halatan Iondone Ioannes Baptistak, ziakienak bezala, egin zuen pontu hunetzaz, ifernuko penez, bere lehenbiziko predikua, erraiten zuela: Facite fructus dignos poenitentiae. Iam enim securis ad radicem arboris posita est. Omnis arbor quae non facit fructum bonum, excidetur, et in ignem mittetur. Begirautzue, egizue penitenzia, eta egizue, egin ditutzuen bekhatuen arauaz. Fructus dignos poenitentiae. (Lc. 3). Bekhatu handiakgatik penitenzia handia. Zeren iakin behar duzue ezen haizkora, zuhaitzaren erroari kheinatua dagokala, eta fruiturik iasaiten eztuena, ebakia izanen dela, eta sura egotzia. Haur da Iondone Ioannes Baptistaren lehenbiziko predikua. Haur da ethorri zenean, berekin ekharri zuen berria. Eta berri hunekin, hunelako gaztigua, ifernuko sua, gaixtoentzat ordenatua zegoela enzutearekin, hain izitu, eta ikharatu ziren, ezen presenteko guztiak, are ziren gaixtoenak ere, ethorri baitzeitzan galdegitera: Quad faciemus? Zer eginen dugu bada? Zer izanen da gutzaz? Nola edo zer moldez eskapatuko gara, zuk diozun pena handi hetarik, ifernuko sutik? Bada Iondone Ioannes Baptistak, predikari handi hark, orduan iende hei erraiten zerauena, erraiten deratzuegu guk ere orai zuei. Egia da, ez hark bezalako saindutasunarekin, eta ez fintasunarekin, bai ordea hark erraiten zerauen egia bera.

367 Zeren hark predikatzen zuen legea, fedea, eta Iainkoa predikatzen, eta eskiribatzen dugu guk ere: ezta hunetan diferentziarik. Erraiten deratzuegu guk ere hark bezala; begira duzuela, haizkora zuhaitzaren ondoari kheinatua dagokala; heriotzearen sega, onen, eta gaixtoen arrontatzeko, haiotza zorrotztua, eta prestatua dagoela. Eta bihia, onak, zeruko bihitegian ailtxatuko direla: eta lastoa, gaixtoak, ifernuko labean. Sekula fingabekotzat, sua datxetela egonen direla.

        Haur da egia: eta hauk dira, geure Iaungoikoak aitzinetik, egiten derauzkigun mehatxuak, kheinadurak, eta bere predikariez emaiten derauzkigun abisuak, haukin batean, izi gaitezin, ikhara gaitezin, eta ikharaturik, gero eginen dugula diogun ontasuna, presenteon dagigun amoreakgatik.

 

§ 1

 

368 Egia da zeruko loriaren esperantzak, hango plazer handi heken konsideratzeak, alegeratzen du giristinoa, eta bai prestuki bizitzeko desira batekin ere ibentzen. Baiña komunzki, hobeki ukitzen du bat bedera, ifernuko penén beldurtasunak, zeruko loriaren esperantzak baiño.

        Ezkaitu pagamenduak, eta pagamenduaren esperantzak, hala aitzinatzen, eta alegeratzen, nola gibelatzen, eta tristetzen baikaitu, gaztiguak, eta gaztiguaren beldurtasunak. Hunen arauaz erraiten du San Krisostomok: Regni non ita recordemur ut Gehennae. Timor enim promissione potentior est (Chrys. Hom. 2 in epist. Paul. ad Thes. 2 cap. 1 Tom. 4). Orhoitu behar dugu parabisuaz, eta hango plazer handiez: baiña areago, ifernuaz eta hango pena izigarriez. Zeren nola osasunak baiño, eritasunak hobeki gogoeta eragiten baiteraku, eta bai ethorkizunean ere pensa arazitzen: hala ifernuko eritasunak ere, hango doloren konsideratzeak, hobeki ukitzen gaitu, eta aitzin-gibel beha araziten deraku, parabisuko plazeretan, plazerki, pensatzen egoiteak baiño.

        Eta haur ezta miretsteko. Zeren handiak, bortitzak, eta izigarriak baitira ifernuko pena hek. Hetzaz erran ahal diteke bere moldean, Iondone Paulok zeruko loriaz erran zuena: Eztu egundaiño nehork ikhusi, ez enzun, eta ez gogoan iragan, nolakoak izanen diren. Nola onei emanen zaien pagamendua izanen baita abantaillatua, guztien gaiñekoa: hala gaixtoek izanen duten gaztigua, eta pena ere, izanen da paregabea, alde guztiz handia: hain handia, ezen nola ezpaita izanen atseginik, eta ez plazerik, salbatzen den batek gozatuko eztuenik; hala ezta edirenen penarik, eta ez atsekaberik kondenatu batek pairatu beharko eztuenik. Onek, on guztiak, gaixtoek, gaitz guztiak. Onak bethi ongi, gaixtoak bethi gaizki.

        Eta egiteko huni bere zimendutik, eta erroetarik lotzeko: eta halaber iakiteko zer pena, eta nolakoak izanen diren ifernuko pena hek: eta zergatik erraiten den, hek direla pena guztien gaineko penak, har dezagun geure aitzindari San Tomas, Doktor handi hura, zeren harekin batean izanen gara ongi kidatuak, eta mintzatuko gara behar den bezala.

 

§ 2

 

369 Erraiten du San Tomasek: Poenae damnatorum in duo genera dividuntur, quae sunt poena damni et poena sensus. Poena damni respondet aversioni à Deo, et poena sensus conversioni ad creaturam (S. Thom. 1. 2 q. 8. art. in corp. & 2-2 q. 79. art. 4 ad 4). Erran nahi du: Presuna batek egiten duenean bekhatu mortal bat, bi gauza egiteintu. Lehenbizikoa, utzten du bere kreatzaillea: eta bigarrena, hartzen du kreatura: eta harturik , haren baithan ibentzen du bere gogoa. Gibelaz itzultzen zaika Iainkoari eta begitarteaz kreaturari. Eta nola bi gauza egiten baititu, halatan ditu merezi ere bi pena eta gaztigu. Lehenbizikoa, merezi du utz dezan Iainkoak, egotz dezan bere konpaiñiatik, eztezan sekulan haren bekhokirik eta bisaiarik ikhus: utz dezan utz zaillea. Eta pena haur deitzen du San Tomasek: Poena damni, id est: Carentia divinae visionis, carentia divinae praesentiae. Iainkoaren ez ikhustea, haren konpaiñiatik eta loriatik sekulakotzat kanpoan eta etsaigoan, desterraturik egoitea.

        Eta haur da ifernuan dagoenak iragaiten duen penarik handiena, eta malenkoniarik, malenkoniagarriena. Zeren nola parabisuan dagoenari, Iainkoaren ikhustetik eta haren konpaiñian egoitetik ethortzen baitzaitza ontasun guztiak: hala ifernuan dagoenari ere, Iainkoaz gabeturik, eta haren begi bistatik, eta konpaiñiatik desteterratua egoitetik, heldu zaitza dituen kalte guztiak.

        Gauza bat galtzen duzunean, damu hartzen duzu. Eta zenbatenaz eta galtzen duzun gauza hura baita hobeago, handiago eta baliosago, hanbatenaz hartzen duzu damuago, hanbatenaz sentitzenago duzu. Beraz zinez eta arrazoiñekin sentituko duzu, eta damu hartuko, Iainkoa bera, den gauzarik hoberena, handiena, baliosena eta zuk beharren zenduena, galtzen duzunean. Kalte handia da begietako bistaz, osasunaz eta azienda guztiaz gabetzea: beraz zinez izanen da kalte handia, Iainkoaz beraz gabeturik iartzea.

370 Erregeren lehenbiziko semeak, zuzenez eta ethorkiz Erresuma guztiko iaun eta Errege heldu denak, damu har lezake, Erregetzat koroatu eta errezibitu behar duten egunean, egotz balezate desterraturik Erresuma guztitik kanporat: zer damu, zer despit eta atsekabe errezibituko du beraz giristinoak ere, zeruko Erresumako heredero eta partale heldu zenak, Erresuma hartan sarthu uste zuen egunean, athea hersten diotela eta kanporat egotzten dutela dakusanean?

        Presuna bati zeure behar orduan, premia premiazkoan, gauza baten eskatzen zatzaitzanean, damu hartzen duzu, baldin duela dakizularik, hutsik egotzten bazaitu, ezetz erraiten baderatzu. Bada zeure azken finean, heriotzeko orenean, behar ordu guztien gaiñeko behar orduan, zer damu, zer bihotz ukhaldi errezibituko duzu! Zer pena eta atsekabe sentituko duzu, Iainkoak hutsik, behar duzuna gabe, kanporat egotz zaitzanean? Nescio vos. Etzaituela ezagutzen, berandu duzula, erremediorik erran diazazunean? Eta hunela erranik, athea herts diazazunean? Badirudi, hunetan pensatzeak berak ere, sekulakotzat musut-huts gelditu behar duela ikhusteak, nehori buruko illeak latzten derautzala. Arrazoiñekin erraiten du San Krisostomok: Multi hominum Gehennam tantum formidant, ego autem gloriae illius amissionem Gehenna multo amariorem esse dico (Chrys. Hom. 47 ad pop. Antioch.). Batzuk ifernuaren dira beldur eta ez bertzeren: baiña niri guztien gaiñetik, zeruko loriaren galtzea iduritzen zait dela garratz eta izigarri, gehienik ni harentzat naiz beldur.

371 Hunetarik aditzen da Profeta Daviten erran bat: Pluet, super eos ignis, et sulphur et spiritus procellarum pars calicis eorum (Ps. 10). Su, zufre, tormenta eta bertzerik anhitz pena emanen deraue Iainkoak kondenatuei.

        Baiña hek guztiak: Pars calicis eorum. Eztira parte bat baizen izanen, eta parterik ttipiena. Zeren guztietako handiena izanen da, zeruko loriatik, Iainkoaren begi bistatik, eta konpaiñiatik, sekulakotzat kanpoan egoitea.

        Hemen erranen du zenbaitek: Linboan dauden haurrek, bathaiatu gabe hiltzen direnek, eztute Iainkoaren begitartea ikhusten, eta ez ikhusiko ere: bethi daude, eta egonen dira, zeruko loriatik desterratuak. Eta guztiarekin ere, Doktoren errana da, eztutela hek penarik izaiten, eta ez tristurarik errezibitzen, eta ez errezibituko ere. Nolatan diogu beraz ezen Iainkoaren ez ikhustea, haren konpaiñiatik kanpoan egoitea, dela pena guztien gaiñeko pena? Ezta gaitz ihardesten. Zeren nola linboko haurrak ezpaitaude han bere faltaz eta ez bere bekhatuakgatik, eztu nahi Iainkoak duten hek hargatik tristuratik, penarik, eta ez atsekaberik. Baiña ifernuan daudenak, nola bere faltaz, maliziaz eta bere presunaz libreki egin zituzten bekhatuakgatik, baitaude Iainkoaren konpaiñiatik kanpoan, hargatik, eta Iainkoak ere hala ordenaturik, dute tristura paregabe bat, eta atsekabe guztien gaiñeko atsekabe bat.

        Eta haur da bekhatuaren lehenbiziko pena eta gaztigua bekhatoreak izanen duena: Iainkoaren ez ikhustea, haren konpaiñiatik eta adiskidetasunetik sekulakotzat kanpoan gelditzea.

 

aurrekoa hurrengoa