www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO, LEHENEN GAIÑERAKO ERREMEDIOAK

KAP. XLIV

 

268 Nola haragiaren bekhatuan erori nahi eztuenak eduki behar baitu kontu, lehenbiziko bi zensuez, bistaz eta gustuaz, begiez eta ahoaz: hala eduki behar du kontu, gaiñerako bertze zensu guztiez ere. Eduki behar du kontu enzuteaz, beharriez. Zeren anhitz gauza enzuten da, hobe baillizateke, ez enzutea. Nehor emaztèz edo emaztètako gauzaz mintzo denean, ez ernaturik egon, herts beharriak, itzul burua bertze alderat: ahalik eta gutiena halako solhasik enzun, ez hetan atseginik har. Zeren San Isidorok dioen bezala: Facile agitur quod libentur auditur (Isidor. lib. Soliloq). Erraxki egiten da, gogotik enzuten dena.

        Bada kastitatea begiratu nahi duenak, eztu dantzatu ere behar, eta ez soiñuak diren lekhura ioan. Lehenago ientilen artean, eta denboran, desohore zen dantzatzea: eta hala etzen iende ohorezkorik, eta kontuzkorik dantzètan edireiten. Zizeronen errana da: Nemo fere sobrius saltat (Cicer. pro Murena). Nehor guti dantzatzen da edana eztenean, adimenduan dagoenean.

        Iende gazte arinen, zenzuz baiño zangoz fidago direnen ofizioa da dantza. Dantzan ezta okhasino gaixtorik baizen. Hain ahalkea galtzen da; ezagutzatan sartzen da: solhastatzen da, trebatzen da, eskuztatzen da, mandatua egiten da, eta azkenean behar eztena sortzen da.

        Erran behar da, gauza gaixtoa eta okhasinotsua dela dantza, hartzaz dioenean San Agustinek: Melius est in diebus dominicis arare vel fodere quam choreas ducere (August. de decem chordis). Hobe da eta bekhatu gutiago da igande egunetan golde nabarretan eta lur lanetan trabaillatzea, ezen ez dantzan haritzea. Eta haur erraiten du hunela, ez zeren dantzatzea bera hain gauza gaixtoa den, baiña zeren dantzatik anhitz okhasino behar eztenik sortzen den.

 

§ 1

 

269 Bada begiratu behar da usnaren portalea ere, eduki behar da kontu sudurrez ere. Zeren zar diteke handik ere behar eztena. Ezta musketaz, balsamoz eta halako bertze usain onez usainzturik ibili behar. Zeren hala ibiltzeak eztu usain ona. Eta halatan manatu zuen Solonek, etzezala nehork usain merkatalgoatan trata. Zenon filosofoak etzuen ikhusi ere nahi halako usainik zuenik. Eta hala egun batez bere konpaiñiako bati usaiña aditurik, eta bere baithan haserreturik, galdegin zuen: Quis hic mulierem olet? Nork du hemen emazte urrina? (Diog. Laert. 1. 7 in vita Zen.) Bidegabe handia egiten derauka bere buruari, emazteki bat bezala, urrintztaturik, eta usain onez betherik dabillan gizonak.

        Zeren halakoak usain ona emaiteagatik, emaiten baitio bere buruari fama gaixtoa. Badira gauza batzuk ikhusi gabe, sudurraz beraz, urrinaz usnatzen eta iakiten baitira, non diren eta zer diren: hala bethi usain onez betherik dabiltzanak ere, usnatzen dira eta ikhusi gabe ikhusten, nolakoak, zer azturatakoak eta zertsu diren. Halatan Marzial poetak erran zeraukan egun batez Postumo bere adiskideari: Hoc mihi suspectum est, quod oles bene, Postume, semper. Postume, non bene olet, qui semper bene olet (Martial. lib. 2 Epig. 12). Gogan behar gaixtoa emaiten deraut, Postumo, zure bethi usain onez betherik ibiltzeak. Zeren eztu usain ona, bethi usain ona duenak.

        Usainik hoberena, bat ere usainik ez izaitea da. Hala erraiten du Zizeronek emaztez mintzo dela: Ideo bene olent, quia nihil olent (Cicero ad Atticum lib. 2). Usainik eztutenean dute usain ona: eta zeren ezpaitute usainik, hargatik dute usain ona. Balsamo, anbar, musketa, eta halako bertze usain onak, iendèn enganatzeko, beregana erakartzeko, bere buruez mintza arazitzeko, eta haragiaren bekhatuan eroriak dauntzala usnatzeko, eta gogan behartzeko bideak eta seiñaleak dira. Edo bai zeren benturaz zenbait usain gaixto eta khirats baitute bere gorputzean, haren estaltzeko eta ezeztatzeko hartuak eta pensatuak.

 

§ 2

 

270 Eztu deus balio usain onez betherik ibiltzeak, eta are gutiago berari dagokan baiño soiñeko arropa ederragoak erabiltzeak. Zeren hek guztiak dira banaloriak, desordenuak, eta desonhestkeriaren seiñaleak.

        Amictus corporis et risus dentium et incessus hominis enuntiant de illo (Eccl. 19, 27). Soiñeko arropetan, irrian eta ibiltzean da ezagun nolakoa eta zertako den bat bedera. Nola khea den lekhuan ageri baita badela sua, hala sosegurik gabe, hortzak hirriturik, bethi irriz egoitean eta banoki beztiturik ibiltzean, da halaber ezagun eta ageri han dela ergelkeria franko, eta adimendua eskas. Habentes alimenta, et quibus tegamur, his contenti sumus, dio Iondone Paulok (1 Thim. 6). Dugunean zertaz gosea hil eta larrua estal, asko esten dugu. Eztugu ian-edanean eta beztimendetan soberaniarik galdegiten: doiaz elikatzen, iragaiten eta kontentatzen gara. Zenbait granoz arin delako seiñalea da, bertzeak ez bezala, edo dagokan baiño ederkiago beztiturik ibiltzea: eta beztidura hek soiñean dituenean bere buruari kontentez beha egoitea. Halako bati erran zioen egun batez sekeretuan beharrira Demonakte zeritzan filosofo batek: Heus tu, hoc ante te ovis ferebat (Lucanus in vita Demonac.) Hola, adiskidea, orai zuk soiñean darabiltzatzun arropa horiek, zuk baiño lehen erabili zituen bere bizkarrean ardiak, zeren haren illeaz eginak baitira. Eztuzu beraz horietzaz zer loriaturik. Eta bertzela ere, zeren beztidurak bekhatuaren estalgarriak bezala, eta bekhatu egin dugulako seiñaleak baitira, ederki erraiten du San Tomasek pontu hunen gaiñean: Qui gloriatur de veste similis est furi glorianti de cautero; quia propter peccatum Adae usus vestium introductus est (S. Thom. de regimine princip. lib. 5 cap. 59)

        Nahi duzu iakin, bere soiñeko arropez prezatzen eta loriatzen dena nola den? Azotatu ondoan justiziak sorbaldan, burdin goriaz emaiten dioen markaz eta zigilluaz prezatzen den ohoiña bezala. Marka hura, bere gaixtakeriakgatik emaiten zaika ohoiñari, eta bai guri ere beztimenda, gure eta Adan gure lehenbiziko Aitaren bekhatuagatik. Bekhaturik izan ezpaliz, etzen beharko beztimendarik: eztugu beraz hetzaz zer banaloriaturik.

        Bat bederak behar du bere estatuaren arauaz, nola baitagoka, hala beztitu eta ez gehiago. Zeren gehiagokoaz, desohoratzenago du bere burua, ohoratzen baiño. Errege bezti bedi oihalik hoberenaz; aitonen semea erdikoaz, eta nekhazalea, arronteraz. Zeren gaiñerako guztiak dira banaloriak, desordenuak, bekhatu egiteko eta eragiteko bideak, eta kastitatearen galgarriak.

 

§ 3

 

271 Baiña guztien gaiñetik borzgarren zensu korporalari, zein baita tactus, ukitzea, eskuztatzea eta hazkatzea, eduki behar zaika begia. Zeren hura da ohoiñen kapitaina: ijtoen kondea, bertzeren ebatsietan ere parte duena. Ikhusteaz, minzatzeaz, enzuteaz, eta usnatzeaz egiten da bekhatu, ez ordea ukitzeaz bezala. Bertze zensuek urruititik, baiña ukitzeak hurbilletik akometatzen du. Begiek, mihiak eta bertze zensuek eraikitzen dute ihizia, baiña ukitzeak atzemaiten du. Gaixtoeneko pontuan, desonheski bekhatuagatik, eta minzatuagatik ere, aitzinago iragaiten ezpada, ezta obrarik bedere: baiña ukituz gero, akhabatu da iokoa, egin da kolpea. Desonheski behatzea, eritzeko seiñalea da, baiña ukitzea hiltzekoa. Oraino solhastatzeaz, eta behatzeaz beraz ere, kilikatzen da, orhoitzen da. Zer izanen da bada, ukitzera, eta musu besarkètara dadinean? Urruititik ere berotzen du suak, zer eginen da bada hurbil dadinean? Gaizki doha iztupaz, suak utki dezanean. Bertze ioko guztiak ametsetakoak bezala dira; utkitzea da, iratzarririkakoa, fina eta segura. Gatzak, urez egina delarik, eztu ura baiño etsai handiagorik: ez eta haragiak ere haragiz delarik, haragia baiño galgarriagorik. Batak eta bertzeak ere asko dute elkharren ukitzea. Beraz aparta, ez hurbil, ez utki. Zeren nola ukitzeak pitzten baitu sua, hala ez ukitzeak, hastantzeak eta aldaraturik egoiteak begiratzen du kastitatea eta garbitasuna.

        Finean erremedio guztien gaiñeko, behar lizatekeien erremedioa da, konsideratzea Iainkoak ikhusten gaituela, beha dagokula. Eta baldin den presunarik eztheusenaren behatzeak, ikhusteak, eta aitzinean gerthatzeak, gibelatzen bagaitu, halako bekhaturen egitetik, nola izanen da arrazoin gibela gaitzan, geldi gaitzan eta begira gaitzan, Iainkoak ikhusten gaituela, eta aldakan beha dagokula iakiteak eta pensatzeak?

        Hauk dira (eta Iainkoak ailliotsa liren asko) haragiaren bekhatuan ez erortzeko eta eroriz gero ere iaikitzeko hartu behar diren erremediorik prinzipalenak. Zein baldin egun beretik, geroko luzatu gabe hartzen eta konsideratzen baditutzu, iakizu ezen gorputzari aisia handi bat emanen diozula, eta arimari, are handiagoa. Eta halatan munduan duzun etsairik handiena eta perilosena, zien baita haragia, azpirako, garaituko eta errendatua ibeniko duzula.

 

aurrekoa hurrengoa