www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA IKHUSIRIK IFERNUKO BIDEA DEN GAITZAGO PARABISUKOA BAIÑO, BEHAR DEN GEROTIK GERORA IBILTZEA UTZI

KAP. XLVIII

 

307 Anhitzetan egotu naiz neure buruarekin gogoetan: eta iduritzen zait ezen gogoeta egiteko egitekoa dela: ea zein den gaitzago, Iainkoaren zerbitzatzea, ala Deabruaren: parabisura ioaitea, ala ifernura.

        Bi presuna daude bertze munduan: bata parabisuan, eta bertzea ifernuan. Bada hetarik bietarik, zeiñek iragan othe zuen mundu hunetan pena eta trabaillu gehiago? Haur nahi nuke iakin, hunen nago galdez, haur da ene gogoeta.

        Badirudi trabaillu gehiago iragan behar duela parabisuratzen denak parabisuratzeko, ifernuratzen denak ifernuratzeko baiño. Zeren parabisuko bidea gaitzago baita, ifernukoa baiño. Hala emaiten du aditzera San Mateok: Angusta porta et arcta est via quae ducit ad vitam, et pauci sunt qui inveniunt eam (Mt. 7). Athea, athe hertsia da, eta bidea ere bide meharra, parabisurat dohana, eta gutiak dira, bide hura edireiten dutenak. Erran nahi du, gaitz dela zeruko lorian sartzea, eta Iainkoaren manamenduen konplitzea. Zeren ezta bide bat baizen, eta bat hura ere, guztia da mehar, malkhar, buruz gora, haragiaren kontra, eta desgogara.

        Eta guztien buruan, ezta bide hartan bat ere errebelatu behar, eta ez nehorat makhurtu, eta ez aldaratu, manamendu guztiak behar dira konplitu. Baiña ifernura ioaiteko, eztira guztiak hautsi behar, asko da batetan faltatzea. Hala erraiten du Iondone Iakuek: Quicumque totam legem servaverit, offendat autem in uno, factus est omnium reus (Iacob 2). Bertze guztiak konplituagatik, batetan behaztopatzen bada, guztietan egiten da hobenduri. Eta haur aditzen da, Glosak dioen bezala, De Poena damni et non de poena sensus (Glosa in cap. 2 Jac.). Guztietan egiten da hobenduri. Ez zeren bekhatu bat baizen eztuenak, hanbat pena merezi duen, nola hamar dituenak, baiña zeren bat baizen eztuena ere, ifernurako baita, hamar dituena bezain ongi, ez hain barrena, eta ez hanbat penarekin, ordea biak barrenean, nor bere mereziarekin.

308 Beraz gaitz izanen da parabisuan sartzea, hartarakotzat manamendu guztiak konplitu behar direnean, bide bat baizen eztenean, eta bat hura ere, hain meharra, eta gaitza denean. Eta hala Iondone Paulok bere saindutasun guztiarekin ere, ezin bururik eginez bezala, erran zuen: Infelix ego homo, quis me liberabit de corpore mortis huius? Ai ene titxa gabea, ene on beharra, eta urrikalkizuna, nork libratuko nau gorputz mortal hunetarik? Scimus quod lex spiritualis est, ego autem carnalis, venumdatus sub lege (Rom. 7). Zeren ni naiz haragiz, eta haragiari emana, eta legea, Iainkoaren manua, spiritu. Zer ikhuskizun du bada spirituak haragiarekin? Nolatan abenituko dira biak elkharrekin? Egiteko handia da haur, hain handia, ezen arrazoiñekin erraiten baitu Salomonek: Iugum graue super filios Adam, a die exitus de ventre matris eorum, usque in diem sepulturae in matrem omnium. (Eccli 40). Uztarri pisua, eta karga handia darabillate soiñean Adanen umèk, sortzen diren egunetik heriotzeraiño, bere amèn sabeletik ilkitzen direnetik, hobira, guztien amagana bihur arteiño. Halatan erraiten du San Mateok: Regnum caelorum vim patitur (Mt. 11). Zeruko erresumari bortxa egin behar zaika; han parterik izanen duenak, zin zinez, eta bere indar guztiaz behar duela permatu. Eta badio Iob sainduak ere: Militia est vita hominis super terram (Iob. 7). Giristino denak, gerlan dabilan soldaduak bezanbat trabaillu iragan behar du. Zeren soldadutasuna, eta gizonaren lurreko bizitzea, bat baitira.

        Eta Iondone Ioannes Ebanjelistaren errana da: Palmae in manibus eorum (Ap. 7). Ikhusi zituela iustuen eskuetan Palmak, zein baitziren Palma zuhaitzaren adarrak, biktoriaren seiñaleak. Eta biktoria den lekhuan, aitzinetik behar da gerla, aitzinetik behar da neke eta trabaillu. Zeren Iondone Paulok dioen bezala: Non coronabitur, nisi qui legitime certaverit (2 Thim. 2). Ezta koroatua izanen, eta ez biktorios geldituko, zin zinez permatzen, eta guduztatzen eztena.

309 Eta are haur da egitekoa: zenbatenaz eta giristino bat, baita giristinoago, zenbatenaz, eta zintkiago, eta fintkiago permatzen, eta enseiatzen baita Iainkoaren zerbitzatzera, eta Deabruari kontra egitera, hanbatenaz etsaiak harmatzenago, eta tentamenduak ere berretzenago zaitza. Hala emaiten du Spiritu Sainduak aditzera: Fili, accedens ad servitutem Dei, sta in iustitia et timore, et praepara animam tuam ad tentationem (Eccli. 2). Ene seme, hasten zarenean Iainkoaren zerbitzatzen, zaude erne, eta beldur zarela, eta presta zaite tentamenduei kontra egiteko.

        Zeren iakin behar duzu ezen, orduan egundaiño baiño, tentatuagoa izanen zarela. Hunen arauaz erraiten du Iondone Paulok ere: Qui pie vivere volunt in Christo Iesu persecutionem patientur (2 Thim. 3, 12). Sainduki, eta prestuki, Iesu Kristok manatzen duen bezala bizi nahi dutenak, izanen dira penatuak, eta persegituak. Hei erauzten zaizte falseriak, hei egiten zaizte irriak, eta eskarnioak, finean hei egiten derauzte munduak kontra handiak.

        Eta gertha baledi ere munduan zenbait presuna hain saindurik, iusturik, fama handitakorik, edo dohatsurik, non ezledin nehor ausart haren baithan mihirik ibentzera, eta ez haren ohorearen ukitzera, egia izanen da orduan ere, Iondone Paulok dioena, tentatuak, eta persegituak izanen direla iustuak. Zeren bere baithan barrena bedere, bere haragiaren mugidez, eta desira desordenatuez, tentatuak, ea frogatuak izanen baitira.

        Gerla handia dute elkharren artean berthutèk, eta bizioek. Urguillutasunak gerla handia egiten dio humiltasunari; Abariziak, libertasunari. Haragiak kastitateari; inbidiak, karitateari; gulak, abstinenziari: kolerak, pazientziari; nagitasunak, dilijentziari. Eta hunen batenarekin iustu guztiak dira persegituak, eta kontrastatuak bere baithan barrena bedere.

        Eta hala bethi ere da egia: Per multas tribulationes opportet intrare in regnum Dei. Anhitz tribulamenduz, penaz, eta trabailluz behar dela zeruko erresuman sarthu. Anhitz inkontru bortitz, anhitz pena eta atsekabe iragan behar du parabisuko bidean dabillanak.

 

§ 1

 

310 Ifernuko bidea dadukanak, badirudi eztuela halako atsekaberik, persekuzionerik eta kontrarik izaiten, eztuela halako gerlarik eta egitekorik sentitzen.

        Zeren bere gogoak eta haragiak diotsan bezala, bide zabalaz, bere aisiara baitabilla. halatan erraiten du San Mateok: Lata porta et spatiosa via est, quae ducit ad perditionem et multi sunt qui intrant per eam.

        Athea, athe zabala, eta bidea ere bide handia eta espaziotsua da ifernurat dohana; eta anhitz ibiltzen da bide hartan, eta bai athean ere sartzen: bada han oin-hatza franko, eta ez konpaiñia eskasik.

        Eta ifernuko bidea gaixtoek daramatena, deitzen da handia eta zabala, zeren hartan dabiltzanak, ezpaitira erregelaz bizi eta ez ordenantzaz. Eztute hek bertze erregelarik, bere borondatea baizen; eztaude legearen azpian, legea da heken azpiko. Bidea huts eginak, errebelatuak dabiltza: eta hala dabiltzanak, nondik nahi den dabiltza, hekentzat guztiak dira bide, guztiak dira zabal. Eta nola zabal baitira eta laguna ere franko baitute, plazer zaie, bere errebelamendu guztiarekin ere, bide zabal hartan ibiltzea.

        Plazer da mihiaren anhitz arnegu eta iuramentu egiten duela, nahi duen bezala minzatzera utztea. Plazer da igandetan eta bertze bestètan, solhasean, ian edanean, iokoan eta atsegin hartzen, mezaz, bezperaz eta orazinoz konturik egin gabe, denboraren iragaitea. Plazer da haragiak kilikatzen zaituenean, berehala zeure desiraren konplitzea. Plazer da bidegabe bat egiten deratzutenean, mendekatzea, ordaiñez ordain, moneda berean pagatzea. Plazer da, bere edo bertzeren eskuen artean, zerbait erabiltzea, eta alfer eta aise, ebatsiz izanen bada ere egoitea. Plazer da ohe onean eta garbian etzatea. Plazer da ez barurtzea, ongi iatea, hobeki edatea, eta barazkari onagatik, afari hobearen ez utztea. Finean plazer, plazent eta atsegin da, bere gogoak eta aphetituak diotsan bezala, bide zabalaz ibiltzea.

311 Ez ordea ezta plazer eta ez atsegin, baiña gaitz eta penos da, parabisuko bide meharraren edukitzea; manamendurik hautsi gabe, bethi artez ibiltzea eta bizitzea. Gaitz da mihiaren ongi gobernatzea, linburtzetik begiratzea, eta bertzeak zutzaz mintza litezin, nahi zendukeien bezala, zu ere hetzaz minzatzea. Gaitz da bidegabe bat egiten deratzutenean, barkhatzea: gaizki erraiten deratzunari ez ihardestea, zeure eskuan duzularik, ez mendekatzea. Gaitz da, haragiak tentatzen zaituenean, gaietan eta okhasinoetan zarelarik, zeure buruaren bortxatzea, desiraren ez konplitzea. Gaitz da tratuetan eta salerosietan, bethi egiaz ibiltzea; bertzerena eskuan darabillazularik, ez kutsatzea, errotan irinik ez lotzea. Gaitz da zur baten gaiñean, zeure ohe ona utzirik, eta larru arras zilizio bat, zerdazko gerriko bat harturik etzatea eta ibiltzea. Gaitz da barurtzea, ianhari ona, edari hobea, eta aphetitu ere duzularik, guztien Iainkoagatik utztea. Finean gaitz da eta penos da munduan garelarik munduan ezpaikina bezala, munduaz konturik egin gabe, Iainkoaren borondateari errendaturik egoitea; haren manamenduen arauaz, haragiz ezpaikina bezala, bethi spiritualki bizitzea.

        Eta alabaiña gaitzago bada ere, haur da parabisura ioaiteko bidea, haur da han sartzeko athea. Beraz orai badirudi ezen eztela gaitz, galdez gauden egitekoari ihardestea. Zeren iduriz frogatu baitugu asko klarki, errazago eta plazentago dela ifernuko bidea parabisukoa baiño, parabisukoa hain gaitz denaz geroztik.

        Baiña guztiarekin ere ahiertzen naiz erraitera, eta erraiten dut, parabisuko bidea errazago, plaunago, eta plazentago dela, ifernukoa baiño. Eta ifernura ioaiten denak, pena eta trabaillu gehiago iragan behar duela, are mundu hunetan ere, ifernura ioaiteko, parabisuratzen denak, parabisuratzeko baiño.

        Eta hartarakotzat froga dezagun lehenik, erraz dela parabisuko bidea, eta gero frogatuko dugu, errazago dela ifernukoa baiño.

 

aurrekoa hurrengoa