www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

BEKHATOREAK IFERNUAN IZANEN DUEN BIGARREN PENAZ ETA GAZTIGUAZ, ZEIN DEITZEN BAITA POENA SENSUS: SENSUAREN PENA

KAP. LVII

 

372 Egia da, handia da, Iainkoaren loriatik eta konpaiñiatik kanpoan egoitetik, heldu den damua eta kaltea. Ordea zeren baitirudi ezen hala egonagatik ere, balukeiela bekhatoreak zerbait konsolamendu: edo ezlizatekeiela alde guztiz on-behar eta ez osoki urrikalkizun, baldin nehon minik edo oiñhazerik ezpalu, hartarakotzat, bekhatorearen bigarren pena eta gaztigua, bekhatoreak merezi duena eta izanen duena da: Poena sensus: Sensuaren pena, su eternala, akhabatuko eztena . Eta pena haur emaiten zaika bekhatoreari zeren Iainkoa utzirik, itzuli zen kreaturetara: eta Iainkoaz, eta haren manamenduez baino, munduaz, eta munduko plazerez kontu gehiago egin zuen. Hala erraiten du San Tomasek: Poena sensus respondet inordinatae conversioni ad creaturam. Pena hunez erraiten du San Mateok: Ite in ignem aeternum (Mt. 25). Zoazte su eternalera, akhabatuko eztenera. Halaber erraiten du San Mateok berak: Excidetur et in ignem mitteur. Ebakiko da eta sura egotziko da.

        Eta eztezazula ez pensa, ifernuko su hura, hemengo su hauk bezala izanen dela. Baiña hura, nola izanen baita Iainkoak berak pitztua eta egina, hala izanen da hemengo suak baiño beroago eta goriago. Halako moldez ezen hemengo sua, hangoarekin konparaturik, pintatua bezala izanen baita. Eta haur ezta miretsteko, zeren are hemengo suetan ere diferentzia handia da. Sufrezko sua, eta are egurrezkoa ere, beroago eta indartsuago da, lastozkoa baiño. Hala izanen da bada halaber ifernuko su hura ere, hemengo suak baiño beroago eta bortitzago.

 

§ 1

 

373 Lurrean barrena, gure azpian, lurrak duen lekhurik beherenean, zentruaren aldean, lurraren hondarrean, edireiten da leze handi bat, labe gori bero bat, behinere hotzten eta iraungitzen eztena: alde guztietarik hertsia, atherik eta leihorik eztuena: kondenatu guztien edukitzeko asko handia, zein baita eta deitzen baita ifernua.

        Eta han, ifernu hartan egonen dira kondenatu guztiak, alde guztietarik, kanpotik eta barrenetik, suz inguratuak, sutuak, burdin goritua dagoen bezala. Eta guztiak elkharrekin eta su batetan.

        Ordea benturaz dudatuko du zenbaitek eta erranen ere bai: Nolatan ahal dateke hori horrela? Nolatan ahal dauteke kondenatu guztiak, elkharrekin lekhu batetan eta su batetan? Zeren ifernuan daudenen artean, bada diferentzia, batak baiño bertzeak bekhatu gehiago du; arrazoiñ da beraz halaber batak baiño, bertzeak pena ere gehiago duen. Secundum mensuram delicti erit et plagarum modus (Dt. 25). Hobenaren arauaz, izanen da gaztigua ere. Quantum glorificavit se et in deliciis fuit, tantum date ei tormentur et luctum (Ap. 28). Zenbat atsegin eta plazer hartu baitzuen, hanbat eta hainbertze desplazer eta atsekabe eman bekio. Beraz hunelatan eztira kondenatu guztiak su batetan berdin egonen. Zeren hala baleude, guztiek berdin eta orobat lukete pena eta gaztigu.

374 Bada ordea su batetan, guztiak berdin eta elkharrekin egonen dira. Ordea hargatik bekhatu gehiago duenak, pena gehiago izanen du. Eta zergatik eta nola izanen duen pena gehiago, eman ahal ditezke bi arrazoin. Lehenbizikoa da San Tomasena, eta haren hitzak berak dira hauk: Ad tertium dicendum, quod ignis ille est instrumentum divinae justitiae punientis. Instrumentum autem non solum agit in virtute propria, et per proprium modum, sed etiam in virtute principalis agentis et secundum quod est regulatum ab eo. Unde quamvis secundum propriam virtutem non habet quod aliquos cruciet secundum magis et minus, secundum modum praedictum, habet tamen hoc, secundum quod ejus actio modificatur ex ordine divinae justitiae. (S. Thom. 3 p. q. 97. art. 5 ad 3). Erran nahi du: Ifernuko su hura Iainkoaren iustiziaren borreroa, azotea, eta muthila da. Eta halatan su hark bere naturalezaren arauaz, bata baiño bertzea erratzenago ezpadu ere, bai ordea erratzenago du, Iainkoaren iustiziaren muthil bezala. Zeren bere nabusiak manatzen duen bezala, bat bederaren alderakotzat, bere berotasuna eta indarra enplegatu behar baitu. Eta halatan du erratzenago eta penatzenago bekhatu gehiago duena. Zeren Iainkoak, su haren nabusiak, hala nahi baitu.

        Bigarren arrazoiña. Bekhatu hanitz duena eta gutiago duena, biak daude berdin ifernuko suan. Ordea bekhatu gehiago duen hark, pena gehiago iragaiten du. Zeren hura minberago, sentikorrago, eta suari ihardesteko, eriago, flakoago eta erbalago baita. Bi presuna daude iguzkian: eta iguzki hark eztio batari deus senti arazitzen, eztio minik egiten: baiña bertzeari, berehala, burua minberatzen dio, iragaiten dio, izerditan ibentzen dio. Zeren hura baita bertzea baiño flakoago eta sentikorrago. Hala da bada bekhatu anhitz duena ere, guti duena baiño minberago, sentikorrago eta suari ihardesteko flakoago. Eta halatan biak berdin su batetan egonatik, eztira biak berdin erratzen eta ez penatzen; baiña bat bedera penatzen da bere duen faltaren eta hobenaren arauaz.

 

§ 2

 

375 Orai hemen galdegin ahal diteke, ea ifernuan berorik baizen hotzik izanen denz? Eta bada erraiten duenik baietz: eta nola ifernuan izanen baita bero handi bat, hala izanen dela halaber hotz handi bat, izotz, horma, elhur: eta ifernuan daudenak aldatuko direla batetik bertzera, bero handitik hotz handira, eta hotz handitik bero handira. Baiña bitartean, batetik bertzera aldatzean, ezaiela penarik arinduko. Eta hunela erraiten dutenek, hatzen dute okhasino, hunela erraiteko, Iob gizon saindu haren erran batetarik: Ad calorem nimium transeat, ab aquis nivium et usque ad inferos peccatum illius (Iob 24). Bero handira iragan bedi, elhur uretik, eta ezta ifernuraino baratuko haren bekhatua. Beraz badirudi ezen ifernuan izanen dela hotz eta bero, ur eta su.

        Baiña egiteko huni ihardesteko, aita Domingo Soto, Doktor handi hari iarraiki nahi natzaika (Vide Dom. Soto in 4. Sent. dist. 5 q. unica art. 4). Eta haren erranaren eta iduriaren arauaz, diot ezen, eztela ifernuan izanen elhurrik, hormarik eta ez bertze hotz suerterik. Zeren gure salbatzailleak, ifernuaz mintzo denean, eztu behin ere aiphatzen elhurrik, eta ez egiten orhoitzapenik hormaz eta ez bertze hotz moldez. Aitzitik erraiten deraue gaixtoei: Ite maledicti in ignem aeternum. Zoazte maradikatuak su eternalera, akhabatuko eztenera. Zeren hotzetik berora, ero berotik hotzera aldatzekotz, aldatu behar lizateke gehiago penatzeagatik. Baiña hartarakotzat ezta hotzen premiarik. Zeren bataz bortitzago baita beroa hotza baiño, eta bertzea zeren, suaz beraz emaiten baitio Iainkoak bekhatoreari, bere dagokan gaztigua. Beraz badirudi ezen alfer lizatekeiela hotza, beroa bera asko den lekhuan.

        Eta hala ifernuan zegoen aberats abariziosak ezin erdietsi zuen ur xorta bat bere mihiaren hezatzeko eta freskatzeko. Eta bertzela ere gaitz da aditzen eta erdiesten, nola ahal dirateien elkharrekin, edo bata bertzearen ondoan, ifernuko labe hartan, hotza eta beroa: behintzat batetik bertzera aldatzeko pontu hartan bedere, zerbait moldez pena arindu gabe.

376 Eta Iobek erraiten duenean, iragan bedi elhur uretik bero handira, ezta ez, han Iob mintzo, ifernuko penez eta ez han daudezinez. Baiña lekhu berean ikhus ahal ditekeien bezala, mintzo da bekhatoreaz, eta ez, ez, edozein bekhatorez, baiña adulterioan, bertzeren emaztearekin dagoenaz, amorantearekin bizi denaz. Eta hari egiten derautza bere mehatxuak: eta egotzten derautza maradizinoak, erraiten duela: Maledicta est pars eius in terra. Maradikatua da lurraren gaiñean duen partea. Ad calorem nimium transeat, ab aquis nivium. Egin bedi elhurra bezain hotz debozinoan eta sua bezain bero malizian: eta hotztasun hartarik, negutik udara bezala iragan bedi ifernuko berotasunera, eta ezta hareraiño, han hel arteiño baratuko. Usque ad infernum peccatum eius.

        Eta erraiten badu ere gure salbatzailleak ifernuaz mintzo dela: Ibi erit fletus et stridor dentium. Han izanen dela nigar, eta hortz karrask-hots; ezta ez aditzen hortz karrask-hots hura, hotzetik heldu dela, eta ez hotzak eragiten duela. Baina hura eragiten du, bataz, barreneko damuak, orhoitzeak, nola bere faltaz dituen egiteko hek guztiak: eta berriz bertzea, suak emaiten dioen dolore handiak. Hark gorputzeko parte guztiak ikharatzeintu, eta hortz-haginei karrask-hots handi hura eragiten deraue. Eta hala ifernuan ezta elhurrik eta ez bertze hotz suerterik, bethi da bero, eta su hura ezta behin ere ttipitzen eta iraungitzen. Eta eztu hark egurrik ere behar, eta ez aitzinatzaillerik. Kondenatuaren arima bethi dago suan, eta bai gorputza ere egonen, azken iudizioko eguna iraganez gero.

 

§ 3

 

377 Arimak bere penak bezala, arimaren potenziek eta botherék ere, zein baitira adimendua, borondatea, eta memoria izanen dituzte bere pena moldeak, bere bereak, eta bereziak. Adimendua egosiko da bere baithan barrena, hanbat pena eta hain handiak pairatu behar dituela konsideratzeaz: eta gogoaren bertzetara aldatzeko, astirik ere gabe, bethiere egonen da pena hetan pensatzen eta penatzen; borondatea ere ibiliko da haserretua herra errabiatu batekin Iainkoaren kontra, zeren hanbat gaitz, eta pena emaiten dioen. Bada memoria ere bere baithan nahasiko eta nekhatuko da, bere faltaz hartara dela, eta bethi hala egon behar duela orhoitzeaz.

        Eta arimak eta arimaren potentziek bezala, izanen dituzte gorputzak, eta gorputzaren zensuek ere, zein baitira bista, enzutea, usna, gustua, eta ukitzea, nork bere gaztigu molde bere gaiñezkoak. Lehenbizikoarik: Visus, begietako bista izanen da penatua. Zeren ifernuko lupe hartan, ezpaitu deus ikhusiko, ilhun izanen baita. Eta suan egonen bada ere, eta suak bere egitez argitzen badu ere, ordea badateke argitu gabe: edo egurra dela kausa izanen baita sufrea, zeiñek ezpaitu argi klarik egiten, khe ilhunik eta beltzik baizen. Edo lekhua dela kausa, izanen baita lurrean barrena, alde guztietarik hersia, leihorik eta atherik gabea, hats hartzeko eta argiren edo haizeren sartzeko biderik ere izanen eztuena.

        Egia da ordea, ezta ez xoil, eta alde guztiz ilhun ere izanen. Argi asko izanen da lanhope batean bezala, elkharren ikhusteko; eta ikhuste hartzaz gehiago penatzeko eta tristetzeko. Zeren tristura handia errezibituko dute, noiz eta bere lagunak, zeiñekin bekhatu egin baitzuten, eta zeiñengatik galdu baitziren, ikhusten baitituzte bere begien aitzinean. Hala emaiten du aditzera San Gregoriok: Quamvis ignis ille non luceat ad consolationem, lucet tamen ut magis torqueat (Greg. lib. 9 Moral). Ifernuko su hark argitzen ezpadu ere konsolatzeko, bai ordea argitzen du eta argituko du, gehiago penatzeko eta malenkoniatzeko. Zeren argi lanbo harekin batean, ikhusiko dute hanbat likitskeria, hanbat spiritu gaixto eta itsusi: hain konpaiñia izigarria, hain su handia, ilhuna eta khetsua, non begietako bista hemen gauza ederren eta plazenten ikhustean, banoki loriatu zena, han gauza itsusien, izigarrien, nardagarrien eta atsekabe-korren, begi-esteaz dolorezki penatuko baita.

378 Halaber: Auditus, enzutea, beharriak izanen dira penatuak, eta iarriko dira harrituak. Zeren eztute enzunen, oihurik, nigarrik, marraskarik, deihadarrik, deithorarik, auhenik eta nigarrik baizen. Hango kantuak, leloak eta bozkarioak, izanen dira, ayak, hatsbeherapenak, inzirinak, nigar-xopinak eta arrenkurak: bethiere arnegatzen eta maradikatzen dutela bere buruez eta erori zaien zorthe gaixtoaz.

        Halaber, Odoratus, usna, sudurrak izanen dira penatuak, usain gaixto batez, khirats handiaz. Zeren bataz azken egunean, iautsiko baitira, gaixtoekin batean, munduko hatskeria guztiak ifernura: eta berriz bertzea, zeren nola zeruko lorian daudenek izanen baitute usain ona, hala ifernuan daudenek izanen dute gaixtoa: eta usain gaixto hartzaz, egonen dira bethiere sudurrak betheak eta khirastuak.

        Halaber, Gustus, gustua, ahoko zaporea izanen da penatua: bataz gosez eta egarriz, eta bertzea, zenbait ianhari urdinduz, eta edari zurminduz. Hemen hemengoek bezala, han ere hangoek besta eginen diote. Ordea diferentki. Hemengo gozotasuna eta ian edaneko plazera, hango mintasunaz eta bianda gaixtoez, ahantz arazitzen deraukatela.

        Halaber, Tactus, ukitzea, presuna guztia izanen da penatua. Zeren eztu nehork han surik, kharrik eta gauza likits nardagarririk baizen utkituko.

379 Finean nola orai hemen sensu guztiek eta gorputzeko parte guztiek hartzen baitute atsegin eta plazer: hala han halaber, hartuko dute guztiek damu eta atsekabe, pena eta dolore, min eta oiñhaze. Han izanen da dolore guztien eta gaitz guztien iunta, bilgura eta batzarrea. Han izanen du kondenatu on beharrak buruan min handia, hortz-haginetan oiñhaze bortitza, bihotzean dolore errabiatua, gorputzean kota, harri, ikhara, sukhar, finean ahal diratekeien eritasun guztiak. Hanbat gaitz eta dolore izanen du, non dolore hutsez, dolore bihurtuko, konbertituko eta eginen baita.

        Hemengo eritasunek eta oiñhazèk, eztute komunzki, behin ere gorputz guztia osoki hartzen. Batean begietan duzu min, eta ez orduan beharrietan: bertzean eskuetan, eta ez oiñetan. Eta hunelatan parte batean min izanagatik, eztuzu bertzean min, eztuzu oinhaze osoa eta ez guztietakoa. Eta alabaiña parte batetako oiñhazeak berak, hagin batetako minak, hain penatzen eta asaldatzen zaitu, non gau guztian lorik egin gabe edukitzen baitzaitu. Zer lizateke bada, baldin gorputz guztian, eta gorputzeko endrezera, aurkientza. iuntura eta parte guztietan, osoki, berdinzki, eta batetan oinhaze bazendu, eta oinhaze harekin erreka batetan, guztiek utzia, bazeneuntza? Orduan zinez zinateke on-behar, ondikozko eta urrikalkizun. Hala da bada, eta are urrikalkizunago, ifernuko penetan dagoena. Zeren hura da osoki guztia eta guztietan eri: hura da guztietan minez eta oinhazez gainez egina: eztu bazterrik, eztu huts-gunerik, guztia da bethea. Eta ongi da hala den. Zeren nola gorputz guztiaz, eta gorputzeko parte guztiez, osoki, bekhatu egin baitzuen, arrazoin da halaber, gorputz guztiaz eta gorputzeko parte guztiez osoki paga dezan, eta guztietan den alde guztiz penatua, gaztigatua eta oiñhazeztatua.

 

§ 2

 

380 Oiñhaze hek, dolorezko dolore hek, emaiten zaitza ifernuan dagoenari, diferentki, egin zituen bekhatuen diferentzien arauaz. Han urguillua, handi nahia, desohorezki oiñen azpian erabiliko, eta ostikatuko da. Han abariziosa, diruz betherik zegoena, nezesitate handian, munduko beharrik beharrena baiño beharreanago iarriko da. Han sabeldarraio, golosa, lamitia, ian edanera emana, gulara eroria, gosez eta egarriz ur xorta bat ere ezin erdietsiz, amitua ibiliko da, flakatua, eta iragana iarriko da. Han arnegaria, mihitik urkhatua dilindaka egonen da. Han emakhoia, haragiaren lohian lizundua, eta hidoiztatua ibili dena, Deabru izigarriek bere atzapar zorrotzez, ferekatuko, larrutuko, eta halakoari dagotzan bertze pena molde batzuez penatuko dute.

        Are gehiago, ifernuan, abariziosak abariziosekin: ohoiñak ohoiñekin; arnegariak arnegariekin, finean kideak kidékin, eta suertekoekin egonen dira bereziak eta parzelatuak. Hala emaiten du aditzera San Mateo Ebanjelistak: Colligite primum zizania et alligate ea in fasciculos ad comburendum (Mt. 13). Biltzatzue belhar gaixtoak eta biltzatzue multzuka, eta zamaka, erratzeko elkharrekin. Eta nahi baduzue iakin zer den hunela multzuka, eta zamaka bildurik erratzea, deklaratzen du San Gregoriok: Fasciculos ad comburendum ligare, est eos qui aeterno igni sunt traditi, pares cum paribus sociare, ut quos similis culpa inquinat par etiam poena constringat (Greg. lib. 2 Moral c. 47). Belhar gaixto zamak, multzuak, eskumenak edo eskutarak elkharrekin erratzeko biltzea, eta lotzea, ezta bertze gauzarik, ifernura behar dutenen, ohoiña ohoiñarekin, arnegaria arnegariarekin, kidea, kidearekin konpaiñiatzea, eta iuntatzea baitzen. Halatan bekhatu egitean, kulpan eta hobenean, berdin izan zirenak, penan, eta gaztiguan ere diren berdin, eta batean bezala bertzean ere, elkhar eduki dezaten.

381 Halakoez mintzo dela erraiten du Errege Davitek: Sicut oves in inferno positi sunt, mors depascet eos (Ps. 48). Ardi artaldeak bezala tropelaka, eta parzelaka ifernuan egonen dira, herioak bazkatukoitu, herioa izanen da heken bazka, eta bai hek ere herioaren. Kondenatuaren penatzea konparatzen da ardiaren belhar iatearekin. Hala dio San Gregoriok: Depascere dicitur. Quia sicut ovis depascens herbam, non eam radicitus evellit, sed ita pascit, ut manente radice iterum herba crescat, ut iterum depascatur: ita mors semper depascit miseros, quia semper illis relinquitur vita ut tormenta valeant sustinere. Nola ardiak ezpaitu behin ere belharra osoki akhabatzen, eta ez erroetarik atheratzen, baiña gaiñeko ostoa ian, eta utzten baitu bethiere barreneko erroa, eta zaiña, berriz ere ostoa eginik, berriz hartarik ian dezakeien bezala: hala herioak, penak, doloreak, minak, eta oinhazeak iaten dute kondenatuetarik, behin ere erroa athera gabe, bizia akhabatu gabe. Halatan bethi ere bizitzen direla, bethi ere penatzeko. Eta hala heken bizitzea ezta bizitze, eta ez heriotzea heriotze Ezta bizitze, zeren ezpaitu ontasunik, eta ez konsolamendurik. Ezta heriotze, zeren ezpaitu akhabatzerik. Arrazoinekin erraiten da halakoagatik: Bonum erat ei, si natus non fuisset homo ille (Mt. 26). On zukeien sorthu ezpaliz, edo sorthu, eta berehala hurtu, hondatu, eta ezdeus bihurtu baliz. Zeren San Tomasek dioen bezala: Melius est non esse, quam male esse (S. Thom. 39 q. 93 ar. 3 in corpore). Hobe da ez izaitea, gaizki izaitea baiño. Hunen arauaz erraiten du Iondonne Ioannes Ebanjelistak ere: In diebus illis desiderabunt homines mori et mors fugiet ab eis (Ap. 9). Egun hetan, orduan penetan daudenek, desiratuko dute bere egunen fina, eta akhabantza, hil nahiko dute: herioaren bilha ibiliko dira, baiña alferrik, eztute edirenen. Zeren herioak hetarik ihes eginen du, halatan bethiere bizitzen direla, bethiere penatzeko. Zeren penatzea hiltzea baita.

 

§ 5

 

382 Erran behar da handia dela ifernuan daudenek duten miseria, eta ondikoa, orai guk hemen gutien nahi dugun gauza, zein baita heriotzea, hek han hura gehienik bilhatzen, eta desiratzen dutenean.

        Eta ezta miretsteko, hek han hala desiratzea. Zeren bere baithan erreak, deseginak, ere alde guztiz deskonsolatuak baitaude. Kanpoan suak erratzeintu, eta barrenean harra alha zaie. Eta har hartzaz erraiten du Isaias Profetak: (Is. 66) Vermis eorum non morietur. Heken harra ezta ez hemengo har hauk bezala, haragiz egina, eta bizirik dabillana. Baiña hura da konzientziaren akhusamendua, autsikia alhadura, ximikoa, eranzutea: eta ifernuan daudenek bere baithan duten damua, urrikia, eta orhoitzea, nola izan zuten indar, antze, ahal, esku, eta bothere, pena hetarik guztietarik eskapatzeko: eta nola guztiarekin ere, bere faltaz etziren eskapatu, bere faltaz galdu ziren: eta utzi zuten eskuen artean izan zuten denbora, okhasinoa, eta aparaillua probetxatu gabe iragaitera, eta galtzera.

        Eta hunela orhoitze hunek akhusatzeintu, larrutzeintu, desegiteintu, erraiten duela bat bederak bere baithan: Ha ene galdua, ene zoro adimendu gabea, zertan pensatzen othe nuen nik, bizi nintzen denboran, neure burua neure eskuko nuenean? Anhitzetan erran zeitan, nori berea bihur niazola; etsaiarekin adiskide nendilla; iuramentu egiteko usantza utz nezala; behar etzen emazteari aparta nengiola; finean giristino bezala Iainkoaren manamendu sainduen arauaz, eta ereduz mantena nendilla, eta ezpere orai naizen egitekoan izanen nintzela. Baiña, nik hunela erraiten zeitanean, irri egiten nuen, eznuen sinhesten.

383 Bada orai paga dezadala: lekhu dolorezko hunetan, hunenbat dolorerekin, eta dolorezko lagunekin, mendez mende, sekulakotzat geldi nadilla. Zeren hala dut merezi. Eznuen erein, ezta arrazoin bil dezadan. Eznuen irabazi, ezta arrazoin goza dezadan. Eta neurk dut falta, eztu bertzek parterik: ezin demaiot bertzeri atxakiarik, neurk neure burua galdu dut.

        Hauk dira ifernuan daudenen solhasak: hauk dira heken arteko dolorezko perpausak. Orhoitzen dira, nola bere faltaz hain on-behar errendatu diren: eta orhoitze hunek bere baithan egosteintu, malenkoniatzeintu. Eta haur da gau eta egun, behin ere ase gabe, sosegatzera utzi gabe, alha zaien, eta alhako zaien harra: probetxu gabeko urrikia, denbora ioanez gerozko damua, dolua eta nigarra: Zein baita, ifernuan daudenek duten pena handietarik bat. Zeren zer ahal dateke pena penagarriagorik, eta bihotz erdiragarri erdiragarriagorik, bere buruaren sekula fingabekotzat, erremediorik gabe galdua, eta bere faltaz galdua ikhustea, eta orhoitzea baiño? Ha orhoitze tristea, penagarria, eta penatarik ilkitzeko esperantzagabea.

 

aurrekoa hurrengoa