www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HIRURGARREN ARRAZOINA, ETA ORAIKOTZ AZKENA: BARKHATU BEHAR DIOGULA GEURE ETSAIATI, IAINKOAK GURI BARKHA DIAZAGUN AMOREAKGATIK

KAP. XXX

 

222 Behar diogu geure etsaiari barkhatu, guri ere geure Iainkoak barkha diazagungatik. Zeren Iainkoak berak errana da, ezen baldin barkhatzen baderaukagu guk geure etsaiari, barkhatuko derakula hark ere guri, baiña ez bertzela (Mt. 6). Eta ezkara gaizki, guk geure etsaiari barkhatzeaz, Iainkoak guri barkhatzen derakunean: ezin erran diteke, zein irabazi handia egiten dugun hunetan. Zeren nola gauza aphurra baita guri egiten zaikun bidegabea, baiña handia, eta aldez infinituki handia, guk Iainkoari egiten dioguna, gure barkhamendua ezta deus Iainkoarenarekin konparaturik.

        Badira gauza batzuk, berak bakharrik, bere egitez gaitz baitira, baiña bertze batekin iuntaturik eta elkhar harturik erraz dira. Odol atheratzea, kopatzea, purga uher baten, edari min baten edatea gaitz da, penos da, baiña osasunarekin iuntaturik erraz da. Sendatzeagatik, gogotik errezibitzen eta pairatzen dira. Hala etsaiari ere egiten derauzkitzun falten barkhatzea, bera bakharrik bere egitez, gaitz da. Ordea iunta ezazu, hargatik zuri Iainkoak egiten derautzatzunak barkhatzearekin, eta errax idurituko zaitzu. Erraxki barkhatuko diozu zeure etsaiari, Iainkoak zuri barkha diazazungatik. Eta hala iende galduak eta adimendu gabeak izanen gara, baldin geure probetxuagatik bedere, geure etsaiari barkhatzen ezpadiogu.

223 Egizu kontu, ea zenbat ea zenbat bekhatu egin ditutzun orainokoan, eta zein handiak, eta nahi baduzu zuk barkha diatzatzun hek zuri zeure Iaungoikoak, barkha iatzotzu zuk ere zeure etsaiari, egiten derauzkitzunak. Presuna batek bidegabe bat egiten deratzunean, erraiten duzu eztiozula barkhatu nahi, ez behintzat hain fite. Zeren desohore ere badela, berehala barkhatzea. Hori da blasfemia handia, Iainkoaren kontra minzatzea. Zeren hori da Iainkoaren manuaren konplitzea, desohore dela erraitea. Barkhatu behar diozu beraz zeure etsaiari, eta barkhatu ere, ez edozein moldez, ez hitzez, itxurapenez, kanpotik eta edergaillu: baiña zin zinez eta gogotik, barrenetik eta bihotzetik. Zeren iakizu ezen bertzela ezteratzula Iainkoak barkhatuko. Kofesa ahal zaitezke, gorputz saindua errezibi, barur, orazinotan egon, eta duzun guztia probei eman, baiña hek guztiak etzaizkitzu deus baliatuko, baldin barrenean nehori herratik, hegigoarik, gorroturik edo borondate gaixtorik badiadukozu.

        Eztikete zauria senda, elhorria barrenean deiño, eztiteke bekhatua barkha borondate gaixtoak diraueiño. Barberek buruko zaurietan, lehenik haragia aldaratzen dute, eta hezur kroskoa agertzen, bitarten odol ustelik geldi eztadin. Zeren baldin geldi baledi, hark midizinari eta ezartzen den erremedioari, indarra flaka liazaio, eta berthutea edeki: hala arimako zauri hunetan ere lehenik behar da barreneko odol ustela, eta etsaigoaren uhertasuna athera eta garbitu. Zeren bertzela ezta sendatzerik, eta ez emaiten diren midizinek, eta egiten diren erremusinek, barurek, orazinoek eta bertze obra onek on egiterik.

 

§ 1

 

224 Bere etsaiari barkatu nahi ezteraukanak, eztu edirenen bere behar orduan arartekorik, eta ez othoitz egillerik. Zeren Spiritu Sainduak dioen bezala: In hominem sibi similem non habet misericordiam, quis exorabit pro peccatis illius? (Eccli. 29). Bere lagunaz, bera bezalakoaz, eztu miserikordiarik, eta ez urrikalmendurik, nork eginen du bada othoitz halakoaren bekhatuakgatik? Ez sainduk, ez aingiruk, eta ez are miserikordiaren amak ere. Zeren Iondone Iakuek dioen bezala: Iudicium sine misericordia, illi qui non facit misericordiam. (Jac. 2). Miserikordia gabeko iustizia egin behar zaika miserikordiarik egiten eztuenari. Etzaika barkhatu behar, barkhatu nahi eztuenari. Eta halakoak eztu berak ere nahi barkha diazoten. Zeren, Pater noster erraiten duen guztian, egiten dio Iainkoari othoitz erraiten duela:

        Dimitte nobis debita nostra, sicut et nos dimittimus debitoribus nostris. (Mt. 6). Iauna, barkha iatzagutzu geure zorrak, guk guregana zordun direnei barkhatzen derauztegun bezala. Erran nahi du: Iainko Iauna, barkha iatzagutzu zure alderakotzat egiten ditugun faltak, eta bekhatuak, guk geure etsaiei, gure alderakotzat egiten dituzten hutsak eta gaizkiak barkhatzen derauztegun bezala. Eta alabaiña ezterauztetzu zuk barkhatu nahi, zeure etsaiei egiten derauzkitzutenak, beraz eztuzu nahi barkha diatzatzun zuri ere zeure Iainkoak, egiten derautzatzunak. Zeren nola egiten baituzu zuk zeure etsaiarekin, hala egiten diozu Iainkoari othoitz, dagiela zurekin.

        Falta bat nehork egiten deratzunean, erraiten duzu duzun bothere guztiaz: Nik haur hari barkha, lehen bizia gal nezake. Eta eztuzu konsideratzen, eta ez pensatzen, zuk Iainkoari falta handiagoak eginagatik, nahi duzula guztiarekin ere, hark zuri guztiak barkha diatzazun.

225 Konsidera ezazu bada zuk, zeure etsaiari barkhatu nahi ezteraukazuna, barkhatu zerauela Iainkoak, bizia edeki zeraukaten etsaiei, eta are gehiago egin zeraukala bere aithari, hekengatik othoitz, eta oraiño zeure etsaiek ezteratzutela halako minik eta ximikorik egin. Konsidera ezazu halaber, zer erraiten duen Spiritu Sainduak: Memento novissimorum et desine inimicari (Eccli. 28). Orhoit zaitezi zeure azken fineko egitekoez, heriotzeko pontuaz, arimaren ilkitzeko denbora perilos hartzaz, eta orduan eman beharko duzun kontuaz, eta hetzaz orhoiturik, utzkitzu etsaigoak. Orhoit zaitezi nola nahiko duzun zuk orduan, azken oren hartan egin dezan Iainkoak zurekin: egizu bada zuk ere orai hala zeure etsaiarekin. Zeren haur da Iainkoaren manua; haur da hark nahi duena: haur da bethiere, eta guztiz ere bere azken finean gomendatu derakuna.

        Bihoa beraz etsaigoa, aparta bedi egun beretik, geroko luzatu gabe, mendekatzeko desira desordenatua. Zeren halatan izanen gara ezagun, eta seiñale, Iesu Kristoren eskolan ikhasiak garela, haren diszipuluak garela. Eta biziko gara bihotz ukhaldirik, asaldurik, eta ikhararik gabe; bakean dagoen bat, mendekurik gogoan eztuen bat, eta guztiekin adiskide, arronter, eta solhasturi den bat, bizitzen den bezala.

 

aurrekoa hurrengoa