www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ERREMUSINA EGITEAZ ETA HANDIK SORTZEN DEN PROBETXUAZ

KAP. XVI

 

146 Erraiten du Espiritu Sainduak: Ignem ardentem extinguit aqua, et eleemosyna resistit peccatis (Eccli. 3). Urak iraungitzen du sua, eta erremusinak egiten deraue bekhatuei kontra. Urak sua bezala, erremusinak iraungitzen du bekhatua. Halaber erraiten du San Mateok: Beati misericordes, quoniam ipsi misericordiam consequentur (Mt. 5). Dohatsu dira miserikordiosak, zeren hek erdietsiko dute miserikordia. Hunen arauaz erraiten du errege Davitek ere: Beatus qui intelligit super egenum et pauperem, in die mala liberabit eum Dominus (Ps 49). Dohatsu da, beharraren eta probearen gaiñean enplegatzen dena. Zeren hura, egun gaitzean, heriotzeko orenean begiratuko eta libratuko du Iainkoak. Eta badio oraiño Spiritu Sainduak: Conclude eleemosynam in corde pauperis, et haec pro te exorabit, ab omni malo (Eccli 29). Gorde zazu erremusina probearen golkhoan eta hark eginen dio Iainkoari othoitz, gaitz guztietarik begira zaitzala. Finean hanbat gauza erraiten da erremusinaz, non baitirudi ezen, bat bederaren salbatzeko, eta arimaren seguratzeko, asko izanen dela, bertze gauzarik gabe, bihotz bera, eta erremusinalari izaitea. Zeren handia baita, erremusinaren indarra eta botherea.

        Egia da, hala da, handia da, eta Glosak dioen bezala, San Agustinganik atherarik: Sola misericordia comes est defunctorum (Glosa Lyrana in cap. 29 Eccli.). Miserikordia bera da eta ez bertzerik, defunktuak konpainiatzen dituena, arima ioanei laguntzen zaiena, erremusinak edukitzen du bethiere on.

        Ordea eztuzu ez pensatu behar erremusinak berak, sakramendu batek bezala, ex opere operato, bere indarrez eta botherez bekhatua iraungitzen eta barkhatzen duela. Eztu berak, hartarakotzat indarrik asko (Vid. S. Thom. 2 2ae q. 154 art. 3 ad 7).

147 Alde batetik duzun guztia probei emanagatik, baldin bertzetik, bekhatutan bazaude, eta hetan finatzen bazara, deus guti baliatuko zaitzu zeure erremusina, eta miserikordios izaitea. Hala erraiten du Iondone Paulok: Et si distribuero in cibos pauperum omnes facultates meas, et tradidero corpus meum, ita ut ardeam, charitatem autem non habuero, nihil mihi prodest (1 Cor. 13). Dudan guztia probei eman badiazet ere, eta neure burua erratzera utz badezat ere, etzaizkit hek guztiak deus baliatuko, baldin karitaterik ezpadut. Erran nahi du: erremusinak eta bertze obra miserikordiazkoak ere, deus guti probetxatzen zaitzala, bekhatutan dagoenari.

        Ordea guztiarekin ere anhitz, eta handiak dira erremusinari emaiten zaitzan ohoreak, laudorioak eta abantaillak. Eta arrazoiñekin, eta mereziturik emaiten zaitza. Zeren erremusinak berak indarrik asko ezpadu ere bekhatutik atheratzeko, bai ordea badu athera arazitzeko. Zeren badirudi ezen Iainkoak bere ontasunagatik, hartzeko duela okhasino, miserikordios denari, zeren miserikordios den miserikordia egiteko. Zure erremusinak, zure bihotz-beratasunak, beratzen, eta hautsten dio Iainkoari bihotza, eta emaiten okhasino zure faboratzeko. Zu miserikordios izaiteaz, gaitzen zara, disposizionean iartzen, eta prestatzen Iainkoaganik miserikordia erdiesteko, eta errezibitzeko: eta Iainkoa ere hartzaz iratzartzen eta ernatzen bezala da, zuri ongi egiteko, eta bere garaziaren emaiteko. Hunetakotzat, egia hunen frogatzeko, anhitz exenplo ediren ahal diteke, baiña nik orai presenteon eztut bat baizen ekharriko. Bonifazio martira denbora batez ibili zen emazte eder, noble, aberats batekin galdua, eta haragizko bekhatuan barrena sarthua. Eta bazuen Bonifazio hark bertzerik ere anhitz bekhatu: edale zen, iokari zen, arnegari zen, halakoak ohi diren bezala. Gauza bat zuen ona. Bihotz-bera zen, erremusinalari zen. Alde batetik bekhatu anhitz egiten bazuen, bertzetik probeak faboratzen zituen. Eta halatan bera ere Iainkoak faboratu zuen, bihotzean utkitu zuen, inspirazino saindu batzuk, gogoeta on batzuk eman zerautzan. Eta gero hekin batean konbertitu zen, aitzinerat obra onetan enplegatu zen, eta azkenean martir hiltzen. Ikhusazu zer egiten edo eragiten duen erremusinak, miserikordios eta urrikalmendutsu izaiteak. Hain zaika eder Iainkoari urrikalmendua, eta beharrari ongi egitea, non berari ere handik urrikaltzen baitzaika ongi egille hura, eta lehen edo gero erakusten baitio, eta emaiten bide onean iartzeko bidea. Bonifaziori eman eta erakutsi zioen bezala.

148 Esportza gaitezin beraz, eta enseia miserikordios eta erremusinalari izaitera: zeren anhitz baitira, eta handiak, handik eta hartarik sortzen diren probetxuak, ontasunak eta irabaziak.

        Eta bertze anhitzen artean hirur dira erremusinaren probetxu prinzipalak (Eleemosyna est meritoria, satifactoria et impetratoria). Lehenbizikoa: Eleemosyna est meritoria gloriae et augmenti gratiae, si fiat ab homine existente in gratia et propter Deum. Bekhaturik gabe dagoela, Iainkoagatik egiten den erremusinak, merezitzen du zeruko loria, eta berretzen Iainkoaren garazia. Bigarren probetxua da: Eleemosyna est satisfactoria pro poenis peccatorum dimissorum. Erremusinak satisfatzen eta pagatzen ditu bekhatu barkhatuen pena tenporalak, guztiak edo parte bat, hemen edo purgatorioetan pagatu behar zirenak. Eta haur da Eskritura Sainduak erraiten duena: Peccata tua eleemosynis redime. Hirurgarrena:Eleemosyna est impetratoria. Erremusinak anhitz ontasun erdiesten du Iainkoaganik. Beati misericordes, quoniam ipsi misericordiam consequentur (Mt. 5). Dohatsu dira miserikordiosak, zeren hek erdietsiko dute miserikordia. Eta hala zure erremusinak berretzen du zeruko loria, eta handitzen Iainkoaren garazia: gutitzen du purgatorioetako pena: eta erdiesten du Iainkoaganik anhitz fabore eta ontasun. Iakin dezagun ezen erremusinagilleari, bihotz bera, eta miserikordios denari eginen zaikala miserikordia. Eta zer ere emaiten baitiogu orai hemen probeari, edo bertze obra onetan enplegatzen baitugu, hura gero edineren dugula bertze munduan, eta ez bertzerik.

 

§ 1

 

149 Iakin dezagun, eztiogula probeari liskarrik edo eranzuterik egin behar, eta ez gaizkirik erran. Baldin emaiteko gaietan bagara, edo debozinorik badugu, eman diazogun, eta gaiñerakoan utz dezagun. Zeren probea, ongien dena ere, on behar da eta urrikalkizun. Biluz da: orthuz da: eztu aldatzeko athorrarik, eta ez etzateko oherik: eztaki othuruntza on baten berririk. Asko du bere lazeria, eskasia eta miseria. Beraz etzaika halakoari liskarrik, eranzuterik edo mehatxurik egin behar. Zeren hala egiteaz, batean ezpada bertzean, periletan iar zindezke huts egiteko: eta probearen bere probetasunaren gaiñera, bere gogoan eta bihotzean zaurtua, gaizkoatua eta tristetua igortzeko. Eztut uste, galdeginen derakula Iainkoak, ea probe onari ala gaixtoari eman diogunz, eman diogunz baizen. Dagigin ongi, eta eztezagula beha nori.

        Aberatsak bezala, probeak ere Iainkoak eginak dira. Aberatsa hain biluz-gorri sorthu zen, nola probea. Eta Iainkoak nahi izan balu, egin zukeien probea aberats, eta bai aberatsa ere probe. Eta hala orai ere anhitzetan heken zorthea, eta fortuna trukatzen du, probeak aberatsten, eta aberatsak probetzen baititu. Probeak pairatuz, pazienzia izanez, eta bere ongi egillez othoiz eginez, behar du salbatu, eta bai aberatsak ere, bere onetarik probeari emanez eta partituz. Eta ongi gehiago egiten deraku probeak guri, eskatzeaz, eta gureganik errezibitzeaz, guk hari emaiteaz egiten diogun baiño. Zeren guk hahi labore poxin bat, kornadu bat, edo hunelako zenbait bertze gauza aphur emaiten diogu, baiña guk handik zeruko loria irabazten dugu.

        Are gehiago probeari emaiteaz, geure deskargua egiten dugu. Zeren Iainkoak orai emaiten derauzkigun onak eta onhasunak, hetarik, geure maiñadaren mantenatzeko, eta estatuaren edukitzeko behar duguna hartu, eta ethorkizuneko kasuetako ere zerbait gelditu, eta gaiñerakoak probe beharrenak dira.

150 Eztu ez Iainkoak utzi probeak mundu hunetan haberik eta sostengurik gabe, aberatsen gomendioan utzitu. Eta halatan emaiten deraue, aberatsei beretzat behar duten baiño gehiago, gehiagoko hura probetara parti dezaten amoreakgatik. Eta handik, erraiten du San Krisostomok: Nam si pauperes esse permisit, etiam hoc divitum gratia factum est, ut per eleemosynam peccata possint abluere (Chrys. hom. 77 in cap. 15 Jo., tom. 3). Permititzen du Iainkoak munduan diren probeak, hei ongi eginez, salba ditezin aberatsak. Eta Iainkoaren ontasuna eta liberaltasuna hain da handi, non orai zuk ditutzun on horiek Iainkoarenak berarenak, eta Iainkoak emanak dituzularik, guztiarekin ere, zuk horietarik probeari emaiten diozunean, zeuretarik emaiten biatzinio bezanbat estimatzen baitu Iainkoak. Eta are handik bere burua zure alderakotzat zordun erakusten du: hain zordun, ezen erraiten baitu Spiritu Sainduak: Foeneratur Domino qui miseretur pauperis.(Prov. 19). Probeari emaiten dioenak, Iainkoari emaiten dio. Eta emaiten ere, nola? Foeneratur. Zensuan, interesean, irabazian, obliga arazirik bezala, prinzipala irabaziarekin bihurtuko dioela. Eta hemengo irabazia ttipi da, ezta seguraturik ehuneko bat ere, baiña Iainkoarena handi da, gehiago da ehuneko ehun baiño.

        Zer nahizu gehiago? Probeari emaiten diozunean Iainkoaren izenean, berari emaiten baitzinio bezanbat estimatzen du Iainkoak; hain ezertain edukitzen du.

        Eta haur ezta miretsteko, zeren orai hemen gure artean ere, ikhusten dugunean ezen gizon batek gure ahaide edo adiskide bati egiten dioela gure amoreakgatik, zenbait ongi, guk ere lehenbiziko okhasinoan, errendatzen derautzagu eskerrak gizon hari; bitartean eztugu onik, anarteraiño geure buruak zordun dadutzagu.

        Zer eginen deraue bada Iainkoak, haren amoreakgatik probeak faboratzen dituztenei? Zer esker, zer pagamendu emanen deraue?

151 Iondone Marthiek bere kaparen erdia probeari eman zioenean abiatu zen Iainkoa gau hartan berean, kapa hartzaz estalirik, erraiten zuela sendagaillaz: Martinus, hac me veste contexit. Ikhusazue, ikhusazue zer balentia egin duen Martinek, nola kapa hunez estali nauen, zer eman derautan.

        Bada Martinek kapa hura probeari eman zioen eta ez Iainkoari. Ordea guztiarekin ere Iainkoak, zeren haren izenean eman zioen, erraiten du berari eman zioela.

        Halatan erranen deraue azken iudizioko egunean ere, eskuinekoei dohazilla sekulako loriara, ezkerrekoei sekulako penetara. Zeren eskuinekoek gosetu zenean eman baitzioten iatera, eta egarritu zenean edatera. Baiña ez ezkerrekoek.

        Eta, Iauna, galdeginen diote orduan guztiek: noiz ediren zinitugun guk zu gose edo egarri? Ihardetsiko deraue: Probeak athera ethorri zeizkitzuenean. Orduan heken lekhuan ni nintzen han.

        Eta hala probea eskatzen zaitzunean, kontu egizu ezen probe hura dela Iainkoa bera, zeren haren izenean eskatzen zaitzu, haren izenean emaiten diozu, eta Iainkoak ere berari emaiten baitzinio bezanbat estimatzen du. Hala erraiten du San Krisostomok: Nihil nempe interest sive huic pauperi, sive ipsi Christo dederis (Chrys. hom. 89 in cap. 27 Mt. tom. 2). Ezta antsia, ala probeari ala Iesu Kristo berari eman, eztu batek baiño bertzeak gehiago monta, eta ez balio, guztia da orobat.

        Eta are San Krisostomok berak, aitzinetik abisaturik eztadilla nehor hargatik asalda, erraiten du: Nemo his verbis turbetur. Non est aequale, ipsum Dominum praesentem alere, cuius praesentia vel lapideum ad se animum attraheret, et propter ieus verba dumtaxat, pauperes, mendicos, aegrotos alere atque curare (Chrys. ubi supra). Ezta berdin baiña aldez gehiago da eta merituago, probeari Iainkoaren izenean emaitea, Iainkoari berari bere presunan baiño. Zeren presunak berak eta presunaren presentziak hobeki ukitzen du bat bedera, presuna haren beraren presentean ezteneko erranak eta manuak baiño.

        Eta hala, aldez gehiago da, zeren Iainkoak manatzen duen, probeari emaitea, Iainkoari berari emaitea baiño.

 

§ 2

 

152 Beraz hunelatan ezta probearen gabe egotzterik, eta ez athean oihuz edukitzerik ere. Zeren probearen oihuek, eta anhitzetan ere berariaz bere buruaren hebain, maingu, herbal, eta eri egiteak, gure bihotzaren gogortasuna eta hotztasuna akhusatzen dute.

        Gu bagina emaitera prest, erne eta bolondres, ez lezake probeak halako pensurik egin eta ez arterik bilha. Baldin probea bada maliziati, bere beharrez eta gure faltaz da maliziati: hark baiño, guk hartan falta gehiago dugu, bere bizitzearen atheratzeko hanbat enseiuren egitera behartzen baitugu. Hala erraiten du San Krisostomok: Nam si simulat ex neccessitate simulat et egestate, propter saevitatem, et inhumanitatem tuam, quae talibus personis supplicantibus ad misericordiam non flectitur (Chrys. hom. 37 ad populum Anthi. de eleemosyna et misericordia, tom. 5).

        Probeari emanen diozuna, guti edo anhitz, emozu berehala. Baldin doiez bazara, guti baduzu, emozu guti: eta baldin aberats bazara, giañez egina bazaude, emozu anhitz.

153 Ierusalemeko tenploaren egitean, eta eginez gero ere, bazebillan obraren eskea; eta bazen athearen aldean ere kutxa bat, erremusinaren edukitzeko untzi bat; hartan bat bederak debozino zuenaren emaiteko: orai ere gure elizetan, kruzifikaren aldean, dagoen bezala.

        Bada tenploko kutxa, untzi edo kopa hartan, zein iuduek deitzen baitzuten, gazophislatium, aberatsek emaiten zuten anhitz, batak hamar, bertzeak hogoi, bat bederak bere izanaren, ahalaren eta debozinoaren arauaz. Eta heken artean ediren zen emazte probetto bat, eta hark eman zituen bi kornadu.

        Eta gero haren gaiñean erran zuen gure Salbatzailleak, gehiago eman zuela emazte probe hark, aberats guztiek baiño. Zeren emazte hark beretzat behar zuenetik eman baitzuen, baiña aberatsei, emanak emanik ere, franko gelditu baitzeien. Emazu beraz duzunaren arauaz. Zeren hartzaz kontentatzen da Iainkoa; baldin ezpaduzu emaitekorik, euzu damu, zeren eztuzun: eta damu harekin batean, euzu borondate, baldin bazendu emaiteko.

        Zeren Iainkoak behatzen badu ere emaitzara, ordea areago borondatera. Eztuenak borondateaz konplitzen du, baiña duenak, borondatearekin batean behar du konplitu eta obratu.

        Eta obratu ere nola? Ez edergaillu, ez banaloriaz, eta ez munduagatik, baiña Iainkoagatik.

        Eta halarik ere, sekeretuki, ahalik eta ixilkiena, eskuiñak emaiten duena (Ebanjelioak dioen bezala), ezkerrak iakiten eztuela.

154 Eta are albaliz, erremusina errezibitzen duenak ere, ez luke iakin behar, nondik heldu zaikan ontasun hura. Zeren halatan Iainkoak berak, azken egunean guztiak, zure ohore handitan, mundu guztiaren aitzinean agertuko eta kanpatukoitu.

        Eta zuk ere orduan, orai duzun desira, nahi baitzenduke, zure erremusinak, eta egiten ditutzun bertze obra onak, munduak iakin litzan, konplituko duzu.

        Zeren orduan guztiak iakinen eta agertuko baitira.

        Eta ezta ez asko, eske ethortzen zaitzun probeari emaitea eta ez bertzeri.

        Baiña, Iainkoak emanik, gehiagoren ere ahala duzunaz geroz, behar duzu informatu, galdetu, eta iakin, ea nor den herrian probe-beharrik, gosez denik, sabel-uzkur dabillanik, ahalkez eskatzera ausartzen eztenik.

        Eta guztien buruan eduki behar duzu kontu, ea badenz probe-eririk.

        Zeren probetasuna eta eritasuna, bi eritasun dira.

        Halakoak dira alde guztiz on behar, ondikozko, eta urrikalkizun. Heken faboratzea da meritu handia, eta zeruko loriaren erdiesteko, eta are mundu hunetan ditutzun onen ere seguratzeko, berretzeko eta emendatzeko bide ona, zabala eta segura.

 

§ 3

 

155 Batzuek uste dute, ezen probeari emaiteaz probetuko direla: eta halatan erraiten deraueza eske ethortzen zaiztenei, Ebanjelioko bortz birjiñek bere lagunei bezala: Ne forte non sufficiat nobis et vobis, ite potius ad vendentes. (Mt. 25). Zoazte hortik, Iainkoa lagun dakizuela, emaiteak gutitzeintu gauzak, eztugu geuretzat ere sobera.

        Eztute konsideratzen, probeari emaiteak, ez probetzen baiña aberatsten, ez gutitzen baiña berretzen duela.

        Hala emaiten du aditzera Spiritu Sainduak: Qui dat pauperi non indigebit, qui despicit deprecantem sustinebit penuriam (Prov. 28). Beharrari emaillea, ezta beharrean iarriko, emaille eztena, azkenean behar izanen da.

        Gehiago dio Spiritu Sainduak: Alii dividunt propria, et ditiores fiunt; alii rapiunt aliena, et semper sunt in egestate (Prov. 11,24). Batzuek bere onak partitzen eta emaiten dituzte, eta guztiarekin ere, bethi dira aberats, eta berriz bertze batzuek, nola bereak emanen dituzten ezen bertzerenak ebatsten dituzte, eta halarik ere bethi dira errumes, noharroin, eta on-behar: baitirudi ezen hek hartuz probetzen, eta bertzeak emanez aberatsten direla.

156 Amak haurrari dithiaren emaitea bezala da probeari emaitea ere. Ama haurrari dithiaren emaiteaz esnatzen da, ez emaiteaz anzutzen da. Halaber ereitea bezala da probeari emaitea: Euntes ibant et flebant mittentes semina sua, venientes autem venient cum exultatione portantes manipulos suos (Ps. 125). Bihika ereiten zuten, eta eskumenka biltzen.

        Ereiten bihi bakhotxak, eta biltzen buru betheak, botean hirur laurak zituztenak. Halaber badira urputzuak, berariaz eginak, zimenduan ithurria baitute. Bada gauza frogatua da, putzu hetarik urik ez atheraagatik ere, eztela erraitekorik, ura handitzenago: eta atheraagatik ere, ongi atheratzera, ttipitzenago. Zeren atheratzen bezanbat sortzen baita. Hala dira bada beharrei emailleak ere: emaiten duten bezanbat emaiten zaie. Eta emaiten ezpadute, bihotz gogor badira, eztira hargatik aberatstenago, probetzenago baizen. Zeren haserretzen da Iainkoa berak emanetarik, eman nahi eztiozunean.

        Hala haserretu zen aberats abariziosaren kontra. Zeren aberats hartzaz erraiten badu ere Ebanjelioak: Induebatur purpura et bysso, et epulabatur quotidie splendide (Lc. 16). Beztitzen zela ongi eta othuruntzatzen hobeki, ezin erran diteke, ordea, hargatik ioan zela ifernura. Zeren ederki beztiturik ibiltzea, eta mahai onaren ere edukitzea, badirudi eztela bekhatu handi, behintzat munduak eztaduka hala. Bada Ebanjelioak eztu erraiten, bertze faltarik zuela aberats hark.

        Zergatik bada kondenatu zen? Aditzen da, kondenatu zela, zeren etxathera eske ethorri zeikan probe gose premian zegoenari, ezpaitzioen bere mahai asetik, asetzekorik eman eta ez are elikatzekorik ere.

        Handik bere burua eta onak ere galdu zituen. Handik probetu zen, eta hain probetu non azkenean, bere mihiaren hezatzeko eta freskatzeko, ur-xorta bat ere, ezin izanezko probetasunera ethorri baitzen.

        Nola egiten baitu galtzapen eta beheratzapen handia, probeari gibela emaiten dioenak: hala egiten du goratzapen miragarria probe beharrari, bere beharraren estaltzeko emaiten dioenak.

        Eta goratzapen hura, eta handik heldu den irabazia galtzen du bihotz gogorrak, erremusina egiteko gogorik eztuenak.

        Eta egiteko gogo duenak ere, baldin berak bere eskuz bizi deiño, egiten ezpadu, segur da, irabazi haren parte handi bat, edo parterik gehiena galtzen duela, hunen ondoko kapituluan ageriko den bezala.

 

aurrekoa hurrengoa