www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

IAINKOAREN MISERIKORDIAN FIDATURIK EZTELA PENITENTZIA EGITEA GEROKO UTZI BEHAR

KAP. XI

 

88 Erraiten du San Agustinek, Iainkoaren miserikordian sobera fidatzen direnez mintzo dela, erraiten dutela halakoek: Miserikordios da Iainkoa, bihotz-bera, amorioz eta ontasunez bethea; beraz eztugu zer lehiaturik obra onen egitera. Zeren berdin ezta deusen perilik, orobat da bihar, orobat da gero. Ahal dukegu esperantza, fidantza eta segurantza bizitze luzea emanen derakula; eta noiz nahi den, zahartzean, eta are hiltzerakoan ere, geure bekhatu guztiak barkhatuko derauzkigula. Zeren hain gauza onak, miserikordiosak, bihotzberak, eta amoltsuak, ez liakitke bertzela egiten, ez liakitke nehori gaitzik emaiten (Vid. August de vera et falsa paenit. cap. 4, tom. 4).

        Guregatik zerutik lurrera iautsi zen; guregatik bizia eman zuen, gorputzeko odol guztia isuri zuen: eta odol hartzaz, bere Aitaren eta gure arteko trabua eta etsaigoa khendurik, bekhatuaren zorra osoki iustiziaren arauaz pagaturik, eta gathibutasunetik ere atherarik libertatean ibeni ginituen. Eta Iainkoak hunelako gauzarik egin baiño lehen, Lege zaharrean ere, gaixtoak berak kondenatzen ziren eta ez bertzerik. Beraz orai eztira gaixto guztiak ere kondenatzen, edo gaixtoak erraxki ontzen dira. Zeren bertzela zer diferentzia lizateke leheneko denboratik hunetara? Edo zer probetxu genduke guk, Iainkoaren mundu hunetan ibiliaz, eta penatuaz? Eta Iainkoak berak erran bazuen ere, multi sunt vocati, pauci vero electi (Mt. 20), anhitz direla deituak, baiña gutiak hautatuak: hargatik eztugu guk giristinok, zer iziturik. Zeren giristinorik baizen ezta salbatzen, eta gutiak dira giristinoak, giristino eztirenen aldean. Eta hala erraiten denean anhitz direla deituak eta gutiak hautatuak, aditzen da Ientilak, Mairuak, Turkoak, Iuduak, Luterak, eta munduko bertze guztiak direla deituak. Baiña gutiak, giristinoak berak hautatuak, eta ez bertzerik.

        Hunela dio San Augustinek, erraiten dutela iende suerte batzuek. Baiña parterik gehienean erraiten dute gaizki eta gaixtoki. Minzatze molde haur, gure etsai gaixtoaren buruan pensatua da, eta handik iltkia. Zeren orai, Iaungoikoak heriotze errezibituz gero, errazago bada ere salbatzea, eta bekhatuetarik ilkitzea lehen baiño. Ordea orai ere iltki behar da, ezta erraztasun haren esperantzan bekhatutan egon behar.

89 Nola etsai gaixtoak gure Iainkoari berari, tenploaren gaiñera tentatzera eraman zuenean, erran baitzioen: Mitte te deorsum (Mt. 4). Egotz zezala handik behera bere burua; zeren berdin aingiruek iasanen zutela, min hartzetik begiratuko zutela. Hala erraiten deratzu zuri ere orai. Egotzazu zeure burua gogoan darabillazun bekhatu horretan, obra ezazu zeure desira konpli ezazu, etzaitzala deusek ere gibela. Zeren berdin nola Iainkoa baita hain on eta miserikordios, etzaitu urrikituko, etzaitzu kalterik ethorriko. Zuregatik bizia eman zuenak, hanbat pena eta trabaillu iragan zuenak, eztu ez, hek guztiak, alfer gertha ditezin nahiko, etzaitu galtzera utziko. Egotz ezazu beraz zeure burua, egizu bekhatu, fida zaitezi, etzarela deusen beldur.

        Haur da deabruaren hitzkuntza, haren eskolan irakurtua, han ereiña, eta handik banatua. Iainkoaren miserikordiatik, ontasunetik, eta Pasione sainduaren meritutik, eta baliostasunetik, nahi duzu hartu okhasino eta ausartzia bekhatu egiteko, eta bekhatutan egoiteko. Hain da itsustasun eta itsutasun handia eta iende galduen kontua haur, ezen gure Salbatzaillea arrenkuratu ezpazen ere bere heriotze penatuaz eta desohorezkoaz, arrenkuratu, eta sentikortu baitzen bidegabe hunetzaz, erraiten zuela: Supra dorsum meum fabricaverunt peccatores, prolongaverunt iniquitatem suam (Ps. 128). Ene sorbalden gaiñean egin zuten egur bekhatoreek, han bere gaixtakeria hedatu, luzatu eta zabaldu zuten. Erran nahi du: gaixtoek bere gaixtakerien egiteko, eta hetan luzaro egoiteko, hartzen dituzte zimendutzat eta okhasinotzat, nik neure sorbalden gaiñean errezibitu nituen azoteak, kolpeak, penak eta oiñhazeak. Eta hetan fidaturik, hetan esperantzaturik eta kontu eginik, berdin nik hekengatik pagatu nuela, ausartzen dira bekhatu egitera, eta bekhatutan egoitera, erraiten dutela: miserikordios da Iainkoa, maite gaitu, on derizku, bereak, bere odolaz erosiak gaitu, men menera gaitezinean eztiazaigu falta: beraz har dezakegu esku eta lizentzia zenbait bekhaturen egiteko. Erran behar da miserikordios dela Iainkoa, hunelako ahapaldiak, hunein itsusiak pairatzen dituenean.

 

§ 1

 

90 San Basiliok bertze hitzkuntza batez usatzen du gauza hunetzaz mintzo denean, erraiten duela: Nam et ille misericordiam cum iudicio exhibet, qui in pondere, numero et mensura admetitur, cuiusque merita et appendit (Basil. Hom. super Ps. 32). Eztadilla nehor Iainkoaren miserikordian sobera fida. Zeren nola Iaungoikoak gure obra guztiak, kontuan, pisuan, eta neurrian kontatzen, pisatzen eta neurtzen baititu: hala bere miserikordiaz ere, kontuz, pisuz, eta neurriz, iustiziaren arauaz usatzen du Mel invenisti, comede quod sufficit tibi, ne forte satiatus evomas illud, dio Spiritu Sainduak (Prov. 25). Ediren duzu eztia, ian ezazu bada neurriz, asko duzun bezain bertze, eta ez gehiago, ase-eginik, okha eztagizun, ahotik bihur eztezazun.

        Iustizia min da, eta garratz, eta miserikordia gozo eta ezti. Ordea ezti hartarik, ezti izanagatik, ezta sobera ian behar, ezta miserikordiaren eztitasunean fidaturik, bekhaturik egin behar. Zeren hala egitea, ezti sobera iatea da.

        Ne dicas miseratio Dei magna est, multitudinis peccatorum meorum miserebitur: misericordia enim et ira cito ab illo proximant. (Eccli 5). Ezterrazula miserikordios dela Iainkoa, eta zeure bekhatu guztiak barkhatuko derauzkitzula. Zeren miserikordia eta iustizia hurbil dagotza Iainkoari, eta elkharri, eta iustiziak bekhatoretara daduka begia. Miserikordiaren eztitasunari behatzen diozun bezala, behatu behar diozu iustiziaren garratztasunari ere. Zeren Iainkoa hain da iustiziati nola miserikordios. Miserikordia eta iustizia, berdin dira pisuan, berdin dira balantzan.

91 Egia da San Tomasek dioen bezala: Magis proprium est Deo misereri et parcere quam punire, propter eius bonitatem infinitam, illud enim secundum se Deo convenit, hoc autem secundum nostra peccata (S. Thom. 2, 2 q. 21, art. 2). Plazentago eta laketago zaika Iainkoari miserikordia, iustizia baiño, eta bai barkhatzea ere, gaztigatzea baiño. Eta halatan usatzen du anhitzetan ere bere miserikordiaz, guk merezi gaberik, bere ontasunagatik beragatik; baiña ez iustiziaz, eztu behin ere usatzen, guk lehenik geure bekhatuez hartara behartu gabe. Ordea izaiteaz denaz bezanbatean, bada Iainkoa baithan hanbat iustizia, nola miserikordia: nola ageriko baita bertze munduan, hemengo denbora miserikordiazko haur iragan dadinean. Hargatik erraiten du profeta Davitek: Misericordiam et iustitiam cantabo tibi Domine (Ps. 100). Iauna, miserikordia eta iustizia kantatuko derauzkitzut, biak berdin, hain ongi bata nola bertzea.

        Miserikordiaz soilki, eta bakharrik, iustiziaz konturik egin gabe, mintzo denak, eztaki zer mintzo den, eztu halakoak iustiziaren handitasuna ikhusten. Eta ikhusazu nola eztuen ikhusten. Zuk diozu miserikordios dela Iainkoa, eta ongi diozu. Baiña zuk, Iainkoa miserikordios dela diozunorrek, aditu behar ditutzu aphur bat iustiziaren tornuak eta kolpeak ere, hek aditurik, fidantzia erhoak utz ditzatzun amoreakgatik.

 

§ 2

 

92 Iustiziaren lehenbiziko kolpea eta desarra izan zen goitian, zeruko Aingiruetan, Luziferren eta haren lagunen gaiñean. Zeruko aingirurik ederrena, abantaillatuena, eta Iainkoaren adiskiderik handiena, egotzi zuen iustiziak, urguillutasuneko bekhatu batengatik, sekula fingabekotzat, ifernuko peneetara. Eta Aingiru guztien lehena, aitzindaria eta agintaria, egin zen deabru, eta deabru guztien buruzagi, kidoin, eta kapitain. Zen ederrena, egin zen itsusienik; bere gogarena gaizkienik. Onhetsiena, gaitzetsienik; eta gorena, beherenik. Halako suertez non Esaias profetak hain iautsapen handiaz miretsirik, galdegiten baitio Luzifer berari: Quomodo cecidisti Lucifer qui mane oriebaris? (Is. 14). Nola erori zinen, Luzifer? Nola erori zinen artizarra, goizean goiz, oillaritean sortzen eta ilkitzen ohi zinena? Hain gora zeneundezina? Handia eta izigarria izan zen, zeruan iustiziak egin zuen kolpe hura.

        Baiña egin zuen lurrean ere bertze bat, ez bere arauaz atseginagoa, baldin erremediorik ordenatu ezpalitzaika, zein baita Adanen bekhatuari eman zeikan gaztigua. Zeruan Luziferrek berak bedere egin zuen bekhatu; eta ezta miretsteko nor bere bekhatuagatik, penatzea. Baiña lurrean bertzeren bekhatuagatik, Adanenagatik, haren ondoko guztiak, are sorthu baiño lehen, bere amaren sabelean pitzten diren pontuan, diren bekhatore, eta hobenduri: eta hanbat urtheren buruan eztakion ahantz Iainkoari bekhatu hura, nork eztu miretsiko? Zer ahal dateke iustizia bortitzagorik?

        Miserikordios da Iainkoa, eta bere miserikordia guztiarekin, beha dagoka ifernuan dagoen bati; ikhusten du, eta ikhusiko du, nola milla urthez, eta hamar millaz penatzen den. Eta guztiarekin ere, hala ikhusiagatik ere, han bere lekhuan utzten du. Etzaika bat ere bihotzik hautsten: etzaika bat ere hala dagoen on-beharra urrikaltzen. Aitzirik atsegin hartzen du, zeren hala penatzen den, eta nahi du pena dadin, eta are handik ilkitzeko esperantzarik gabe pena dadin. Gogortasunaren handia. Iustiziaren bortitza. Zuk diozu miserikordios dela Iainkoa. Baiña hunetan badirudi, iustiziatiago dela; eta iustiziak garaitzen duela miserikordia. Eta arrazoinekin dirudi hala.

        Zeren ezpaita bertze munduam izanen gaixtoentzat miserikordiarik.

        Miserikordios da Iainkoa, baiña erran behar da Iustiziati ere badela. Zeren munduari barkhatzera, ezin deusek ere balakatu zuen eta amoratu, bere semearen heriotzeak baizen.

93 Miserikordios da Iainkoa, eta guztiarekin ere Noeren denboran, zortzi presunaz bertze guztiak, uholde batez hondatu, eta akhabatu zituen. Halaber Sodoma eta Gomorra, inguruneko bertze hiri batzuekin, su bat zerutik igorririk, erre zituen. Halaber Datan, eta Abiron, lurrak bere lagunekin iretsi zituen. Eta orduan hek guztiak ifernura ziren. Eta orai ere ifernuratzen dira giristino eztirenak. Eta beldur nair giristinoetarik ere, gehienek, bide hura hartzen duten. Eta erraiten denean anhitz direla deituak, eta gutiak hautatuak, giristinoez ere orobat aditzen den. Zeren non da giristinorik, giristino bezala bizitzen denik? Behar den bidean Iainkoa laudatzen, eta zerbitzatzen duenik? Haren manamendu sainduak begiratzen dituenik? Edo bere nahikunde gaixto baten konplitzetik Iainkoagatik gibelatzen denik? Othe da munduan bat ere halakorik?

        Bai bada zenbait, zeren Eliza ezin dateke gabe. Ordea guti. Eta halatan Eskritura Sainduan konparatzen dira giristino onak, harri preziatuekin, aditzera emateagatik giristino on ere guti dela; batak bezain bertzeak, direla gaitz edireiten. Eta nola bertze harrietarik baita, preziatuetarik baiño frankoago, hala dela halaber kondenatuetarik ere salbatuetarik baiño gehiago. Salomonek dioen bezala, Stultorum infinitus est numerus. Erhoen kontua infinitu da, infinituki anhitz kondenatzen da.

        Bada baldin anhitz kondenatzen bada, are giristinoetarik ere, zergatik zu ere, giristino izanagatik ere, etzara beldur izanen kondenatuetarik bat gertha zaitezin? Oraiñokoan, anhitz egotzi du Iainkoak ifernura, zergatik bada etzaitu zu ere egotziko, baldin egotzi dituen hek bezala bizitzen bazara? Uste duzu zuretzat lege berri bat iarriko dela? Uste duzu, Iainkoa han goitian, zu gabe ezin iragan ditekeiela? Edo zu ez haratzeaz bere loriatik galduko duela? Zer burupe, zer pribilejio, edo abantail duzu zuk orai, ifernuan daudenek bere denboran zuten baiño gehiago, baldin hek bezala bizitzen bazara, ez hek bezala haratzeko, edo handik eskapatzeko? Eta baldin Iainkoaren miserikordian fidatzen bazara, eztuzu uste, orai ifernuan diren hek ere, bere denboran fidatzen zirela? Iakizu ezen miserikordiak iustuei loria bezala, iustiziak ere gaixtoei ifernua emaiten derauela.

 

§ 3

 

94 Zeren Iainkoa den bihotz bera, eta miserikordios, ezta ez hunetarik hartu behar okhasinorik eta ez eskudantziarik bekhatu gehiago egiteko. Zeren haur lizateke kontrapozoinaren pozoin egitea: Iainkoaren miserikordiaz eta ontasunaz kontrara usatzea: eta bai miserikordiarik ezten lekhuan ere, oiñen permatzeko, perilean iartzea. Badira bisera batzuk, begi-ordethaillu batzuk, zeiñek gauzak diren baiño handiago, iduri arazitzen baitituzte. Eta gertha ditekeien kasua da halako biserekin zubi batetarik iragaiten zarela, zubia den baiño handiago iduriturik, eta zubirik ezten lekhuan oiñak emanik, eror baitzindezke zubi azpiko hosinera, eta han itho, eta honda. Bada zeruko loriara iragaiteko zubia, miserikordia da: eta baldin miserikordiaren zubi hunetarik iragan nahi baduzu zuk ausartkiegi, fidatukiegi, esperantza erho baten biserak iauntzirik, eta iduriturik ezen zeren zaren giristino, eta Iainkoa ere den miserikordios, hargatik beragatik ere, salbatuko zarela, engana ahal zindezke eta miserikordiaren zubirik ezten lekhuan esperantzaren oiñak ibenirik, iustiziaren hosinean eror ahal zindezke. Zeren Iainkoaren miserikordia infinituki handi izanagatik, ezta ez aditzen, eta ez handik segitzen, handitasun hark zuri bekhatu egiteko okhasinorik eman behar deratzula. Non sic est Deus misericors, ut sit iniustus, dio San Augustinek (August. in Ps. 39). Ezta Iainkoa halako moldez miserikordios, non iustiziari bide gaberik egin diazon.

95 Badio halaber San Agustinek: Puniamus nostra peccata si quaerimus misericordiam Dei. Non potest Deus misereri omnium operantium iniquitatem, quasi blandiens peccatis et non erradicans peccata (August. in Ps. 58). Gaztiga ditzagun geure bekhatuak, dagigun hetzaz penitenzia, baldin nahi badugu erdietsi Iainkoaren miserikordia. Zeren Iainkoak ezin barkha diazaio bekhatoreari, bekhatutan dagoeiño, hetan atsegin hartzen dueiño, hetarik apartatzera delibera arteiño. Ezta Iainkoaren miserikordia hain aitzina heltzen, eta ez hedatzen. Eta ez hedatze haur, gauzaren ezinkizunetik heldu da, eta ez miserikordiaren eskastasunetik. Ezta erraiten miserikordios dela Iainkoa, zeren bekhatutan debillanari, hala dabillaino, eta ibiltzeko gogo dueiño, lausengatzen eta barkhatzen dioen: Baiña erraiten da miserikordios dela, zeren bere bekhatuak behar den bidean utzirik, behar den bidean ethortzen zaikanari, eta bere ahala egiten duenari, ezpaitio faltatzen, eta ez barkhamendurik ukhatzen. Eta asko da haur eta hunela egitea miserikordios izaiteko.

        Enzuten duzunean, bihotz bera eta miserikordios dela Iainkoa, atsegin hartzen duzu, eta enzunagatik gaitz, gogor eta iustiziati ere badela, eztuzu konturik egiten. Bada Eskritura Sainduan, Iainkoak prometatzen dituen fabore handi, ezti, gozo, miserikordiazko hek, iustuentzat, ongi, artez, eta presturik bizitzen direnentzat dira: eta mehatxuak, kheiñadurak, iustiziaren garratztasunak eta gaztiguak gaixtoentzat, zure eta zu bezalakoentzat. Zer erhokeria da bada haur, zuretzat diren mehatxuez, eta gaztiguez eztagizun konturik, eta zuretzat eztiren miserikordiazko solhasez har dezazun atsegin? Miserikordia iustuei, zu ez bezalakoei dagote. Eztuzu zuk bekhatutan zaudeiño hartan parterik, eta ez ikhuskizunik: eztuzu orduan Iainkoa miserikordios dela enzunagatik, zer bozturik. Zeren orduan, iustizia bai, baiña miserikordia ezta zurekin mintzo, ezta orduan zure. Aparta zaite bekhatutik eta izanen da zure: aparta zaite bekhatutik eta izanen duzu parte. Baiña anarteraiño, bitartean, iustizia edukazu zeuretzat, eta utzazu miserikordia, bere bekhatuetarik apartatzen direnentzat. Zeren bertzela debekuan nahi ditutzu eskuak sarthu, bertzeren zuzena nahi duzu zeuretu eta goratu.

 

§ 4

 

96 Erranen duzu, bethi dela on esperantza, beti behar dela eduki fidantzia. Eta ongi diozu, egia da, hala da. Ordea noiz, eta nola bethi? Bekhatu eginez gero, baiña ez egiterakoan.

        Ezta Iainkoaren miserikordian fidaturik bekhaturik egin behar. Susana emazte saindu hark nahiago zuen, iende gaixto batzuen eskuetan erori, Iainkoaren miserikordiaren menean baiño. Melius est mihi incidere in manus hominum absque peccato, quam peccare in conspectu Domini (Dan. 13). Baiña Errege Davitek nahiago zuen, iendeekin baiño, Iainkoarekin iharduki, nahiago zituen bere ongaitzak harekin iragan. Melius est ut incidam in manus Domini, quam in manus hominum (2 Rg. 24). Eta biek, hala Davitek nola Susanak, zeramaten kontu ona. Zeren Susana zen bekhatu egingabea, eta Davit bekhatu egina. Eta bekhatu eginez gero, Iainkoarekin behar da iharduki, hara laster, han fida, haren miserikordiatik behar da erremedio. Nola Zesarek kondenatua, apelatu baitzen Zesar beragana, Zesar haserretuaganik ez haserretuagana: hala bekhatoreak ere behar du apelatu, Iainkoaganik Iainkoagana: Iainko iustiziazkoaganik Iainko miserikordiazkoagana. Bekhatu eginez gero, ezta bertze biderik, ezta bertze erremediorik. Ordea nehor bekhatu egin gabea denean, nola baitzen Susana, hobe da egitekoen alde hunetarik egitea, hobe da gizonekin ihardukitzea, eta hetarik ethor ahal dakidikaion kalteari igurikitzea, ezen ez Iainkoa baithan, eta haren miserikordian fidaturik, bekhatu egitea.

        Baiña guk kontrara egiten dugu. Zer izanen baita ere ethorkizunaz, gero Iainkoaren miserikordiara ihes eginen badugu ere, orai eskuen gaiñean, presentean, eztugu, bekhaturik ez egiteagatik, plazerik utzi nahi, eta ez penarik hartu: nahiago gaitzaitza ethorkizuneko peril handiari, eta gaitz bortitzari iarri, presenteko trabaillu aphurrari baiño. Eta zerk egiten du haur? Fidatzeak, kontu egiteak, berdin gero Iainko miserikordiosak guztiak barkhatuko derauzkigula, eta erremediatuko. Kontuaren gaixtoa, fidantziaren erhoa.

97 Fidatzen zara, bekhatu eginez gerozko kalteak erremediatuko dituela Iainkoak, eta etzara fidatzen eta ez orhoitzen, erremedia ahal ditzakeiela halaber, bekhaturik ez egiteagatik, ethor ahal dakidizketzun atsekabeak eta egitekoak. Behar eztenean fidatzen zara eta ez behar denean. Behar eztenean iduritzen zaitzu Iainkoaren miserikordia handi, eta ez behar denean. Hamar ezkuturen behar zarenean edo bertze premia bat eta eskastasun bat duzunean, etzara fidatzen, eztuzu esperantzarik, prestuki bizitzen zarela eta bekhaturik egin gabe egoiten zarela, zeure premia eta eskastasuna estal ahal diazaizula Iainkoak. Eta hala zeure esperantza gabearekin egiten duzu bekhatu, ebatsten duzu, egiten duzu ohoinkeria bat. Eta egiten duzu ohoinkeria hura esperantzaz, gero berdin Iainko miserikordiosak barkhatuko deratzula hartako bekhatua. Itsutasunaren handia. Orai Iainkoarekin adiskide zarenean, bekhaturik gabe zaudenean, eztuzu esperantzarik Iainkoak zuregatik deus daidikeiela; zure premia estal dezakeiela: eta gero etsai zarenean, eta bekhatuz bethea zaudenean, duzu fidantzia, guztiak barkhaturik, bere garazia eta loria, hain gauza handiak, baliosak, eta erdiesteko gaitzak, emanen derauzkitzula. Gauza errazean etzara fidatzen eta bai gaitzean. Bekhatu egiten duenarentzat dadukazu Iainkoa handi, zabal, franko, liberal; eta bekhaturik egin gabe, prestuki bizitzen denarentzat, estimatzen duzu dela hertsi, mehar, eskas eta abarizios. Guztietan zabiltza eta gabiltza nahasiak, errebelatuak eta huts eginak.

 

§ 5

 

98 Ez huts egiteko, behar bezala esperantza eta fidantzia izaiteko, zer egin behar da? Ihardesten du Errege Davitek: Sacrificate sacrificium iustitiae et sperate in Domino (Ps. 4). Erran nahi du: egizue ongi, ahalez obra onetan enplega zaitezte, eta gero orduan euzue Iauna baithan esperantza. Zeren bertzelako esperantzak deus guti balio du.

        Egun batez ethorri zeitzan Fray Gil Sainduari kardenal batzuk bisitatzera. Eta bere bisita akhabaturik partitzerakoan, erran zioten, arren zegiola Iainkoari hetzaz othoitz. Ihardetsi zerauen Fray Gilek: —Aitzitik, Iaunak, zuek egiozue nitzaz. Zeren nik baiño zuek sinheste eta esperantza gehiago duzue.

        —Ordean nolatan ahal dateke hori horrela?, diotsate kardenalek. Zeren gu gabiltza munduan barrena sarthuak, aberatstasunez betheak, atseginez eta plazerez gaiñez egiñak, eta zu penitenziatan, obra onetan, munduko egitekoetarik kanpoan, eta guztiarekin ere diozu sinheste eta esperantza gehiago dugula zuk baiño?

        —Bai, ihardesten deraue. Zeren zuek bizitzen zareten bezala, bizitzen zaretelarik ere, alegeraki, deusen beldur gabe, salbatzeko esperantza, eta esportzu handi batekin zabiltzate. Baiña ni beldur naizela, ikhara dirakidala, zeren bekhatore bainaiz. Beraz hunelatan zuek nik baiño esperantza eta sinheste gehiago duzue.

99 Ikhusiko duzu, iende thaillu batzuek, maliziarik eta enganamendurik baizen eztirenek, den sainduenak baiño buruak gogorrago dituztela, eta salbatzeko esperantza gehiago dutela: halako moldez, ezen ethortzen zarenean halakoekin minzatzera, erranen baiteratzute, eztezaketela bere esperantza, zurearekin truka: eztadukatela nehor ere bere buruak baiño sainduago, eta ez prestuago: nor nahi den bezain ongi Iainkoari gomendatzen zaitzala. Eta bitartean beharrietaraiño bekhatutan barrena sarthuak egon. Itsutasunaren handia, deabruaren enganamendua. Uste baitute eta uste baituzu, bekhatutan zaudela, parabisua emanen zaitzula, miserikordia eginen zaitzula. Hori da Iainkoaz, eta Iainkoaren miserikordiaz eskarniatzea: hori da esperantza, esperantza gabea, fidantzia erhoa, gaiñez egina, soberaniazkoa. Eta ezta ez hori fidantzia ere. Baiña hori da, ausartzia, presunzionea, nahi erhoa, eta miserikordia heltzen den baiño aitzinago zure desiraren hedatzea. Are gehiago, hori da Spiritu Sainduaren kontra diren bekhatuetarik bat. Eta hala miserikordiaren esperantzan bekhatu egiten duenak, eztu miserikordiarik merezi, zeren halakoa, miserikordiaren beraren kontra baitabilla.

        Hala emaiten du aditzera San Basiliok, penitenziaz mintzo dela: Qui spe poenitentiae male agit, modum habet maleficentiae et poenitentia privatus est (Basil. Tom. 25 de Poenit.) Penitenziaren esperantzan bekhatu egiten duenak, eztu bide ona hartzen, eztu penitenziarik balia dakion merezi. Eta molde berean erran ahal diteke miserikordiaren esperantzan bekhatu egiten duenaz ere, eztu hark ere miserikordiarik merezi.

100 Nahi badugu urrikal gakitzan geure Iainkoari, enzun gaitzan, lagun dakigun, eta eduki dezan gutzaz miserikordia, enseia gaitezin gu ere geure aldetik, geure egin bidearen egitera, bekhatuetarik apartatzera, eta manamendu sainduen begiratzera. Zeren halatan bai, baiña bertzela, bertzelako esperantza guztiak, eztira esperantza, alfer dira, erhokeriak dira.

        Beraz hunelatan, eztugu miserikordiaren esperantzan bekhaturik egin behar, eta ez fidantzia hartan penitentzia egitea, eta aztura gaixtoen utztea, geroko luzatu behar. Aitzitik, zeren Iainkoa den hain on, bihotz bera eta miserikordios. Zeren hain maite gaituen: zeren bekhatu egin eta berehala ezkaituen gaztigatzen, zeren igurikitzen derakun; eta finean, zeren hanbat ongi eta ontasun egiten derakun, hargatik beragatik ere, hartarik okhasino harturik, behar genduke, are bertzela eginen genduen baiño hobekiago, haren borondatearen egitera enseiatu; eta zerere bekhatu, eta gaixtakeria oraiñokoan erabili baitugu, hek guztiak utzirik, prestutasun batean iartzera deliberatu: eta halako moldez, thailluz, eta suertez aitzinerat gobernatu, non azken finean, Iainkoaren miserikordiarekin batean erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta prestaturik dagoen bozkarioa, zein baita zeruko loria.

 

aurrekoa hurrengoa