www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA OBRA OBLIGAZINOZKOAK, KONZIENTZIAZ ZOR DITUTZUNAK, ONDOKOETARA UTZI GABE, ZERORREK EGIN BEHAR DITUTZUN

KAP. XVIII

 

162 Baldin obra miserikordiazkoak, nola baitira probeen faboratzea, biluzen beztitzea, gose, eta egarri denari, iatera, eta edatera emaitea, bat bederak berak bere eskuz, bizi dela, irabazi handirik egitekotz, egin behar baditu: zenbatenaz berak bere eskuz ondokoetara utzi gabe, egin beharkoitu obra obligazinozkoak, iustiziazkoak, eta konzientziaz zor dituenak? Nola baitira ebatsien bihurtzea, zorren pagatzea, erauzi dituen falso testimonioen satisfatzea, eta eragin dituen kaltèn, eta gaixtakerien erremediatzea?

        Baldin obra miserikordiazkoak zerorrek zeure eskuz egiten ezpadituzu, eta ez bertzeri ere eragiten, egia da, eztuzu orduan merezimendurik izanen, baiña ez bekhatu mortalik ere. Zeren obra miserikordiazkoak, hargatik deitzen dira miserikordiazkoak, eta ez iustiziazkoak, zeren zenbait behar ordu herstutan, eta premiazkotan baizen, ezpaikara obligatu heken egitera. Baiña obra iustiziazkoetan, diferentki mintzatu behar dugu. Zeren heken konplitzera obligatu gara bekhatu mortalen penan.

        Eta eztuzu ez pensatu behar, ondokoetara utzteaz konplitzen duzula. Ez eta ondoko hei, zertzaz paga esleiturik, berezirik: eta seinalaturik utzten baderauezu ere. Zeren nola erran komuna den bezala, otsoak ian baitezake ardi kontatuetarik: hala zure ondokoak ere geldi dezake beretzat, zuk bertzerentazt seiñalatuetarik. Eta zertako ibili behar zara seiñalatzeketan, eta bertzeri kargu emanketan? Paga ezazu zerorrek, zeurk zor duzunaz geroztik.

163 Erranen duzu: Eztut ordea zertzaz paga. Baldin ezpaduzu, ezinak eztu legerik. Orduan etzara obligatu pagatzera, pagatzeko ahala dukezun arteiño. Ez eta etzara obligatu pagatzera, baldin hartzeko dunak berak kitatzen bazaitu edo barkhatzen baderatzu. Are gehiago, hartzeko dunak, ez ezin bertzez edo bortxaz, baiña bere nahiz eta borondatez, igurikitzen deratzunean, eta emaiten ephe, olrduan luza dezakezu pagamendua ephe hartaraiño, baiña ez gehiago. Paga ahal dezakezula, pagatu gabe, iabearen borondatearen kontra, onaren edukitzea, bekhatu da.

        Eta haur hain ongi aditzen da zor iakinaz, eta aithortuaz, nola gauza ebatsiaz, eta ixilik eramanaz. Hain ongi pagatu behar da bata nola bertzea.

        Eta, ezta ez asko, aithorraren emaitea, eta ez gero zeure ordenuan, eta hiltzerakoan, bihurtzeko eta pagatzeko, gogo eta borondate izaitea ere. Baldin ahal badezazu, zerorrek bizi zarela, eta ahalik eta fitetzena pagatu behar duzu zeure zorra, eta bai bihurtu ere gauza ebatsia, eta gaizki eramana. Ezta asko ondokoei, kargu utztea. Hala emaiten du aditzera doktor Navarrok: Decedentes et vita, cum possint et non restituunt, sed legant in testamento, non secure decedunt (Navar. in Manuali de restitut. cap. 17, num. 69) . Hiltzerakoan, berek paga ahal dezaketelarik, pagatzen eztutenek, baiña bere testamenteretara, ordeneretara, eta ondokoetara utzten dutenek, eztute ongi egiten, eztira halakoak bere konzientzietan mundu hunetarik segur partitzen. Gehiago dio Doktor Navarrok lekhu berean:

        Qui alienum iniuste retinet, et scit, illud se debere, si expectat donec condemnetur per iustitiam, peccat mortaliter. Zordun dela dakienak eta iustiziaz kondena dezaketen arteiño, pagatu nahi eztuenak, bekhatu mortal egiten du.

164 Batzuek bekhatu badaritzate ere, gauza ebatsien pagatu gabe edukitzea, ez ordea eztaritzate bekhatu, zor iakinari eta aithortuari luzatzea.

        Erraiten dute: Badakit, eta badaki zor dudala, aithortzen diot, eztiot ukhatzen, eta badut pagatzeko gogo, eta borondate. Iduritzen zaitzu ezen baldin aithorra emaiten baduzu, eta pagatzeko gogo baduzu, hain bertzez konplitzen duzula.

        Baiña enganatzen zara. Zeren bataz gogoa bera ezta asko, eta ez aithorra ere. Zeren zure gogoaz eta aithorraz ere probetxu guti du hartzeko duenak, pagamendurik eztenean. Eta berriz bertzea, sendo dela pagamendua egin ahal dezakeielarik, eri arteiño egin nahi eztuenak, emaiten du aditzera, baldin eritasunik ezpaliz, eta eritasunak ondorerik ezpalu, kontu guti leidikeiela. Eta hala frogatzen da halakoetan: zeren eritasunetik eskapatzen direnean, iduritzen zaie ezen aldi hartakotz, berriz eri arteiño segur direla eta kito.

 

§ 1

 

165 Nahi duzu zuk ezen egin behar zenduen deskargua eta egin eztuzuna zure ondokoak egin dezan. Bada uste duzu, zure dirua edo hazienda zuk zeure ondokoari, zeure zorraren eta obligazionearen pagatzeko utzten diozuna, etzaikala zure ondoko hari ere zuri bezain on, gozo eta eder idurituko? Eztuzu uste? Eztuzu pensatzen, zuk bezala, hark ere bere denboran gozatu nahiko duela? Eta erranen ere bai bere baithan: Niri neure aitzinekoak utzi derautan hazienda haur, nabaski, gaizki, eta bide gabeki beretakotua zuen, eta guztiarekin ere etzuen satisfatu, eta ez bihurtu. Bethi berekin eduki zuen. Bada ez naiz ni, hura baiño obligatuago. Egia da, hark, nola haren ondokoa bainaiz, manatzen nau bihur dezadala: hala bada manatuko dut nik ere neure ondokoa. Baiña bitartean ene aitzinekoak bezala, gozatu nahi dut nik ere, eta eduki neure denboran. Ikhusazu nola batak bertzeagana utziz, ezten deskargurik egiten. Eta nola halaber handik eta halatan zuk zeure burua galtzen duzun, eta zeure ondokoa ere galtzeko periletan ibentzen duzun. Zeren peril baita, zuk baiño gehiago eztuen hark ere deskargurik eginen. Ha zenbat trentena, zenbat arima-kari, zenbat deskargu dagoen egin gabe, batak bertzeaga utziz, eta guztiek utziz.

166 Ezta pontu hunetara gaizki heldu Pierres Damiano daritzan doktor batek kontatzen duena. Dio doktor hunek ezen behin gizon saindu batek ikhusi zuela bere espirituan, ametsetan bezala, ifernuko suaren erdian eskalera bat: eta eskalera haren lehen pausuan eta maillean zegoela konde bat, iaun handi bat. Eta gero ikhusi zituela halaber zazpi konde, ethorki berekoak, bata bertzearen ondoan, eskalera hartan berean zeudezilla. Zeren bata bertzearen heredero, ondoko, eta elkharren onen primu eta iabe izan baitziren. Eta lehenbizikoak gaizki eta bidegabeki beretakotu zuena, eta safisfatu gabe utzi; hala bigarrenak, hirurgarrenak, eta zazpigarrenak ere utzi baitzuen, ezpaitzuen batek ere deskargurik egin: eta halatan guztiak bata bertzeari zerraitzala kondenatu ziren (Petrus D. ep. 5 cap. 8 et refertur a S. Antonino 2 p. sum. cap. 1 § 5).

        Hala gerthatzen da bada, egungo egunean ere iende batzuen artean. Egiten ditutzu ohoinkeriak, goraturik eta bortxaturik dadutzatzu bertzeren onak: eta zuk, edo eztuzu kasurik egiten, edo utzten ditutzu pagatu gabe zeure ondokoaren esperantzan, eta bai hark ere berzerenean, eta hala hala bertzeak ere: eta handik, eta halatan, batak bertzeagana utziz, eta guztiek utziz, utzten dira deskarguak egin gabe. Etzuen hala egiten Zakeo aberats hark erraiten zuenean: Ecce dimidium bonorum meorum do pauperibus, et si aliquem defraudavi reddo quadruplum (Lc. 15). Neure onen erdiak emaiten derauztet probei, eta baldin nehor enganatu badut, bihurtzen dut laur doble. Eztu erraiten dabo, emanen dut, ezta geroko mintzo, presentean erraiten du, do, emaiten dut. Eta baldin deus gaizki eramaitera gerthatu bazait, hura ere neure eskuz, bizi naizela, eritu baiño lehen, neure ordeneretara eta ondokoetara utzi gabe, reddo, neurk bihurtzen dut. Hala borondatezko obrak nola obligazinozkoak berak bere eskuz egiten zituen. Eta hala egin behar ditu, nork ere nahi baitu merezimendu handirik erdietsi, eta bere konzientzia segurki seguratu.

167 Irakurtu izatu dut, ezen behin gizon batek zituela hirur aztore onak, eta famatuak. Eta bere azken finean, hetarik bata utzi zuela, zor bat baitzuen, haren pagatzeko; bigarrena, seme bat baitzuen, harendako; eta hirurgarrena, arima-kari, mezatan enplegatzeko. Eta gero handik fite, aztore hetarik bata ioan baitzen airaturik eta ez gehiago bihurtu: erran zuen semeak, ioan zen aztore hura zela, haren aitak arima-kari utzi zuena. Etzuen erran berarentzat utzi zuena zela. Etzaitezilla zeure ondokoaren esperanzan eta hark eginen duen deskarguan fida. Zeren baldin zerorrek bizi zarela zeure arimaz orai konturik egiten ezpadazu, eta zeurk egin duzun falta, zeurk erremediatzen ezpaduzu, eztezazula, pensa, eztakizula iduri, gero zure ondotik zure ondokoak, zuk zerorrek baiño hobeki eginen duela.

        Guztiok nahi dugu salbatu, guztiok nahi dugu ioan parabisura, eta guztiok dugu esperantza. Baiña esperantza banoa, alferra, eta iduriz probetxu gutitakoa du, deskarguak egiteko dituelarik, eta berak egin ahal ditzakeielarik, egin gabe, ondokoetara utzten dituenak.

        Bat dugunean, bia nahi ditugu; bia ditugunean, hirur. Ongi edo gaizki, zuzen edo makhur, plazer zaiku hartzea, eta berretzea, baiña gaitz, eta gaitzi gutitzea, eta bihurtzea: hartan min hartzen da.

        Bada min hartuko bada ere, bihurtu behar da, satisfatu behar da. Eta hobe da batekin zoazin parabisura, hamarrekin ifernura baino.

        Eta hobe da halaber utz diazozun zeure umeari edo ondokoari guti, eta on, ezen ez anhitz eta gaixto. Guti hek, ongi irabazi hek, deskarguak eginik, eta nori berea errendaturik geldituko zaitzan aphur hek, sumatuko dira, berretuko dira, gurenduko dira: baiña bertze guztiek fin gaitz eginen dute: hetarik hirurgarren belhaunekoek guti gozatuko dute.

        Ikhusazu bada, egizu gogoeta, ea, zorrik edo bertzeren onik, gaizki eramanik, baduzunz: eta hek obligazinozkoak baitira eta ez borondatezkoak, hek guztien gaiñetik, zerorrek bizi zarela, zeure eskuz, bertzeren peskizan, eta esperantzan utzi gabe, paga itzatzu, iraungitzatzu. Zeren halatan zeure umeak, primuak, eta ondokoak peril handi batetarik atherakoitutzu: eta zerori ere, aitzinetik deskarguak eginik, aisia handi batean, eta salbamenduko bidean, oraidanik iarriko zara.

 

aurrekoa hurrengoa