www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA GEROTIK GERORA GABILTZALA BETHA

DITEKEIEN BEKHATUEN NEURRIA, ETA OSA KONTUA

KAP. IX

 

74 Erraiten du Salomonek, Iainkoarekin mintzo dela: Omnia in mensura et numero et pondere disposuisti (Sap. 11). Iauna, zure gobernua eta ordenamendua, hain da handia, eta hain aitzina heltzen eta hedatzen da, non munduko gauza guztiak kontuan, pisuan eta neurrian egiten baitituzu. Pondus et statera iudicia Domini (Prov. 16). Pisua eta balantza dira Iaunaren iulgamenduak eta sentenziak. Ezta gutitzerik eta ez berretzerik: ezta soberaniarik eta ez eskasiarik: ezta inorantziarik eta ez ez nuen usterik. Guztiak dakuski, guztiak dakizki eta guztiak berak bere eskuz, bere ordenamenduaren arauaz, behar bezala kidatzeintu. Hain xehero, bat banaka, beregainki, eta bereziki daki Iainkoak gauza guztien berri, non gure buruko illeak ere, kontatuak baitadutza eta ezpaitzaiku batere haren iakin gabe galtzen eta ez erortzen. Are badaki zenbat parabisurako diren, eta bai zenbat ifernurako diren ere (Lc. 12 et 21). Eta hark berak daki eta ez bertzek. Badu guztien kontua, eta kontu segura eta gerthua. Hala erraiten du San Tomasek: Numerus praedestinatorum in superna felicitate locandus, est certus et soli Deo cognitus (S. Thom. 1 p. q. 2 art. 7).

        Bekhatuak, eta bekhatuzko obrak, baititugu geure geureak eta gerok eginak. Halako moldez, ezen erraiten baitu Iainkoak berak Oseas profeta baithan: Perditio tua ex te Israel, tantummodo in me, auxilium tuum (Oseae 13). Israel, giristinoa, galtzea zeureganik, erremediatzea duzu eneganik. Bekhatua zurea da, barkhamendua da enea.

75 Ordea guztiarekin ere badaki Iainkoak gure bekhatu guztien berria eta kontua: badaki zenbat eginen ditugun, eta bai zenbatetaraiño igurikiko zaikun ere. Hala erraiten du San Agustinek: Sed hoc magis sentire nos convenit, tamdiu unumquemque Dei patientia sustentari, quamdiu nondum peccatorum suorum terminum finemque compleverit: quo completo, eum illico percuti, nec illi ullam veniam iam reservari (August. lib. de vita christiana, tom. 9). Iakin dezagun gauza bat, sentitzekoa baita: igurikitzen dioela bat bederari Iainkoaren pazientziak, bere bekhatuen neurria betha arteiño, kontua konpli arteiño: eta hura konplituz gero eztela gehiago igurikitzerik, eta ez barkhamendu erdiesterik. Badaki Iainkoak kontua, zenbat bekhatu eginen ditugun, eta bai zein handiak eta nolakoak ere. Eta utzten gaitu kontu haren konplitzera, neurriaren bethatzera eta mukurutzera. Deliberatua daduka anarteraiño igurikitzeko. Permititzen du ehun edo berrehun bekhatu egin ditzagun, edo gutiago edo gehiago, berak daki zenbat, xedea ibenia daduka; eta eztu nahi hartarik aitzinago iragan gaitezin. Cirdumdedi illud terminis meis, et posui vectem et ostia; et dixi usque huc venies, et hic confringes tumentes fluctus tuos (Job. 38). Inguratu nuen itsasoa neure mugez eta mugarriez, ibeni nerautzan athe sarraillak: eta erran nioen: huneraiño, kostaraiño etorriko zara, eta ez aitzinago, hemen geldituko zara, hemen hautsikoituzu zeure uhinak eta hola hantu urguilluak. Itsasoak haserre denean, bere gaitzaldiak dituenean, badirudi iretsi behar duela mundua. Orduan halako moldez irakitzen du, non baldin bridarik ezpalu, manatua ezpalego, lur guztia estal baillezake. Ordea Ieremias profetak dioen bezala: Posui arenam terminum mari, praeceptum sempiternum, quod non praeteribit, commovebuntur et non poterunt et intumescent fluctus ejus et non transibunt illud (Jer. 5.) Badu itsasoak bere xedea, bere marra, bere mugarria eta zedarri iakina, zein baita kosta eta kostako sablea, harea eta legarra. Han hautsten da, han baratzen da, han gaitzago eta urguilluago bada ere, ematzen eta sosegatzen da.

76 Bada itsasoari bezala ibeni derauka Iainkoak gizonari ere, bere arauaz bere zedarria, seiñalatu dio noreraiño hel, bere xedea, bere mugarria eta marra. Eta nahiago badu ere, eztiteke marra hartarik aitzinago iragan. Enseia ahal diteke, desira ahal dezake, baiña alferrik. Zeren gizonak libertatea nahi badu ongi eta nahi badu gaizki egiteko izanagatik ere, ezta ez handik segitzen, bai bekhatuak libreki eta bere nahiz egiten dituela, baina ez nahi duen bezanbat bekhatu egin dezakeiela, eta ez libertate hari nahi duen bezanbat, iraun arazi ahal diazaiola. Zeren libertate haren gaiñeko eta nabusi da Iainkoa. Hark libertate hari eta haren iraupenari, gutien uste duenean, bortxarik egin gabe, utz arazi diazaio, herts eta traba, daraman bide gaixtoa. Aski esten du edo sobera esten du, bere batez aitzinago. Eta hala ikhusikoituzu iendethaillu batzuk, neurriaren bethatzeaz kontu guti eginik, abiadura handi batekin, bekhatu gehiago egitera abiatzen, eta erdutzen direla: eta hain zinez, eta deliberatuki, non iduritzen baitzaie, ezen ia han direla, eta deusek ere hara heltzetik ezin gibela ditzakeiela. Ordea ikhusiko ditutzu halaber, noiz eta gogoa zinezenik, hartan ibenia baitadukate, eta lasterrenik baitoazi, orduan berean, edo eritasunez edo inkontruz, edo estropuz, edo heriotzeak atrapatuz bere bekhatu egiteko gogoarekin, bidatz-erditan gelditzen direla. Hala gerthatu zeikan errege Faraoni, Israeleko semeen kontra egundaiño baiño deliberamendu handiagoarekin zihoanean, erraiten zuela: Persequar et comprehendam, dividam spolia, implebitur anima mea, evaginabo gladium meum, interficiet eos manus mea. (Ex. 5). Erdietsikoitut, atrapatukoitut, aspertuko natzaie, guztiak ezpataren ahotik iraganeintut. Bada orduan berean, hunela mintzo zenean, eta zihoanean, neurria bethe zeikan, kontua osatu, eta konplitu zeikan, eta beruna bezala itsas-ondarrera eroririk, bere egunak akhabatu zeitzan.

 

§1

 

77 Itsasoko untziak, barkha handiak, anhitz daduka, karga handia iasaiten du. Erditaraiño betheagatik itsas gaiñean dago. Hirur laurdenak betheagatik ere badabilla, oraiño ageri da. Guztia betha dadinean, hondatzen, eta ondoratzen da, orduan estaltzen da. Zeren ezta, soberaniak gaiñez eragin eztiazaionik, ezta bere neurria baiño gehiago dadukaionik. Bada haur beror gerthatzen zaitzu, zeure bekhatuen kargarekin, zuri ere. Egiten ditutzu hogoi bekhatu mortal, eta oraiño bizi zara, igurikitzen deratzu Iainkoak. Egiten ditutzu berrogoi, eta oraiño ere utzten zaitu. Egiten ditutzu hirurogoi, eta guztiarekin ere badu pazientzia, pairatzen derauzkitzu. Egiten ditutzu lauretan hogoi, eta orduan bethatzen da neurria, orduan mukurutzen da, orduan gainez eginik, untzia ondara bezala, zu ere, infernuko zolara erortzen zara.

        Ordea eztut ez, hunetan erran nai, igurikitzen duela bethi Iainkoak, lauretan hogoi bekhatu egin arteiño: eztut erran nahi, eztela anarteraiño neurria bethatzen

eta ez orduan ere, orduan bethatzen dela. Aitzitik nola asko baita bekhatu mortal bat infernura ioaiteko, benturaz bada zenbait, bekhatu bat beragatik ifernuan dagoenik, bekhatu batez neurria bethe duenik. Ohoin batzuk, anhitz ohoinkeriaren buruan urkhatzeintuzte, eta berriz bertze batzuk berehala lehenbizikoan dira atrapatuak. Hala gerthazen zaie bada bekhatu anhitzekin edo gutirekin ifernura ioaiten direnei ere. Batzuei igurikitzen deraue Iainkoak luzaro, eta bertze batzuei ez hanbat. Eta zergatik ez? Den bekhatu mortalik ttipienaren ere egitera, beldur garen amoreakgatik, hartzaz neurria betha ditekeienaz geroztik. Eta hala erraiten dudanean lauretan hogoigarren bekhatuaz neurria bethazen dela, orobat, derraket, lehenbizikoaz, bigarrenaz edo hirurgarrenaz betha ditekeiela. Zeren nik konparazino hunetan erran nahi dudana da, badela bekhatuetan neurri bat, badela ez aitzinago iragaiteko marra bat eta kontu bat. Eta lehenbiziko bekhatuaren egitera ere bai, baiña guztiz ere handik harat, hurrenekoaren egitera behar dugula izan beldur, zeren hartzaz, lehenaz egin eztena, neurria betha baititeke.

        Eta hunetarik athera ahal dezakegu, eta ikhas anhitz gauza. Lehenbizikoa, zinez gatzaitzala, zu eta ni ere zordun geure Iaungoikoari. Zeren benturaz anhitz baitago orai ifertuan, guk oraiñokoan egin dugun baiño bekhatu gutiagorekin; eta guk geureak oraiño, gehiago balira ere, Iainkoarekin batean, erremedia baititzakegu. Halaber, bigarrena, ikhas ahal dezakegu hunetarik, bethi ere behar dugula izan beldur, eta herabe bekhatu egitera, zeren ezpaitakigu zeiñez zerratzen den kontua, lehenbiziko egiten dugunaz ala bigarrenaz. Eta guztien buruan ikhas ahal dezakegu eta athera hunetarik, erhokeria handia dela, guk geure buruan daramaguna, eta erraiten duguna, bekhatuen utzten eta obra onen egiten gero hasiko garela. Zeren pensatu behar genduke, badela bekhatuetan neurri bat, kontu iakin bat, eta guk destatzen, eta ordenatzen dugun gero hartara heldu gabe, kontu hura konpli ditekeiela, eta neurria betha.

 

§ 2

 

78 Erraiten du Aristotelek eta hari iarraikitzen zaitza bertze filosofo guztiak ere: Omnia viventia, quae dicuntur natura constantia, habent certum limitem suae quantitatis (Arist. 2 ex anima cap. 4 tex. 41). Bizitzen diren gauza guztiek, badute bere neurria bere handitasunean, eta bai ttipitasunean ere. Gizona ezin dateke zigarra bezain ttipi, eta ez zigarra ere, gizona bezain handi. Eta nola bizitzen diren gauza guztiek baitute bere handitasunean, eta ttipitasunean bere pontua eta neurria, hala dute iraupenean ere bere denbora. Denbora batetaraiño, iraun ahal dezateke, eta ez gehiago: handik harat guztiak dohazi beheitituaz, ahituaz, eta bere indarrean flakatuaz. Animalia batzuek gehiago irauten dute, bertze batzuek baiño, eta bai zuhaitzek ere. Ordea guztiek dute ber denbora iakin bat, eta neurri bat. Hala dute bada bekhatuek, eta bekhatoreek ere bere arauaz bere neurria eta kontua zenbatetaraiño hel, eta bai denbora ere noizarteraiño iraun. Eta denbora hura konplituz gero, neurria bethez gero, eztu Iainkoak gehiago igurikitzen. Hala emaiten du aditzera Eskritura Sainduak, erraiten duenean: Vade et interroga mulierem praegnantem, si quando impleverit novem menses suos, adhuc poterit matrix ejus retinere partum in semetipsa? (Esdrae 4 cap. 4). Zoaz, eta galdegiozu emazte izorrari, ea bederatzi hillabetheak bethez gero, eduki ahal dezakeien haurra sabelean? Ihardetsiko deratzu, ezetz. Ez eta beraz Iainkoak ere, bekhatuen neurria bethez gero, ezin dadukaio, bere iustiziaren arauaz, bere kolera agertu gabe. Eta erraiten badu ere Esaias profetak: Expectat Dominus ut misereatur nostri (Is. 38): Igurikitzen du Iainkoak gutzaz miserikordia izaiteko: aditzen da, igurikitzen duela, baldin neurria bethe ezpada, denbora konplitu ezpada. Hala erran eta egin ere zuen Iainkoak berak Noeren denboran, uholde handi harzaz mundua hondatu zuenean. Impleta est terra iniquitate et ego disperdam eos cum terra (Gen. 6). Bethe da lurra gaixtakeriaz, mukurutu da maliziaz, ezta beraz zer gehiago igurikirik, ditzagun guztiak lurrarekin batean gal eta honda. Eta hala hondatu zituen.

79 Eta lurrarekin batean erraiten du: Disperdamus eos cum terra, zeren lurra gelditu bazen ere, ordea Glosak dioen bezala: Per salsedinem aquarum, ipsa terra peiorata est (Glos. lyrana cap. 6 Gen.). Uholde hartzaz gero lurra ere mehatua, eta flakatua gelditu zen. Pontu hunetara ezta gaizki heldu San Mateo Ebanjelistak ibentzen duen konparazino bat (Mt. 13), zeiñetzaz frogatzen baita, bekhatuetan bezala, obra onetan ere, neurria betha arteiño, eta zorhi arteiño, igurikitzen duela Iainkoak. Eta da konparazinoa: Gizon batek erein zuen bere landan hazi ona, ogi bihi garbia, baiña gero zenbait nahastekarik egotzi zuen gaiñetik hazi gaixtoa. Eta denborarekin batean hasi ziren hazi biak, ona eta gaixtoa, agertzen. Agertu zirenean, erran zioten bere muthilek nabusiari: Vis imus et colligimus ea? Iauna, zuk hazi ona eta garbia erein zenduen zeure landan eta alhorrean, baiña badakusagu, on harekin batean sorthu dela gaixtoa ere. Nahi duzu bada goazin, eta gaixto hura, athera dezagun, bil dezagun? Non. Ez, ihardesten deraue, eztut nahi. Sinite utraque crescere usque ad messem. Igurikazue aphur bat, zaudete oraiño, luza ezazue uztaraiño, utzkitzue hazi biak, ona eta gaixtoa haztera, handitzera, eta zorhitzera: eta gero orduan ebakiko ditutzue guztiak; eta onak ongi bildurik, eta zamaturik, ailtxatuko, eta gaixtoak ere elkharganarik, sura egotziko ditutzue. Etzuen nahi zorhi arteiño, bere sasoiñera, eta mugara hel arteiño, nehork utki zitzan ez eta zorhituz gero ere geldi zitezin.

        Hala egiten du bada gure Iainkoak ere, hala onekin nola gaixtoekin. Igurikitzen deraue guztiei zorhi arteino, bere mugara, sasoiñera, eta neurrira hel arteiño. Eta gero orduan, onak bere loriako ailtxatzeintu, eta gaixtoak sekulako penetara egotzteintu. Fruituak utzten ditutzu ontzera, umotzera, eta bere sasoiñera heltzera: hala utzten ditu bada Iainkoak ere onak ontasunean, eta gaixtoak gaixtatasunean zorhitzera, eta neurriaren bethatzera.

 

§ 3

 

80 Gure Iaungoikoak, ikhusirik iarri zeitzala gaiztakeriari iendeak, erran zuen bihotz min handi batekin: Tactus dolore cordis intrinsecus: zeren berak nahi etzuena, munduko bekhatuek eragiten baitzeraukaten. Delebo hominem quem creavi a facie terrae (Gen. 6). Neurk egin nuen gizona, neurk deseginen dut, khenduko dut lurraren gaiñetik. Eta hunetakotzat, deitu zuen Noe zeritzan gizon bat, zein, bera zortzigarren, etxatier guztia, gerthatu baitzen on eta iustu, eta hari erran zioen: Repleta est terra iniquitate. Bethe da mundua bekhatuz eta maliziaz, gaiñez egin hurran du gaixtakeriaz. Eta hala deliberatu dut guztien uholde batez desegitera eta hondatzera. Ordea eman nahi derauet asti, ephe, termino eta espatio bizitzeko, eta penitentzia egiteko, ehun eta hogoi urthe. Eta bitarte hunetan zuk, erraiten dio Noeri, bertzeen abisatzeko, eta zeure etxekoen salbatzeko, eta halaber animalia suerte guztietarik haziaren eta arrazaren gelditzeko, eginen duzu untzi bat, barkha handi bat, erran den gauzako asko handi datekeien bezalakoa. Eta hala egin ere zuen. Eta hartan sarthu zirenak, bizirik salbatu, eta eskapatu zirren, eta ez bertzerik.

81 Orai hemen behar da konsideratu pontu bat. Untziaren eragiterakoan, erran zerauen Iainkoak igurikiko zerauela ehun eta hogoi urthez. Baiña baldin kontua ongi atheratzen badugu, edirenen dugu, etzerauela iguriki ehunez baizen. Zeren ageri da ezen, untiziaren edo barkharen manua izan zuenean, bortzetan ehun urthe zituela Noek, eta gero seietan ehunetara heldu zenean, ethorri zela uholdea. Zer erran nahi du bada hunek? Prometa igurikiko zerauela ehun eta hogoi urthez, eta ez iguriki ehunez baizen? Non dira gaiñerakoak? Zer murritzte da haur? Zergatik eztu bere promesa osoki konplitzen? Ihardesten du San Krisostomok: Antequam implerentur anni promissi, universale introduxit excidium, et hoc fuit sacrae misericordiae maximum indicium. Nam, quoniam vidit incurabiliter illos peccare, et non solum nihil ex indicibili longanimitate sua proficere, sed et incrudescere ulcera, propterea succidit tempus ut ne maiori scilicet poenae se obnoxios facerent (Chrys. Hom. 25 in cap. 7 Gen. tom. 1). Egia da, prometatu zituen urtheak konplitu gabe, igorri zuen Iainkoak uholdea. Eta haur izatu zen miserikordia sakratuaren seiñale handi bat. Zeren nola ikhusi baitzuen, egunoro bekhatu egiten hari zirela, eta aitzinerat ere hala hariko zirela, eta igurikitzeaz, denbora gehiago emaiteaz, probetxu baiño kalte gehiago heldu zeiela, bekhatuen zauriak gordintzenago, eta gaizkoatzenago zirela, hobenduriago egiten zirela, urrikaldurik, pena gutiago ethor zekien amoreakgatik, gutitu zerauen denbora, eta laburtu hogoi urthez, eman zerauen ephea eta promesa. Hunela ihardesten du San Krisostomok. Eta arrazoin ona da haur. Baiña ez ni narraion gauzaren frogatzeko. Hartarakotzat edireiten da bertze bat San Jeronimo baithan, eta ene ustez ez gaixtoa. Eta da arrazoiña: prometatu zerauen, igurikiko zerauela ehun eta hogoi urthez, ez ordea iguriki ehunez baizen. Zeren ehun eta hogoi urthez egin behar zituzten bekhatuak, edo egin behar etzituztenak, ehunez egin baitzituzten, ehunez neurria bethe baitzuten. Eta nola neurria bethez gero, ezpaitzen zer gehiago igurikirik: halatan, nola berak lehiatu baitziren bekhatu egitera, eta neurriaren bethatzera, deliberatu zuen Iainkoak ere hei biziaren laburtzera, eta hogoi urtheren denboraren gutitzera eta ephaitera (Vid. Hieron. de quaest. hebraicis super hunc locum).

82 Hunetarik athera ahal dezakegu, behar gandukeiela, gehiago bizitzeagatik bedere, bekhatu egitetik gibelatu, eta hartan neurria bethatzetik eskusatu. Halatan erraiten deraue Ieremias profetak iuduei: Quare facitis malum grande hoc contra animas vestras, ut intereat ex vobis vir et mulier? Zeuen buruon etsaiak, Iainkoagatik egin nahi ezpaduzue ere, zergatik zeuen probetxuagatik eta gehiago bizitzeagatik bedere, etzarete bekhatu egitetik begiratzen? Eztakusazue, bekhatu egiteaz, eta heken kontuaren konplitzeaz, bizia laburtzen duzuela? Eta halatan bertzela hillen zineten baiño lehen hiltzen zaretela? Zeren kontua konplituz gero, ezpaita gehiago bizitzerik.

        Prometatu zerauen gure Iaungoikoak Abrahani eta haren ondokoei, emanen zerauela Iudeako erresuma on hura. Ordea etzerauen, prometatu eta berehala eman. Eta zergatik ez? Ihardesten du Iainkoak berak: Necdum enim completae sunt iniquitates amorrhaeorum (Gen. 15). Ezterauet emaiten berehala, zeren ezpaitira oraiño bethe eta konplitu Amorreoen bekhatuak, zeinek baitadukate herri hura. Hek neurria betha dezatenean, eta kontua konpli, orduan edekiko derauet hei, eta emanen Abrahani eta haren ondokoei.

        Etzuen iduriz hala egin Sodomakoekin eta Gomorrakoekin: hek erran eta berehala, gehiago iguriki gabe, zerutik su bat igorririk erre zituen. Zeren ia ordukotzat neurria bethe baitzuten. Eta hunen gaiñean erraiten du San Agustinek: Quo exemplo manifeste instruimur, singulos secundum peccatorum suorum plenitudinem consummari, et tamdiu ut convertantur sustinere, quamdiu cumulum suorum, non habuerint, delictorum, consummatum (Vid August. de vita christiana tom. 9). Exenplo hunetzaz emaiten zaiku aditzera, eta erakusten klarki, bat bederari, bere bekhatuak bethe dituenean, bethatzen zaitzala bere egunak ere: denbora hartaraiño igurikitzen zaikala, eta ez gehiago.

83 Eta baldin orainokoan erran ditugun gauza hauk guztiok egiak badira, nola baitira egiak: baldin Iainkoak deliberatua badaduka igurikitzeko neurria betha arteiño eta ez gehiago. Zertan pensatzen othe duzu zuk, orainokoan ere, buruan ille duzun baiño bekhatu gehiago egin duzunorrek? Zer dakizu hurran lehenbiziko eginen duzunaz, zuk zeure neurria bethatzen duzunz? Kontua konplitzen duzunz? Zer dakizu lehenbiziko eginen duzun bekhaturen begira dagoenz Iainkoa, zure egunen akhabatzeko, eta mundutik atheratzeko? Konsideratzekoa, eta bethi ere gogoan edukitzeko pontua da haur. Baina zuk pontu hunez eta bertze hunelakoez ere kontu guti eginik, zeure gero hartara laster egiten duzu, eta bethiere gero onduko zarela, eta zure neurria eztela oraiño betheko erraiten duzu.

        Ordea zer izanen da, zure gero hura heldu gabe, zure bekhatuen kontua bere kontura hel badadi? Eta zure bizia ere akhaba badadi?

        Konsiderazino haur beror, bertzerik gabe, asko behar lizateke, ez gehiago gerotik gerora ibiltzeko: edo bai behintzat bekhatu baten egitera zohazinean, haren egitetik ixtitzeko eta gibelatzeko. Zeren pensatu behar zenduke ezen, egitera zohazin bekhatu hura, dela benturaz, zure azken bekhatua, eta hartzaz zuk zeure neurria bethatzen duzula, zeren etzara segur.

        Anhitz bekhatu egin duzu oraiñokoan, eta guztiarekin ere utzten zaitu oraiño Iainkoak, igurikitzen deratzu. Beraz esperantza ahal dukezu, eztuzula oraiño neurria bethe. Ordea betha dezakezu, lehenbiziko eginen duzunaz, beraz haren egitetik behar duzu begiratu.

        Eta hala bira iraganak iragan, hek ahalik eta hobekiena erremedia ditzagun, eta aitzinerat gehiago egitetik ahalez begira gaitezin. Bethiere pontu haur, neurriaren bethatzeko peril haur, gogoan edukitzen dugula. Eta bizitzen garela, ez bekhatuz eta gaixtakeriaz, baiña ontasunez eta obra onez, neurria betherik, azkenean zeruko loria erdiets dezakegun bezala.

 

aurrekoa hurrengoa