www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

KOLERAREN IRAUNGITZEKO BORZGARREN ERREMEDIOA DA KONSIDERATZEA ZER MOLDEZ DAGOEN ZURE ETSAIA, HASERRE DENEAN

KAP. XXV

 

206 Koleraren iraungitzeko, etsaiaren kontra ez haserretzeko, eta mendekatzetik ere gibelatzeko, erremedio ona da konsideratzea nola, zer moldez, eta zer estatutan dagoen zure etsai hura, haserre denean, mendekatu nahiz koleratua, zutzaz gaizki erraiten duela dabillanean. Eta edirenen duzu (lehen ere aditzera eman den bezala), orduan zure etsai hura, itsu dela, erho dela, zentzutik eta adimendutik kanpoan dela. Beraz nola, baldin bazendu anaia bat erhoa, eta adimendutik iauzia, eta hark anhitz gaizki egin, eta erran baliazazu, eta bere buruari ere zenbait kolpe gaixto eman baliazo, damuago baitzenduke zeure anaia haren kalteaz, eta haren hala izaiteaz, egiten eta erraiten derauzkitzun bide gabe guztiez baiño; hala halaber behar duzu izan damuago zure etsai kolerak erauzirik dagoen hark bere buruari egiten derautzan kaltez, zuri egiten derauzkitzunez baiño.

        Haur batek, edo sukharrarekin nahasirik dagoen batek, edozein gauza erranagatik, etzara bat ere asaldatzen eta ez zeure sosegutik kantitzen. Zeren baitakizu ezen hek eztakitela zer mintzo diren, eta ez zer hari diren. Hala bada koleran dagoenak ere, eztaki zer mintzo den, eta ez zer hari den. Eta halatan halakoagatik, eta halakoakgatik, egin zioen othoitz gure Salbatzailleak bere Aitari, erraiten zioela: Pater, ignosce illis quia nesciunt quid faciunt (Lc. 23). Aita, barkha iazezu, eztakite zer hari diren. Zeren koleran baitaude. Cogita quod non est in se, qui vituperat, sed insanit, et non moleste feres contumelias ipsius, dio San Krisostomok (Chrys. Hom. 79. Tom. 2). Pensa ezazu eztagoela bere baithan gaizki erraiten hari dena, baiña adimendutik kanpoan dela, eta baldin hala pensatzen baduzu, erraxki pairatukoituzu egiten derauzkitzun bidegabeak. Presuna haserretuak eztu bere burua ezagutzen, etz ez nehor ikhusten, itsu da. Eta itsuak inkontru ioitea, eta iragaitean aurizkitzea, ezta miretsteko, etzara hargatik haserretu behar; eta haserretzekotz ere zeure buruaren kontra haserretu behar zara, eta ez itsuaren kontra, eta ez koleran dagoenaren ere. Zeren zu baitzara argi, eta hura itsu: zu zuhur, eta hura erho: zu zeure tentuan eta zentzuan, eta hura handik athean, eta kanpoan. Beraz paira beza zuhurrak erhoa, argiak itsua, eta kolerarik eztuenak, koleran dagoena. Haur da erremedio ona, etsaiari barkhatzeko eta pairatzeko, haren egin-erranez konturik ez egiteko: nola, eta zer moldez dagoen koleran dagoenean konsideratzea.

 

aurrekoa hurrengoa