www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA ERREMUSINAK, ETA BERTZE OBRA ON, BORONDATEZKOAK ERE, ZERORREK ZEURE ESKUZ, EDO BERTZERENEZ, ZERORI BIZI ZARELA, ONDOKOETARA UTZI GABE EGIN BEHAR DITUTZUN

KAP. XVII

 

157 Gauza segura da, eta bat ere dudarik eztuena, probetxuago eta merituago izanen duzula, orai zerorrek, bizi zarela, eta osasuna duzula, zeure eskuz probeari emaiten diozunaz, ezen ez gero hiltzerakoan ordenatzen diozunaz. Ordea zuk oraiño eta geroko, franko duzularik, orai ez bat ere, baiña gero biziaz etsitu duzunean, egin gogoitutzu liberaltasun handiak. Aberats zara, on handiak ditutzu, eta baduzu bai borondate, on horietarik probetara partitzeko.

        Ordea noiz? Gero, hiltzerakoan. Bitartean erraiten duzu: Neure onak neurk nahi ditut gozatu eta manaiatu, eztut oraiño gabetu nahi: eztut ohera gabe biluzi nahi. Baiña gero, neure azken ordenuan eta testamentean, manatuko dut neure ondokoa, neure onekin utziko dudana, egin ditzala ene deskargu guztiak. Eta are gehiago, abisatuko dut suma bat, seiñalatuko baitiot suma hura probetara parti dezala. Eta benturan purgatorioetaratzen banaiz ere (zeren gaixtoeneko kontuan guztiok purgatorioetara uste dugu) berehala handik atheratzeko, hunenbat meza eta trentena eman arazi diatzadala, eta bertzerik ere anhitz obra on ene izenean, ene onetarik dagiela.

        Hunela diozu eginen duzula. Zure ongi guztiak, bertzek, zure ondokoak, eta zeurk ez bat ere.

        Bada etzatekeien hobe obra on horion guztion zerorrek bizi zinela, zeure eskuz egitea, eta horien bidez, purgatorioetara ioan gabe egoitea, ezen ez gero haratzen zareneko erremedioen egitea? Preso zareneko erremedioak bilhatzeintuzu eta ez preso sartzetik begiratzekoak.

158 Are gehiago, erremusinen eta bertze obra onen ondokoetara utzteaz, emaiten duzu aditzera gibeletik eta urruititik nahi duzula argi diazazuten. Zer zenerrake, baldin gau ilhunean, pausu hertsi, gaitz, perilos batean iragan behar duenak, erran baliaze bere muthilei, daudela gibelat, eta gibeleti eta urruititik dagiotela argi? Hala dira bada bere erremusina eta bertze obra miserikordiazkoak bereek bere eskuz egin ahal ditzaketelarik, bere ondotik, urruititik, eta hillez gero, bertzeren eskuz, bertzeri eragiteko gogo dutenak ere. Hura da, hurran hurran erran komuna den bezala: usoak ioan, sareak heda.

        Eta badio San Basiliok ere: Nemo post vitam, pietatis laudem, praemiumve capiet. Eztu nehork, hil ondoko erremusinaz, erremusinalari izan delako, laudoriorik izanen. Hobeki zeneidike, eta segurkiago ioka zindezke, baldin gero, bertzeren eskuz egin gogo duzuna, orai zeurez, zeurk ikhusten duzula, egin bazeneza. Zeren oraiño San Basiliok dioen bezala: Quis exitus tui tempus nuntiabit? Quis de mortis genere sponsor? Quot vides repentino ac vi casuve extingui, qui prae doloris et spiritus angustia, ne vocem quidem emittere potuerunt? Quot etiam febris, a sensu alienos fecit? Quid igitur, expectas tempus, in quo, saepe, rationis tuae compos non eris? (Basil. orat. 14 de mor. et Hom. 7 in divites avaros). Zuk baitiozu, ezen hiltzerakoan, zeure on guztiak, edo parte bat, probei ordenatuko deraztezula, orduan ongi handiak eginen ditutzula. Erradazu, nondik iakinen duzu, edo nork abisatuko zaitu noiz edo zer moldez hillen zaren? Nor duzu hartako fiadore? Zenbat ikhusten ditugu ustekabean, laburzki kolpez edo estropuz, mintzatu ere gabe, finatzen direla? Eta bai halaber sukharrak nahasirik, bere testamentak hasi, eta akhabatu gabe gelditzen direla? Zergatik bada nahi duzu zuk ere benturaz zeure adimenduan egonen etzaren denborako, eta astirik ere izanen eztuzuneko, zeure egitekoa eduki eta luzatu?

 

§ 1

 

159 Goazin aitzinago. Oraiño orduan, hiltzerako aitzinean, adimendu, memorio, eta asti bazendu ere, erran nezake zure orduko erremusinak deus guti balio duela. Zeren baitirudi ezen bortxazkoa dela, eta ez borondatezkoa: guztiz ere lehen ahal zeneidikeielarik, beraziaz, anarteraiño luzatu duzunean. Zeren orai zeure onak eztitutzu gutitu nahi, ezin delibera dezakezu, hartara; bada badirudi ezen gero ere, hil uste ezpazendu, etzenezakeiela delibera, edo ez hetarik eman.

        Are gehiago, zure orduko, azken oreneko onen emaite eta errepartitze hark, badirudi, deus guti balio duela zuretzat.

        Zeren zure onetarik, eta zure izenean egiten bada ere errepartitze hura, ordea anhitzetan ere, ezpaituzu zeurk egiten. Herioa hurbiltzen zaitzunean, nola athaka hertsian, eta pausu gaitzean iragan behar baituzu: eta bitarteko doloreak ere handiak baitira, orduan zeure onez kontu guti egiten duzu: zeren handiagoak ahantzarazitzen baiterauzkitzu. Orduan zeure ondokoei, eta han presentean edireiten direnei, zer ere nahi baitute, eta nola behar dela ikhusiko baitute, hala dagitela utzten derauezu. Hain nekez eta penaz bildu zinituen onak eta onhasunak, eta hain zuhurtki eta maiteki begiratzen zinituenak gero, hain laxoki eta antsikabeki largatzeintuzu: lehen zein hertsi eta itxekin baitzinen, gero hain franko eta liberal egiten zara. Orduan nork zer erraiten baiteratzu, hura laudatzen duzu: eta anhitzetan ere, zer erraiten duzun eztakizula, baietz erraiten duzu. Neure mendean anhitz ikhusi dut halakorik. Eta hala badiruri ezen, orduan egiten duzun guztia bertzek egiten duela; eta ez zuk. Ikhusazu bada ea zer probetxu eta merezimendu ahal dukezun, bertzek egiten duen ongiaz. Arrazoiñekin erraiten du Spiritu Sainduak: Ante mortem bene fac amico tuo, et secundum vires tuas exporrigens da pauperi (Eccli. 14). Heriotzera baiño lehen egiozu ongi zeure adiskideari, eta duzun indarraren arauaz heda iazozu zeure eskua probeari.

160 Egun batez egin zioen othoitz Santa Luziak bere amari, gero egin gogo zuena, geroko begira egon gabe, egun beretik egin zezala, eritasunaren eta heriotzearen hersturan iarri gabe, sendo zela berak bere eskuz bere onak probei parti ziatzela.

        Baiña ihardetsi zioen amak, orai usatzen den bezala:

        Ene alaba, igurikazu oraiño aphur bat, ni zahartu naiz, sarri hilen naiz, eta orduan guztiak zerorri geldituko baitzaizkitzu, zerrorek eginen duzu plazer duzuna. Errepuesta haur bere amak eman zeraukanean, lehiatu zeikan berriz alaba, erraiten zioela:

        Non est admodum gratum, o mater, Deo munus quod qui offert, ideo offert, quia illius usum suprema interdicit dies (Suri. tom. 10 die 13 septemb. in vita Stae Luciae). Ene ama maitea, badirudi ezen etzaikala Iainkoari eder eta ez plazent, presunak, berak ezin goza dezakeien gauzaren emaitea eta presentatzea.

        Da dum sana es, ne si moriens dederis, invita dedisse arguaris. Emazu beraz, ama, sendo zarela, eztiagizuten eranzute, edo erran eztiazazuten, hiltzerakoan emaiten duzuna, bortxaz emaiten duzula.

        Arrazoin hauk aditu zituenean amak, egin zuen alabak nahi zuen guztia: eta berehala, geroko begira egon gabe, berak bere eskuz partitu zituen bere onak probetara.

        Orai hemen benturaz erranen du zenbaitek: beraz hunelatan, eriek bere eritasunetan, eta azken ordenuetan egiten ditutzten legatek, emaitzek, eskentzek, erremusinek eta bertze obra miserikordiazkoek eztute deus balio.

161 Bada ordea, ordukoek ere balio dute. Ordea lehenekoek gehiago. Hala erraiten du San Krisostomok: Melius quidem fuerit, multumque afferens fiduciae, dum adhuc vivis, paupertati egentium succurrere. Si vero istud nolueris vel moriendo generosum quid facies; id enim, licet non multum habeat dilectionis, aliqua tamen est dilectio (Chrys. hom. 10 in cap. 81 ad Doma. tom. 4). Hobeago, merituago, eta bihotz esportzagarriago bazatekeien ere, zerorrek zeure eskuz bizi zinela eta sendo zinela probearen faboratzea; ordea guztiarekin ere, lehen faltatu baduzu ere, eztezazula, hiltzerakoan bedere falta, egizu orduan zenbait liberaltasun. Zeren orduan egiten denak ere, ez anhitz, baiña zerbait balioko du. Iainkoaz orhoitzen zarela aditzera emanen du. Gehienik osasuna duguiño, eta geure eskuz, baiña gero ondotik ere, eta bertzeren eskuz ere, dagigun ahal dagiguna. Mundu haur bideazkoen ostatua da, iragaitzaz gare hemen.

        Gure sekulako ostatua, herria eta etxea, bertze munduan da. Eta nehork bere herrira, eta bethiereko behar duen etxera igortzen ohi du aitzinetik ahal dagiena, eta bai gero deus gelditzen bazaika, bera dohanean, berekin ere eramaiten.

        Hala egin behar dugu bada guk ere. Orai sendo gareiño gehienik, baiña gero eritasunean, eta hiltzerakoan ere, egin behar dugu ahal dagiguna. Igor dezagun aitzinetik, eta daramagun geurekin ere.

        Baiña erremusinak, eta bertze obra on miserikordiazkoak, eta borondatezkoak utzirik, zeren ezpaita hetan hanbat peril, mintza gaitezin hurreneko kapituluan obra iustiziazkoez, eta obligazinozkoez, eta dakusagun nola guztien gaiñetik heken geure eskuz egitera, ondokoetara utzi gabe, garen obligatu.

 

aurrekoa hurrengoa