www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

KOLERAREN IRAUNGITZEKO GAIÑERAKO BERTZE ERREMEDIOAK KAPITULU HUNETAN LABURZKI EZARRIAK

KAP. XXVII

 

209 Pairu eta pazientzia izaiteko, bata bertzearekin ez haserretzeko, konsidera dezagun, ezen Adanen seme guztiok, eta guztik ere giristinok, gorputz bat garela, eta gorputz hunen buru Iesu Kristo gure Salbatzaillea dela. Hala erraiten du Iondone Paulok: Unum corpus sumus in Christo Iesu, singuli autem alter alterius membra. Gorputz bat gara Iesu Kristo baithan, eta bat bertzearen mienbro eta parte. Beraz hunelatan elkhar onhetsi behar dugu, gorputzeko mienbroek eta partèk elkhar onhesten duten bezala.

        Gorputzeko mienbroetan ezta inbidiarik, eta ez mendekurik. Oiñak zerbitzatzen du eskua, eta eskuak oiña. Oiñari behaztopatuagatik, eztio eskuak kolperik emaiten. Hortzek mihia autsikitzen dutenean, nork hargatik atheratzeintu hortzak? Begiak lekhu goragoan daude oiñak baiño, ordea hargatik begiek ezertan dadutzate oiñak, estimatzeintuzte, eztuzte arbuiatzen. Aitzitik ahal dagiten guztia elkharri laguntzen zaitza, eta baldin egiten ezpazaitza, bere kaltetan faltatzen dute: zeren baldin begiek argitzen ezpaderaueza oiñei, oiñak behaztopatuko dira, eta begiak iraziko. Sabelak iaten ezpadu, zangoak flakatuko dira, eta bai sabela bera ere ihartuko. Ez laguntzea, bat bederak bere kaltetan egiten du. Eta halatan haur ikhusirik, guztiek elkhar dadukate, elkharri laguntzen zaitza, elkhar onhesten dute. Eta batak bertzeari zerbaitetan huts eginagatik, elkharri pairatu eta barkhatu behar diogu, eta amorio eduki, zeren gorputz bat, eta gorputz batetako mienbroak eta parteak baikara.

 

§ 1

 

210 Halaber koleraren iraungitzeko on da zerbait lani lotzea, bertzetan pensatzea, gogoaren aldatzea. Hala erraiten dute egiten zuela Klimas zeritzan batek; koleraren eritasunaz ukitua sentitzen zenean, aldatzen zela bertze egitekotara, soiñuz eta kantuz hasten zela, eta halatan bere gaitza eta kolera ahantzten zeitzala, eta sosegatua gelditzen zela (Aelianus).

        Halaber erremedio ona da, koleraren gibelatzeko, konsideratzea zeurk ere anhitz huts eta falta egiten duzula, baiña hargatik eztuzula zeure burua zehatzen, eta ez penatzen. Erremedio haur ukitu zuen Senekak, erran zuenean: Poterit non irasci statim utique, si sibi tacitus ad singula, quibus offenditur, dixerit: Haec et ipse commissi (Senec. lib. de ira cap. 28). Badagoke haserretu gabe, bidegabeak errezibitzen dituena, baldin orduan berean, erraiten badio ixilik bere baithan bere buruari: Nik neronek ere egin nuen noizbait hunein bertze.

        Eta badio San Gregoriok ere: Quasi aqua ignis extinguitur, cum surgente furore animi, sua cuique ad memtem culpa revocatur. Quia erubescit, peccatis non parcere, qui Deo vel proximo saepe se recolit parcenda peccase (Gregor. in Moral. lib. 5). Ura suaz iraungitzen den bezala, iraungitzen da kolera ere bat bederak bere faltèn gogoratzeaz. Zeren ahalketzen da, edo ahalketu behar luke, bertzeri ez barkhatzeaz berak barkhakizun gehiago, edo hainbertze duenean. Ezta zuhurtzia, faltetan erortzen denak faltatan erortzen denaren gaitzestea, eta gaztigatzea. Zeren halatan berak ere bere burua, gaitzetsi eta gaztigatu behar bailuke.

 

§ 2

 

211 Halaber koleraren iraungitzeko, on da, adiskide baten, Mezenas baten aldakan izaitea. Hark linburtzera zohazinean, kolerak itsuturik erhokeria baten egitera zaramatzinean, kapatik thira zaitzan, abisa zaitzan, eta erortzetik begira zaitzan. Gizon bat zihoan behin bere gogoz bertze baten hiltzera, eta ikhusirik bere adiskide batek nola zihoan, galdegin zeraukan: Norat zoaz horrela harmaturik? Ihardetsi zioen: —Hunelakoren, urliaren hiltzera noha. —Eta zer izanen da, baldin hark zu hiltzen bazaitu? —Ez nintzen horretzaz orhoitzen. Adiskideak orhoitarazi zuen, eta orhoiturik, gibelat bihur arazi zuen.

        Anhitzetan egin zioen ofizio haur Mezenas bere adiskideak Augusto Zesar enperadoreari. Eta guztiz ere egun batez, enperadore hark, kolerak itsuturik eman baitzuen sentenzia gaixto bat, eta haren arauaz iende handia, baitzeramaten galtzera, eskiribatu zioen Mezenas bere adiskideak, eta igorri eskutik eskura, bera iend'artean urrun egonez, buthun labur bat erraiten zioela: Surge carnifex (Zonat. T. 2. Annal.). Iaiki adi karnazera, ikhusak zer hari aizen, borreroa. Enperadoreak buthun hura hain laburra, eta zinezkoa errezibitu zuenean, nork egina zen, izenik ezpazuen ere, ezagutu zuen bere adiskidearen letra eta eskua: hartu zuen parte onera, eta berehala, bere falta ezaguturik, kolerak eragin zeraukala ikhusirik, barkhatu zerauen guztiei. Anhitz balio du adiskide leial baten bere konpaiñian izaiteak, hark egiak erran diatzon, eta deus erran gabe ere, ukhondoaz utki dezan edo begiaz kheiñu egin diazon. Zeren batzutan gehiago egiten du kheiñuak, mihiak baiño. Gauza baten egitera zohazinean, eta zeure adiskideak eztagizula erraiten deratzunean, ez al baitzenegi, gibela al baitzindezi. Zeren komunzki orduan hobeki dakusa zure adiskide hark, zuk baiño. Zeren zu nola baitzaude deliberatua, eta bai batzutan pasionatua eta itsutua ere, eztuzu den guztia ikhusten. Baiña zure adiskeak eztu pasionerik, argi ditu begiak, hark den bezala, eta behar bezala ikhusten du.

        Etzait egundaiño neure adiskidearen abisuaren kontra egin dudan gauzarik ongi gerthatu. Midikuak ere, munduko hoberena bada ere, eritzen denean, bertze midikuen eskuetan utzten du bere burua, bertzeren abisuz eta ordenantzaz midizinatzen eta errekaitatzen da. Bada koleran dagoena eri da. Beraz nahi badu sendatu, beha bekio bere adiskideari, goberna bedi haren konseilluz, eta abisuz, zeren halatan edirenen da ongi, eta ez bertzela.

212 Finean, ez koleratzeko eta kolerak dioskun gauzarik ez egiteko, oraikotz azken erremedioa da konsideratzea, eta geure baithan barrena pensatzea, zein gauza ona, plazenta, eta ondore onetakoa den, ez ihardukitzea, mendeku bilha ez

ibiltzea, bakean egoitea. Quis enim labor est fratri indulgere conturbanti? Labor quidem in remittendo nullus; in retinendo autem inimicitias, maximus; si quidem iracundia liberari, maximam reddit menti quietem, et valde hoc est facile volenti. Neque enim, necesse est maria transfretare; nec longi itineris peregrinationem subire, nec montium excelsa ascendere, nec pecuniam impendere, nec corpus intendere; sed sufficit velle tantummodo (Chrys. serm. 28, tom. 2). Zer trabaillu da etsaiari barkhatzea? Ez bat ere, dio San Krisostomok. Zeren ezta hartarakotzat itsasorik iragan behar, ez bidean ibili, ez mendian gora igan, ez dirurik gastatu, ez gorputzik higatu, eta ez bertze trabaillurik hartu; nahia behar da, eta ez bertzerik. Baiña egiteko handia da eta penagarria ez barkhatzea, ea nondik edo nola mendekatuko den bethiere gogoetan egoitea. Eta ezpere konparaitzatzu, eta komunzta elkharrekin, etsaitasunean eta mendekatzeko desiran ibili zaren denbora, eta etsaitasunik gabe, bakean egon zarena, edo zaudena: ikhusiko duzu zer diferentzia den bien artean, zenbat dohan batetik bertzera. Edirenen duzu, ezen lehen anhitzetan ere, konpaiñia batzuetarik aldaratu behar zenduela, zeren han gerthatzen baitzen zenbait zure etsai. Halaber edirenen duzu, lehen zinela gerlan, eta orai zarela, biktoria erdietsirik, bakean. Zeren San Krisostomok dioen bezala:Victoria contra iram est quidem maxima, non cum iniurias ulciscimur, sed cum eas aequo animo toleramus. Etsaitasuneko biktoria, eta garaitia, eztago ez mendekatzean, eta ez ordaiñaren bihurtzean edo doblearen: baiña dago barkhatzean, eta bidegabèn pazientki pairatzean.. Zeren orduan zeure etsaia, zeure burua, eta deabrua ere garaitzen baititutzu, eta arima, eta gorputza ere bakean, soseguan eta segurean ibentzen. Zein baita gauza handia, laudatzekoa, eta lehen baiño lehen geroko begira egon gabe, etsaitasunaren utzteko, lehenen gaiñera erremedio ona, eta konsideratzekoa.

 

aurrekoa hurrengoa