www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN AMORIO DESORDENATUAK

EGITEN DUEN BORZGARREN KALTEAZ: SOSEGURIK ETA PAUSURIK GABE IBENTZEAZ

KAP. XXXIV

 

237 Haragiaren aphetitu desordenatuak egiten dituen desordenuez eta kaltez mintzo garenaz geroztik, goazin aitzinago, eta edirenen dugu, ezen emazte gizakoiak, eta gizon emakoiak, presuna putanerak eztuela deutsetan ere sosegurik eta ez pausurik.

        Nork erranen du zenbat atsekabe, zenbat gau eta egun gaixto iragaiten duen halakoak, hala gizonak nola emazteak? Nola konpaiñia prestuak utzirik, bere egitekoei gibela emanik, loa galdurik, bera bakharrik itzalgaizka, airatua, basatua eta idurikortua ibiltzen den? Eta erraiten duen bere baithan: ikhusi othe naute? Zer othe diote nitzaz? Eta deus enzuten badu diotela, haserretzen da, gaitzerizkoan batarekin eta bertzearekin iartzen da. Zeren nahi luke, hura bera bezala, bertzeak ere itsu liren, eta nehork ez lerran deus. Eta alabaiña ezta hartazko solhasik baizen.

        Guztiek, batak alde batetik eta bertzetik, saltsa nahasten eta iratiotzen dute, guztiak hartzaz mintzo dira. Bertzerik ezpaliz ere, bere amoranteak berak ekhartzen dio berri franko: nork zer dioen, nor nola mintzo den, direnak eta eztirenak garraiatzen derautza. Zeren halakoak, hartako dira on eta ez bertzetako. Han da munduko elha-berri, erran-merran eta nahasteka guztia.

        Nik uste dut ezen emaztetara emana den gizona hala deiño ezin datekeiela ongi eta guztiz ere baldin ezkondua bada. Ezkondu gabe baten erortzea, behar ezten emazte batekin segitzea, ezta ongi, bekhatu da. Baiña aldez ezta hain miretsteko munduko arauaz.

        Ordea ezkondu batek, emazte ederra eta prestua duen batek, hura utzirik, har dezala itsusi bat, begi-zeihar bat, ezkel bat, betheriatsu bat, finean eztheus bat: eta harekin iosia bezala egon dadilla.

        Erran behar da adimendua itsutu zaikala, memoria nahasi zaikala, eta borondatea behar ezten aldera itzuli zaikala. Halakoaren etxean ezta gerlarik, liskarrik eta bizitze gaixtorik baizen. Zeren emazte ezkondua eztu deusek ere hala giharran ukitzen, krozkan erauzten, eta ez bere tentutik eta pazientziatik atheratzen, nola bere senharra bertzerekin diabilkola iakiteak.

 

§ 1

 

238 Baiña gero nahi nuke iakin: gizon ezkondua bere emazte prestua utzirik, zerk hala, behar eztenaren hartzera itsutzen du? Zerk alda guratzen du? Hitz gutiz ihardesten du San Hieronimok: Quidquid non licet magis desideratur (Hier. in cap. 13 Oseae). Nehork debeku den gauza, sori eztena, desiratzenago du, hartara lehiago du. Aquae furtivae dulciores sunt, dio Salomonek. Ur ebatsiak eztiago eta gozoago dira.

        Halatan Plautok ere, hobekiago saltzeagatik egiten zuen oihu, emazte ebatsiak zekazkeiela. Eta poetek adulterioa deitzen zuten epaskoa, ohoinkeria. Haur da lehenbiziko arrazoiña, zeren gizon ezkonduak berea baiño bertzerik nahiago duen. Zeren berea ezpaitu debeku eta bai bere eztuena, eta nehork debekura lehiago baitu. Halaber bigarren arrazoiña emaiten du San Jeronimok bereak lekhu berean: Quod varietate dulce est, assiduitate vilescit. (Prov. 9). Bethierekoak, higuintza emaiten du, alda nahia ekhartzen du. Nola gizon ezkonduak bethi ere baitu bere emaztea bere eskuko, bereaz frankia, eta bertzerenaz eskasia, eta eskas den gauza maitaro eta iarraikiz izaiten dena, desiratzenago eta gozoago iduritzen baita, halatan presuna ezkondua berea utzirik, bertzerenera lehiatzen da, alda nahitzen da eta handik galtzen da.

        Zeren amorantea egiñez gero, harengana egotzten du bere gogoa, harekin gastatzeintu bere onak; handik harat bere emazteari eta harenganik izan dituen haurrei gibela emaiten deraue. Eta baldin on handiak ezpaitu, ezin dateke errumeztu gabe. Zeren amorantea, eta guztiz amorante miaüa eta eskalea, huntzadarra bezala da.

        Huntzak inguratzen du zuhaitza, besarkatzen du, edoskitzen du, eta azkenean ihartzen du. Hala bada amoranteak, biphiltzen du, larrutzen du, ariman eta gorputzean ihartzen du.

        Urrikalkizun da halakoa: eta bai amoranteaganikako haurra ere. Zeren nola ezpaita lejitimo, nola baita bastart, bort, ezkontzaz kanpoan egina, ezin mintza diteke libreki iend'artean, ezin bururik ailtxa dezake: berehala lehenbizito liskarrean, puta seme deitzen dute.

        Hargatik erraiten du Salomonek edo haren ahotik Spiritu Sainduak: De patre impio quaeruntur filii, quoniam propter ipsum sunt in opprobrio (Eccli. 41).

        Aita gaixtoaz errenkuratzen dira semeak, zeren hura dela kausa baitira desohorezko. Seme bastartak berak eztu hobenik, baiña bere aitarenagatik ekharri behar du burua behera.

239 Solon handiak Atenaskoen maestruak, umek bere aita-ametara duten obligazinoaz mintzo dela, nola ohore ekharri behar derauezan, eta bere behar orduetan, eta guztiz ere zahartzean, behar ditutzten faboratu, atheratzeintu obligazino hunetarik bastartak, ezkontzaz landan eta kanpoan eginak, lejitimo eztirenak. Eta arrazoiña, zeren aita ama hek, elkharrekin batzean eta iuntatzean, intenzione gehiago izan baitzuten bere plazer desordenatuen konplitzeko, seme eta alaba izaiteko baiño, eta nola heken borondatearen kontra eta hek nahi gaberik egiñak baitira, hala dutela merezi gaztigu hura eta gehiago ere.

        Ikusazu zein gaizki den gizon ezkondua, bere emaztea utzirik, behar eztenarekin dabillana, eta bai hetarik izaiten den haurra ere.

        Bada eritasun hunez kutsatua gerthatzen den Eliza gizona are da gaizkiago eta galduago. Peril da halakoak, ahaide probe guti ezkonduko duen, erremusinak bakhan eginen dituen. Zeren amorantea eginez gero, bere gogoa eta bihotza haren baithan ibentzen baitu, eta bere onak ere harekin gastatzen eta hondatzen baititu.

        Bi bekhatu suerte dira, begiz begi, eta artez Elizagizonari kontra dagotzanak. Elizagizonaren etsaiak eta galgarriak.

        Bata da emaztekin segitzea, eta bertzea etsaigoan egoitea. Nahi du Iainkoak, haren etxeko zerbitzariak, aphez ordenatuak dituen guztien gaiñetik bi abantail: bakea eta garbitasuna. Zeren sagaramendu garbi bat, eta bakezko bat erabiltzen baitu eskuen artean. Beraz hunelatan etsaigoan dagoena ere ez, baiña guztien gaiñetik emaztètan dabillana ezta aphezetako on. Eta hain da egia haur, non uste baitut ezen, emaztètan faltarik eztuen aphezari, bertzerik anhitz falta izanagatik ere, hek guztiak hobeki barkha, estal eta disimula dakiditzaiola; eta bertze guztiek eztutela hala desbistatzen, eta ez bere ohorean nothatzen, nola emaztekin ibiltzeak, eta kutsatzeak. Emaztetan eztabillan apheza, emazu saindutzat: eta dabillana, hala dabillaiño, emazu galdutzat.

        Beraz hunelatan, prinzipalki eliza gizonak eta presuna ezkonduak, baiña gero begira bitezi bertze guztiak ere haragiaren lohian sartzetik eta hidoiztatzetik. Zeren behin hidoiztatuz gero, iakin ahal dezakete ezen kaltiar eta sosegu gabe izanen direla: eztirela urriki gabe gerthatuko. Eta gero eta gero, zenbatenaz eta gehiago egonen baitira, hanbatenaz barrenago sarthuko, eta nekezago iltkiko, eta garbituko direla.

 

aurrekoa hurrengoa