www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ZERGATIK BEHAR DIOGUN GEURE ETSAIARI BARKHATU ETA AMORIO EDUKI. LEHENBIZIKO ARRAZOIÑA ZEREN IAINKOAK MANATZEN BAITU

KAP. XXVIII

 

213 Erran dugu zenbat kalte egiten duen mendekatzeko desira desordenatuak, eta handik sortzen den gaitzerizkoak, ibeni dugu halaber zenbait erremedio eta konsiderazino ez haserretzeko, mendekuen utzteko eta koleraren iraungitzeko.

        Bada orai behar da iakin eta konsideratu, materia hunetako ponturik prinzipalena, ea nola behar dugun geure etsaiaren alderakotzat gobernatu: behar dugunz etsaia onhetsi ala gaitzetsi.

        Eta baldin onhetsi behar badugu, ea zergatik, zer kausaz edo arrazoiñez behar dugun onhetsi.

        Lehenago, Lege Zaharrean, legea gaizki aditurik, etzedukaten bekhatu etsaiaren gaitzestea. Zeren nola legeak manatzen baitzuen adiskideak onhets zitzatela, eta etsaiez ezpaitzuen deus erraiten eta konturik egiten, handik atheratzen zuten, beraz etsaiak gaitzets ahal zitzaketela.

        Baiña zerutik lurrera iautsi zenak erakutsi zuen zer egin behar zen hunetan ere, erraiten zuela: Si enim diligitis eos qui vos diligunt, quam mercedem habebitis, nonne et publicani hoc faciunt? (Mt. 5). Adiskidearen onhesteaz, zer irabazi, zer esker eta merizimendu uste duzue izanen duzuela? Ientilek, Iainkorik ezagutzen eztutenek eta iende gaixtoek ere egiten dute hori, hek ere onhetsteintuzte bere ongi egilleak. Diligite inimicos vestros.

        Etsaiak, etsaiak onhetsi behar ditutzue, gaizki egiten deratzuezanei egin behar derauezu ongi. Eta zenbatenaz eta hek zuei gaizkiago, hanbatenaz zuek hei ongiago. Vince in bono malum. Ongiaz gaizkia garaitu behar da.

        Ordea zergatik onhetsi behar dugu geure etsaia? Egiten derakunari gaizki, zergatik egin behar diogu ongi? Dugun iakin, dugun bilha zenbait arrazoiñ.

        Lehenbiziko arrazoiña, alde guztiz lehenbizikoa, ezetz ezin derrakegun bezala, oiñ-eskuetan lotzen gaituena, da, Iainkoaren manua eta borondatea: Ego autem dico vobis, diligite inimicos vestros. Nahi duenak berra nahi duena baiña nik erraiten deratzuet zuei, onhets ditzatzuela zeuen etsaiak.

214 Pytagoras filosofo handi haren diszipuluek, etzuten bertze manurik behar, eta ez arrazoiñik, iakitea baizen heken nabusiak erran zuela (Cicero de nat. deorum).

        Nabusiak erran du, nabusiak manatu du: beraz hala da, eta hala egin behar da. Haur zen heken hitzkuntza. Bada guretzat, guk geure etsaiaren onhesteko, ezta asko izanen, onhets dezagula Iaikoak manatzen duela iakitea?

        Presuna batek, bidegabe bat egiten deratzunean, gerthatzen da, enplegatzen baitira bitartekoak eta arartekoak, ongunden egiteko; lehenbizikorik ethortzen zaitzu zeure lagun bat, zeure adiskide-kide bat, eta hark erraiten deratzu:

        Badakit urliak bidegabe egin deratzula, baiña urrikitan dago, damu du, ezagutzen du bere falta, eta hala ene amoreakgatik barkhatu behar diozu, adiskidetu behar zarete. Hunela erraiten deratzu zeure lagun adiskideak. Baiña zuk hari erraxki erraiten diozu ezetz, eztuzula nahi, zeren ezpatzatzaitza ahalke, ezpaitadukazu zeure burua baiño gehiagoren.

        Zure lagun haren ondoan, hark deus ezin egin duenean, ethortzen zaitzu bertze ararteko bat, handiagoa eta ahalkesunagoa. Eta ez hain erraxki, nola lehenari, baiña zeren kolera handian baitzaude, hari ere emaiten diozu eza, erraiten diozu eztakizula othoi gauza hartzaz mintza, zeren sobera zaudela errea, zaurtua, eta giharran ukitua.

        Azkenean enplegatzen da errege bera, eta hark berehala hausten zaitu, beratzen zaitu, etzatzaitza ezetz erraitera ausarzen.

        Bada baldin lurreko parte baten Errege bati, egun baldin bada bihar izanen eztenari ausartzen ezpazatzaitza ezetz erraitera, mundu guztiko Erregeari, Iainkoari berari, nolatan ausartuko zatzaitza ezetz erraitera, kontratzera, eta manatzen zaituenean onhets dezazula zeure etsaia, eztuzula onhetsi nahi eta eztiozula barkhatu nahi erraitera?

 

§ 1

 

215 Erranen duzu komunzki etsaigoan daudenak bere etsaigoaren ederztatzeko eta estaltzeko erraiten dutena. Nik barkhatzen diot, eztiot gaitzik desideratzen eta ez ordenatzen. Aitzitik nik neuretzat nahi nukeien bezanbat ontasun demola Iainkoak. Baiña eznatzaika mintzatu nahi, eta eztut nahi mintza dakidan.

        Ezta bertze gauzarik, harekin deus eztudala nahi baizen. Hunela erraiten duzu, baiña, eztakit, ongi erraiten duzunz. Zeren badirudi ezen hunela elkharrekin minzatzen eztirenak eztirela borondate gaixto gabe.

        Ezagun dira bere hitzetan eta solhasetan. Zeren ezterrakete elkharrez ongirik, itxurapenez edo baizen: obretan ere elkharren behartzen eta meneratzen direnean, elkharri ahalez heltzen zaitza.

        Bada gogoaz eta borondateaz denaz bezanbatean, berak ibenzeintut lekhuko, zeren berek dakite zer borondate duten elkharren alderakotzat. Eta baldin ongi pensatzen eta konsideratzen badute, edirenen dute, badutela barren hartan, zenbait uherdura, zenbait herra eta gorrotu, eta ez dioten bezain bere gogoa eta bihotzak garbi eta klar.

        Errementaldegian, harotzaren sutegian, hauskoak haize emaitetik gelditzen direnean badirudi eztela surik. Zeren berehala ikhatzat ilhaunez estaltzen baitira. Ordea higitzatzu aphur bat hauskoak, eta ikhusiko duzu nola berehala berriz sua agertzen den. Hala agertzen da bada, elkharrekin mintzatzen eztirenen arteko borondate gaixtoaren sua ere, den okhasinorik ttipienean elkharren behartzen direnean.

216 Ordea borondate gaixtorik eztenean, ez minzatzea bera, ez salutatzea, edo ez konbersatzea, bekhatu othe da? (Vide Caiet. in Summa, verbo odium).

        Baldin komunzki, giristinoak giristinoekin, ahaideak ahaidekin, eta herrikoak herrikoekin bezala, bidean inkontratzean, deus galdegiten deratzunean, edo bertze kasurik gerthatzen denean, ihardesten badiozu, salutatzen baduzu, eta borondate gaixtorik ez izan, bertze gaiñerakoan laburzki utziagatik, adiskide mami batekin bezala harekin ez ibiliagatik: badirudi eztela orduan bekhaturik: guztiz ere baldin uste baduzu, maiz minzatzetik eta elkharrekin segitzetik ethor ditekeiela kalte, nola ethortzen baita batzutan. Zeren badira iende batzuk hain okhasinotsuak, arrunkide gaitzak, batkari ondikozkoak eta inkontru gaixtotakoak, non hobe baita halakoei alde egitea, eta heken bidetarik eta inkontruetarik ihes egitea, eta aldaratzea, igurikitzea baiño.

        Ordea zeren apartaturik ibiltzeak, elkharren inkontruetarik ihes egiteak, eta edergaillu baizen elkharrekin ez minzatzeak, erran nahi baitu, badela bitartean, zenbait etsaigoa eta borondate gaixto, erraite huragatik, etsai fama gatik, eta hartan emaiten den eskandaluagatik, baldin erraite hura, etsai fama hura eta eskandalua iraungitzen ezpaduzu, borondate gaixtorik ez izanagatik ere etzara peril gabe zeure konzientzian, zeren obligatu zara, eta obligatu gara, baldin barrenean giristino bagara, kanpoan ere giristino garela erakustera eta aditzera emaitera. Ezkara obligatu adiskidekin bezala, etsaiekin geure sekeretuez eta egitekoez minzatzera, ekin maiz ibilzera, eta ez hekengana, adiskidetara bezala ioaitera. Asko da salutatzea, munduak etsai eduki ezkaitzakeien bezala bizitzea, borondate gaixtorik ez edukitzea, eta eskandalurik ez emaitea. Gaiñerakoan nork bere egitekoak egin ditzala eta behar duena behar duenarekin solhasta dadilla.

        Egia da ordea, saindu izaiteko, girisino komunei abantail eramaiteko, ezta asko salutatzea, borondate gaixtorik ez edukitzea, eta ez eskandalurik ere ez emaitea: baiña guztiekin behar da izan orobat, guztiekin behar da izan solhasturi amoltsu eta arronter.

        Eta are gehiago ezta asko gaizki egiten derakunari gaizkirik ez egitea, baiña ongi egin behan diogu. Zeren hura da saindutasuna, perfettasuna, debozinoan konplitu izaitea, eta Iainkoak karitateaz eta amorioaz eman derakun manuaren konplitzea.

 

§ 2

 

217 Erran dugu barkhatu behar diogula geure etsaiari eta amorio eduki, zeren hala manatzen baitu Iainkoak. Ordea noiz manatu othe zuen? Orzegun Saindu arratsean, hil behar zuen bezperan, bere azken finean, kandela bere eskuan harturik bezala zegoenean. Emaztea orhoitzen da, bere senharrak hiltzerakoan erran zioen azken hitzaz, eta bai semea ere, orduko bere aitaren konseilluaz.

        Bada gure Iaungoikoak bere azken finean, mundu hunetarik bertzera partitzerakoan, erran zerauen bere diszipuluei eta hekin batean guri guztioi: Ene diszipuluak, ene giristino maiteak: badakusazue, nola nagoen, nola heriotzea hurbildu zaitan, sarri hil behar dudan, eta neure testamentaren eta azken ordenuaren egiteko ordu dudan. Bada ene azken ordenua, ene azken borondatea eta manua haur da: Ut diligatis invicem (Job. 15). Elkhar onhets dezazuela, etsaiari barkha diazozuela.

        Hunetan izanen zarete seiñale, hunetan izanen zarete ezagutuak, eneak eta ene eskolan eta konpaiñian haziak eta ikhasiak zaretela. In hoc cognoscent omnes quod discipuli mei estis, si dilectionem habueritis ad invicem (Job. 13).

218 Badakizue, zenbat bidegabe egin zioten Ioseph Patriarka handi hari bere anaiek: Nola gaitzetsi zuten eta saldu zuten. Eta nola gero halaber denboraren buruan, guti usterik, bere anaia salduaren beharrera eta menera ethorri ziren, herstura handian iarri ziren: hain handian, ezen gero bere Aita Iakob hil zeienean, hasi baitziren elkhargana bildurik, elkharri erraiten: zer izanen da bada orai gutzaz? Hil da gure aita prestua, ona eta saindua: eta hura bizi zeiño ongi ginen, segur ginen, zeren haren amoreakgatik, geure anaiak barkhatzen zerakun.

        Baiña orai, nor baliatuko zaiku? Norgatik baliatuko deraku? Gogoeta handi zuten bere baithan. Eta gogoetak, gogoeta eragiten zerauela, erran zioten elkharri: Lehen geure aitaren amoreakgatik barkhatu zerakun geure anaiak: bada orai ere, harengatik beragatik, barkhatu behar deraku. Eta hartarakotzat ioan behar gatzaitza aitaren partez minzatzera, eta erran behar diogu harketz molde hunetan: Pater tuus praecepit nobis antequam moreretur, ut haec tibi verbis diceremus: obsecro ut obliviscaris sceleris fratrum tuorum et peccati atque militiae quam exercuerunt in te. Nos quoque oramus, ut servo Dei, patri tuo, dimittas iniquitatem hanc. Quibus auditis, flevit Ioseph (Gen. ult.). Iauna, erraiten diote Iosephi bere anaiek, badakizu zure eta gure aita prestua hil dela, eta hil ere ongi eta sainduki, bizi bezala hil ere. Hiltzerakoan zure galdegin zuen, eta hats-beherapen handi bat egiñik, erran zuen: Non da Ioseph ene seme maite hura? Errozue haren ikhus min handi batekin hiltzen naizela, eta neure benedizionea badiodala. Errozue halaber, orainokoan seme onak bezala, bethi ene borondatea egin duela, eta orai ere egin behar duela. Eta ene borondatea, ene azken adioa eta othoitza dela, eztadin orhoit zuek egin zinioten bidegabeaz, eta maliziaz, baiña nahi deratzuen barkhatu, eta halakorik iragan ezpailliz bezala, anaiatasun on bat eduki eta erakutsi: haur gomendatzen diodala, eta ez bertzerik: haur dela ene azken adioa, eta hark ene amoreakgatik egin behar duena. Hunela bere aitaren partez bere anaiak Iosephi, mintzatu zeitzanean, begiak busti zeitzan, nigarra iauzi zeikan: eta nola mendekatuko zen, ezen besarka bere anaiei lothu zeien, erraiten zerauela: aitak manatzen nau barkha diazazuedala: bada halako aitaren manua, eta halako puntadan eta denboran, arimak egiterakoan emana, nork eztu konplituko? Konplitu zuen, guztiei barkhatu zerauen.

219 Hala bada guri ere Iainkoak, bere azken finean, hiltzeko denbora hurbildu zeikanean, erran zerakun: Iende onak, badakusazue nola nagoen neure azken pontuaren bezperan, nola bihar hil behar dudan: bada baldin orainokoan bat ere ontasunik egin baderatzuet, baldin deusetan ere ene alderakotzat zordun edireiten badidutzue zeuen buruok, gauza bat egin behar duzue enegatik, eta hartzaz kitatzen zaituztet. Ha Iauna, errazu zer, zeren bihotz gogorra eta ezagutza gutitakoa izanen da, zu bezalako aitaren manua, eta pontu horretan emana konplituko eztuena. Zer? Elkhar onhets dezazuela etsaiari ene amoreakgatik barkha diazozuela. Haur da ene azken borondatea, eta guztien gaiñetik gomendatzen deratzuedana.

        Beraz ezta ezetz erraiterik, barkhatu behar diogu geure etsaiari, egin ongi eta eduki amorio. Zeren hala manatu baikatu geure Iaungoikoak, eta manatu ere ez noiz nahi den, baiña bere azken finean, bat bederari, den hitzik ttipiena ere, bihotzean barrena sarthu behar litzaikaion denboran.

 

aurrekoa hurrengoa