www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA GEROTIK GERORA LUZAMENDUTAN DABILLANAK EGITEN DIOEN BIDEGABE IAINKOARI

KAP. LIII

 

352 Erraiten du San Tomas Doktor handi hark: Si homo non peccasset Deus incarnatus non fuisset (S. Thom. 3 p. q. 1 art. 3). Baldin gizonak bekhaturik egin ezpalu, etzen Iainkoa gizon eginen; eta ageri da ezetz zeren gizon eginez gero, bethiere bekhatorekin ibiltzen zen, hekin solhastatzen, hekin iaten, eta edaten zuen, hekin zuen lakhet. Hain lakhet ezen soberania iduriturik, gaizki aiphatzen baitzuten skriba Fariseoek, erraiten zutela: Hic peccatores recipit et manducat cum illis (Luc. 15). Zer da haur? Soberaniak dira hauk, bekhatorekin, iende galdu, konzientzia gabekoekin dabilla, eztu nehorekin ere berzerekin onik. Eta hanbat minzo ziren ezen azkenean konparazino batzuk ibeniz, ihardetsi behar izatu baitzerauen, erraiten zuela: Zuek diozue ezen bekhatorékin nabillala, hekin iaten eta edaten dudala, ene iendeak hek direla. Eta ongi diozue, aithortzen dut, zeren hala baita. Baiña eztezazuela mirets. Zeren nola ehun ardi dituen arzaiña, ehun hetarik bat errebelatzen zaikanean, ioaiten baita laur hogoi eta hemeretziak utzirik, errebelatuaren bilha: eta haren edireiteaz atseginago hartzen baitu, bertze guztien ikhusteaz baiño; hala iakizue ezen atseginago hartzen dela zeruan ere, penitenzia egiten duen bekhatore batez, lauretan hogoi eta hemeretzi iustu penitentziaren premiarik eztutenez baiño. Zeren hura baita ardi errebelatuaren edireitea. Hala erraiten du San Lukas Ebanjelistak: Gaudium erit in coelo super uno peccatore poenitentiam agente, quam super nonaginta novem justis, qui non indigent poenitentia (Lc. 19). Halaber nola hamar erreal dituen emazte batek hetarik bat galtzen duenean, argia iratxekirik, iraultzen baitu etxe guztia: eta gero ediren duenean, alegeratzen baita, eta kontatzen baiteraue bere hauzokoei bere sendagailla, eta erraiten egin diatzotela bozkarioak; hala iakizue ezen zeruko Aingiruak ere alegeratzen direla, bekhatore baten konbertitzeaz, erreal galduaren edireiteaz.

        Konparazino hautan emaiten da aditzera, handia dela gure Iaungoikoak gure salbatzeko duen desira, eta hartan hartzen duen atsegina eta plazera. Zeren erraiten baitu, kontentamendu gehiago duela bekhatore baten penitenziaz, laur eta hogoi eta hemeretzi iusturen iustutasunaz baiño.

 

§ 1

 

353 Segur da, abantail eramaiten dioela iustuak bekhatoreari, garbiak likitsari: eta hobe dela arropa osoa, zahar pedazatua baiño. Nolatan erraiten da bada guztiarekin ere atseginago duela Iainkoak bekhatorearen penitenziaz, iustuaren iustutasunaz baiño? Ihardesten du San Tomasek: Coeteris paribus innocentia dignior est et magis dilecta: Dicitur tamen plus gaudere de poenitente quam de innocente quia plerumque poenitentes cautiores, humiliores et ferventiores resurgunt. (S. Thom. 1 p. q. 20 art. 4). Hanbatik hanbatean, hobe da hoben gabetasuna, eta behin ere likitstu gabe egoitea, likitstu ondoko garbitasuna baiño. Ordea guztiarekin ere erraiten du gure Iainkoak, atseginago duela bekhatore konbertituaz, penitenziaz garbituaz eta erori gero iaiki denaz, behin ere erori eztenaz baiño. Zeren komunzki halakoa zinezago permatzen eta enplegatzen baita, bethiere iustu izatu dena baiño. Bekhaturik egin eztuena, ezta deusen beldur, baiña bai, penitenzia egiten eta bere bekhatuen erremediatzen hari dena, hura beldur da, zinez permatzen da, beroki manaiatzen da: eta hala manaiatuz, iragaiten da, anhitzetan ere, behin iustu izatu dena baiño aitzinago. Hala iragan ziren Iondone Paulo bat, Magdalena bat eta bertzerik anhitz, eta egin ziren, bethi iustu eta saindu izan ziren batzuk baiño iustuago eta sainduago.

        Hanbatik hanbatean: Caeteris parabisus: Hobe da arropa osoa, pedazatua baiño.        Ordea halako pedazua, aphaindura eta berretura eman ahal dakidikaio, non gero berretura hark eta pedazuak, arropa oso berriak baiño gehiago balio bailluke. Hunen arauaz erraiten du San Gregoriok: Dux in proelio, eum militem plus diligit, qui post fugam conversus fortiter hosten premit, quam qui nunquam fugit, nec unquam fortiter fecit. Et agricola eam terram plus amat, quae post spinas uberes fructus profert quam eam, quae nunquam spinas habuit et nunquam fertilem fructum producit. (Greg. Hom. 24 in Ev.). Kapitain batek estimatzenago du, gerlatik ihes egin ondoan, bihurturik, balentia handiak egiten dituen soldadua, behin ere ihesik egin eztuena, eta balentiarik ere egiten eztuena baiño. Halaber laboriari batek ere nahiago eta maiteago du anhitz belhar gaixto izatu duen lurra, eta gero hetarik garbitu ondoan, fruitu anhitz ekhartzen duena, behin ere belhar gaixtorik izan eztuena eta fruiturik ere emaiten eztuena baiño. Hala bada gure Iaungoikoak ere du maiteago, bekhatu egin ondoan beroki eta doblatuki obra onetan enplegatzen dena, bekhaturik egin eztuena, eta obra onak ere hotzki, ephelki eta laxoki egiten dituena baiño. Eta erraiten du, maiteago duela halako bekhatorea, hala zintki eta fintki penitenzia egiten duena, bertze moldezko lauretan hogoi eta hemeretzi iustuz baiño. Zeren lehen gaixto eta bekhatore zen hura, egiten baita azkenean, penitenziarekin batean, iustuago eta sainduago, bethi iustu eta saindu izatu diren hek baiño.

 

§ 2

 

354 Are gehiago maiteago eta estimatzenago du Iainkoak penitenzia egiten duen bekhatorea, penitenziaren premiarik eztuen iustua baiño. Zeren perilean eta galdu gordean ibili diren gauzen edireiteaz, atseginago hartzen baitugu, bethiere segurean eta peril gabe egon direnen ikhusteaz baiño.

        Gerlaren ondoan estimatzen da bakea: tormenta iragan denean, prezatzen da denbora ederra: eritasuna ioan denean, edukitzen da ezertan osasuna. Eta zenbatenaz eta gerla, tormenta eta eritasuna izan baitira handiago eta perilosago, hanbatenaz gero ondoko bakea, denbora ederra eta osasuna ere dira prezatzenago, estimatzenago. Zer nahizu gehiago, dio San Agustinek: Edendi et bibendi voluptas nulla est, nisi praecedat esuriendi et sitiendi molestia. Et ebriosi quaedam salsiuscula comedunt, quo fiat molestior ardor, quem cum extinguit potatio, fiat delectatio. Et institutum est, ut iam pactae sponsae non tradatur statim, ne vilem habeat maritus quam non suspiraverit dilatam (Aug. lib. 8 conf. c. 3). Baldin plazera, plazer, eta atsegina atsegin izanen bada, behar da aitzinetik aphur bat bedere nekhatu eta unhatu. Iakinen bada zer den plazera, frogatu behar da lehenik zer den desplazera. Gaitzen berririk eztakienak, eztu ontasuna estimatzen. Loan ezta gozorik, logale eztenean: eta ez ian edanean ere, asea dagoenean. Eta halatan edale on batzuek bilhatzeintuzte bianda gaziak egarriaren pizteko, eta pizturik edatean plazer gehiago hartzeko. Halatan ordenatu zen halaber, etzekiola espos berriari, berehala lehenbiziko gutiziamenduan edo aiphamenean bere esposa eman, nekez izana hobeki estima zezan, edo fite izana arbuia etzezan.

        Artzaina alegeratzenago da ardi errebelatu baten edireiteaz, artalde osoaren, larre onean, alha dela, iakiteaz baiño. Aita batek atseginago hartzen du, denbora luzeaz mututurik egotu den semearen ahotik hitz baten enzuteaz, bertze seme guztiak ederki minzatzen direla aditzeaz baiño. Halatan bere hazienda partea, ian edanean eta emaztétan gastaturik galdua eta desegina, bihurtu zen semeari, egin zioen bere aitak besta gehiago, bethiere etxean bere manuko egon zeikanari baiño. Zeren etxekoa bethiere segurean ikhusten baitzuen, baina bertzea, galdutzat zedukana, koberatu baitzuen. Hala da bada, eta halatan gure Iaungoikoak ere hartzen du hanbat atsegin eta plazer bekhatorearen penitenziaz. Zeren galduz gero edireiten baita, eta bai peril handitik ere ilkitzen eta eskapatzen.

 

§ 3

 

355 Bekhatorearen penitenziaz atsegin handia hartzen du gure Iaungoikoak: eta atsegin hartze haur guztior eragiten derauka bekhatoreagana dadukan amorioak. Eta nola Terenziok dioen bezala: Amantium ira, amoris redintegratio est: Zinez eta egiaz elkhar maite dutenen arteko haserredurak eta diferentziak, anhitzetan ere, amorio berretgarri eta fintkagarri ohi dira zeren elkharrekin minzatu gabe, eta elkhargana gabe egotu diren denbora hartan ere, elkharganatzeko amorioa eta desira berretzen baitzaie; hala bada gure Iainkoari ere, gure moldera minzatzera, bekhatorea apartaturik dagokan bitarte hartan, berretzen zaika, bekhatore haren bereganatzeko duen desira eta borondatea. Eta badirudi eztuela onik, beregana dezakeien arteiño: zeren bitarte hartan, athera ethorririk bezala bethi deiez baitagoka: eta deiez ere luzaro eta behin ere etsitu gabe. Expectat Dominus ut misereatur vestri. (Is. 30). Urthe batez, biaz eta hamarrez, athal ondoan igurikitzen du. Eta alabaiña bekhatoreak bere burua gor eta sor egiten du, geroko bere eginbidea luzatzen du. Gauza gaizki egina da eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea; eta berehala eman ahal diazaion errepuestaren, eta egin ahal diazaion zerbitzuaren geroko luzatzea.

        Beraz zinez izanen da gauza gaizki eta itsusia hain maite zaituen Iainkoari eta adiskideari, zure penitentzia egiteaz eta bide oneratzeaz, hanbat atsegin hartzen duenari: eta bethi ere deitzen zaituela eta zure bilha dabillala dakizunari, hain kontu guti emaitea, hanbat iguriki arazitzea, geroko luzatzea, ez berehala ihardestea. Badirudi ezen baldin Iainkoak, deusez ere albalu damurik, hunetzaz lukeiela.

        Beraz hunelatan erran behar da handia dela luzamendutan dabillan bekhatoreak, hala ibiltze hartan eta bitarte hartan Iainkoari egiten dioen bidegabea. Eta halako bidegaberik ez egiteagatik ere utzteko lituzkeiela, eta ginituzkeiela luzamenduak, eta gerotik gerora ibiltzeak.

 

aurrekoa hurrengoa